Évora
| Évora Évora | |||
|---|---|---|---|
| Portugalgo udalerria | |||
| Administrazioa | |||
| Estatu burujabe | |||
| Portugalgo barrutia | Evora | ||
| Izen ofiziala | Município de Évora | ||
| Jatorrizko izena | Évora | ||
| Posta kodea | 7000 | ||
| Herriburua | Évora | ||
| Geografia | |||
| Koordenatuak | 38°34′21″N 7°54′26″W / 38.5725°N 7.9072°W | ||
![]() | |||
| Azalera | 1.307,08 km² | ||
| Altitudea | 295 m | ||
| Mugakideak | Portel, Viana do Alentejo, Reguengos de Monsaraz, Redondo, Estremoz, Arraiolos, Montemor-o-Novo eta Tønsberg | ||
| Demografia | |||
| Biztanleria | 53.577 (2021) | ||
| Dentsitatea | 41 bizt/km² | ||
| Informazio gehigarria | |||
| Sorrera | 1166 | ||
| Telefono aurrizkia | 266 | ||
| Ordu eremua | Europa Mendebaldeko Ordua | ||
| Hiri senidetuak | Chartres, Angra do Heroísmo, Vidigueira, Sines, Suzdal, Mozambike uhartea eta Tønsberg | ||
| cm-evora.pt | |||
Évora (/ˈɛvuɾɐ/ ahoskatua) Portugalgo hegoko erdialdeko hiria da, Evorako Barrutiko eta Alentejo eskualdeko hiriburua[1]. 2011ko erroldaren arabera, 56.596 biztanle ditu.
1986an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen Évorako erdigune historikoa[2]. Horretaz gain, Europako herri zaharrenen sarean sartuta dagoen Portugalgo herri bakarra da.
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zeltiarrek Ebora izena eman zioten, "hagina" (zuhaitza) esan nahi duena: hipotesi onartuena da, baina beste batzuk daude. Erromatarrek urrea ustiatu zuten Portugalgo meategietan eta aurum izenaren aldaera izan liteke; haatik, Évoran bertan urrerik ez zegoenez, ez da aintzat hartzen.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromatarren aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi mila urtetik gora dituen hiri zaharra da. Lusitania hegoaldeko zeltiar leinuen hiriburu zen. K.a. 57 urtean, erromatarrek konkistatu eta Julio Zesarrek Liberalitas Julia ("Julioren oparotasuna") izena ezarri zion[3]; dena den, Plinio Zaharrak bisitatu zuen eta bere Naturalis Historia liburuan Ebora Cerealis deitu zion, inguruan galsoro zabalak baitzituen. Hainbat bideren lotunea izanik, Evora handitu egin zen eta Iberiar Penintsulako hiri nagusien artean kokatu. IV. mendean Quintianus apezpikuaren egoitza zen[4].
Visigodoak eta mairuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Visigodoek eraso egin zioten 584 urtean eta Leovigildo erregearen menpe geratu zen. Katedral-hiri bihurtu zen, baina garai hartan hasi zen hiriaren gainbehera.
715ean, Tarik ibn Zijad mairuak konkistatu zuen eta Badajozko taifaren barnean geratu zen. 1165 artean musulmanek agindu zuten bertan eta hiriak Yaburah ( يابرة) izena izan zuen. Hiria errekuperatzen hasi zen, eskualdeko nekazaritza gune bihurtu baitzuten eta gotorlekua eta meskita ere eraki baitzituzten. Egun ere oso nabaria da haren egitura musulmana.
Erdi Aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1165ean, Geraldo "Beldurgabeak" (Geraldo Sem Pavor) eraso sorpresa baten bidez hiria eskuratu eta Afonso Henriques errege kristauaren menpe geratu zen. Erdi Aroan hantxe izan zuten egoitza sarritan Portugalgo gorteak eta nobleek. Errege ezkontza ugari izan ziren bertan, bai eta Erresumarentzako garrantzitsuak ziren erabakiak hartu ere.
Aro modernoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kultura eta arte zentro garrantzitsua izan zen, XV. mendean, Joanes III.aren garaian. Artista asko bizi izan ziren bertan, hala nola Nicolau Chanterene eskultorea, Cristóvão de Figueiredo eta Gregório Lopes margolariak, Manuel Cardoso eta Duarte Lobo musikariak, Duarte Galvão kronikaria eta Gil Vicente antzerkigilea. Aldi berean, Portugalgo esklabu populazioaren gehiengoa Évoran zegoen XVI. mendean.
1540an apezpiku egoitza bihurtu zen berriz eta 1559an Jesusen Konpainiak Portugalgo bigarren unibertsitatea ireki zuen, bestea Coimbrakoa zen. Maisu flamenkoak ekarri ziren, Nicolaus Clenardus (Nicolaas Cleynaerts) eta Johannes Vasaeus (Jan Was), besteak beste. XVI. mendean Jesuitak Portugaldik bidaliak izan arren, unibertsitateak bertan iraun zuen, 1759an Pombalgo markesak itxi zuen arte.
1808an soldadu portuges eta espainiarrek Évora defendatu nahi izan zuten frantziar tropen aurrean, baina frantsesek garaitu eta hiria arpilatu zuten. 1834an ere Gerra liberalen amaiera izan zen Évoran Mikel I.a errege absolutistaren gudarostea errenditu zenean.
1986an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen bertako erdigune historikoa[2].
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alentejo eskualdeko lautada zabaletako muino batean dago, 300 metroko altueran, Lisboa eta Badajoz arteko errepidean, Portugalgo hiriburutik 140 kilometrora eta Badajoztik, 80 km-ra.
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Freguesiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|
|
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Biztanleriaren bilakaera (1801 – 2011)[5] | |||||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| Urteak | 1801 | 1849 | 1900 | 1930 | 1960 | 1981 | 1991 | 2001 | 2011 |
| Biztanleak | 18.620 | 16.995 | 25.563 | 35.903 | 50.095 | 51.572 | 53.754 | 56.519 | 57.073 |
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alentejoko hiri nagusia denez, eskualderako nekazaritza eta zerbitzu erdigune garrantzitsua da. Unibertsitatea bertan dago bain eta Ospitale handia ere bai. Turismoa ere jarduera ekonomiko garrantzitsua da.
Ondasun nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Évorako erdigune historikoa1 | |
| Mota | Kulturala |
| Irizpideak | ii, iv |
| Erreferentzia | 361 |
| Kokalekua | |
| Eskualdea2 | Europa / Ipar Amerika |
| Izen ematea | 1986 (X. bilkura) |
| 1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua) 2 UNESCOren sailkapena | |
1986an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen Évorako erdigune historikoa[2]. Izan ere, hainbat arotako anitz monumentu aipagarri ditu:
- Évorako tenplu erromatarra (II. mendekoa)
- Évorako katedrala (XII-XIII. mendeetakoa)
- San Frantzisko eliza (XV. mendekoa): Famatua da bertako hezurren kapera (Capela dos Ossos).
- Évorako errege jauregiaren hondarrak
- Aqua da Prata akueduktoa.
Hiritik 10-15 kilometro mendebaldera, Paleolito garaiko monumentu megalitiko garrantzitsuak ditu.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Évorako alde historikoko ikuspegia.
-
Alde historikoa.
-
Giraldo plaza.
-
Kalea.
-
Kalea.
-
Aqua da Prata akueduktoa.
Hiri senidetuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Angra do Heroísmo (Portugal)
Suzdal (Errusia)
Mozambike uhartea (Mozambike)
Chartres (Frantzia)
Tønsberg (Norvegia)
Horretaz gain, Europako herri zaharrenen sarean dago.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Gaztelaniaz) Giddings, Philip. «Évora, Portugal: guía turística para 2024» MyPortugalHoliday.com (kontsulta data: 2024-03-10).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Centre, UNESCO World Heritage. «Centro del Patrimonio Mundial -» UNESCO World Heritage Centre (kontsulta data: 2024-03-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) viaje), David (Cuaderno de. (2022-07-07). Évora la cautivadora capital del Alentejo. (kontsulta data: 2024-03-10).
- ↑ «Archdiocese of Evora» Catholic Answers (kontsulta data: 2024-03-10).
- ↑ "Instituto Nacional de Estatística"
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Portugesez) Evorako udalaren webgunea.
