Euli-txori beltz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Euli-txori arrunt» orritik birbideratua)
Euli-txori beltz
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaMuscicapidae
GeneroaFicedula
Espeziea Ficedula hypoleuca
Pallas, 1764
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa1,7 g (pisua jaiotzean)
12 g (helduen pisua)
Zabalera22 cm
Kumaldiaren tamaina5,7
Eguneko zikloaeguneko
Errute denbora14 egun
Ficedula hypoleuca hypoleuca

Euli-txori beltza edo euli-txori arrunta (Ficedula hypoleuca) muscicapidae familiako hegazti paseriformea da, Europa eta mendebaldeko Asian bizi dena[1]. Ez dago arrisku-egoeran, Europan 25-39 milioi ale daudela estimatzen da.

Txori txikia da, 12-13,5 cm luze. Arrak eta emeak nahiko diferenteak dira (sexu-dimorfismoa). Kumealdian arra goialdean beltza da nagusiki, eta behealdean zuria. Udazkenean eta neguan lumek emearen itxura handiagoa hartzen dute, buruan eta lepoan arre eta hegaletan beltz. Arrak beti du gune zuri bat bekokian, mokoaren gain-gainean. Emea zuria da azpitik eta arrea gainetik, hegalak baina beltzaxkak dira. Sexu bietan orban zuri bat dute hegoan hirugarren mailako lumetan. Mokoa beltza da, luzanga, mehea eta puntazorrotza.

Txori txiki honek Euskal Herria udan baino ez du bisitatzen. Gainontzean Sahara hegoaldera bidaiatzen du bertako klima beroaz gozatzera. Halere, erraza da euli-txori beltza ikustea intsektu bila etengabe ibiltzen baita harat-honat hegaka. [2]

Euskaraz beste izen hauek ere erabiltzen dira: Pin-pin, Pit-pit, Txin-txin, Txinbo, Txinbo hegozuri.[3]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso gutxi dira hemen ugaltzen direnak eta askok, aldiz, udazkeneko sasoian gure soroak inbaditzen dituzte.

Habia-bikote bakanetako bat aurkitzeko zortea badugu, arrak kontrastedun lumaje zuri-beltza duela ikusiko dugu: burua eta goiko atalak uniformeki beltzak bekokian orban bat izan ezik, beste bat hegoetan eta buztanaren ertzak zuri hutsak, azpiko atal guztiak bezala.

Emea marroi-grisaxka da gainean, bekokian orban zuririk gabe, bai hegoetan ordea, arrarena baino txikiagoa, eta guztiz zuri-grisaxka azpian. Arrek, jada uda erdialdean lumaje hori bera izaten dute eta soroan ez dira bereizten. Haien kopeta bakarrik geratzen da apur bat zurixka, beti nabaritzen ez den ezaugarria.

13 cm-ko neurriarekin euli-txori grisa baino zertxobait txikiagoa da, eta mozkoteagoa, ez hain liraina, gorputz forma biribilduarekin.[4]

Biologia eta ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euli-txori grisaren antzeko ehiza-teknika erabiltzen du: pausalekutik zelatatu, harrapatze-hegaldi laburra eta pausalekura itzultzea, baina Euli-harrapari beltzak askotariko baliabideak ditu. Lurra ere zaintzen du eta, egun euritsuetan batez ere, intsektu gutxiagok hegan egiten dutenean, ohikoa da belarretan erortzen ikustea batzuk harrapatzeko. Beste batzuetan zuhaitzen adaburuetan ibiliz ehizatzen du, hosto artean intsektuak bilatuz. Askotariko teknika honi esker, intsektu hegalariez gain, beldar eta larba, matxinsalto, armiarma eta beste ornogabe txiki batzuk harrapatzeko aukera du. Baia batzuk ere jaten ditu udazkenean.

Migratzailea. Udaberrian bere pasea, apirilean eta maiatzean, ez da oso nabaria izaten hemen. Emeak itzultzen dira lehenengo, beste espezie gehienetan gertatzen denaren kontra. Handik gutxira arrak jarraitzen die.

Habia egiteko barrunberen bat bilatzen dute, normalean zuhaitz handietan eta altuera handian, baina hormetako barrunbeak ere aprobetxatzen dituzte. Herrialde askotan ugalketa bultzatu da, gustura onartzen dituzten habia-kutxak jarriz. Horren ondorioz, zulo egokirik aurkitzen ez duten baso gazteetan edo ondo zaindutakoetan ere ugaldu egiten dira.

Habia nahiko kalamastra da, hosto eta belar lehor, goroldio, azal eta sustraitxoz osatutako masa bat, artilez forratuta. Normalean, urdin-zurbil koloreko 6-7 arrautza erruten ditu.

Emeak bakarrik inkubatzen ditu eta 13-14 egun irauten du, bikoteak elikatzen dituzte eta habia hamabost egun inguruan utzi ohi dute. Ar batzuek poligamia praktikatzen dute eta, kasu hauetan, gutxi kolaboratzen dute ugalketan.

Laster sakabanatzen dira familiak. Jarraian, bai gazteak bai gurasoak muda egiten dute. Lumaje aldaketa honekin denek kolore antzekoa hartzen dute eta urteko arrak, arrak eta emeak berdinak bihurtzen dira.

Itxura honekin agertzen dira hemen. Batzuk abuztuaren hasieran ikusten dira, baina pase masiboa hilabetearen erdialdetik irailaren lehen erdira bitartean egin ohi dute. Atzeratutako aleak urrian ondo sartuta ikus daitezke. Afrika tropikalean igaro ohi dute negua.

Banaketa habitata eta estatusa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euli-txori beltza Europako eta Asia mendebaldeko klima boreal eta epeletan ugaltzen da, eta arraroago Europako mendebaldeko eta Afrikako ipar-mendebaldeko eremu mediterraneoan.

Iberian urria da, Kantauri eremuan, Pirinioetan eta Iberiar eta Erdiko Sisteman sakabanatuta dauden populazio txikiak.

Ez da erraza espezie honen banaketa eremu bat mugatzea Euskal Herrian, bertako populazioa txikia sakabanatuta dagoelako. Oso gutxi ugalduko dira Kantaurialdeko baso eta zuhaizti zahar batzuetan sakabanatuta. Beste populazio sakabanatutako txiki batzuk Arabako harizti eta pagadietan daude.

Pago eta harizti zaharrez osatutako baso garbiak, ugaltzeko zuloak eskaintzen dituztenak dira hemen kokatu ohi den habitata.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. BirdLife International (2004). Ficedula hypoleuca. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006
  2. Perurena, Garikoitz. Euli-txori beltza (Ficedula hypoleuca). Euskalnatura UEU (Noiz kontsultatua: 2017-04-17).[Betiko hautsitako esteka]
  3. Euli-txori beltza. txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2017-04-17).
  4. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomi Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A, 273 or. ISBN 84-7542-639-5..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araozko kontuak

Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.