Gatzaren matxinada

Wikipedia, Entziklopedia askea
1632ko matxinada» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search
1634ko Gatzaren matxinadaren hildako sei buruzagien oroitarria Bilboko San Anton elizaren horman.

Gatzaren matxinada 1631 eta 1634 artean Bizkaian izandako matxinada izan zen, Bizkaiko jaurerriak biltegiratuta zuen gatzaren jabetza eta salneurriek sorturikoa[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1631ko urtarrilaren 3ko Errege Agindu baten bidez, gatzaren prezioa % 44 igotzeaz gainera, bildutako gatz guztia konfiskatu eta Errege Ogasunak bakarrik salduko zuela agindu zuten[2]. Horrela habsburgotarrek Iparraldeko Europan zituzten gerrak finantzatu nahi zuten, foru-eskubideak eta zerga-salbuespena urritzen zituzten arren.

Erregeak lehen ere horrelako beste arau batzuk ezarriak zituenez, adibidez artile eta oihalen merkataritzari ezarritako tasa, baserritarrek eta burgesek, aho batez, errege funtzionarioen aurka egin zuten[3], eta 1632ko urrian Korrejidorearen prokuradorea hil zuten. Era berean, 1633an Gernikan egitekotan zegoen Batzar Nagusien bilera ere gelditu zuten, neurriz kanpoko zergak kendu eta Foruek ezartzen zituzten zerga-salbuespenari itzultzea eskatuz. Ordurako, gatzaren bahitura eta salneurriaren arrazoia, matxinada piztu zuena, jadanik ia ahaztuta zegoen.

Matxinadak, aldizka, beste hiru urte iraun zuen. 1634ko udaberrian, Bizkaiko buruzagi nagusiak atxilotuak eta San Anton elizaren ondoan hil zituzten. Giroa baretzeko asmotan, berriz, Filipe IV.a Espainiakoak beste matxinoei barkamena eman eta gatzaren salneurri-igoera kendu zuen[4].

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zergak izan ziren Aro Modernoko lehen bi mendeetako liskarren arrazoi nagusia; XVII. mendearen erdialdetik aurrera, ordea, oinarri-oinarrizko elikagaiak garestitzea izan zen matxinada gehienen arrazoi nagusia, nahiz bestelako helburuak zituzten mugimenduak ere izan ziren, tokian tokiko agintarien edo atzerritarren aurkakoak.

Oro har, eta salbuespenak salbuespen —hala nola 1647-1652an Andaluziako hiri batzuetan izan ziren matxinadak, edo 1766an bizigaiek sortutakoak, adibidez—–, egonezinak sortutako iskanbila horiek bat-batekoak eta bakartuak izan ziren, agintariek indarrez zapaldu zituzten, eta ez zuen indarkeria-maila handirik iritsi bi aldeen arteko borrokak.

Liskar haiek ez ziren maizegi gertatu, edo ez bederen garai hartan bertan Frantzian, adibidez, izan ziren bezain maiz.

1591n, eta Milioien Zergaren ondorioz, iskanbilak izan ziren Gaztelako hiri batzuetan, eta, handik urtebetera, prokuradore-talde batek protesta egin zuen gorteetan.

XVII. mendean, eta alde batera utzita Katalunia, Portugal edo Napolin zergen aurka izan ziren matxinadak, altxamendu batzuk izan ziren Filipe IV.aren agindupean ardoaren gaineko zerga berrien kontra, Errioxan, Palentzian eta Mantxan. Baina zergen aurkako matxinada guztien artean, Bizkaikoa izan zen, zalantzarik gabe, garrantzitsuena.

Bizkaiko Gatzaren Matxinada izan zen Aro Modernoan zergen kontra sortu zen mugimendu nagusia, bai iraupenez (1631ko irailetik 1634ko maiatzera), bai herriaren errebindikazioaren konplexutasunez, zeren eta, eskari ekonomikoak gainditurik, aginpide politikoari ere zegozkionak zerikusi handia izan baitzuten. Mende-hasieratik zalaparta handia zegoen Bizkaiko gizartean. 1601ean, Milioien Zerga ezarri nahiak —ordu arte euskal probintziek ez zuten zerga hori ordaindu beharrik izan—, herri-matxinada bat sorrarazi zuen Bizkaian. Handik sei urtera, 1607ko abenduan, “taldekatu” zeritzenek iskanbila handia sortu zuten Bilbon. Antonio de Bilbao sindiku prokuradoreak 15 eskulangile salatu zituen (margolariak, eskudelgileak, jostunak, sokagileak, etab.).

Delitu hauek egozten zizkieten: “elkargo, ezkutuko batzar eta konfederazioak egitea… hiribildu honek duen gobernatzeko era eta modua hausteko”; azken finean, udalean nagusi ziren oligarken aginpideari aurre egitea, “jende arruntak” erakunde horretan parte hartu nahi baitzuen, beti egin izan zuen bezala. Taldekatuak zeritzen haien nahiek esparru egokia aurkituko zuten berriz ere 1631-1634tik aurrera.

Gizarte liskar haiek zerikusia izan zuten XVI. mendearen azken laurdenaz geroztik Gaztelako erresuma osoan eta bereziki Kantauri aldeko eremu batzuetan nagusitu zen ekonomiaren beheraldiarekin. Uzta txarrek eta 1596az geroztik Atlantikotik etorri, Castro Urdialesen barrena sartu eta lurralde horietan gogor jo zuen izurriak, gosea eta gaixotasuna zabaldu zuten bazterretan eta ahiturik utzi zuten biztanleria bolada baterako. Olivares konde-dukeak, Filipe IV.aren ministro nagusiak, hondamenera zetorren inperioari kosta ahala kosta eutsi nahian, inperioari eusteko, eraberritzeko eta goraipatzeko bultzatu zuen politikaren ondorioz, arazoak larriagotu egin ziren 1627tik aurrera. Euskal probintziek, beren foruak eta zerga-salbuespenak gorabehera, ez zuten ihes egiterik izan erregearen ogasun aseezinak, Europako abenturari eusteko, gero eta maizago eskatzen zituen zergetatik, nahiz Gaztelako gorteek abentura hori maiz gaitzetsia zuten.

Izan ere, denboraren buruan gatazka hori gatazka politiko bihurtu zen. Bizkaiko Batzar Nagusiek berek hautsi egin zituzten Bizkaiko forutasunaren zutabeak. Gogoratzekoa da euskal probintziak zergetatik salbuetsitako eremua zirela, aduana-erregimen berezia zutela alegia, eta, beraz, bizkaitarrek inongo zergarik ordaindu gabe inporta eta esporta zitzaketela salgaiak.

Azken batean, zergen igoerak sortu zuen gatazka hasieran. Baina geroago mugimendu hura gero eta erradikalago bihurtu zen, eta, azkenerako, Bizkaiko Jaurerriko gobernu osoa jarri zuen zalantzan. Mugimendua erradikalizatu izanak leinu zaharren aldera bultzatu zituen merkatariak, eta hala eskatu zioten erregeari “erabaki zezala, matxinadako buruzagiak zigorturik, Bizkaiko Jaurerria gatzaren zergatik libratzea, eta jaurerri horri ematea lehen zuen gobernua, eta izendatzea ikuskari bat merkataritzak behera egin ez zezan”.

Olivaresek erabaki zuen bi ahoko politika egitea, alegia, aldi berean zaintzea Bizkaiko jaurerriaren interesak eta erregearenak.

Nolanahi ere, itxuraz bare baina lehertu beharrean egon zen giroa 1634ko udaberria arte. Azkenean, erregeak amore eman zien apirilean Bizkaiko Jaurerriko eskakizunei; hitz eman zuen beraz foruak beteko zituela, eta kenduko zuela gatza saltzeko debekua. Baina indarkeria erabili zuen aldi berean. 1634ko apirilaren 20an sartu ziren Bilbon erregearen soldaduak, Juan Alonso Idiakez gipuzkoarra, Ciudad Realeko dukea, buru zutela, matxinada hartako buruzagi nabarmenenak hiltzeko aginduarekin. Azkenean, erregeak bizia barkatu zien matxinadan parte hartu zutenei, atzerritarrei eta hamabi bizkaitarri izan ezik, gehienak bilbotarrak izaki, Idiakezek hil zituen seiak, besteak beste.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • García de Cortázar, F. eta Lorenzo, J.M. (1988) "Historia del País Vasco: de los orígenes a nuestros días", Donostia: Txertoa

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]