Larruntza errota

Koordenatuak: 42°58′42″N 2°10′54″W / 42.9784°N 2.18177°W / 42.9784; -2.18177
Wikipedia, Entziklopedia askea
Larruntza Errota
eta Errotatxo
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Ataungo San Gregorioko Larruntza errota
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaAtaun
Koordenatuak42°58′42″N 2°10′54″W / 42.9784°N 2.18177°W / 42.9784; -2.18177
Map
Ondarea
EJren ondarea41

Larruntza errota Ataungo San Gregorio auzoan dagoen errota da. Zerrategi batekin, Errotatxo izeneko bigarren mailako errota batekin eta haren azpiegitura hidraulikoekin (presa, ubidea, antepara) eraikin multzoa osatzen dute. 2003ko uztailaren 24an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Egun Larruntza errotan Joxemiel Barandiaranen museoa dago[2].

Ezaugarri orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur-emariaren bideari hasieratik jarraituz gero, ondoren deskribatzen diren azpiegitura hidraulikoa eta ehotzeko eraikin hauek daude:

Presa kareharrizko harlanduz egindako horma zuzen eta handia da, eta egoera onean dago. 28 metro inguru luze eta 4 metro inguru garai da. Erdialdeak kareharrizko harginlana du, eta erdialdeko goiko parteak ere bai, baina txikiagoa da. Presa harrizko hondo bitxi baten gainean dago. Iturritza izeneko parajean dago; bertara, oinez joan daiteke ubidea jarraituta.

Ubidea ibaiaren ezkerraldean hasten da, eta 315 metro luze da antepararaino. Ubideak zenbait tratamendu ditu ibilbidean: zati batzuetan landa-ezaugarriak ditu, eta beste batzuetan hiri-ezaugarriak (horietan desagertu egiten da). Hasierako eta amaierako zatiak lurraren kontrako harlanezkoak dira; beste zati batzuetan, berriz, hormigoia erabiltzen da. Bi harrizko gainezkabide ditu; horietako bat presatik oso gertu. Gaur egun ez da erabiltzen.

Errota edo Larruntza Errota[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errota edo Larruntza errota nagusia eraikin handia da. Oinplano laukizuzena, behe-solairua eta bi garaiera ditu. Harlan arruntaz egina dago; eskantzuetan harlanduak ditu eta ez du inolako apaingarririk. Bi isuriko estalkia du, arabiar teilakoa. Atzealdeko fatxada hegoaldera begira dago, eta irekidura bat du errotan ura sartzeko; garaiera txikikoa denez, sarrera-planoaren gainaldean dagoen anteparak ia osorik ezkutatzen du.

Anteparak 30 bider 10 metroko oinplano erregular samarra du, eta alaken bidez estutzen da ahokadura aldean. Ondo landutako harlanduzko horma bertikal batek eta albo bateko lurraren berezko ezpondak mugatzen dute. Egoera onean dago, eta zati bat landaretzak estali du. Anteparak errota alderako aldapa du, eta garaieran dagoen putzu bat da, ura biltzeko eta gurpil eragileen gainean erortzen den ura kontrolatzeko.

Fatxada nagusia iparraldera begira dago. Eraikinaren garaiera osoa jartzen du agerian horma handi baten bidez. Bao gutxi eta txikiak ditu, antolamendu erregularrik gabe eta gehienak harlanduz inguratuta. Aipagarria da, errotaren azpian, oinarriaren eskuinaldera dagoen harlanduzko arkua; arku hori kanoi-ganga zuzeneko tunelaren sarrera da. Hor estolda dago, eraikinaren lehengo funtzioaren adierazgarri. Eskuinaldeko angeluan, harlanezko eranskin txiki bat dago. Alboko fatxada mendebaldera begira dago. Bertan eraikineko ate bakarra dago; sarrerak eratzen duen espazio libreak anteparan sartzeko ere balio du. Sarreraren ondoan, harlan arruntezko eranskin txiki bat dago: adreiluzko labe bat. Ekialdeko fatxadari dagokionez, fatxadaren zati batek eta beste eraikin batek horma bitartekoa dute. Estolda ehotze-gelaren azpian dago, eta bertan bi gurpil hidrauliko daude; gurpil horiek anteparan bildutako uraren presioa hartzen dute. Bi gurpil paladun ditu, burdinazko ardatza dutenak, eta kono-enbor formako bi kanoi maila desberdinetan. Handik metro gutxira, ura beste zerbitzu-antepara batera pasatzen zen, bigarren mailako errotara eta zerrategira.

Errotatxo eta zerrategia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren errotaren (Errotatxo) eta zerrategiaren anteparak 30 metro luze eta 4 metro zabaleko oinplanoa erregularra du. Ibai ondoan dago, eta ondo landutako harlanduzko ubidea da. Egoera onean dago, eta zati batean landaretzak estali du. Ur-gainezkabideak ditu.

Errotatxo eraikin txikiak behe-solairu angeluzuzena du, eta arabiar teilako bi isuriko estalkia. Harlan arruntaz egina dago eta eskantzuetan harlanduak ditu. Ez du inolako apaingarririk. Errota nagusira begira dagoen fatxadak zerrategiaren eragina du; izan ere horri erantsita eta pixka bat lekualdatuta dago. Eraikinaren horma nagusia ibai aldera dago, lurraren eta ibaiaren arteko tartera egokituta. Fatxada nagusia iparraldera begira dago. Bao txiki bat du harlanduz inguraturik. Bertan, tunela edo estolda nabarmentzen da antolamendua baldintzatzen baitu. Tunela harlanduzko erdi-puntuko arkua da eta kanoi-ganga du. Estolda ehotze-gelaren azpian dago, eta bi ardatz eta burdinazko kanoi bat ditu. Alboko fatxadan, heltzeko bidearen ondoan, eraikinaren ate bakarra dago, harlanduz inguratuta.

Zerrategia behe-solairu txiki bat da bi isuriko estalkia duena. Antepara gainean dagoenez, ura eraikinaren azpian geratzen da. Eraikin xumea da, eta bigarren mailako errotaren aurreko aldean dago, hari erantsita. Bolumen bereizia du, zurezko oholez itxita.

Barandiaran museoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barandiaran Museoa 2010eko ekainaren 25ean inauguratu zen. Jose Migel Barandiaran museo multzoa, eta honi atxikitako eraikin eta instalazioak, Ataungo udalaren jabetza publikoko ondasuna dira. Bertaratzen diren bisitarien arreta eta dinamizazioa Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak darama, 2010. urtetik geroztik, Ataungo Udalak eta aipatutako fundazioak sinatutako lankidetza hitzarmenari esker.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]