Émilie du Châtelet
| Émilie du Châtelet | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotzako izen-deiturak | Gabrielle-Émilie Le Tonnelier de Breteuil |
| Jaiotza | 1706ko abenduaren 17a |
| Herrialdea | |
| Lehen hizkuntza | frantsesa |
| Heriotza | Lunéville, 1749ko irailaren 10a (42 urte) |
| Hobiratze lekua | Eglise Saint Jacques Lunéville (en) |
| Heriotza modua | berezko heriotza: Biriketako Tronboenbolismoa |
| Familia | |
| Aita | Louis Nicolas le Tonnelier de Breteuil |
| Ama | Gabrielle-Anne de Froulay |
| Ezkontidea(k) | Florent-Claude du Chastelet (1725eko ekainaren 25a - |
| Bikotekidea(k) | |
| Seme-alabak | |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | frantsesa latina greziera alemana |
| Irakaslea(k) | Alexis Clairaut Pierre-Louis Moreau de Maupertuis |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | matematikaria, fisikaria, hizkuntzaren filosofoa, saiakeragilea, salonnièrea, itzultzailea eta filosofoa |
| Lan nabarmenak | ikusi
|
| Influentziak | Isaac Newton, Voltaire eta Gottfried Wilhelm Leibniz |
| Kidetza | Estanislao Akademia Boloniako Institutuko Zientzien Akademia |
| Mugimendua | Enlightenment philosophy (en) |
Émilie du Châtelet edo Chastellet, jaiotzako izen-deiturez Gabrielle Émilie Le Tonnelier de Breteuil zena eta Châteleteko markesa ezkontzaz. (Paris, 1706ko abenduaren 17a - Lunéville, 1749ko irailaren 10a) matematikari, fisikari eta filosofo frantziarra izan zen. Isaac Newtonen testuak frantsesera itzuli zituen, eta Newtonen legeei zabalkundea eman zien.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haurtzaroa eta prestakuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gabrielle-Émilie le Tonnelier de Breteuil 1706ko abenduaren 17an jaio zen Parisen, Louis Nicolas Le Tonnelier, Breteuiliko baroiaren eta Gabrielle-Anne de Froulayren alaba. Sei anai-arreben artean bi emakumetako bat izan zen, horietatik beste hiruk bakarrik biziraun zuten helduarora arte: René-Alexandre, Charles-August eta Elisabeth-Théodore.
Breteuileko baroia Luis XIV.a erregearen idazkari nagusia eta enbaxadoreen sarrera-egilea zen eta gorteko jarduera sozialean posizio pribilegiatua zuen. Hainbat filosoforen laguna izan zen eta Parisko bere saloian Bernard de Fontanelle bezalako zientzialari eta matematikariak maiz izaten ziren. Familia bisitatzen zuten pertsonaietako batzuek, tartean Mme de Mézières-ek, Émilie bere gaitasun intelektualak garatzera bultzatu zuten.[1]
Breteuiliko baroia liberala izan zen bere seme-alaben heziketan, semeei emandako heziketa bera eman alabei. Hartara, Émiliek prestakuntza bikaina izan zuen, irakasle onenekin. Hamar urterekin, jadanik irakurrita zeukan Zizeroneta matematika eta metafisika ikasten hasi zen. Hamabi urterekin ingelesez, italieraz eta alemanez hitz egiten zuen, latinez eta grezieraz idatzitako Aristotelesen eta Virgilioren testuak itzuli zituen eta bere garaiko emakumeentzat ezohikoak ziren hipika, esgrima eta gimnasia eskolak jaso zituen. Horrez gain, musikazalea zen, eta klabezina jotzen zuen. Dena den gehien gustatzen zitzaion diziplina matematika zen.[1][2]
Ezkontza eta harremanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hamasei urterekin Versaillesko gortean aurkeztu zuten Émilie, eta hango xarmaz gozatu zuen urte batzuetan. Hemeretzi urterekin Florece-Claude du Chastelet markesarekin ezkondu zen eta Châtelet-eko markesa bihurtu zen (Châtelet ortografia Voltairek ezarri zuen eta orain estandarra da). Ezkontza adostua zen eta bikoteak ez zuen elkarren arteko lotura handirik, baina biek errespetatu zituzten garaiko ohiturak.[3] Hiru seme-alaba izan zituzten eta, behin beren ezkontza-ardurak beteta, Émiliek eta bere senarrak etxe bera mantentzea baina banandutako bizimodua izatea erabaki zuten. Markesa Borgoniako Semur-en-Auxois kantonamenduko militar eta gobernadore zen bitartean, Émilie du Chatelet errege gortean geratu zen. Garai hartako Frantziako goi-klaseetan, onartua zen senarrak eta emazteak maitalea izatea. [4]
Émilie du Chateletek hiru amorante izan zituen Voltaire ezagutu aurretik. Hogeita lau urterekin, Richelieuko dukea zen Louis François Armand du Plessisekin urte eta erdi inguruko afera izan zuen. Dukea literatura eta filosofian interesatua zegoen eta berarekin maila berean hitz egiteko gai zen emakume gutxien artean zegoen. Liburu garrantzitsu guztiak irakurtzen zituen, sarritan joaten zen antzerkira eta eztabaida intelektualak gogoko zituen. Châtelet-ek Isaac Newton-en lanekiko interesa adierazi zuen eta Richelieu-k bere teoriak hobeto ulertzeko goi mailako matematikako ikasgaiak jasotzera animatu zuen. Moreau de Maupertuis, Zientzien Akademiako kidea, Chateleten aholkularia izan zen geometrian. Matematikari, astronomo eta fisikaria zen, eta Akademian oso eztabaidatuak ziren Newtonen teorien alde egiten zuen.[5]
Bizitza soziala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Du Châtelet markesak bizitza sozial oparoa zuen Parisen. Lagun-talde aparta zuen, eta haiekin opera, antzerkia, tertuliak eta afariak egiten zituen. Urte hauetan hainbat maitale izan zituen, horien artean Richelieuko dukea edota Maupertuis eta Clairaut matematikariak. Markesaren irakasle ere izan ziren azken bi horiek.[6]
Garai hartan, Frantziako Zientzien Akademian bilerak eztabaida zitifikoen erdigunea ziren, bilera horiek Parisko kafetegietan egiten ziren, baina emakumeak debekatua zuten bertan sartzea. Parisko Cafe Gradot ezaguna zen matematikari, astronomo eta fisikarien bilgune gisa. Behin bertara sartzen saiatu zen Maupertuisekin matematika kontuak eztabaidatzeko, baina sarrera debekatu zioten ez zelako emakumerik onartzen. Astebete geroago itzuli zen, gizon bezala jantzita, eta oraingoan arazorik gabe utzi zioten sartzen. Ez zuen inor engainatu nahi, bere ustez arau barregarria zena agerian utzi nahi zuen. [1][7]
Voltairerekiko harremana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Émiliek txikitan ezagutu zuen Voltaire, filosofoa noizean behin familiaren etxera joaten zelako. Bere hirugarren semea jaio ondoren irteten zen lehen aldietako batean elkartu ziren berriro, eta harreman estua sortu zuten berehala.
Gutun filosofikoak ingelesei liburua argitaratu ondoren Frantziako agintariek filosofoa espetxeratzeko arriskua zegoenez, Émiliek Cirey-sur-Blaise-n zuen landetxean bizitzera joateko aukera eskaini zion. Ondoren Emma ere bizitzera joan zen eta denbora luzez bikote izan ziren (senarrarekin adostuta). Han fisika eta matematika ikasteaz gain, artikulu eta itzulpen zientifikoak argitaratu zituen. Voltairek bere lagunei idatzitako gutunen eta bataren zein bestearen lanei buruz egindako iruzkinen arabera, mirespen eta begirune handiz bizi ziren elkarrekin. 20.000 ale baino gehiagoko liburutegia sortu zuten elkarrekin, baita Voltaireren lanen estreinaldiak antzezten ziren antzoki txiki bat ere. [7]
1744an bien arteko harreman sentimentala hautsi zen, garai hartan Voltairek beste emakume batekin zuen afera tarteko. Hala ere, haien arteko adiskidetasuna hainbesterainokoa zenez, elkarrekin bizitzen jarraitu zuten Émilie hil arte.[8]
Émiliek berrogei urte pasatxo zituela, Jean François de Saint-Lambert poetarekin harremana izan eta haurdun geratu zen. Lagun bati idatzitako gutun batean, bere adinagatik haurdunalditik bizirik aterako ez zela adierazi zuen. 1749ko irailaren 4an Châtelet-ek neskatila bat izan zuen, baina handik sei egunera hil zen infekzio puerperal baten ondorioz, berrogeita bi urte besteril ez zituela. Voltairek berari buruz esan zuen "Émilie Du Châtelet gizon handia da, bere akats bakarra emakume izatea da." [6]
Lan eta ikerketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere heriotzaren ondoren eta denbora luzez, Émilie du Chatelet Voltaireren bikotekide bezala soilik izan zen ospetsua. Bere lana 1970eko hamarkadan hasi zen ikertzen, batez ere Elisabeth Badinter-en eraginez, honek zientzialari bezala aurkeztu zuen Emakumeak XVIII. mendeko panorama intelektualean zuen posizioa kontuan hartuz. Bere lanen artean aipatzekoak:
Bernard Mandevilleren Erleen fabula lanaren itzulpena.
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egia esan, lana itzuli baino zerbait gehiago egin zuen: atal batzuk baztertu, materiala gehitu (argi adieraziz) eta emakumeen jarreraz bere iritzia adieraziz eta hauen hezkuntzaren beharra zehazki defendatuz Hitzaurre bat idatzi. [9]
Suaren izaerari eta hedapenari buruzko disertazioa:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1737an Frantziako Zientzien Akademiak suaren izaera eta hedapena proposatu zuen bere urteroko saria irabazteko gai gisa. Voltairek bere burua aurkeztea erabaki zuen eta Émilierekin eztabaidatu zuen bere lana. Ados ez zeudenez Émilie bere lana garatzen hasi zen ezer esan gabe. Laborategia erabil zezakeen Voltaireren lana esperimentalagoa zen, eta esperimenturik egin ezin zuen Émilierena, berriz, deduktiboagoa. Saria Leonhard Euleri eman ziotela jakin zenean, Émiliek aitortu zion Voltaireri berak ere sarira aurkeztu zela. Bien uste zuten Akademian nagusi den kartesianismoak beraiek kide ziren newtoniarren taldea baztertu zuen. Voltairek, orduan Akademiako idazkaria zen Réaumur zientzialariari Émilie du Châtelet-en lana argitaratzeko eskatu zion, merezimenduzko lanak ezagutzera emateko eta emakumearen balio berezia aitortzeko balioko zuela argudiatuz. Azkenik, 1739an, Akademiak bere lana eta Voltairerena argitaratu zituen saritutako egileekin batera. [4]
"Philosophiae naturalis principia mathematica" lanaren itzulpena:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
"Philosophiae naturalis principia mathematica", askotan "Principia Mathematica" bezala laburtua, Isaac Newtonen lan nagusia da. Londresen argitaratu zen latinez eta Émilie du Châtelet-ek frantzesera iruzkindutako itzulpena egin zuen, "Principes mathématiques de la philosophie naturelle" (Filosofia naturalaren printzipio matematikoak) izenekoa, Voltaire-ren hitzaurre batekin bere heriotzaren ondoren argitara eman zena. 2011n, Émilie du Châtelet da oraindik ere lan hau frantsesera itzuli duen pertsona bakarra eta bere itzulpena gaur egun ere erabiltzen da.[4]
Newtonen latinezko testuak itzultzeaz gain, zientzialariaren kalkuluak berregin zituen eta sistema planetarioa deskribatzen zuen iruzkin bat gehitu zuen, erabilitako terminoak definitu eta hainbat zientzialari aipatuz. Bost urte eman zituen lan horretan.
Testuak itzultzearekin batera, kritikoki aztertu zituen eta Newtonek bazter utzitako puntuan Lurraren inklinazioari buruzko hipotesiak egin zituen. Teoria horiek, gerora, Pierre-Simon de Laplaceren lanak berretsiko zituen. Itzulpen honen azken edizioa 1759an argitaratu zen, itzultzailea hil eta hamar urtera.[5]
Institutions de Physique (1740):
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Institutions de Physique Émilie du Châtelet-en obra nagusia da, intelektual gisa ezagutarazi eta mundu zientifikoan aintzatespena emango zion lana. Ikertzaileak Descartesen, Isaac Newtonen eta Leibnizen ikuspegiak erabili eta kontrastatu zituen, garai hartan hamahiru urte zituen semeari fisikan ideia berriak irakasteko.
Eskuizkribua modu anonimoan argitaratu zen hasieran, baina Königek bere egilea zenaren zurrumurrua zabaldu zuen, eta Châtelet markesa idazlanaren bigarren edizioan agertu zen anonimotasunetik. 1741eko udaberrian argitaratu zen lan hori, eta Maupertuisek bereziki goraipatu zuen, baina garai hartan Zientzia Akademiako idazkari kartesiarra zen Mairanen matematikari, astronomo eta geofisikariak erasotu egin zuen, eta horrek 1686an hasitako «indar bizien liskarra» berrabiarazi zuen.
Argitaratu eta hiru urtera, tratatu hau hainbat hizkuntzatara itzuli zen, italiera barne, horri esker Boloniako Zientzien Akademiako kide izendatu zuten 1746an. Gaur egun liburuak interes zientifikorik ez badu ere, XVIII. mendearen lehen erdian newtoniarren, leibniziarren eta kartesiarren arteko eztabaidan gertakarien ezagutzarekin sartzeko meritua izan zuen eta egileak bere garaiko fisikaren ezagutza sakona erakutsi zuen. [4] [8]
Discours sur le bonheur (1779)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zoriontasunari buruzko Diskurtsoa 1745 eta 1748 artean idatzi zen, Mme du Chatelet eta Voltairek beren amorante-harremana hautsita zutenean, nahiz eta oraindik mantentzen zuten adiskidetasun bikaina. Émiliek ez zuen bere gutunetan lan horri buruz ia hitz egin, beraz, testua gorde eta argitaratzeko asmorik ez zuela suposatzen da. Bere heriotzaren ondoren, testua bere azken maitalea izan zen Saint-Lamberten eskuetara pasatu zen eta hark 1762an argitaratzeko asmoa izan zuen gai beraren inguruan idatzi zuten beste egile garrantzitsu batzuen lanekin batera, baina Émilieren semeak, eragotzi zion, beraz, lanak ez zuen argia ikusi 1779 arte.
Liburuxka honek, Frantziako libertinoen pentsamenduaren tradizioan, espiritu mundutarrean eta Fontenellen "Sur le Bonheur" lanak irudikatutako epikureismo aristokratikoan inskribatzeaz gain, autore ingelesen obren eragina erakusten zuen, esaterako, Lockerena edo Poperen Gizakiari buruzko saiakera.
Chateletek normalean femme savante gisa ezagutzen den pertsona batengan harritzeko moduko tentsio sentimentala erakusten zuen tratatu hartan. Bere saiakeran, sentimenduak eta grinak aztertzen zituen, eta baieztatzen zuen intentsitate handiagoak plazer handiagoa eragiten diola sentitzen dituen pertsonarengan, geroago Rousseauk defendatuko duenaren antzeko ildotik. Haren arabera, “zoriontsu izateko, gure aurreiritziak baztertu behar ditugu, bertutetsuak izan, osasun ona izan, zaletasunak eta grinak izan, ilusiorako joera izan, gure plazer gehienak ilusioari zor dizkiogulako”[4]
Émiliek okertzat jo zuen grinak eta desioak erreprimitzea, zoriontasunaren bidetik aldendu baitzen. Maitasuna plazer-iturririk biziena bezala defendatu zuen, baina guri dagokion maitearen menpe egotearen eragozpenarekin. Bestalde, bere esanetan, ikasketak erabat independente egiten gaitu eta, beraz, “ ikasketaren maitasuna da gure zorionerako pasiorik beharrezkoena; ezbeharren aurkako baliabide segurua da, plazer iturri agortezin batean ”. [7]
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Badinter, Elisabeth; Muzerelle, Danielle. Madame Du Châtelet: la femme des Lumières (frantzesez). Biblioteque Nationale de France, 2006. ISBN 978-2-7177-2348-9.[10]
- Brading, Katherine. Émilie Du Châtelet and the Foundations of Physical Science (ingelesez). Routledge, 2019. ISBN 978-0-4297-8719-5.[11]
- Detlefsen, Karen. Émilie Du Châtelet, Feminism, Epistemology, and Natural Philosophy. A: Sharon Crasnow, Kristen Intemann. The Routledge Handbook of Feminist Philosophy of Science (ingelesez). Routledge, 2021, p. 41-52. ISBN 978-1-138-57985-9.[12]
- Hermann, Claudine La traduction et les commentaires des Principia de Newton par Émilie du Châtelet (frantzesez). Bibnum, 2008, pàg. 1-18. DOI: 10.4000/bibnum.722. ISSN: 2554-4470.[13]
- Janiak, Andrew. The Enlightenment's Most Dangerous Woman (ingelesez). Oxford University Press, 2024. ISBN 978-0-1977-5798-7.[14]
- Muñoz Páez, Adela. Sabias: La otra cara de la ciencia (gazteleraz). Debate, 2017. ISBN 978-84-999-2712-1.[15]
- Rey, Anne-Lise Le leibnizo-newtonianisme : la construction d'une philosophie naturelle complexe dans la première moitié du 18e siècle (frantzesez). Dix-Huitième Siècle, Num. 45, 2013, pàg. 115-129. ISSN: 0070-6760.[16]
- Terrall, Mary Émilie Du Châtelet and the Gendering of Science (ingelesez). History of Science, Vol. 33, Num. 3, 1995, pàg. 115-129. ISSN: 0073-2753.[17]
- Touzery, Mireille «Émilie Du Châtelet, un passeur scientifique au XVIIIe siècle» (frantzesez). La Revue pour l'Histoire du CNRS, Vol. 21, 2008, pàg. 1-8. DOI: 10.4000/histoire-cnrs.7752. ISSN: 1955-2408.[18]
- Zinsser, Judith P. (ed.). Emilie Du Châtelet: Selected Philosophical and Scientific Writings (ingelesez). University of Chicago Press, 2009. ISBN 978-0-226-16807-4.[19]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c (Ingelesez) O'Connor, J J. (Abril de 2003). Gabrielle Émilie Le Tonnelier de Breteuil Marquise du Châtelet. University of St. Andrews (kontsulta data: 2011-07-23).
- ↑ Molero Aparicio, María. Châtelet, Madame de (1706-1749). Real Sociedad Matemática Española.
- ↑ (Ingelesez) Janiak, Andrew. (2024). The Enlightenment's Most Dangerous Woman: Émilie Du Châtelet and the Making of Modern Philosophy. Oxford University Press ISBN 978-0-19-775798-7. (kontsulta data: 2025-08-20).
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) du Châtelet, Gabrielle-Emile. (1996). Discurso sobre la felicidad y correspondencia. Cátedra ISBN 978-84-376-1486-1. (kontsulta data: 2025-08-21).
- ↑ a b (Alemanez) Badinter, Elisabeth. (2006). Madame Du Chatelet: La femme des lumières. Flammarion (kontsulta data: 2025-08-20).
- ↑ a b (Ingelesez) «The Portraits of Emilie» www.mathpages.com (kontsulta data: 2025-08-20).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Martino, Giulio De; Bruzzese, Marina. (1996). Las filósofas: las mujeres protagonistas en la historia del pensamiento. Universitat de València, 204 or. ISBN 978-84-376-1440-3. (kontsulta data: 2025-08-20).
- ↑ a b (Ingelesez) Olalquiaga, Celeste. «Object Lesson / Objet de Lux | Celeste Olalquiaga» cabinetmagazine.org (kontsulta data: 2025-08-21).
- ↑ (Frantsesez) «Du Châtelet - Commentaire et traduction de la Fable des abeilles de Mandeville - The Saint Petersburg Manuscripts - History of Women Philosophers and Scientists» stp.historyofwomenphilosophers.org (kontsulta data: 2025-08-21).
- ↑ Badinter, Élisabeth; Muzerelle, Danielle. (2006). Madame Du Châtelet: la femme des Lumières [exposition présentée par la Bibliothèque nationale de France, site Richelieu, du 7 mars au 3 juin 2006]. Bibliothèque nationale de France ISBN 978-2-7177-2348-9. (kontsulta data: 2025-08-22).
- ↑ Brading, Katherine. (2019). Émilie du Châtelet and the foundations of physical science. Routledge ISBN 978-0-429-78719-5. (kontsulta data: 2025-08-22).
- ↑ Crasnow, Sharon L.; Intemann, Kristen. (2021). The Routledge handbook of feminist philosophy of science. Routledge, Taylor & Francis group ISBN 978-1-138-57985-9. (kontsulta data: 2025-08-21).
- ↑ (Frantsesez) Hermann, Claudine. (2008-10-01). «La traduction et les commentaires des Principia de Newton par Émilie du Châtelet» BibNum doi:. ISSN 2554-4470. (kontsulta data: 2025-08-21).
- ↑ (Ingelesez) Janiak, Andrew. (2024). The Enlightenment's most dangerous woman: Émilie du Châtelet and the making of modern philosophy. Oxford University press ISBN 978-0-19-775798-7. (kontsulta data: 2025-08-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) Páez, Adela Muñoz. (2017-01-26). Sabias: La otra cara de la ciencia. DEBATE ISBN 978-84-9992-712-1. (kontsulta data: 2025-08-22).
- ↑ (Frantsesez) Rey, Anne-Lise. (2013-07-01). «Le leibnizo-newtonianisme : la construction d'une philosophie naturelle complexe dans la première moitié du 18 e siècle» Dix-huitième siècle n° 45 (1): 115–129. doi:. ISSN 0070-6760. (kontsulta data: 2025-08-21).
- ↑ (Ingelesez) Terrall, Mary. (1995-09). «Émilie Du Châtelet and the Gendering of Science» History of Science 33 (3): 283–310. doi:. ISSN 0073-2753. (kontsulta data: 2025-08-21).
- ↑ (Frantsesez) Touzery, Mireille. (2008-07-03). «Émilie Du Châtelet, un passeur scientifique au XVIIIe siècle» La Revue pour l’histoire du CNRS (21) doi:. ISSN 1298-9800. (kontsulta data: 2025-08-21).
- ↑ (Ingelesez) «Selected Philosophical and Scientific Writings by Emilie Du Châtelet (review)» Women in French Studies 18 (1): 173–174. 2010 ISSN 2166-5486. (kontsulta data: 2025-08-21).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Madame Du Châtelet. La femme des Lumières. BnFko klase birtualen gunean Émilie du Châtelet zientzialariaria eskainitako atala (Frantsesez)
- Cirey refuge amoureux et studieuxde Voltaire et de la Marquise du Châtelet Voltaire eta Émilie du Châtelet Cireyko gazteluan pasa zuten denboraren kontakizuna. (Frantsesez)
- Exposition abrégée du système du monde Newtonen Principia lanaren aurkezpena Marquise du Châteleten eskutik, testua eta azterketa. (Frantsesez)
- La marquise du Châtelet, femme de sciences invisibilisée, Nicolas Brucker irakasleak The Conversation aldizkarian idatzitako artikulua. (Frantsesez)