Škoda lásky

Wikipedia, Entziklopedia askea
Škoda lásky
Benny Goodmanen, Will Glahé (en) Itzuli, Dennie Christian (en) Itzuli, Liberaceren, Murga (en) Itzuli, The Andrews Sisters (en) Itzuli, Glenn Miller & His Orchestraren, Elton Johnen, Billie Holidayren, Jimmy Sturr (en) Itzuli, Brave Comboren, Bobby Vintonen, Os Resentidosen, Those Darn Accordions (en) Itzuli, The Wiggles (en) Itzuli, Lawrence Welk (en) Itzuli, The Plattersen, The Grateful Deaden, John Serry Sr.en, Willie Nelsonen, Frank Sinatraren, Mitch Miller (en) Itzuli, Southside Johnnyren, Luciano Pavarottiren, Chico Marxen eta Oskorriren musika-lana
Egilea(k)Jaromír Vejvoda
Argitaratze-data1927
IzenburuaŠkoda lásky
Jatorrizko herrialdeaTxekia
Ezaugarriak
Genero artistikoapolka eta herri-musika
Hizkuntzatxekiera
Egile-eskubideakjabetza publiko
Bestelako lanak
MusikagileaJaromír Vejvoda

Allmusic: mc0002497159 Edit the value on Wikidata

Škoda lásky abesti txekiarra da, XX. mendean mundu osoan ezagun bihurtu zen polka. Gora ta gora beti euskal abestiaren zati handiena ahaire honekin egina da.

Ahairea (Modřanská polka)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaromir Vejvodaden omenezko plaka oroigarria, Pragako jatetxe batean.

Ahairea Jaromír Vejvoda Zbraslav musikariak konposatu zuen 1927an,[1] eta Eduard Ingriš-ek lehen moldaketa egin zuen. Garai horretan Modřanská polka ("Modřanyko polka") izena eman zioten, konposizioa egiteko Vejvoda Pragako auzo horretako Ferdinand Benáčan piano irakaslearen musika batean oinarritu baitzen. Modřany auzoan bertan estreinatu zuten.

Hurrengo urteetan, Vejvodak bere orkestraren errepertorioan sartu zuen; baina lehen disko fonografikoa Beneš-en haize orkestrak grabatu zuen, Esta konpainiarekin.

1929an, Vejvodak baxu-lerro bat gehitu zion konposizioari, partitura ia behin betiko amaituta utziz.

Abestia (Škoda lásky)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1934an, Hoffmann argitaletxearen eskariz, Vašek Zeman konposatzaileak ahaidea haize eta hari orkestrarako egokitu zuen. Aldi berean letra bat idatzi zion, abesti bihurtuz eta Škoda lásky izena emanez ("Amodio mingarria"), Modřanská polka azpitituluarekin.[2] Letran kontatzen den istorio tristeak eta doinuaren alaitasunak kontraste xelebrea egiten dute.

Hedapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uruguaieko aratusteen tradiziozko errepertorioan Linea Maginot murgak 1940ean egindako agurra dago, Škoda lásky kantuaren bertsioa.

Abestiak arrakasta handia izan zuen, eta pixkanaka atzerriko interpreteek eta konpainiek grabazioak egin zituzten. Hedapen nagusia II. Mundu Gerra inguruan izan zuen:

  • 1938an, Will Glahé akordeoilari alemaniarrak "Rosamunde" izenarekin grabatu zuen, urrezko diskoa irabaziz (alemanierazko bertsioaren milioi bat kopia baino gehiago saldu zituelako).
  • 1939an, Glahék ingelerazko bertsio bat grabatu zuen Ameriketako Estatu Batuetan; Lew Brownen eta Wladimir Timm-en letra zeraman, Beer Barrel Polka izenarekin ("Garagardo upelaren polka"). Bertsio honel lortuko zuen munduan arrakastarik handiena.
  • 1939 eta 1946ean, Chico Marxek doinua Marx anaien At the circus eta A night in Casablanca filmetan jo zuen, hurrenez hurren.
  • 1940ean, Uruguaieko aratusteetan, "La Línea Maginot" murgak bere agurra doinu honekin egin zuen, gerora aratusteon tradiziozko errepertorioan klasiko bihurtu den kantua.[3]
  • Bigarren Mundu Gerran abestia asko hedatu zen. Batetik, naziengandik ihesi Txekoslovakiatik atzerrira atera ziren milaka pertsonek zabaldu zuten; bestetik, frontearen bi aldeetako soldaduen artean hedatu zen: alemanek Rosamunde, ingelesek Beer Barrel eta estatubatuarrek "(Here Comes the) Navy" izeneko letra berria erantsi zioten, haien tropen ereserki ez ofizial bihurtzeraino.
  • Gerra garaian grabatu ziren bertsioak: Joe Patek,[4] Andrews Sisters, Glenn Miller Orchestra, Benny Goodman edo Billie Holiday .
  • Txekierazko beste bertsio bat ere egin zen, Pojď sem s tím sudem ("Atera ezazu upela"), ingelesezko hitz arrakastatsuak kopiatuz.

Gerra ostean, hedapenak aurrera jarraitu du gaur egunera arte, eta grabatu diren bertsioak ezin konta ahalakoak dira. Besteak beste:

  • 1962an, Elton Johnek Londresen eginiko lehen emanaldietan, King of the Road kantuarekin batera jo ohi zuen.
  • 1970ko hamarkadatik, Jimmy Sturr Orkestra eta Brave Combo polka talde iparamerikarrek bere errepertorioan dute.
  • 1975ean, Bobby Vinton jatorri poloniarreko kantari estatubatuar ospetsuak grabatu zuen, mundu osoko irrati formula zerrendetan berriro jarriz.[5]
  • 1991 urtean, Os Resentidos talde galiziarrak Teño soños izeneko bertsioa grabatu zuen "Delikatessen" diskoan.
  • 1992 urtean, Those Darn Accordions rock talde estatubatuarrak grabatu zuen.
  • 1995ean, Discovery espazio-anezkaren eskifaiak abesti hau erabili zuen espazioan iratzargailu gisa.
  • Škoda lásky askotan izan da irratiko abesti-zerrenden lehenengo tokietan. 2000ko urtarrilaren 8an mendeko abesti arrakastatsuena izendatu zuten Txekiako Český rozhlas irrati kate publikoan.
  • 2005 urtean, The Wiggles haur-musika talde australiarrak grabatu zuen.
  • Škoda lásky grabatu duten beste musikarien erreferentziak: Lawrence Welk, The Platters, Liberace, Frank Yankovic, The Grateful Dead, John Serry Sr., Willie Nelson, Frank Sinatra, Mitch Miller, Southside Johnny & The Asbury, Luciano Pavarotti . . .

Abestia hainbat alditan erabili izan da ikusentzunezkoetan ere. Zenbait erreferentzia:

  • In Which We Serve - filma, gerra drama, Britainia Handia 1942
  • "Giza komedia" ( The Human Comedy ) - filma, komedia erromantikoa, AEB 1943
  • The Captive Heart - filma, gerra drama, Britainia Handia 1946
  • "Gure bizitzako urte onenak" (The Best Years of Our Lives ) - filma, gerra drama erromantikoa, AEB 1946
  • Jahrgang 21 - filma, gerra drama, Txekoslovakia eta RDA 1957
  • "Gizakiaren Destinua" (Судьба человека ) - filma, biografia gerrako drama, SESB 1959
  • "Egunik luzeena" ( The Longest Day ) - filma, gerra drama, AEB 1962
  • Assassination - filma, gerra drama, Txekoslovakia 1964
  • London Bus - filma, dokumentala, Txekoslovakia 1965
  • Heavenly Riders - filma, gerra drama, Txekoslovakia 1968
  • M * A * S * H - telesaila, gerrako komedia drama, AEB 1972-1983
  • Becná škola ("Lehen hezkuntza") - filma, Txekoslovakia 1991

Aitortzak eta eskubideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatetxea Pragako Zbraslav distrituanñ

1934an, Hoffmann argitaletxeak Jaromír Vejvodarekin kontratua sinatu zuen, egile gisa bere polkarekin lortutako etekinen erdia jasotzeko. 1939ean, Hoffmannek argitalpen-eskubideak Shapiro Bernstein ekoizle estatubatuarrari transferitu zizkion tokiko merkatura begira, egilearen ordainsaria ere kontuan hartuz. Baina 1945ean Hoffmannek Txekoslovakiatik emigratu zuenean, kontratua indarrean egon arren, egileak jasotako erregaliak asko jaitsi ziren; gehiago, 1948tik aurrera Txekoslovakiako agintariek Vejvod dendari gisa lan egitera behartu zutenean. Galdutako erregalia hauen zenbatekoa milioika koroatan kalkulatzen da.

Halere, Vejvodek gehiago estimatu zituen jasotako sari sinbolikoak:

  • Dwight D. Eisenhower jeneralak esan zuenean abestiak aliatuei Bigarren Mundu Gerra irabazten lagundu zietela (nahiz eta alemaniarrek kantu bera ere abestu). Hain zuzen ere, 1945ko maiatzaren 9an, aliatuek Europa menperatu zuten egunean alegia, ospakizunetarako aukeratutako abestia izan zen (Humphrey Lytteltonek kamioi baten gainean jo zuen Buckhingham jauregi aurrean, BBC-k transmititu zuen emanaldian).[6]
  • 1981ean, Dortmund-en Vejvodak Radio Luxembourg eta ZDF kateen Urrezko Lehoia saria jaso zuen, Škoda lásky 20 abesti herrikoi arrakastatsuenen artean sailkatuz.
  • 1987an, Vejvodak 85 urte eta kantuak 60 urte betetzen zituztela eta, AEBetan zigilua eta zigilu-marka atera zizkioten Beer Barrel Polka gogoratuz.

Herrikoitzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialde askotan abestia etxekotu egin da, hain da ezen askotan tokian tokiko folklorearen parte dela uste izan den. Hori erakusten dute hurrengo bi anekdotek:[7]

  • 1964an, Bill Jones autobus gidari britainiarrak, herrikideekin Txekoslovakiara egindako bidai batean, abestiaren jatorri ingelesa sutsuki defendatu zuen, apostu bat eginez: horrela ez bazen, Londresetik Txekoslovakiara bere autobusarekin etorriko zela. Vejvodarekin elkartu ziren, eta hark frogak aurkeztu zizkion. Orduan, bere hitza beteta, bi solairuko autobus gorria hartuta, familiarekin eta lagun talde batekin Txekoslovakiako Errepublikara txangoa egin zuen.
  • 1980ko hamarkadan, Hans-Dietrich Genscher orduko Alemaniako Atzerri ministroari gauza beretsua gertatu zitzaion: jatorriz alemaniar kanta zela ziur zegoenez, jendaurrean apustu egin zuen... eta galdu.

Bertsioen erreferentziak hizkuntzaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vejvoden hiru semeek gordetzen duen familia-artxiboan, 14 izen eta 21 hizkuntza desberdineko kantu erregistratuak dituzte.

  • Rosamund
  • Böhmische Polka ("Polka bohemiarra")
  • Hvor er min Kone ("Non dago nire zaldia")
  • Розамунда [Rosamunda]
  • Tonttujen jpulupolkka ("Gabonetako zuhaitza dugu")
  • Böömiläinen polkka ("Polka bohemiarra")
  • Frida oum Papa
  • Polka del Barril ("Upelaren polka")
  • El Barrilito ("Upeltxoa")
  • Sej-haj Rozi
  • Beer Barrel Polka ("Garagardo upelaren polka")
  • Roll out the Barrel ("Atera ezazu upela")
  • Here comes the Navy ("Hemen da itsas armada")
  • Rosamund
  • ビヤ樽ポルカ [Beer Taru polka] ("Garagardo upelaren polka")
  • Rozamunda
  • Labākie gadi ("Gau on")
  • Pažārnieke un meitenes ("Pregoilaria eta neskak")
  • Rats, kuch en bonen ("Arratoiak, eztula eta babak")
  • Hvor er min kone ("Non da nire emaztea")
  • Banda ("Koadrila")
  • My młodzi, my młodzi, nam bimber nie zaszkodzi... ("Gazteak gara, gazteak gara, garagardoak ez digu kalte egiten...")
  • Szkoda miłości ("Amodio mingarria")
  • Barrel de Chopp ("Garagardo upela")
  • 啤酒桶波尔卡/啤酒桶波爾卡 [Píjiǔ tǒng bō'ěrkǎ/píjiǔ tǒng bō'ěrkǎ] ("Garagardo upelaren polka")
  • Ut i naturen ("Naturaren erdian")
  • Dags för en polka ("Eskerrik asko polka batengatik")
  • Не вернуться роки мої молоді ("Nire gazteek ez dute sinesten")

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «1. Ethnic Music and American Band Music» A Passion for Polka (University of California Press): 15–30. 1992-12-31 ISBN 978-0-520-91172-7. (Noiz kontsultatua: 2021-06-10).
  2. Databáze NK ČR: Škoda lásky, vydání 1934
  3. (Ingelesez) «Retirada Maginot 1940 - Vídeo Dailymotion» Dailymotion (Noiz kontsultatua: 2021-06-10).
  4. «TSHA | Patek, Joseph» www.tshaonline.org (Noiz kontsultatua: 2021-06-10).
  5. Kent, David. (1993). Australian chart book 1970-1992. Australian Chart Book ISBN 0-646-11917-6. PMC 38338297. (Noiz kontsultatua: 2021-06-10).
  6. (Ingelesez) «Humphrey Lyttelton: Obituary» The Independent 2011-10-23 (Noiz kontsultatua: 2021-06-10).
  7. (Alemanez) «Josef Vejvoda erinnert sich an seinen Vater und an die Rosamunde-Polka» Radio Prague International 2004-08-08 (Noiz kontsultatua: 2021-06-13).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Škoda lásky jatorrizko partituraren arabera jota, Josef Vejvodaren taldearen bertsioan.