1920ko Hamarkada Zoriontsua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Josephine Baker charleston dantzatzen Folies Bergère aretoan, Parisen, 1926an.

1920ko Hamarkada Zoriontsua hamarkada honetan Amerikako Estatu Batuetan egon zen egoera ekonomiko onari ematen dio izena. Aldi berean, Europako lurralde batzuetara ideia honen estrapolazioa egin ohi da.

1910eko hamarkada belikoan (Lehen Mundu Gerra) gosetea eta urritasuna izan zen. 1920ko hamarkadan, berriz, gizartea asebete egin zen. Frantzian fenomeno honek bere ezaugarri propioak izan zituen eta Années folles izenaz ezagutzen dugu.[1] Ingelesez "Golden Twenties" eta alemanez "Goldene Zwanziger" deitu zituzten.

Art Déco izan zen garai hartan ezarri zen estiloa arkitekturan eta diseinuan oro har. Cabaret eta Charleston beste osagarri ezagun batzuk ere izan ziren.

Hamarkadaren amaierari dagokionez, Europa esportazio arloan geldialdian aurkitzen zen. 1929an, New Yorkeko Wall Street-eko burtsak eztanda egin zuen, 29ko krack-a bezala ezaguna; produkzio masiboak, espekulazioak eta gehiegikeriak eragin zuen. Honek, 30eko hamarkada osoan zehar krisi ekonomiko latza eragin zuen mundu mailan. Ekarri zituen ondorioak larriak izan ziren; hala nola, langabeziaren gorakada, bizi kalitatearen beherakada eta beraz, pobreziaren gailentasuna, edo baita heriotza tasak igotzea ere. Espainian, hurrengo hamarkadan Gerra Zibila (1936-1939) nagusitu zen; honek, milioi erdi bat biztanleren heriotza eta 300.000 pertsonen erbesteratzea ekarri zuen, baita ondorio ekonomiko larriak ere, non lehengo egoera berreskuratzeko hainbat hamarkada behar izan zituen.

Arrazoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

I.Mundu Gerra 1914an hasi eta 1918an amaitu zen Aliatuen garaipenarekin, alegia, Britainia Handia, Frantzia eta Errusiar Inperioak. Gerra honek, hainbeste ondorio larri ekarri zituen mundu osoan zehar: gutxi gorabehera 10 milioi hildako eta ekonomikoki ere kalte ugari. 1918tik 1920ko amaierara arte iraun zuen gripe pandemia larria ere gogorra izan zen, alegia, Espainiar Gripea bezala ezaguna den gaixoaldia. Mundu osoan zehar guztira milioi erdi bat kasu egon ziren, eta 50.000.000 biztanle inguru zendu. Batez ere, gazteak izan ziren biktima gehienak. Nahiz eta izenak Espainiari egiten dion erreferentzia, ez zen hau izan epidemiaren fokua. Uste denez, Txinan edo Kansasen (Estatu Batuak) eman zen birus honen agerraldia.

Honen guztiaren ostean, bake garaia izan zen agerian 1920ko hamarkadan zehar; arrazoi honegatik da 1920ko Hamarkada Zoriontsua gisa ezaguna. Ekonomia aldetik, susperraldia eta goraldia jasan zuten, bizi-baldintzak hobetzeko bidean; bereziki Alemanian, Kanada, Estatu Batuetan, Frantzian eta Erresuma Batuan. Munduan zehar euforia giroa zabaldu zen, sistema kapitalistarekiko gehiegizko konfidantza gailenduz. Hala ere, lasaitasun giro honek bere bukaera izan zuen 1929 inguruan, 30eko hamarkadako krisiari lekua utziz.

Egoera honetara heltzeko arrazoiak hurrengo hauek izan ziren:

  • Gerrak ziharduen bitartean, Estatu Batuek armagintza aldetik hornitu zuten Europa. Honegatik, Europako ekonomiak kolpe izugarria jaso zuen.
  • Sinatutako itunekin estatu askok galerak jasan zituzten: Alemaniak Alsazia eta Lorena (mina industriako lurraldeak) galdu zituen; Austria eta Hungariaren barne-merkataritza murriztu zen, lurraldea txikitzeagatik; edota Ingalaterrak mundu mailan ekonomikoki zuen indarra galdu zuen.

Azken finean, Europako ekonomia suspertzea eragin zuen arrazoi esanguratsu bat, 1913an Washington Hirian sortutako erakunde bat izan zen: Erreserba Federalaren Sistema. Hau, Amerikako Estatu Batuetako Banku Zentrala da, non merkatu irekia bultzatzen den. Honek, beraz, burbuila finantzarioari luzatu zion bidea; alegia, nolabait esanda, ekonomiaren gorakada izugarria, batez ere prezioei zegokienez.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamarkada honetan, Bigarren Industria Iraultzatik jasotako eraldaketak martxan jarri ziren: Ekoizpen sektore berriak garatu ziren; kimikoa, siderurgikoa, automobilgintza…

Energia iturri berriak erabiltzen hasi ziren; elektrizitatea eta petrolioa. Lana antolatzeko modu berriak sortu ziren; taylorismoa, estandarizazioa eta fordismoa. Gainera, kapitalen kontzentrazioa korporazio handien inguruan jarri zen, bereziki AEBetan eta Alemanian.

Estatu Batuak munduko ekonomiaren lokomotora bihurtu ziren. Amerikar bizitza eredua mundu osoan zehar hedatu zen. “American way of life” delakoak, berehala liluratu zituen europarrak, ondasunen kontsumo indibidualean oinarrituta (automobilak, telefonoak, etxetresna elektrikoak…), publizitateak bultzatuta eta epekako salmentek eutsita.

Ikuskizunak (zinema, kirola, kabaretak, antzerkiak) goi-mailako joskintza eta musika-korronte berriak (jazza, bluesa) kontsumo objektu bihurtu ziren, eta ordura arte esanguratsua izan ez zen industria elikatu egin zen (Hollywood, diskoetxeak…).

Prentsak ospe handia hartu zuen, aldizkari espezializatuak ugaritu ziren, hala nola, kiroletakoak edo emakumeari eskainitakoak. Beste alde batetik, irratia fenomeno nabarmena izan zen, eta herri eta hirietan zehar zabaldu zen, publizitate tresna bikaina bezala erabiliz.

Musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Louis Armstrong

Irratiak musika herrira eraman zuen. Ordura arte, musika zuzenean entzun zitekeen bakarrik, eta normalean aberatsenek baino ez zuten pribilegio hori. Irratiari esker, musika klasikoa indarra galtzen hasi zen, eta haren ordez,  dena hankaz gora jarri zuen estilo bat agertu zen: jazza. Louis Armstrong izan zen jazzaren historiako pertsonaiarik karismatiko eta berritzaileenetako bat, eta ziurrenik, musikaririk ezagunena.

Musika estilo berri honi lotuta, foxtrota sortu zen (“azeriaren dantza” bals baten antzekoa, baino erritmo biziagoan dantzatzen dena). Eta foxtrotaren ondoren charlestona etorri zen, honekin ez zen beharrezkoa bikoteka dantzatzea. Moda bihurtu zen, eta Europan ere garrantzi handia izan zuen. Lasaitasunezko eta arduragabetasunezko garaiaren sinbolo bat izan zen.

Zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irratiak soinuak eta zinema jarri zituen ere bai. 1920ko hamarkadan, ikuskizun hau oso ezaguna egin zen. Hollywoodeko lehen izarrak jaio ziren unea izan zen: Buster Keaton, Harold Lloyd edo Charles Chaplin, beste batzuen artean.

Garai honetan, zinemak iradokitzeko eta konbentzitzeko modu bat ere aurkitu zuen. Alemania aitzindarietako bat izan zen bere zinema espresionistarekin. Errusiarrek lekukoa hartu eta arma politiko bihurtu zuten, baina azken iraultza handia falta zen; zinema soinuduna. “El cantor jazz” izan zen lehenengo pelikula soinuduna, mundu berri bat ireki zuen.

Artea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arteari dagokionez, hutsala eta hedonista bihurutu zen. Optimismoa lortu nahi zuen, errealitatetik ihes egin nahian.  Testuinguru honetan, surrealismoa garatu zen, indar handiz, psikoanalisiaren aurkikuntzak hartu eta ametsen mundura murgilduz. Erlijioan eta mitologian izan zuen eragin handiena, Mircea Eliade-ren lanak azpimarratuz. Espainian, 27ko Belaunaldia gailendu zen, idazle eta intelektual multzoa. Joera eta mugimendu artistiko heterogenoko artistak ziren, baina Europan garatzen ari zen abangoardismoko korrontea nagusitzen zen. Belaunaldi honi dagokien idazle eta artista batzuk Antonio Espina, Federico García Lorca, Dámaso Alonso, Rafael Alberti edota Miguel Hernández izan ziren.

Inmigrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amerika oparoa askatasunaren, aberasteko aukeren eta ongizatearen paradigma gisa agertu zen mundu guztiaren begietara. Arrakasta, ekimena eta norbanakoaren ahalegina ziren bultzatzen ziren balioak. Pobrezia, aldiz, ahuleziaren seinaletzat hartzen zen.

Herrialdea erakusleiho bat bihurtu zen, aberastea posible zen lurraldea bezala ikusten zen. Honen ondorioz, immigrazio handi bat joan zen aukera berrien bila munduko bazter guztietatik (Alemania, Polonia, Espainia, Txina, Italia…). Hirietan pobrezia nagusi zen atzerritarrez betetako auzoetan.

Baina etorkin horiek, hizkuntzak, erlijioak, ohiturak eta ideal politiko desberdinak ekarri zituzten, eta askotan talka egin zuten bertan ezarrita zeuden balioekin, WASP ereduarekin, alegia (zuria, anglosaxoia, bertakoa eta protestantea).

“Beste Amerika”-ren pertzepzioa, iristen zirenena, arazo sozial, politiko eta moral larria bihurtu zen. Administrazio kontsebadore errepublikarrak inmigrazioa kontrolatzeko politika baten alde egin zuen (1921eko legeak), eta, postulatu arrazistekin, jatorri asiarreko pertsonak sartzea debekatu zuen, eta era berean, europarren sarrera murriztu zuen, 1924ko Immigration Act bezalako legeen bitartez.

Pentsamolde puritano batetik, herrialdea ideia eta bizimodu arrotzek usteltzen zutela zabaldu zen, eta etorkinak alkoholaren kontsumoarekin erlazionatu zituzten. Gobernuak bere kontsumoa, salmenta eta fabrikazioa debekatu zituen (Lege Lehorra). Honekin, kontrabandoa eta merkatu beltza kontrolatzen zituzten talde antolatuak sortu ziren, mafien eta gangsterren fenomenoa bultzatuz (Al Capone eta beste batzuk).

Alemania[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europan osoan eta bereziki Alemanian Hamarkada Zoriontsu moduko bat ere egon zela diote adituek. Alemanian, hiperinflazioarekin amaitu zenetik (1924. urtetik), 1929ko krakaren eraginak jazo arte iraun zuen. AEBek bizi izan zituen antzeko egoerak izan zituen Europako herrialde honek oroar. Weimarko Errepublikaren garaia izan zen.

Euskal Herria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian hamarkada honek izan zuen eragina ere nabarmena da. Miguel Primo de Riveraren diktadurarekin hasi eta Espainiako Bigarren Errepublikak jarraitu zuen urte hauetan zehar.

Urolako treneko inaugurazioa

Ekimen esanguratsuenak hurrengo hauek izan ziren: 1921ean, Donostian, Kursaal kasinoa ireki zuten, Zurriolako muturrean. 1928an, Donostiako Aquariuma inauguratu zuten, justu Donostiako portuaren itsasaldean, gaur egun kokatzen den toki berean. Urolako trena ere hamarkada honetan jarri zen martxan, bereziki 1926ko otsailaren 22an, momentu honetan Espainiako errege zen Alfontso XIII.aren eskutik. Tren honek, Zumarraga, Loiola (Azpeitiko auzoa), Zestoako bainuetxea eta Zumaia lotzen zituen.

Bizkaian, aldiz, Pedro Ispizua nabarmendu dezakegu, arkitekto modernista ezaguna; bere lan ospetsuenak Atxuriko eskolak, Erriberako azoka, Loruri edota Areatzako kioskoa izan ziren. Honez gain, Ricardo de Bastida (Banco Bilbao Vizcaya eraikina) eta Tomás Bilbao ere ezagunak dira hamarkada honetan.

Biarritzeko kasinoa bestela 1929an zabaldu zuten, art déco estiloan Alfred Laulhé arkitektoak egindakoa.

Beste alde batetik, Euskaltzaindiak pausu garrantzitsuak eman zituen garai honetan. Bere helburuak zehaztu zituen, hala nola, euskara literario bateratu bat sortzea. Ideia hau 1922an jarri zuten martxan, akademikoki. Resurrección María de Azkueren eskutik Euskal Morfologia (1923), euskal sufijoen inguruko ikerketa ezinbesteko ekarpena izan zen, edota Aezkera edo Petiriberro-inguruetako mintzaera (1928) eta Mendibururen adizkiak eta idaztankera (1928). Baita hiztunei burututako dielektologia inkestak (Erizkizundi Irukoitza, 1924-1925).

Feminismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1920ko hamarkadan aurrerapen feminista garrantzitsua eman zen. Mugimendu bat baino gehiago, bizimodu berri bat bezala hartu daiteke. Ez da lege-eskaerarik edo manifestazio handirik egiten, baizik eta emakumeen indarra bere sexu-askapenaren bidez frogatzen da.

“Flapper”-ak izan ziren bizimodu berri hau eramaten zuten emakumeak. Agur esan zioten korseari, osagarri zapaltzaile gisa, eta era berean, gona motzagoak jartzen hasi ziren.

Lehen Mundu Gerra bukatzean, emakumeak buruaskiak izan ondoren, gizonek egiten zituzten gauzak egiteko gai sentitzen ziren.

Victoria Kent

Emakumearen boto eskubidea hamarkada honen hasieran lortu zen. 1890 eta 1920 arteko urteak erabakrigarriak izan ziren. Dozenaka alderdi eta mugimendu feminista  sortu ziren, emakumeen botoa eskatzen zutenak, eta korronte politiko ezberdinetako diskurtsoak barne hartu zituzten, protesta eta ekintza erradikalez gain. Denbora luzez, estatu guztietan ez zen emakumearen botoa onartzen; hala ere, emakumeen eskaerak kontuan hartzen hasi ziren AEB-ko politikan.

Azkenean, helburua lortu zen, emakume zurientzat behintzat; hain zuzen ere, 1920an zuzenketa bat atera zen, emakumeek askatasunez bozkatzeko aukera zutela adieraziz.

Espainian, 1918ko urriaren 20an, Espainiako Emakumeen Elkarte Nazionala (ANME) sortu zen, denborarekin Espainiako erakunde feministarik garrantzitsuena izango zena. Bere hastapenetan, edozein estremismo politikotik urrun zegoen erakunde federal bat eratu nahi zuten, emakume guztiei beren eskubide legal eta sozialen aldeko borrokan lekua emango ziena. Sorrerako programan hezkuntzari buruzko gaiak nabarmentzen ziren.

AMNEtik, 1920an, Emakumezkoen Unibertsitate Gazteria Elkartea (JUF) sortu zen, eta Victoria Kent ordezkari izan zen,  1921ean Pragan egin zen Emakume Unibertsitarioen Nazioarteko Federazioaren Nazioarteko Kongresuan eta 1928an Espainiako XII. kongresuan.

Hala ere, ezinbestekoa da argitzea, aurrerapen hauek gorabehera, emakumeak oraindik ere jarraitzen zuela etxekoandrearen eta emazte trofeoaren eskema patriarkalean.

Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fitxategi:The Great Gatsby cover 1925 (1).jpg
"The Great Gatsby" (Fitzgerald, 1925).

1925ean F. Scott Fitzgerald idazle estatubatuarrak argitaratu zuen "Gatsby Handia" eleberria, urte haietako giroa ondo islatzen duena, aberatsen axolagabekeria, orduko moda, jazz musika eta abar. "Belaunaldi galdua" izeneko idazle eta artista taldean sailkatuta dago, beste egile iparramerikar handi hauekin batera:

Giro honetan kokatu dezakegu Iratxe Esnaola Arribillaga idazlearen "Galerna" eleberri laburra.

Kulturgile ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Benetako Hamarkada Zoriontsua izan al zen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreko Lehen Mundu Gerrarekin eta etorriko zen Bigarren Mundu Gerrarekin alderatuz, urte zehatz hauetan erdi klaseko jende asko hobeto bizi izan zela egia da. Aldi berean, gehiegizkoa 1920ko Hamarkadari "Zoriontsua" deitzea. Izatez miseria handia zegoen, liskar politikoak etengabekoak ziren eta klase ertainen artean ere egoera ere ez zein hain ona. Ondorioz, ez zen hain zoriontsua izan. Egokiagoa da esatea iragan hurbilarekin eta heltzear zegoen etorkizun hurbilarekin alderatuz, urte zehatz eta gutxi horietan herri horietako gizartearen multzo garrantzitsu bat bizitza hobeago batekin amets egitera heldu zela.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lévêque, Jean-Jacques. (1992). Les Années folles. 1918-1939. Paris: ACR.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]