Émile Durkheim

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Émile Durkheim
Émile Durkheim
Zientzialaria
Arloa Soziologia
Jaio 1858ko apirilaren 15a
Épinal ( Frantzia)
Hil 1917ko azaroaren 15a
Paris ( Frantzia)
Lanak Metodo soziologikoaren arauak (1895)
Hezkuntza eta soziologia (1922)

Les Formes élémentaires de la vie religieuse (1912)


Émile Durkheim (Épinal, Frantzia, 1858ko apirilaren 15a - Paris, 1917ko azaroaren 15a) frantziar soziologoa izan zen. Soziologia modernoak, Emmanuel-Joseph Sieyès-i eta Auguste Comte-ri esker sortu eta garatua, Durkheimi eta hark sortutako L'Année Sociologique aldizkariaren inguruan bildu zuen eskolari esker izan zuen halako bultzada XIX. mendearen amaieran.[oh 1]

Positibismoaren eskolan hezia, Durkheimek gizarte gertakaria berezko izaera zuen osotasun baten antzera hartzen zuen, hain zuzen zatien batura baina harago dagoen osotasun bat[1]. Definizio horri esker bereizi ahal izan zituen gertaera banakoak eta kolektiboak, sozialak eta psikologikoak, eta hala gizarteak gizabanakoengan duen eragin zedarritzailearen balizko baldintzak azaltzeko funtsak ezarri zituen. "Kanpokotasuna, hedapena eta betetzeko derrigortasuna dira gizarte-gertakariaren ezaugarriak": tesi honek soziologiaren benetako sortzaile bilakatuko du diziplina autonomo eta zientifiko gisa. Durkheimek gaur egun oso ezagunak diren hainbat terminoen sortzaile izan zen, besteak beste anomia eta kontzientzia kolektiboa.

Durkheimek soziologiari egin zion ekarpena ezinbestekoa izan zen, izan ere, haren metodoa, printzipioak eta ereduzko ikerketak, suizidioaren edo erlijioaren ingurukoak adibidez, soziologia modernoaren oinarrian daude oraindik ere. Halere, bere lanaren ekarpena soziologiaz harago doa eta giza zientzien diziplina ia guztiak ukitzen ditu, hala nola antropologia, filosofia, ekonomia, hizkuntzalaritza eta historia.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errabino jatorri luzeko famili batean jaioa[oh 2], errabino izateko ikasketak ere hasi zituen, baina nerabezarora iritsi zenean, judutar fedea baztertu eta agnostiko bihurtu zen.[2]

1879an École Normale Supérieure-an sartu zen. Auguste Comte (positibismoaren eta soziologiaren sortzailea) eta Herbert Spencer-en obren jarraitzailea izanik (Britainia handiko naturalista, psikologo, filosofo eta soziologoa). metodo zientifikoaz arduratu zen eta 1882an Filosofiako ikasketak amaitu zituen.

1885-1886 bitartean Alemaniara joan eta bertatik filosofia eta zientzia positiboekin zerikusia zituzten artikuluak idatzi eta frantziar aldizkarietara bidali zituen. Honi esker, zientzia sozial eta pedagogia irakasgaiaren irakasle arduraduna izendatu zuten Bordeleko unibertsitatean 1887.

Henri Bergson edo Jean Jaurès bezalako pentsalariekin topo egin zuen eta, Dreyfus aferan, Alfred Dreyfus beraren defentsan aritu zen.

Ibilbide intelektuala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pariseko Saint-Jacques kaleko 260. zenbakian Émile Durkheim bizi izan zen 1902 eta 1917 bitarte

Bordelen hasi zen bere soziologia lanak idazten. Diziplinaren hegemoniaren intelektualaren gaineko tirabiran aritu zen Gabriel Tarde (1843-1904)aurkari zuela. Azken honek bazuen nazioarteko ospea baina ez zuen aldiz inongo eskolarik eratu. René Worms-ekin (1858-1917) ere eztabaidan aritu zen, honek ere, 1893an Revue internationale de sociologie eta hurrengo urtean Institut international de sociologieren sortu zituelarik. Hala ere, Eskola durkheimdarra gailendu zen haren ideal intelektual eta instituzionalei esker. Bordelen Durkheimek hainbat lan argitaratu zituen, haien artean De la division du travail social (1893) (Lanaren banaketa sozialaz), Metodo soziologikoaren arauak (1895)[oh 3] eta Le Suicide (1897) (Suizidioa).

1896an, katedra lortu zuen eta 1898an L'Anée sociologique aldizkaria sortu zuen. 1902an Parisko letren fakultatean heziketa zientzien katedraren irakasle izendatu zuten. Durkheimek, irakasgai hori soziologiarekin konbinatu zuen haren heriotza arte. Era berean, Errepublikaren irakasleak formatzen zituen Eskola Normaletan (Écoles normales) irakasle izan zen, eta bera izan zen, hain zuzen, soziologia ezarri zuena unibertsitate diziplina gisa. Garai horretan ere Les Formes élémentaires de la vie religieuse (1912) (Bizitza erlijiosoaren oinarrizko formak) argitaratu zuen, beste hainbat artikulurekin batera.

Lehen Mundu Gerrako trauma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerraren hasieratik, Durkheim Batasun sakratuan sartuko da eta Gerrari buruzko ikerkuntza eta dokumentazio batzordeko idazkari bilakatuko da, Ernest Lavisse-n agintaritzapean. Lankidetza honen fruitu bezala, alemanek gurtzen duten estatuaren jarrera espantsionista guzti-ahaldunaren analisi psiko-sozialak aurkitzen dira, esaterako L’Allemagne au-dessus de tout (1915) (Alemania guztiaren gainetik).

Durkheimen ezkerzaletasuna abertzaleagoa zen internazionalista baino. Sekularra eta arrazionala izango zen frantses izateko modua helburu zuen. Baina gerraren etorrerak, eta hark halabeharrez dakarren propaganda nazionalistak, zaila bilakatu zuten tarteko jarrerak izateak. Bere herrialdearen alde gerra garaian lan nabarmena egin arren, zaletasun nazionalista sinplistaren aurrean men ez egiteagatik (gehi bere jatorri judutarrak), indartzen ari zen Frantses Eskuinaren gogoko jomuga bilakatu zen. Horretaz gain, Durkheimek hezitako ikasle belaunaldi oso bat armadan parte hartzera behartuak izan ziren eta haietako asko trintxeretan hil ziren.

Azkenik, André, bere semea, gerran ere hil zen 1916ko abenduan. Durkheim orduan tristura handi batean murgildu zen, eta horrek, hein batean, bere heriotza goiztiarrean eragin zuen, 1917an[3][4]. Bere lanik nagusiena, La Morale (Morala), amaitu gabe geratu zen, behin behineko sarrera idatzia baino ez zuela. Pariseko Montparnasseko hilerrian hilobiratu zuten.

Soziologia modernoaren aita[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Askorentzat Durkheim izan zen soziologia modernoaren benetako sortzailea[oh 4][2]. Izatez, lehen soziologoa izan ez bazen, bere izan zen soziologia diziplina autonomo eta gainerako gizarte zientzietatik bereizia bezala, nagusiki psikologiatik eta filosofiatik, landuko zuen lehena. Durkheimek bere soziologiaren oinarriak Metodo soziologikoaren arauak (1895) lanean finkatu zituen. Soziologiaren ikergaia kolektiboa den hori edo soziala den hori (gizarteari dagokiona) izango da, psikologiarena gizabanakoa den bezala. Gizartezkoa (soziala) dena, hortaz, egitate espezifiko bat da: Gizartea ez da gizabanakoen batuketa hutsa, baizik eta berezko ezaugarriak dituen errealitate autonomoa.

Lan itzela egin zuen soziologia erakunde mailan diziplina independente bezala finkatzen. Hala, 1888an eman zuen gizarte zientzien ikastaroen hasieran idatzi zuen "soziologia posible dela demostratzeko era bakarra, existitzen dela eta bizirik dagoela erakustea da". Bere irakasle estatusa profitatuko du izpiritu soziologikoa unibertsitateko ikastaroan zabaltzeko familia, gizarte solidaritatea, suizidioa, krimen-soziologia, sozialismoa, erlijioa, pedagogia edo soziologiaren historia bezalako gaietan. Ikuspuntu honetatik abiatuta sortu zuen 1898an L'Année sociologique. Aldizkari honek aukera emango dio bere inguruan eskola bat osatzeko eta garai hartako gizarte zientzien oinarrizko testuak hedatzeko.

Horrela, ikastaroen eta aldizkariaren bitartez, Durkheimek soziologiaren oinarriak ezarri zituen zientzia autonomo gisa, horretarako ikerketa-objektua eta metodo jakin bat definitu zituen bitartean. Horrez gain, soziologiaren lan nagusi batzuen egile ere bada.

Eragin intelektualak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Durkheimengan eragin handien izan zuten bi Auguste Comte eta Herbert Spencer izan ziren. Lehenengoak zientzia naturalen metodo zientifikoa gizarte zientzietan aplikatu nahi zuen, eta bigarrenak, ikuspuntu utilitarista eta eboluzionista hartuko du gizartea aztertzeko. Durkheimek Comteren positibismoaren eragina jaso zuen, baita hark gizakiaren gaiak aztertzeko zuen ikuspegi zientifikora, zeinaren arabera, zientzia gogorren metodologia aplikatu behar zer gizartea ere aztertzeko. Halere, Durkheimek gizartearen ikerkuntzarako metodo berri eta bereizi bat garatuko zuen. Spencer-engandik, Durkheimek funtzionalismoaren elementuak eta analogia organikoa bereganatuko zuen. Alta, Drukheim oso kritikoa izan zen biekin, izan ere, ez zegoen ados haien gizarte-garapenaren modelo unilinealetan aurkitzen diren onarpen metafisiko bezala kontsideratzen zuen horrekin[5]. Eraginen artean, aipatzekoa da ere Alfred Espinas, Les Sociétés Animales (1877) (Animalien gizarteak) lanaren egilea. Durkheimek azpimarratu zuen liburu hori gizarte-gertakarien zientzia bat garatzen lehena izan zela[6].

Era berean, Émile Boutroux-ek ere, École Normale Supérieure-ko irakaslea, eragina izan zuen Durkheimengan. Harekin Durkheimek Comte-ren, Gabriel Monod-en eta Numa Denis Fustel de Coulanges-en ezagutza egin zuen eta historia ikertzeko metodo enpirikoak eta konparatiboak erakutsi zizkioten. Charles Renouvier-ek garrantzia izan zuen haren ibilbidean, izan ere, berak neurri handi batean moldatu zituen Dukheimek Kanti buruz zituen ikuspegiak [7].

1885 eta 1886 bitarte, Durkheimek ikasturte bat pasako du Alemanian, eta bertan, hainbat pentsalariekin egingo du topo: Fred Wagner, Gustav Schmoller, Rudolph von Jehring, Albert Schäffle, eta Wilhelm Wundt. Pentsalari hauek moralitatea modu zientifikoan ikertzen zueten eta garrantzi berezia eskaintzen zioten moralitatearen aspektu sozialari. Baliteke guztietan Durkheimentzat garrantzitsuaena Wundt izatea, izan ere, lehenengoak beranduago egingo zuen bezala, Wundt-ek indibidualismo metodologikoa baztertzen zuen eta moralitatea gertakari suis generesia zela argudiatzen zuen[7]. Orotara, pentsalari hauek errealismo sozialaren teoriaren oinarriak hornitu zizkioten Durkheimi, geroago hark garatuko zituena, moralaren ikuspegi utilitarista kritikatuz (ikus Spencer), zeinaren arabera, moralitatearen jatorria gizabanakoaren interes arrazionalean etzaten da[5].

Beste pentsalari batzuk ere inportanteak izan dira Durkheimen pentsamenduan. Rousseau-ri eta Montesquieu-ri buruz idatzi zuen eta pentsamendu soziologikoaren aitzindaritzat hartzen zituen. William Robertson Smith antropologoak eragina izan zuen erlijioaren inguruko ideietan[8]. Filosofo ezagunek ere, Kant, Platon, William James eta Descartes, eragin handia izan zuten ere.

Durkheimen harrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Durkheimen pentsamenduaren harrera nahiko epela izan zen. Alde batetik, bere lan soziologikoa eta antropologikoa oso ezaguna eta famatua da, nahiz eta zenbaitetan kritikatua ere izan. Soziologian eta antropologian, Durkheimek eragina izan zuen bere lantaldeko kideengan, besteak beste, Marcel Mauss, Paul Fauconnet, Célestin Bouglé eta Lucien Lévy-Bruhl. Beste pentsalari batzuk ere Durkheimen eragin zuzena izan dute, adibidez, Maurice Halbwachs, Talcott Parsons, Alfred Radcliffe-Brown, eta Claude Levi-Strauss. Garai gertuagotan ere, zenbait teoriko sozialek beren pentsamendua Durkheimengan bermatzen dela onartzen dute, haien artean, Steven Lukes, Robert Bellah, eta Pierre Bourdieu[5].

Beste alde batetik, filosofiari egin zizkion ekarpenak ez dira oraindik ere kontuan hartu. Pierre Bourdieuk eta Jean-Claude Passeron-ek idatzi zuten artikulu luze batean aztertzen duten lez (Sociologie et philosophie en France depuis 1945: mort et résurrection de la philosophie sans sujet), Durkheimek utzitako ondarea, gizarte zientzietan ez ezik filosofian ere ezezaguna da[9].

Filosofiaren alorrean izan zuen harrera hotza izangatik, zenbait filosofok Durkheimek beren pentsamenduan izan duen eragina onartzen dute, horietatik, Henri Bergson eta Emmanuel Levinas, eta oraintsuago Charles Taylor.

Bere soziologiaren oinarria: gizarte-gertakaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Durkheimek bere soziologiaren oinarriak finkatu zituen Metodo soziologikoaren arauak 1895ean argitaratutako liburuan. Soziologiaren funtsezko lana izateaz gain, obra bakar batean soziologiaren hiru ikuspegi bateratzen ditu: teoria soziologikoa, metodologia eta ikerkuntza enpirikoa.

Funtsean, soziologiaren ikergaia kolektiboa, soziala dena (gizarteari dagokiona) izango da, psikologiarena indibiduoa den bezala. gizartezkoa (soziala) dena, hortaz, egitate espezifiko bat da: Gizartea ez da gizabanakoen batuketa hutsa, baizik eta berezko ezaugarriak dituen errealitate autonomoa. Hala, Durkheimentzat gizartearen elementu guztiak, moraltasuna eta erlijioa barne, historiaren produktu dira. Ikusirik hauek ez dutela jatorri transzendentalik eta mundu naturalaren parte direla, zientifikoki aztertuak izan daitezke[10]. Durkheimentzat beraz, Soziologia "erakundeen zientzia da, beren sorrera eta funtzionamenduarena"[11]. Durkheimen arabera, erakunde dei daiteke "sineste guztiei eta taldeak eratutako portaera-modu guztiei"[11]. Hori bai, gizarte erakundeak aztertzen jarri aurretik, jakin behar da zehazki zertan funtsatzen diren. Galdera horri erantzuteko funtsezkoa da, beraz, gizarte bera zer den zehaztea.

Durhkheimentzat, gizartea ez da soilik gune geografiko berean bizi diren gizabanako taldea; aitzitik, gizartea "lehenik eta behin, gizabanakoen bitartez gorpuzten diren sinismen eta mota guztietako sentimenduen multzoa da"[12]. Gizabanakoak bata bestearekin aritzen direnean sortzen den errealitatea da; kontzientzia indibidualen fusioaren ondorioz gertatzen den hori. Errealitate hori suis generia da, hau da, ezin da bera osatzen duten zatietara murriztu ezta azaldu ere ez bada berezkoak zaizkion elementuen bitartez. Gizartea bere zatien batura baino gehiago da; edozein gizabanakoren existentzia baino harago dago zentzu guztietan, eta osatzen duten zatien izaera erabat desberdinekoa da. Errealitate fisiko hori deskribatzeko, Durkheimek batzuetan kontzientzia kolektibo terminoa erabiltzen zuen. Gizartea eta fenomeno sozialak termino soziologikoetan soilik azaldu daitezke. Termino biologikoak edo psikologikoak eskas geratzen dira, eta gizarte-gertakariak ezin dira murriztu gizarte baten forma materialetara eta haren bizi-beharretara, materialismo historikoan egiten den bezala[13].

Errealitate fisiko horren edukia hobeto zehazteko eta analizatzeko, Durkheimek gizarte-gertakariaren kontzeptua asmatu zuen. Gizarte-gertakariak funtsezkoak dira, izan ere, gizarte baten kontzientzia kolektiboa ezartzen eta adierazten baitituzte.

Gizarte-gertakariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adierazi den bezala, Durkheimen soziologiaren oinarrian gizarte-gertakaria dago (Weberrek ekintza soziala hobesten duen bitartean). gizarte-gertakaria ekiteko edozein modu da (bilatua izan ala ez), gizabanakoari kanpo presioa eragiten badio. Hau da, gizarte batean orokortua dagoen ekiteko modu bat, gizabanakoen ekite moduetatik harago doana, berezko izaera hartzen duena. Durkheimek honela definitu zituen gizarte-gertakariak: [11]

« Hona hemen bada ezaugarri oso bereziak aurkezten dituzten gertaera-sorta: jokatzeko moduak dira, pentsatzekoak eta sentitzekoak, gizabanakoarekiko kanpokoak eta botere derrigortzailea dutenak, horren bidez gertatzen dira eta ezarriak.  »
Émile Durkheim, Metodo soziologikoaren arauak [14]

Durkheimen arabera, gizarte-gertakariak errealitate objektiboak dira eta fisiko batek mundu fisikoa aztertzen duen modu berean aztertuak izan daitezke. Definizio honi gaineratu behar zaio ere gizarte-gertakariak gizakientzat "barnekoak" direla, eta gizabanakoen bitartez baino ezin direla gertatu[15].

Gizarte-gertakariak gizabanakoz kanpokoak izanik, “inguru sozialaren barnean gertatzen diren aldaketen bidez baino ezin dira azaldu, eta ez ordea, kontzientzia indibidualaren egoeretatik abiatuta”. Horrela, ez dira nahastu behar gizarte-gertakariak eta subjektuaren psikologiari lotutako beste aldagai batzuk (inguru familiarra, kulturala...). Gizarte-gertakariak sarri modu inkontzientean gertatzen dira, gu haien existentzia eta beren autonomiaz ohartzen ez garela. Izan ere, gizarte-gertakaria gizabanakorengandik independente izan daiteke, hau da, existitu daitezke haien "adierazpen indibidualetatik berezita"[16]. Gizarte-gertakaria gizabanakoari nahita nahi ez inposatzen zaio, eta inolaz ere alderantziz. Gizarte batek bere buruarentzat ezartzen dituen arau sistema da eta oso zaila da aldatzea benetako eraldaketa sozial baten bitartez ez bada. Gizakiak, haren bizitzaren hastapenetik, gizarte-gertakari anitz bereganatzen ditu eta neurri handi batean bizitzan osoan barneratzeko joera erakusten du. Hezkuntza da sozializaziorako erakunde nagusia, eta berari esker, haurra izaki soziala bihurtzen da. Gizarte-gertakariak haurtzaroan bertan esperimentatzen dira, eta horregatik, haien izaera derrigortzailea ez da hain nabarmen antzematen, ohitura soilak bilakatzea errazten delarik: hauxe da sozializazioaren oinarrizko printzipioa.

Gizarte-gertakarian antzemateko irizpideetako bat gauza batek aldaketara aurrean erakusten duen erresistentzia da: "Hain zuzen ere, nagusiki gauza bat aitortzen da eta borondatezko ekintza baten bitartez alda ezin daitekeela aitortu ere"[17]. Horren ez du esan nahi aldatu ezin daitekeenik, horretarako esfortzu handia egin behar dela baizik. Gizarte-gertakarien ezaugarri hau, erakunde sozialetan, formaletan zein ez formaletan, antzeman daiteken behartze-eragin ezaugarriarekin lotua dago: horien adibide gisa, lapurreta kondenatzen duen kode juridikoa; kaleratua izan nahi ez duen ondo jantzi behar duen negozio gizona, edo bestarik gabe, eguneroko eta ohiko arauetara egokitzen ez den gizabanakoak jaso ditzakeen besteen ziriak eta begiratu trufatzaileak...

Gizarte-gertakari bat antzemateko beste modu bat estatistiken erabilpena da. Estatistikek gizabanakoen arteko aldagarritasuna neutralizatzen dute, eta finean, batezbesteko datuak aztertzeko aukera ematen dute, gizartean ikusteko errazak ez direnak. Gizarte-gertakariak, beraz, "arima kolektiboaren nolabaiteko egoera bat"[18] adierazten du.

Durkheimek gizarte-gertakariaren kontzeptua baliatu zuen gizarteak gizabanakoaren pentsamoldean izan dezakeen eragina erakusteko. Nahiz eta bere ibilbidearen hastapenetan gizarte-gertakarien bortxazko izaeran zentratu, eta beraz, haien alde negatiboan, pixkanaka-pixkanaka, gizarte-gertakarien alde positiboagoa, hau da, haien izaera askatzailea, lehenetsiko du bere azken lanetan. Steven Lukes-ek aipatu bezala, bortxazkoak eta koertzitiboak izateaz harago, Durkheimen gizarte-gertakariek erakusten dute ere, erlijioaren inguruko bere lanetan, esaterako, gizakiak pentsatzeko eta sentitzeko modu jakin batetara bideratuak direla; zenbait gauza ezagutzera eta balioestera, eta horren arabera jardutera. Bere heldutasuneko lanetan, bortxa hitza ez du gehiago aipatzen[19].

Bere lan guztietan zehar, Durkheimek gizarte-gertakarien analisi soziologikoa nola egiten den erakusten du. Hala, La división social du travail-en, demografiak eta garraioen eta komunikazioen teknologiek gizarte baten kontzientzia kolektiboa eraldatzeko duten gaitasuna aztertzen du. Suizidioari buruzko ikerketan, Durkheimek erakusten du gizarte-gertakaria, itxuraz gure borondatearen eta jardun-gogoaren menpeko, faktore sozialean arabera gertatzen dela. Bere ikerketa ospetsu horretan Durkheimek faktore horien bilaketan murgilduko da. Les formes de la vie religieuse lanean erlijioa, pentsamendu logikoa eta hizkuntza aztertzen ditu jatorri sozialeko gizarte-gertakari gisa. Era berean, moraltasuna ere ikertu zuen gizarte-gertakari gisa hainbat alditan, batez ere La Détermination du fait moral (1906) artikuluan.

Gizarte-gertakariak aztertzeko metodoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Durkheimek gertakari sozialak "gauzak" balira bezala aztertzea proposatzen du, hori baita haren uste metodo soziologikoaren lehen araua eta funtsezkoena[20]. Gertakari horiek behatuak eta egiaztatuak izan daitezke metodo zientifikoaren bitartez, hiru irizpide nagusi finkatuta:

  • Aurreritziak eta ideiak alde batera utzi behar dira. Zientifikoki eraiki eta egiaztatutako kontzeptuak bakarrik erabili behar dira. Horrela, iritzi politiko-erlijiosoak baztertu beharko ditu soziologoak.
  • Gizarte-gertakaria zehaztu eta segmentatu egin behar da. Ondoren, kasuarekin bat datozen datuen bilketari ekin behar zaio. Azkenik, ondorioak aterako dira.
  • Guztiz objektiboak diren ezaugarriak bakarrik hartuko dira kontutan gizarte-gertakariak aztertzerakoan. Soziologoak sentsazio subjektiboetatik aldendu beharko ditu.

Lanaren gizarte-banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emile Durkheim, Division du travail social maitrier.jpg

“De la division du travail social” (1893an argitaratuta) izan zen bere lehenengo lan garrantzitsua. Honetan, gizarte modernoa azaltzen saiatzen da, alde batetik, lanaren banaketa eta eskubide errepresiboen bitartez, eta bestetik, hori guztiaren kritika egiten du ezagutza positiboa eta juizio normatiboaren arteko erlazioa finkatuz.

Solidaritate mekanikoa eta solidaritate organikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarte industrialaren jaiotzeren lekuko izan zen Durkheim, eta gizarte-aldaketa hori dela eta, bere kezka nagusia geroz eta indibidualagoa bilakatzen ari den gizarte horretan gizabanakoen arteko lotura zerk egiten duen aztertzea da. De la Division du travail social liburuan gizabanakoen arteko solidaritate-loturak honela definitzen ditu: antzinako gizarte tradizionalak "solidaritate mekaniko" baten gainean oinarritzen ziren, eta horren arabera, jokaera kolektiboak nagusitzen ziren eta ekoizpen jarduera banaketa eskasa gertatzen zen. Gizarte-lotura, beraz, gertutasunean, antzekotasunean eta gizataldeei komuna zitzaien historia eta balio batzuen partekatzean funtsatzen zen.

Solidaritate mota honek, gizarte modernoak garatu ahala, Durkheimek "organiko" bezala izendatuko duen beste solidaritate mota bati leku utzi beharko dio. Solidaritate mota honen ezaugarriak elkarren arteko dependentzian eta osagarritasunean oinarritzen da. Izatez, gizarte modernoak espezializatutako atalak sortzeko joera izango du eta atal horren funtzionamendu egokia funtsezkoa izango da gizartearentzat. Adibidez: nekazaririk gabe ez legoke ez supermerkatu ez okinik, eta era berean, supermerkaturik edo okinik gabe, nekazariaren elikagaiak ez lirateke haien beharra duen populaziorengana iritsiko, eta abar. Hau guztia gizartearen lan-banaketari esker gertatzen da, eta banaketa sorrerak bi faktorek parte hartzen dute: dentsitate demografikoren hazkundea eta aurrerapen teknologikoak. Lanaren banaketa lanaren gizarte-banaketarekin batera gertatzen da: gizabanakoek elkarren arteko antzekotasuna galtzen dute, inguru berean bizi ez direlarik eta lan berdina gehiago egiten ez dutelarik. Lanaren gizarte-banaketak, beraz, elkarren arteko menpekotasun edo dependentzia lotura bat sortzen du, gizarte-funtzio bat, gizabanakoen artean. Paradoxikoki, gizartea salbatu egiten da hain zuzen berau arriskuan jartzen duen horrengatik, hots, populazioaren desberdintasunagatik.

Dentsitate dinamikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lanaren gizarte-banaketa, gizarte-gertakari material bat zen Durkheimentzat, izan ere, elkarrekintzarako oinarrizko euskarri bilakatu baitzen. Hala ere, solidaritate mekanikotik organikorako aldaketan bazen funtsezko faktore bat, hark dentsitate dinamikoa deituko duena. Dentsitate dinamikoaren kontzeptuaren bitartez gizarte bateko pertsona kopuruaren eta haien arteko elkarrekintza kopuruaren arteko harremana aztertu daiteke[21]. Pertsonen kopuruaren igoera gehi haiek arteko elkarrekintza kopuruaren igoerak, solidaritate mekanikotik organikorako trantsizioa dakar, izan ere, biak batera gertatuz gero, baliabide urrien inguruko lehiakortasuna sortzen dute eta biziraupenaren aldeko borroka laztu egiten da. Lanaren gizarte-banaketari esker, pertsonek eta haiek sortutako gizarte egiturek, elkarren artean gatazkan egon beharrean, lankidetzan aritzeko aukera dute, eta hala, elkarbizitza baketsua izateko aukera eskaintzen zaie. Horrez gain, banaketak honek eraginkortasuna areagotzen du, eta horrek, era berean, baliabideen hazkundea dakar.

Zuzenbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarte mekanikoan zuzenbidea errepresiboa izaten da, izan ere, bertako kideak oso antzekoak izaten baitira beren artean eta elkarren arteko moraltasun batean sakonki sinesten baitute. Elkarren arteko sistema morala urratzen duena gogorki zigortu ohi da. Pertsonak sistema moralean buru belarri parte hartzen dutenez, sistema horren aurka egindako edozein irain zigor gogorra eta bat-batekoa jasaten du[22].

Aldiz, gizarte organiko batean zuzenbidea berrezartzailea izaten da. Gizarte mota honetako gizabanakoei legea betetzea, eta hala gertatuko ez balitz, egin duten kaltea berrezartzea eskatzen zaie. Berrezarpen zuzenbide hai gizarte modernoei dagokiena da. Ez dago ia elkarren arteko moraltasunik[22].

Durkheimen kezka nagusia gizarte modernoetan gertatzen ari zen elkarren arteko moraltasunaren galera zen. Lotura-moralak galtzeko arrisku "patologikoa" ikusten zuen, eta uste zuen, mota horretako loturarik gabe, gizakia geroz eta handiagoak eta aseezinagoak izango ziren pasioen esklabo izango zela[22].

Kontzientzia kolektiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Durkheimek moraltasunaren gaia aztertzeko hainbat kontzeptu erabili zituen. Horietako bat kontzientzia kolektiboarena izan zen. Lanaren gizarte-banaketa lanean honela definitzen duen kontzientzia kolektiboa:

L’ensemble des croyances et des sentiments communs à la moyenne des membres d’une même société forme un système déterminé qui a sa vie propre ; on peut l’appeler la conscience collective ou commune... Elle est donc tout autre chose que les consciences particulières, quoiqu’elle ne soit réalisée que chez des individus.[23]

Durkheimen erlijioaren teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teoria hau bere familiaren hezkuntza eta tradizio juduetan oinarrituta dago. Gai honetan, oinarrizko kontzeptua erlijiosoaren eta sakratuaren arteko harremana ulertzean datza, baina jainkotasuna eta transzendentzian sakondu gabe. Esperientzia erlijiosoa gizarte bakar batean soilik ez dagoela erakutsi nahi du, hau da, fenomeno unibertsala dela. Erlijioa gizarte-gertakari bezala irakastea beharrezkoa ikusten du, gizarte guztiek sentimendu erlijioso bat izan dutelako. Erlijioa esperientzia erreal bat bezala ikusten du. Zientzia sozialaren betekizuna erlijioari dagokionez, erlijioaren zergatia gizarte-gertakari bezala aztertzea da.

Erlijioaren definizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Les formes élémentaires de la vie religieuses lana da Durkheimek erlijioaren inguruan egin zuen lan nagusia. Erlijioa ere gizarte-gertakari gisa aztertzea proposatzen du. Bere metodo jarraituz, honela definitzen zuen erlijioa:

Erlijioa sinesmen- eta gauza sakratuekin zerikusia duten praktika-sistema bat da, eta sinesmen eta praktika hauek, banaketa eta debekua tarteko, komunitate moral bakar batean, Eliza deitu ohi dena, biltzen ditu hartara atxikitzen diren guztiak[24].

Durkheimek Jainko hitza ekiditen du definizio honetan eta nahiago haren ordez objektu sakratu terminoa erabili. Objektu sakratuak erlijio guztien muinean daude baina ez duten zertan naturaz kanpoko indar bati lotuak egon, Jainkoa edo Allah bezala. Adibidez, budisten objektu sakratua Lau Egia Zintzoak dira. Beste objektu batzuk ere, esaterako, luma bat, bandera bat, gurutze bat, edo harri bat, indar kolektibo horren eragina izan dezakete, eta hala, gizartearen objektu sakratuaren ordezkapen fisiko bezala funtzionatu dezakete. Modu honetan, objektu fisiko horiek sakratu bihurtzen dira. Erlijioaren definizioa honetan hainbat kontzeptu aurki daitezke: sakratua, eliza, erritoak eta komunitate morala.

Garrantzitsua da ere kontuan hartzea erlijioaren definizioan gizarteak duen garrantzia. Hala, Durkheimek erlijioaren interpretazioa animisten eta naturisten kontra borrokatuko du. Animistentzat erlijioaren jatorria fenomeno psikologikoetan aurkitzen da, esaterako, Spencer berak defendatzen zuen bezala, ametsetan. Naturalistak usten dute erlijioaren jatorria gertakari naturalak (ekaitzak, lurrikarak...) naturaz gaindiko indarren bitartez azaltzen saiatzen denean aurkitzen dela. Ideia honen aldekoak Edward Tylor eta James Frazer, eta beranduago Sigmund Freud, izan ziren. Durkheimen iritziz, interpretazio hauek sozialki ikasten dira, eta beraz, dagoeneko ezarrita dagoen erlijio baten emaitzak dira, inolaz ere ez haren eragileak. [25]. Tesi naturalista baztertzeko, Durkheimek aipatzen du erlijio batekiko fedea mantendu egiten dela berdin erlijioak indar naturalak modu erratu batean azaltzen dituenean ere, edo, gertakari naturalekin kontraesanean dagoenean ere[24]. Erlijioaren arrazoia, beraz, harago aurkitu beharko da.


Erlijioaren jatorria eta funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Durkheimen arabera, erlijioaren jatorria gizatalde batean beti presente dauden indar sozialetan aurkitzen da. Kontua eza da, beraz, erlijioaren azken jatorria bilatzea (alferrikako kontu metafisikoa, haren ustez), baizik ezagutzea indar sozial horiek erlijio-forma zehatzetan nola mamitzen diren. [26].

Durkheimen iritziz, indar sozialak momentu jakin batzuetan gorpuztu egiten dira eta momentu horiek "eferbeszentzia kolektibo" bezala izendatuko du. Momentu horiek gertatzen dira gizabanako guztiak elkarrekin biltzen direnean "pentsamendu bakar batean eta ekintza bakar batean"[27] komunikatzeko. "Gizabanakoak elkarren artean biltzen direlarik, beren gertutasunetik antzeman daiteke halako elektrizitate bat, asaldura ezohiko maila batera bizkor eramaten dituena"[28]. Durkheimek energia hori "mana" deituko du[oh 5]. Ondoren, gizarteak mana indarraren kontzientzia hartu ahal izateko, kanpokoa eta materiala izango den objektu batean proiektatu behar da. Berak dioen bezala, "Forma erlijiosoa taldeak bere kideei iradokitzen dien sentimendua baino ez da, baina, kontzientziatik kanpo proiektatzen dena, objektibatua dagoena. Objektibatzeko, sakratua bilakatuko den objektu batean pausatzen da"[29]. Horrela, gizartea bere buruaren kontzientzia hartzen du, bere batasunaren, eta erlijio bat jaiotzen da.

Ulertu behar da ikur erlijiosoak gizartearen indarra hipostasiatu edo ordezkatu baino ez duela egiten, eta gizartearen boterea objektu sakratuaren bitartez bideratzen dela. Indar hori benetakoa dela dio Durkheimek, eta beraz, nahiz eta erlijioaren dogmak edo doktrinak faltsuak izan, erlijioaren esperientzia indar fisiko batean oinarritzen da, halako elektrizitate bat, ilusio soil bat bailitzan baztertu ezin duguna.

Eferbeszentzia momentu horietan askatzen den energia kolektibo hori berrelikatua izan behar da erlijioak bere jarraitzaileen artean indarra mantenduko badu. Horregatik gertatzen da errito erlijioso eta zeremonia ugari egotea, esaterako, errito mimetikoak (naturan gertaerak eragiteko, euria kasu), pekamen erritoak (funerarioak), ospakizunekoak, sakrifizioak, eta abar... Gizartea bere erritoak betetzeko gai ez bada, hilzorian egon daiteke. Durkheimen hitzetean, "gizartearen ideia gizabanakoen izpirituetan itzaltzen denean, sinesmenak, tradizioak, kolektibitatearen jomugak sentituak eta partekatuak izateari uzten diotenean, gizartea hil egiten da"[30]. Errito horiek, beraz, funtsezkoak dira gizartearentzat.

Gizatalde guztiek dute erlijio bat, eta horregatik, Durkheimek esango du erlijioa gizakiaren berezko ezaugarri bat dela. Beste era batera esanda, gizakia taldean elkartua bizi den unetik bilatuko du erlijio bati forma bat emateko moduren bat.


Jainkoen heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Aintzinako jaikoak zahartzen ala hiltzen dira, eta bitartean ez da berririk jaiotzen  »
Émile Durkheim[31]

Durkheimen ia lan guztietan agertzen den gai bat mendebaldeko gizarteek XIX. eta XX. mendeetan pairatu izan duen ondoeza da. Dagoeneko "Lanaren gizarte-banaketan" aipatzen ditu europar gizarteak mende baten buruan jasan dituen eraldaketa handiak eta bizkorrak. Horrek ez zuek soilik zientzi modernoaren goraldia ekarri, baita industrializazioa, populazioaren hiritartzea, komunikazioaren eta garraioaren eraldaketak (trenbideak, telefonoa, lurrun-makina...) bezala fenomenoak ere ekarri zituen populazioa geroz eta mugikorragoa eginez. Horrek modernitateari ordura arte ezagutzen ez ziren bizi baldintza arras desberdinak eskaini zizkion. Eraldaketa guzti horiek, Durkheimen arabera, tradizioen goibelaldia ekarri zuten[32]. Era berean, adierazi zuen, erlijio kristauak dagoeneko mendebaldeko gizartea forman mantentzeko gaitasunik ez zuela eta bizitza modernoak askogatik gainditzen zuela doktrina kristaua.

Arau, moralitate, eta metafisika kristauak ez dute dagoeneko zentzurik eta ez dute dagoeneko inspiraziorik sortzen. Moraltasunaren krisi larri batez ari da eta horren inguruan ere beste zenbait garaikide arituko dira (Nitzsche, adibidez). Egoera honetan, gizartea, erdigune finkorik gabe, autoritaterik gabe, eta halako bereizketa egoera batean geratzen da. Suizidio tasa handiagoa ematen da, indibidualismoa areagotu egiten da eta anomia edo nihilismo sentimendua handitu egiten da, eta ondorioz, "ohiko arauek bere autoritatea galtzen dute"[33].


Banakoaren gurtzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1896ko ikastaroa, 1928an Alcan-en lehen argitalpena Marcel Mauss-en eskutik

Aurreikuspenak ezkorrak izanagatik, Durkheimek jainko zaharren heriotza horretan gizarte modernoa gidarituko zituen erlijio forma berriak antzeman zituen. XVIII. eta XIX. mendeen artean, lanaren banaketa handi bat ezagutuko du mendebaldeko gizarteak, eta hirien hazkuntza, industrializazioa, eta horrek guztiak, populazioaren indibidualizaziorako joera biziki areagotuko du. Hain urrun iritsi da indibidualismoa, denek komunean duten gauza bakarra indibidualismo bera dela. Hori dela eta, gizabanakoaren inguruko gurtzea erabat naturala suertatu da; kontzientzia indibidualak oraindik ere batzeko eta biltzeko gai den gauza bakar bilakatu da. Erlijio honek, Durkheimen "banakoaren gurtzea" (le culte de l'individu) deituko duena, objektu sakratu bezala (haren jainkoa bezala) gizabanakoa hartzen du.

Gizabanakoaren erlijio honek ere bere moraltasun propioa du. Durkheimek azaltzen duen bezala, "banakoaren gurtzeak duen lehen dogma arrazoiaren autonomia da, eta lehen erritoa, irizpide askea"[34]. Erlijio honek gizabanakoen sufrimendua arintzea bilatzen du eta hori bere moraltasunaren zati garrantzitsua izango da. Banakoaren gurtzan ere, zientzia modernoak kristautasunaren metafisika (gure kosmologia) ordezkatzen du eta zientzia izango da, beraz, unibertsoaren irudikapena eskaintzen bakarra. Banakoren gurtzan dagoeneko erlijio baten elementuak aurkitu daitezke: objektu sakratua, komunitate morala, kosmologia... Elizatzat eta erritotzat, Durkheimek, lehenik, Frantziako Iraultzan pausatuko ditu begiak, izan ere hori izan baitzen erlijio horren eferbeszentzia kolektiboaren lehen kasua, eta bigarrenik, aurreko mugimendu horren oinordeko diren mugimendu sozialistetan.

Erlijio berria hori gaur egungo gizartean ikus daiteke, batez ere Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaz geroztik, eta baita ondoren gertatu diren talde anarkisten, komunisten eta sozialisten diskurtsoetan. Munduan zehar ematen den demokrazia modernoaren hedapenean antzeman daiteke.

Bere lanaren beste zenbait aspektu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere lanen multzoan, oinarrizko beste bost puntu hauek ere aipatu behar dira:


Soziologiaren finkatzea zientzia autonomoa bezala.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatutako topikoan funtsezko obrak “Les Règles de la méthode sociologique” (1895) eta “Le Suicide” (1897) dira. Lehenengoan, zientzia positibo baten printzipio epistemologikoak definitzen ditu. Bigarrenean, berriz, ikerketa soziologiko bat burutzen du. Honetan, demostratzen du gertakari indibidual bat dirudiena errealitatean gertakari sozial bat besterik ez dela. Hau da, indibiduoak kanpoko eta kolektiboei dagozkien faktoreekiko eraginak ditu, hala nola, erlijioa, ekonomia eta familia.

Hezkuntza eta pedagogia.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere artikulua “Hezkuntza” haren pentsamendu pedagogikoaren laburpena osatzen du. Halaber, bere unibertsitatean hezkuntza moralari eta pedagogiaren historiari buruzko ikastaroak eman zituen.

Teoria politikoa eta zuzenbidea.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saint-Simonen obraren ikerketan eta XVIII. mendeko filosofia ekonomiko, juridiko eta politikoan oinarritzen da. Ondorio gisa, ikuspegi kritiko bat hartzen du korronte sozialista eta komunistari dagokionez. Physique des mosurs et du droit (1950ean argitaratuta) bere ikastaro didaktikoen bilduma bat da, eta gaia bi ataletan zatitzen da: multzoen solidaritateak (moral profesionala eta moral hiritarra) eta solidaritate unibertsalak (zeinak bizitzari errespetua eta jabetasunaren eskubideari buruz datza).


Morala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Morala askotan jorratu zuen bere lanetan. Zenbait liburu honi buruz idatzi zituen: “ L’Allemangne au-dessus de tout”.

Filosofia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soziologiaren munduan murgildu baino lehen, filosofia ikasketak egin zituen, horregatik filosofia kutsua ematen dio soziologiari. Izaera ontologikoa duen teoria soziologikoa garatzen du.

Bere lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1892 - La contribution de Montesquieu à la constitution de la science sociale.
  • 1893 - De la division du travail social. Lehen lan garrantzitsuena bere doktorengo-tesia da.
  • 1895 - Les Règles de la méthode sociologique. (Metodo soziologikoaren arauak. Gaiak. ISBN 978-84-89772-11-3)
  • 1897 - Le Suicide.
  • 1897 - La Prohibition de l’inceste et ses origines, L’Année Sociologique, 1. libre., 1897, 1-70 or., *Journal sociologique, 37-101 or. Paris: PUF, 1969, 728 or. Testua berridatzia eta argitaratua "Petite Bibliothèque Payot" (ISBN 2-228-90339-6).
  • 1900 - La Sociologie et son domaine scientifique, Italian argitaratua, « La sociologia e il suo domino scientifico » in Rivista italiana di sociologia, 4, 1900, 127–148 or. Repris dans Émile Durkheim. Textes. 1. Éléments d'une théorie sociale, Paris, Éditions de Minuit, Sens commun, 1975,13-36 or.
  • 1912 - Les Formes élémentaires de la vie religieuse. Erlijioa aztertzen du eta bilaketari hasiera ematen dio jakintza soziologikoan.
  • 1914 - Qui a voulu la guerre?, Ernest Denisll laguntzarekin.
  • 1915 - L'Allemagne au-dessus de tout, La mentalité allemande et la guerre

Hil ondorengo lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1883 - 1884 - Cours de philosophie dispensé au Lycée de Sens 1883-1884
  • 1902 - 1903 - L'éducation morale, cour dispensé à la Sorbonne
  • 1918 - Le “Contrat social” de Rousseau
  • 1922 - Éducation et sociologie. Hezkuntzari buruzko definizioa eskaintzen du eta bertako giza izaeran sakontzen du.
  • 1924 - Sociologie et philosophie, préf. de C. Bouglé, Alcan : Hezkuntzari buruzko definizioa eskaintzen du eta bertako giza izaeran sakontzen du.
  • 1928 - Le Socialisme. Sa définition - Ses débuts - La doctrine saint-simonnienne :Hezkuntzaren kontzeptua azaltzen du giza-sorkuntza teoriaren bidez.
  • 1938 - L'Évolution pédagogique en France
  • 1955 - Pragmatisme et sociologie
  • 1977 - Éducation et sociologie ("Hezkuntza eta soziologia". Klasikoak. Donostia. 1993. ISBN 84-88303-59-9)

Euskaratutako lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Aldizkari hartan parte hartu zutenen artean, Célestin Bouglé, Marcel Mauss, Henri Hubert, Robert Hertz, Maurice Halbwachs eta François Simiand daude.
  2. Bere aita, Moïse Durkheim (1806-1896) Épinaleko lehen errabinoa izan zen. Bere alaba Jacques Halphen-ekin ezkondu zen (1880-1964), Arteek eta Manufakturen ingeniaria eta Compagnie industrielle des pétroles-eko presidentea, eta era berean, Henri Berr-en koinatua.
  3. Liburu hau euskaratua dago: Metodo soziologikoaren arauak. Gaiak. 1997. ISBN 978-84-89772-11-3. Jatorrizko izenburua frantsesez: Les Règles de la méthode sociologique
  4. Durkheim-ekin batera, Max Weber-en figura agertu ohi da aita fundatzaileen artean. Azken hau soziologo eta ekonomista alemaniarra izan zen, eta Durkheim ez bezala, soziologia moderno antipositibistago baten aldekoa.
  5. Gaur egun ere mana hori ikus daiteke futbol estadioetan edo bilkura politikoetan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Durkheim E.: Las reglas de método sociológico. Akal. Madril. 1995. 39. or.
  2. a b Ritzer G.: Teoría sociológica clásica. Mc Graw Hill. Aravaca. 1995. 211. or
  3. Craig J. Calhoun: Classical sociological theory. Wiley-Blackwell. 2002. 105.or. ISBN 978-0-631-21348-2.
  4. Kenneth Allan; Kenneth D. Allan: Explorations in Classical Sociological Theory: Seeing the Social World. Pine Forge Press. 2005. 105.or ISBN 978-1-4129-0572-5.
  5. a b c Carls, Paul. Émile Durkheim: Section 1) b. Intellectual Development and Influences. in Internet Encyclopedia of Philosophy: http://www.iep.utm.edu/durkheim/
  6. Thompson, Kenneth. Emile Durkheim. Routledge: London and New York, 2002.23. or.
  7. a b Thompson, Kenneth.Life and Intellectual Background', in Emile Durkheim. Routledge: London eta New York, 2002
  8. Robert Alun Jones. Emile Durkheim: An Introduction to Four Major Works. Beverly Hills, CA: Sage Publications, Inc., 1986.
  9. Bourdieu, Pierre eta Jean-Claude Passeron. Sociology and Philosophy in France since 1945: Death and Resurrection of a Philosophy without Subject, in Social Research, 34. lib. , 1. zbk, 1967, 67-168. or. Jatorrizko aipamena: "For, speaking more generally, all the social sciences now live in the house of Durkheimism, unbeknownst to them, as it were, because they walked into it backwards."
  10. Durkheim, E.: Metodo soziologikoaren arauak. Gaiak. 1997. 67. or
  11. a b c Durkheim, E.: Metodo soziologikoaren arauak. Gaiak. 1997. 28. or
  12. Durkheim, Émile: Sociologie et philosophie. Paris, PUF, 1974, 79. or.
  13. Durkheim, Émile: Les Formes élémentaires de la vie religieuse, 400-401 or. Dokumentua jaisteko: http://classiques.uqac.ca/classiques/Durkheim_emile/durkheim.html.
  14. Durkheim,E.: Metodo soziologikoaren arauak. Gaiak. 1997. 35.or
  15. Robert Alun Jones. Emile Durkheim: An Introduction to Four Major Works. Beverly Hills, CA: Sage Publications, Inc., 1986. 60-81 or. Dokumentua: http://durkheim.uchicago.edu/Summaries/rules.html, ikus « critical remarks » atala
  16. Durkheim,E.: Metodo soziologikoaren arauak. Gaiak. 1997. 45.or
  17. Durkheim,E.: Metodo soziologikoaren arauak. Gaiak. 1997. 62.or
  18. Les Règles de la Méthode sociologique, Nouvelle Édition, Éditions Flammarion, Paris, 2010, 108. or.
  19. Robert Alun Jones. Emile Durkheim: An Introduction to Four Major Works: http://durkheim.uchicago.edu/Summaries/rules.html, «critical remarks» atalean
  20. Durkheim,E.: Metodo soziologikoaren arauak. Gaiak. 1997. 47.or
  21. Ritzer G.: Teoria sociológica clásica. McGrall Hill. Aravaca. 1995. 214. or.
  22. a b c Ritzer G.: Teoría sociológica clásica. Madril. 1993. 214.or.
  23. Durkheim, E.: De la division social du travail. 1893. 84. or. Ikus Wikiturrietan.
  24. a b Durkheim E.: Las formas de la vida religiosa. Akal. Madrid. 1992. 42.or.
  25. Durkheim E.: Las formas de la vida religiosa. Akal. Madrid. 1992. I. liburua, II eta III kapituluak.
  26. Durkheim, Émile: Les formes élémentaires de la vie religieuse, Presses Universitaires de France, 5. arg., 2003, 15.or.
  27. Durkheim, Émile: Les formes élémentaires de la vie religieuse, Presses Universitaires de France, 5. arg., 2003, 553.or.
  28. Durkheim, Émile: Les formes élémentaires de la vie religieuse, Presses Universitaires de France, 5. arg., 2003, 308.or.
  29. Durkheim, Émile: Les formes élémentaires de la vie religieuse, Presses Universitaires de France, 5. arg., 2003, 327.or.
  30. Durkheim, Émile: Les formes élémentaires de la vie religieuse, Presses Universitaires de France, 5. arg., 2003, 496.or.
  31. Durkheim, Émile: Les formes élémentaires de la vie religieuse, Presses Universitaires de France, 5. arg., 2003, 610-11.or.
  32. Émile Durkheim, De la division du travail social (Paris: Presses Universitaires de France, 1893), 38.
  33. Émile Durkheim, Suicide, PUF, Paris, 1897. p. 281.
  34. Émile Durkheim, “L’Individualisme et les intellectuels.” (Marcelle Bergeron arg., 1898), 8. Jaitsi dokumentua hemen: http://classiques.uqac.ca/classiques/Durkheim_emile/durkheim.html

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Émile Durkheim Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Émile Durkheim
Wikiiturrietan badira testuak, gai hau dutenak:
Émile Durkheim