Edukira joan

Æsir

Wikipedia, Entziklopedia askea
Æsirrak Baldurren gorputza inguratzen, Christoffer Wilhelm Eckersberg, 1817.

Æsirrak edo Asak (singularrean As, femeninoa Asynja, femenino plurala Asynjur, anglosaxoieraz Os, protogermanieraz Ansuz) eskandinaviar mitologiako jainkorik garrantzitsuenak dira. Odinekin senidetuta daude eta Asgarden bizi dira. Guðin (jainkoa) izen generikopean aipatzen dira. Eskandinaviar mitologian indoeuropar inbasioen ondoren agertzen dira eta antzinakoagoak ziren Vanir jainkoen panteoi batera gehituak izan ziren, haiek ordezkatu beharrean. Fusio horren zantzuak Völuspán agertzen dira, eskandinaviar mitologiako testurik garrantzitsuenetako bat dena.

Gurtzen ziren pertsonaiarik garrantzitsuenak Odin, Frigg, Thor, Baldur eta Tyr ziren. Æsirren buru Odin da, mundua bere anaia Ve eta Vilirekin batera sortu zuena. Æsirren etsaiak erraldoiak dira: haien aurka etengabeko gerra batean borrokatu ziren, aurretik Vanirren aurka, ondoren haiekin bakeak egin eta presoak trukatu zituzten.

Æsirrak beti gazte mantentzen ziren Iðunnen sagarrei esker baina, hala eta guztiz ere, hil zitezkeen. Izan ere, profeziaren arabera, ia guztiak hilko ziren Ragnarökean, eta gutxi batzuk baino ez ziren geratuko mundua berreraikitzeko.

Vanirren aurkako borrokaldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vanirrek Æsirren aurka borrokatu ziren gerra batean; horren ondoren, Vanir jainko batzuk, Njörðr eta haren seme-alaba Freyr eta Freyja kasu, Æsirrei batu zitzaizkion, haiek bahituak izan ondoren. Vanirrak, nagusiki, nekazaritza eta emankortasunarekin lotuta zeuden, eta Æsirrak, boterea eta gerrarekin. Vanirren eta Æsirren arteko elkarreragina eskandinaviar mitologiako berezitasun interesgarri bat da. Beste kultura batzuetan "antzinako" eta "egungo" jainkoen familiak zeuden, greziar mitologiako Titanak eta Olinpiar jainkoak kasu, baina Æsirrak eta Vanirrak garaikideak ziren. Bi klanak guduetan borrokatu ziren, hitzarmenak adostu eta bahituak elkartrukatu zituzten (Freyr eta Freyja). Tentagarria da Æsir eta Vanirren arteko elkartrukaketak ohi garaiko zenbait eskandinaviar klanen artean gertatzen zen elkarreragin mota isladatzen dutela espekulatzea. Beste teoria baten arabera, Vanirren gurtza (emankortasunarekin lotua dagoena eta nahiko baketsua dena) antzinagoko garai batekoa izan liteke, eta Æsirrena (gerrarekin lotuta dagoena) ondoko garai batekoa; horren ondorioz, Vanirren eta Æsirren arteko gerra mitikoa gatazka erlijioso eta kulturalen baten islada izan litekeela pentsa daiteke.

Æsirren zerrenda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jainkoak (Æsir)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Andhrimnir Æsirren eta Einherjerren sukaldaria
  • Baldr argiaren eta egiaren jainkoa
  • Bor
  • Bragi olerkaritza eta koblakarien jainkoa
  • Buri lehen jainkoa eskandinaviar mitologian
  • Dagr egunaren jainkoa
  • Delling egunsentia irudikatzen zuen
  • Forseti justizia, bakea eta egiaren jainkoa
  • Heimdal argiaren jainkoa
  • Höðr jainko itsua
  • Hœnir erabakitzeko zailtasuna zuen jainkoa
  • Lóðurr lehen gizakien gorpuen arima
  • Magni Thorren semea
  • Meili Thorren anaia
  • Móði Thorren semea
  • Óðr adimena eta energiaren jainkoa
  • Odin eskandinaviar mitologiako jainko nagusia
  • Ríg zahar eta jakintsu, boteretsu eta indartsu moduan deskribatua
  • Thor tximistaren jainkoa
  • Tyr gerra eta guduaren jainkoa
  • Ve Odinen anaia, gizakiei hitz egiteko ahalmena eta kanpo zentzumenak eman zizkiena
  • Viðarr isiltasunaren eta mendekuaren jainkoa
  • Vili Odinen anaia, emozioen jainkoa eta gizateriari adimena ematen diona

Jainkosak (Asynjur)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Eir sendaketa eta berpizkundearen jainkosa
  • Frigg maitasuna, emankortasuna eta senar-emazteen arteko leialtasunaren jainkosa
  • Fulla Friggen hiru neskameetako bat
  • Gefjun igarlea eta jainkosa
  • Gna Friggen hiru zerbitzarietako bat
  • Hlin Friggen hiru zerbitzarietako bat
  • Iðunn Æsirrei beti gazte mantentzea ahalbidetzen zieten sagarren zaindaria
  • Jord Lurraren pertsonifikazioa
  • Lofn emakumeen jainkosa
  • Nanna Baldren emaztea
  • Nótt gauaren pertsonifikazioa
  • Saga igarkuntzaren jainkosa
  • Sif leialtasuna eta uztak irudikatzen ditu
  • Sigyn Lokiren emaztea
  • Sjöfn emakumeen jainkosa
  • Snotra jakintsua edo arina
  • Sól Eguzkiaren jainkosa
  • Syn epaiketa batean akusatuek deitutako jainkosa
  • Var onbera
  • Vör jakintsua eta izpiritu inkisitorekoa
  • Þrúðr einherjarrak zerbitzatzen zituen valkiria

A errunak, , Futharkeko erruna , izena ziur aski Æsirrei zor die. Izena, adiera horretan, soilik islandia erruna olerkian mantentzen da Óss moduan, bereziki Odini erreferentzia eginez. "a"ren izena alfabeto gotikoan "ahsa" da. Errunarentzat izen germaniarra "Ansuz" izan zitekeen, "Jainkoa, Æsirretako bat".

Ikuspegi evhemerista batetik, Snorri Sturlusonek Æsirrak jainkotzat hartuak izan ziren Asiatik iritsitako gizakiak bezala aurkeztu ditu. Bertsio hori nahiko antzera agertzen da Eddetako hitzaurrean zein Yngglingen sagan. Eddaren hitzaurrearen arabera, Odinen jatorria Priamoren alaba batekin ezkondu zen troiar errege batenganaino doa. Yngglingen sagako hitzaurrean, gainera, Odinek, bidentziaren dohaia zuena, iparraldera joan eta Turkia segizio handi batekin utzi behar zuela nola ulertu zuen kontatzen du. Gainontzeko gizakiak baino ederrago eta jakintsuagoak, Æsirrak jainkotzat hartuak izan ziren.


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]