I Want YOU for the U. S. Army

Wikipedia, Entziklopedia askea
"I Want You For The US Army" Kanpaina» orritik birbideratua)
Kanpainako afixa famatua "I Want You For The US Army" 1917

I Want YOU for the U. S. Army publizitate kanpaina ospetsua izan zen. James Montgomery Flagg-ek diseinatu zuen afixa 1917an, Lehen Mundu Gerraren testuinguruan. Bertan Osaba Sam agertzen da "Zu nahi zaitut Estatu Batuetako armadarako. Zoaz hurbilen duzun errekrutatze-bulegora" esaldiarekin.

Testuinguru historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afixa hau 1917-1918. urteen artean kokatzen da, Lehenengo Mundu Gerraren eta Errusiako Iraultzaren testuinguru historikoan. Afixa AEBn egin zen, gobernuaren eskaeragatik. Hasiera batean AEB ez ziren gudan sartu. Honek, Woodrow Wilson presidenteari, berrautaketa erraz irabaztea ahalbidetu zion 1916ko azaroan. Baina bost hilabete geroago herrialdeak Germaniar Inperioaren aurkako guduan sartzeko deia egin zuen, hitz hauekin: "Mundua demokraziarako salbu jarri behar da. Ez dugu helburu berekoirik. Ez dugu konkistatu nahi, ezta menderatu ere".[1][2]

1917ko apirilean AEB-ko armada gerran sartu zenean, 130.000 soldadu, hegazkin gutxi eta tankerik ez zuen. Kongresuak berehala onartu zuen bere indarrak biltzeko erreklutamendu militarren beharra. Horretarako, egunkarietako ilustratzaile batzuk kontratatu zituen publizitatea sortzeko. Artista talde honek, Charles Dana Gibson buru zuela, Publizitate Piktorikoaren Dibisioa ezarri zuen. Taldea astean behin biltzen zen New York hiriko Keene's Chop Housen, gobernuaren kartel eskaerak eztabaidatzeko. Aldi horretan 46 kartel diseinatu zituen Flaggek. Honen barnean, Osaba Samen[3] poster ospetsua zegoen, "I Want You for the U.S. Army" izenburuarekin.[4]

Publizitatearen historiako testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afixa berezia eta ospetsua izatearen arrazoia Osaba Sam izenarekin egindako hitz-jokoa da. Originalki, Osaba Sam New York-eko soldaduei haragia banatzen zien gizona zen. Haragia zetorren kupeletan U.S jartzen zuen, United States-i erreferentzia eginez. Halaber, soldaduen artean U.S Uncle Sam esan nahi zuelaren broma sortu zen, haragi banatzailearen izena Sam Wilson baitzen. Uncle Sam hitzak garrantzia handia lortu zuen herrialdean zehar horren geroztik. Ondorioz, Lehenengo Gerra Mundialean erabilia izan zen, baita Bigarren Gerra Mundialean ere.

Hitz-jokoaz aparte polemika txiki batek bere ospean eragina izan zuen. Plagioa dela esan da hainbat alditan historian zehar, beste bi grafika antzekoekin konparatuz. Alde batetik, hemen azpian ikusi dezakegun grafika ingelesarekin alderatu zen, zeinetan gerrara joatea bultzatzen zuen jendea. James Montgomery-k egindakoaren famaren ondorioz ordea, beti pentsatu izan da originala amerikarra dela. Afixa ingelesa ordea hiru urte lehenago egin zen.

Hala ere, grafika ingelesa publizitate belikoan lehena izan zen baina ilustrazio bezala ez. Grafika mota hauen aurrekaria ordea Moxie edari marka amerikarra izan zen, zeinetan beraien edaria edatera animatzen zuen jendea.[5]

Kanpainaren analisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ilustratzaileak, Sam Osaba[6] famatua marraztu egin zuen aurrera begira eta irakurlea seinalatzen, horrela uste zuelako haien atentzio eta ekintzan parte hartzeko nahia lortuko zuela, eta oso arrakastatsua izan zen baliabide hori, izan ere, biztanleen partaidetza eta abertzaletasuna bultzatu egin zuen.

Publizitate bidea kartela edo afixa da. AEBko kaleetako hormetan eskegitzen zen, batez ere hiri handietan, jende guztiaren aurrean. Dena den, historian zehar, beste hainbat modutan erakutsi da Sam Osaba, hala nola, aldizkarietan, komikietan eta filma eta laburmetraietan. Betiere kolorez inprimatuta eta konkretuki AEBko banderaren koloreekin.

Iragarki honen influentzia aztertzerakoan berriz ere aurretik aipatu dugun plagioaz hitz egin behar dugu. 1914.urtean, hau da hiru urte lehenago Alfred Leetek, Ingalaterran kartel oso antzeko bat egin zuen, bertan Lord Kitchener Britainiar Gerrako idazkaria erakusten du. Kartelaren helburua estatubatuarraren berbera zen. Honezgain,, Moxie freskagarri marka estatubatuarrak gazte seguru eta ausart bat erabili zuen bere logoan, hatzarekin apuntatzen zintuena Moxie edatera animatuz.[6]

Kartelean agertzen den bakarra Uncle Sam pertsonaia famatua da, kapela eta traje batez jantzia, aurrera seinalatzen eta aurpegi serioarekin, behealdean, irudian eta konposizioan integratuta, “I Want You” esaldia. Geroago, “for the usa army, nearest recruiting station” esaldia agertzen da. Fondoari dagokionez, guztiz zuri dago. Kartelaren eskuineko aldean James M. Flaggen sinadura agertzen da. [7]

Kartela guztiz asimetrikoa da eta eszena sinplea da, oso zehatza, ikuspuntu subjektiboa duena, izan ere, aurrera begira dago pertsonaia.

Sam Osabaren irudia erabiltzen da abertzaletasunari erreferentzia egiteko, horregatik bere jantziak. Abertzaletasunari ez ezik, pertsonaia hau nazio estatubatuarrari egiten dio erreferentzia, eta irakurlea seinalatzen du bere arreta eta partaidetza aktiboa eskatzeko, horrela zuzenean ikusleari berari begira eta berarekin hitz egiten dagoela sentiarazten dio.

Goiko esaldian, “I want You”, YOU hitzak, berriro ere irakurlearen atentzioa deitzeko, hitz horrekin esaten dena da, berdin dela zer nolako gizon zaren, edozein klase sozialekoa edo kultura-mailakoa, baina zure nazioak behar zaituela.

Gaur egun historiako kartelik famatuenetarikoen artean aurkitzen da, dudarik gabe. Mundu osoan zehar ezaguna den grafika da. Gerra inguruko publizitateari dagokionez, ikonikoena dela esan dezakegu. Publizitate munduan oso errepikatuta izan den formatua izan da. Zenbatu ezineko grafikak inspiratu ditu, gehienbat poster originala parodiatzen dutenak beste helburu edo gai baten alde egiteko.

Forma eta edukia nola uztartzen diren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Britons want you" Afixa honen kopia egiteagatik kritikatua izan zen

Kartel hau oso famatua da, mezua transmititzeko oso eraginkorra izan zelako, bertan agertzen den pertsonaiaren aurpegi serioa, irudi patriotikoa, eta seinalatzearen akzioak, hartzailean duen eraginagatik. Hartzaileari zuzenean hitz egiten dio, hau da sentimendu patriotikoa helarazten dio. Honez gain, lau milioi kopia egin ziren, azkar zabalduz eta ospetsua bilakatuz.

Kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurretik aipatutako plagioaz aparte, ez ditu kritika negatibo gehiegirik. Garai hartan, mota horretako grafikek gerraren mezu positiboak helarazten zituzten, eta badirudi helburu hori lortu zutela, kasu honetan gutxienez. Egia da kartela erabili zen garai desberdinetan kritika gutxi batzuk jaso zituela, gerraren kontra zeudenen partetik. Kritika horiek ordea ez ziren zuzenki grafikaren kontrakoak, baizik eta gerraren kontrakoak. [8]

Aipatzekoa da ere autoreak kontzientzia arazo larriak izan zituela, izan ere haren kanpaina oso arrakastatsua izan bazen ere, soldadu zenbateko handia erreklutatu bazen ere, jende askok eta batez ere gazte asko hil egin ziren guduan, autorea nolabait errudun bilakatuz.

Beste aldetik, kritika positiboak ere jaso ditu. Horren adibiderik argiena Lehenengo mundu gerraren ostean hainbat gerretarako berrerabilia izatea izan da, Bigarren Gerrate Mundialean adibidez. Autoreak berak bere lanari buruz “munduko posterrik famatuena” zela esan zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) BBC, Simon Armstrong. «Cómo la publicidad aprovechó la guerra para hacer fortunas» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2020-05-29).
  2. (Gaztelaniaz) Gregory*, Patrick. (2017-04-07). «¿Qué empujó a EE.UU. a abandonar su neutralidad y entrar en la Primera Guerra Mundial hace 100 años?» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2020-05-29).
  3. «Item-aren xehetasun orria ABOUT UNCLE SAM-tzat» ehu.on.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-29).
  4. (Ingelesez) «How Woodrow Wilson’s Propaganda Machine Changed American Journalism» Smithsonian Magazine (Noiz kontsultatua: 2020-05-29).
  5. (Gaztelaniaz) «'I want you', ¿quién diseñó este famoso cartel americano?» Gràffica 2017-03-20 (Noiz kontsultatua: 2020-05-29).
  6. a b «Item-aren xehetasun orria PATRIOTIC POSTER-tzat» ehu.on.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-29).
  7. (Gaztelaniaz) «El póster del "Tío Sam" que llamaba al alistamiento en EEUU cumple 100 años» www.efe.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-29).
  8. «The Most Famous Poster (Memory): American Treasures of the Library of Congress» web.archive.org 2015-04-19 (Noiz kontsultatua: 2020-05-29).