Edukira joan

1. Piano-kontzertua (Beethoven)

Wikipedia, Entziklopedia askea
1. Piano-kontzertua (Beethoven)
Jatorria
Sorrera-urtea1795
Argitaratze-data1801
Ezaugarriak
TonoaDo maior
Nori eskainiaAnna Lujza Keglevich
Egile-eskubideakjabetza publiko
Bestelako lanak
MusikagileaLudwig van Beethoven

IMSLP: Piano_Concerto_No.1,_Op.15_(Beethoven,_Ludwig_van) Allmusic: mc0002657638 Edit the value on Wikidata
Beethoven 1796an.

 1. Piano-kontzertua Do maiorren, Op. 15, Ludwig van Beethovenek 1795ean idatzi eta 1800ean berrikusitako piano eta orkestarako lana da. Ziur aski Beethoven bera izan zen solista 1795eko martxoaren 29an Vienan izandako estreinaldian. 1801ean Vienan izan zen lehen aldiz argitaratua, bere ikasle zen Anna Louise Barbara Odescalchiri (lagunartean "Babette" ezizenaz ezagutua) eskaintza zuelarik.[1]

Argitaratua izan zen Beethovenen lehen piano-kontzertua izan arren, ez zen genero honetan idatzi zuen lehen lana izan, hirugarrena baizik; izan ere, gaur egun bigarren kontzertutzat ezagutzen duguna eta argitaratu gabeko Mi bemol maiorreko beste kontzertu bat aurretik idatzi zituen. 2. Piano-kontzertua Si bemol maiorren 1801ean lehenaren ostean Lepzigen argitaratua izan arren, 1788 inguruan konposatu zuen, eta Mi bemol maiorreko kontzertu argitaragabea, aldiz, 1784an.

Kontzertuak hiru mugimendu ditu:

Anna Luisa "Babette", piezaren eskaintza jaso zuena.
  1. Allegro con brio (Do maior)
  2. Largo (La bemol maior)
  3. Rondo. Allegro scherzando (Do maior)

Mozart, Haydn eta antzerako konpositore garaikideek ezarritako sonata-formaren kontzertu aldaerari jarraitzen dio, bapateko mugimendu harmonikoek berriz Beethovenen izaera musikala argi erakusten dutelarik. Zeharkako txirula bat, 2 oboe, 2 klarinete, 2 fagot, 2 tronpa, 2 tronpeta, tinbal, hari eta piano solorako idatzita dago. Bigarren mugimenduan txirulak, oboeek, tronpetek eta tinbalek ez dute jotzen.

I. Allegro con brio

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen mugimenduak sonata-forma dauka, gehitutako orkestra aurkezpen, kadentzia eta kodarekin, aurrez aipatu bezala garai hartan kontzertuaren aldaera formal estandarra zena. Orkestraren aurkezpenak asko modulatzen duen arren, bigarren aurkezpena Sol maiorren dago gehien bat. Garapena Mi bemol maiorren hasten da, jarraian Do minorrera modulatuz, eta zortzidun glissando batekin amaitzen da. Espero bezala, berraurkezpena Do maiorren dago.

Beethovenek hiru kadentzia ezberdin idatzi zituen lehen mugimendurako, luzera eta zailtasuna batetik bestera aldatzen direlarik. Kodan orkestrak soilik jotzen du. Lanaren interpretazioek hamalau eta hemezortzi minutu bitartean iraun dezakete.

 Bigarren mugimendua La bemol maiorren dago, obraren tonalitate nagusi den Do maiorretik nahiko urrun dagoena. Tradizionalki tarteko mugimenduak subdominantean edo dominantean egon ohi dira, kasu honetan Fa maior eta Sol maior liratekelarik. Klarineteek rol nabaria dute mugimendu honetan, melodia biolinek bezain sarri izanik.

Mugimendu geldo askok bezala, mugimendu honek A-B-A forma hirutarra dauka. Hasierako A atalak geroago B atalean garatuko diren hainbat gai aurkezten ditu.

Interpretazioek normalean hamar minutu baino gehiago irauten dute.

III. Rondo. Allegro scherzando

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

 Hirugarren mugimenduak zazpi ataleko sonata-rondo forma dauka (ABACABA), klasizismoko kontzertuetan ohikoa dena. Pianoak gai nagusia aurkezten du, jarraian orkestrak errepikatzen duelarik. Sonata-rondoa izanik, lehenengo B atala Sol maiorren dago, dominantean alegia; eta bigarrena, aldiz, Do maiorren, tonikan. Erdiko C atala La minorren dago.

Beethovenek bi kadentzia labur aurkezten ditu mugimendu honetan, bata A atalaren azkeneko agerpenaren aurretik, eta bestea mugimenduaren amaieraren aurre-aurretik, honela obra kontraste dinamiko handi batez amaituz; pianoak melodia era baketsuan jotzen du, eta bapatean orkestrak bortizki erantzuten dio.

Mugimenduak normalean zortzi-bederatzi minutu inguru irauten du.

Ordezko kadentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wilhelm Kempff piano-jotzaile alemaniarrak bere kadentziak idatzi zituen lehen zein azken mugimenduetarako, eta zenbait grabaketetan jo zituen. Glenn Gould pianista kanadarrak ere bere kadentzia idatzi zuen, Barger and Barclay-k argitaratu zuena, eta 1996an EMI diskoetxearentzat grabatu zuen Lars Vogtek Birmingham Hiriko Orkestra Sinfonikoarekin, Simon Rattleren zuzendaritzapean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Frederik Federmayer [hu]: Rody starého Prešporka [Families of old Prešporek] (Monada atelier, Bratislava, 2003) ISBN 9788096890606 OCLC 977342024. (in Slovak)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]