Edukira joan

Depresio Handia

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
1929ko krisi ekonomiko» orritik birbideratua)

Depresio Handia
Irudia
MotaKrisi ekonomiko
Errezesio
garai historikoa
garaia
Denbora-tarte1929ko urriaren 29a - 1941
HerrialdeaAfganistan, Britainiar Inperioa, Weimarko Errepublika, Frantziako Hirugarren Errepublika, Txile, Herbehereak, Hegoafrika eta Ameriketako Estatu Batuak
Kausacauses of the Great Depression (en) Itzuli
1929ko kraxa
Osatuta

Depresio Handia[1], Beheraldi Handia edo 1929ko Krisia, (ingelesez: Great Depression) 1929ko urrian hasi, eta 1930. hamarkada osora luzatu den mundu mailako krisi ekonomikoa izan zen. Orotara 1929 eta 1932 urteen artean kalkulatzen da BPG mundiala %15ez jautsi zela. Beste krisi momentu batekin parekatzeko, Atzeraldi handiaren momentuan (2008tik 2009ra) BPG mundiala %1z baino guttiago apaldu zen.

Krisi ekonomikoak, 1920ko hamarkako ekonomiaren oparotasuna amaitu zuen, ekoizpen industrialaren jaitsiera, nazioarteko merkataritzaren etetea, eta demokrazien ahultzea eraginez. Bigarren Mundu Gerraren hastapenak Depresio Handiari bukaera eman zion[2].

20 hamarkadan mendebaldeko herriek joritasun momentu bat ezagutu zuten Lehen mundu gerra eta nazioarteko tensio politiko azkarren ostean. Ustezko bake iraunkor bat zihoan, eta enpresen irabaziekin batera, burtsa inoiz baino gehiago hazten ari zen. Rockefeller edo Ford bezalako familia boteretsuek sekulako hazkundea ezagutu zuten. Gehienetan 1920ko Hamarkada Zoriontsuaren izena emaiten zaion garai honi. Edonola ere, 20 hamarkadako pizkundea gizartearen parte mugatu batera baizik ez zen hedatu, eta estatu batuar familia gehienek, 22.5 milioi gutti gora behera, pobrezia maila petik bizitzen segitzen zuten[3]. Chaplinen The Kid filmak garai huntako haur baten egoera aipatzen du. Funtsean, seinale kezkagarririk ez bazen agertu ere, 1929ko lehen hilabeteetan munduko leku askotan ekonomiaren atzerapenaren seinaleak nabarmentzen ziren. Baina estatu batuar espekulazioaren marea handiak aurrera jarraitu zuen ,indartsu, finantza sistemarekiko konfiantza hautsi arte.

20ko hamarkadako hazkundearen berezitasunetariko bat, mailegu eta espekulazioaren izugarrizko garapena izan zen. Hala nola 1926ean Wall streeten plantan ezarritako "call loan" (egunean eguneko mailegua) sistemak edonori inbertitzeko gaitasuna eman zion. Honekin, erosleek burtsan erositako akzioaren parte bat bakarrik ordain zezaketen, zamaren gaineratekoa broker batek bankuari mailegatuz. Erreformak menturazko etekinen bidez, maileguen ordaitzea ahalbidetu zuen “Buy now, pay later” logikaren arabera. Edonola ere "call loan" ek sekulako oldea probokatu zuten burbuila larrituz, hein batera non estimatzen den 1929an, akzioen 4/5 maileguz erosiak zirela.[3]

Wall streeten kraka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jendaldea New Yorkeko burtsa aintzinean 1929an.

1929ko udaberrian, urriko ostegun beltza baino hilabete batzuk lehenago, hazkundea emekitzen hasi zen, batez ere autogintza eta etxegintzaren sektoreetan. Industriek galtzean ekoizten zuten, zorrak eta saldugabeak biderkatzen joanez. Ekonomiari zegokionez , burtsaren joairak bere gorena jo zuen eta maileguek behera egiten zuten.[4]

Uda ondoren New Yorkeko burtsaren hazkundea ez zen aurreko hilabeteen parekoa. Baina merkatuak suposatzen duen ezegonkortasunagatik, gorabehera orokorrak ez zuen kezka berezirik sortu. Haatik, espekulazio alimalezkoa zenez, akzio balioen lehen beherakadak agertu zirenean, inbertsore txikiek haien akzioak ahalik eta bizkorren saldu zituzten. Bada, burtsan, akzio baten balioa apaltzen denean brokerak balio galeraren araberako ordaintze gehigarri bat eskatzen dio bere bezeroari. Honenbestez, bezeroak marjina deitutakoa estaltzeko diru aski ez badu, akzioa merkatura itzultzen da.

1929ko urrian brokerek haien tituluak presaka utzi zituzten eta 12 milioi akzio salgai ezarriak izan ziren. Parean inolako eskaerarik ez zenez, prezioak jaitsi ziren, bezeroak errekaratu, eta ororen buru, burtsaren kraka jaso zen. Haien aldetik jaitsiera gelditzeko, bankuak akzioak erosten hasi ziren, eta kotizazioak % 12-% 25 apaldu ziren bat batean. Hurrengo egunetan, jaitsierak hein batean kontrolatzea lortu zen, urriaren 29ra arte, orduan kotizazioak berriro erori baitziren.

Dow jones indizearen bilakaera

Kraka "Black thursday"arekin( urriaren 24a) hasi zen, segitu duten egunetara hedatuz: "Black Monday" (urriaren 28a) eta "Black Tuesday" (urriaren 29a). Hala nola 1929ko urriaren 24ean, sistema osoa zen bere mugara iritsi, handituz joan zen espekulazio burbuilaren leherketarekin. Atzeraldia hasi zen eta 1929 eta 1932 artean Dow Jones indizea %90z apaldu zen.


Banku sistema

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burbuilaren leherketak inbertsioen ahulezia agerrarazi zuelarik burtsaren krisia, bankuko krisiz endekatu zen. Banku sistemaren ezegonkortasuna agertu eta, jendeek geroz eta gehiago haien likideza gordetzen hasi ziren. Naturalki bankuen funtsak tipituz joan ziren. Konponbiderik gabe 5.000 banku baino gehiago itxi egin ziren, edota ordainketa etendura deklaratu.Banku sistemaren lehertzeak estatu batuar gizarte osoa kaltetu zue,n milioika aldaratzaileek haien aurrezkiak galtzen baitzituzten egun batetik bestera. Erosahalmena lehertzen zenez, eskaerak ere larriki behera egiten zuen, akzioen uzkurtzearekin batera. [5]Labur esanda, burtsaren krisiak, banku sistema osoa krisian sartu zuen, ekonomia mundiala guripil zoro batean sarraraziz, eta urteak iraungo zituen Depresioa sortuz.

Kraka eta Depresio Handiaren arteko lotura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haatik, Paul Samuelson ikerlariarentzat,1929ko kraka Depresio Handia eragin duen faktore bat, baizik ez da, beste anitzen artean. Orokorki 29ko Kraxaren hasiera eztabaida-gaia izan da autore ezberdinen artean. Peter Teminek Lehen Mundu Gerra ostean sortu zen depresioa, bi Mundu Gerren artean izandako depresio ekonomikoaren barruan kokatzen du, testuinguru zabalago batean. Beste autore askok, Galbraith, Kindleberger edota Friedmanek esate baterako, krisia 1929an hasi zela diote; bakoitzak krisiaren hastapenari azalpen ezberdin bat eman arren.

Bernard Gazier ekonomilari frantsesarentzat Wall Streeteko krakak "domino efektu " sortu du garaiko sistema ekonomikoan. Depresio Handiaren garapenera eraman duten bi ondorio nagusi azpimarratzen ditu: alde batetik urre-patroiaren uzte progresiboa, moneta sistema mundialaren desintegrazioa kausatuz, eta bestetik trukakaketa internazionalak larriki kaltetu zituen, ekoizpen industrialaren apalera.

Egoera soziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Krakaren ondoren krisiak gizartearen maila guziak hunkitu zituen. Enpresa anitzek porrot egiten zuten eta langabeziak geroz eta leku gehiago hartzen hasi zen. 3 urtez (1930tik 1933ra) AEBn langabezi taxa %9tik %24.9ra igo zen.[6]

Mugimendu sozialak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1930tik Franklin Roosevelten lehendakaritza arte, gose manifestazioak ugaritu ziren, erantzun politiko eraginkor baten eskatzeko. Prostesta gehienak berezkoak ziren baina batzuetan ere alderdi komunistak antolatuak. 30 hamarkada AEBn maiatzaren bateko desfilea mantedua izan den garai bakarra izan da. Krisiaren hastapenetik langabetuen martxak abiatu ziren San Francisco, Los Angeles, Detroit, Washington, Boston edo New Yorketik. 1930ko martxoaren 6an adibidez, 35 000 pertsona elkartu ziren New Yorkeko karriketan[7]. Manifestaldiek piztutako mobilizazioekin azkarturik, komunistek "langabetuen kontseiluak" sortu zituzten, antolaketa eskala nazionalean koordinatzeko. [8]Ondorenez Kongresuaren erantzun faltaren aurrean gose manifestaldiak bultzatu ziren 1931ko urte ondarrean. Abenduaren 6ean 1 200 ordezkalari elkartu ziren Washingtonen , langile eta gerrari oihekin batera.

Gerrari oihen akampamendua Anacostia ibaiaren bazterrean

1932 urte garrantzitsua izan zen mugimendu sozialentzat bi martxa garrantzitsuk ondorio dramatikoak izan baitzituzten. Dearborneko gose manifestaldia[9] , komunistek antolaturik, eta "Bonus March" gerrari oihen martxa. 5 000 pertsona Detroitetik Dearboneko Ford lantegira buruz abiatu zirelarik, poliziak jendetzan su egin zuen. 3 langile hil ziren eta beste 50 zauritu. 10.000 pertsona elkartu ziren Detroiteko karriketan haien ehorzketenkari. [10]

Bestalde, 2 manfestatzaile hil ziren[11]« Bonus Expeditionary Force » taldea Washingtonen batu zelarik. "Bonus March" Lehen mundu gerrako gerrari oihek haien pentsioen ordaintzea errebendikatzen zuten "17an heroi, 32an eskale" lelopean. Errebendikazioak ez ziren lortu eta mugimendua bortizki zapalduak izan zen.

Dust Bowlaren ondorioak Oklahoman

Depresio Handiak gizarte osoa hunkitu badu ere, nekazarien egoera oraindik bereziagoa izan zen. 1933ean agrikulturaren prezioak %60z apaltzen dira baserritarren artean miseria zabalduz. Krisiarekin batera baserrialdean egoera ekonomikoa oraindik makurtu zen baldintza ekologiokengatik. Hala nola 1931ko lehorreari Dust bowl fenomeno suntsitzailea gehitu zitzaiolarik, herrialde oso batzuk errautsiak izan ziren. Gainbizitzeko milaka pertsonek Ordoki handietantik ihes egiten zuten Estatu batuen mendebaldean instalatzeko.


Erantzun politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Franklin Delano Roosevelt 1936ean.

Kraxa segitu duten urteetan Estatu batuen ekonomiaren desorekak eta aberastasunen konzentrazioa hain gaizkiagotu ziren, non 1932an 36 famili aberatsen irabaziak populazioaren %42aren irabazien berdinak ziren. Langabezi taxa %25ra iritsi zen eta 15milioi laborari bankarrot egitear ziren, anitzek migratzeko erabakia hartuz.[12] Gizartea arraberritzeko beharra sentitzen zela eta,1932an Franklin Delano Roosevelt demokrata lehendakaria izendatua izan zen Hoover lehendakari oiharen ordezkatzeko. Krisiatik ateratzeko xedearekin, ekonomiaren esku hartze bat hitzeman zuen « Relief, Recovery and Reform » leloan laburbildua. Hala nola, 1933 eta 1938 urteen artean Roosevelt eta bere aholkulariek (Harry Hopkins adibidez) hainbat lege plantan ezarri zituzten New Deal edo Itun Berria izenean ezagutuak. Planoa hiru helburutan bildu daiteke: langabezia eta pobreziarekin amaitu, ekonomia hobetu eta finantza-sistema hobetu, berriro 1929koa gertatu ez zedin.

Anitzetan ez bezala, merkatuaren ezegonkortasunari erantzuteko lanean, estatu federalak paper garrantzitsu bat ukan zuen gobernu agentzien garapena bultzatuz.

"Second New Deal"etik "Roosevelten ehun egun" etara

Zehaztasunean erreforma ekonomikoak bi fasetan banatu ziren: lehenik 1933ko "Roosevelten ehun egunak" krisiaren eraginak epe laburrean murrizteko eta 1935 eta 1938artean «Second New Deal » , epe luzean aberastasunak hobe bana zitezen. Lehen fasean, gobernuak aldaketa garrantzitsu batzuk segurtatu zituen bankuen erreforma bat hasiz eta larrialdi sozialen baita laborantza programak sustatuz."Second New Deal"ak "Roosevelten ehun egunetan" hasitako aldaketei segida eman zion langabeziaren aurkako borroka iraunkortuz. New Dealaren bigarren fase honetan sortuak izan ziren WPA edo National Labor Relations Board bezalako agentzia gobernalek oihartzun politiko garrantzitsu bat ukan dute . Bigarren faseak sindikatzeko eskubide azkartze esanguratsu bat ekarri zuen Wagner Act aren izenpetzearekin. Social Security Actak aldiz eskala federaleko babes sozial sistema bultzatu zuen.

Banku pratikak sanotzeko 1933an, Banking Act edo Glass-Steagall Act bozakatua izan zen. Hark merkataritza-banku (aurrezki eta maileguentzat) eta inbertsio bankuen arteko banaketa agintzen zuen. Baina nasaiki sahiesten zenez 1999an Bill Clintonek indargabetu zuen. 2008an aldiz Barack Obamak berriz martxan eman zuen krisi ekonomiko berriari aurre egiteko.

"Works Progress Administration" logoa

Alabaina erreformaren interbentsionismoarengatik erreforma batzuk ezeztatuak izan ziren, gorte gorenak inkonstituzionalak zirela aldarrikatu baitzuen. Agricultural Adjustment pact edo National Industrial Recovery Act ak adibidez baztertuak izan ziren. Epe luzean, New dealak egoera sozialaren hobetze bat ekarri zuen, estatu federalaren botere ekonomikoa azkartuz. Populazioaren parte handi batengandik aldaketak positiboki hartuak izan ziren eta Roosevelt beste hiru aldiz lehedakari izendatua izan zen 1936, 1940 eta 1944ean.

Depresio Handiak ekonomia mundiala jo zuelarik populazio mundialaren 2/3aren (1.4miliar pertsona) bizi baldintzak zuzenki lehengaien trukaketei lotuak ziren[13]. Kolonializazioaren kontextuan, Afrikaren komertzioa kasik osoki Europaren menpe zegoen, bai onuratzaile eta bai erosle gisa. Europa eta Ipar Amerikako potentzien erosahalmenaren gainbeheragatik orduan, Hego Amerikan, Asia eta Afrikan « desertu produktuen krisia » sortu zen. Krisiak herri kolonializatuen ekonomiak ahuldu zituen. 1935ean Afrikaren trukaketa osoek, 1928ko trukaketen %50a errepresentatzen du. Hegoa amerikan bestalde, soilik %31koa.[14]

Lehen mundu gerrak Europa suntsitu zuelarik, Estatu batuak, kontinentearen hartzedun egin ziren. Nola ez, amerikar bankuek, Europako banku eta burtsetan zituzten aktiboak Estatu Batuetara ekarri zituztelarik, krisi finantziarioa Europa osora hedatu zen, Alemaniar eta Austriar bankuak bereziki kaltetuz. Horren ondorioz trukaketa ekonomiko internazionalak larriki apaldu ziren eta importazioak murrizteko neurriak zabaldu. Erabaki proteksionista ezagunena AEBko Hawley-Smot legea da. 1930 bozkatua izan zen eta honek haragia, kotoia eta gariaren aduana eskubideak % 40ez emendatu zituen.

Krisiak eragin zuen beste politika garrantzitsua « hobespen imperiala » izan zen, 1885ko Berlingo konferentziak praktika debekatu izan arren. 20 hamarkadan herri dominatu eta metropolien arteko trukaketak zentralak ziren, baina Depresio Handiarekin herri dominatuen exportazioak metropolietara, beste maila batera areagotu ziren. Hots krisiari aurre egiteko Frantzia eta Erresuma batua bezalako europar inperioak kolonien exportazioetan bermatu ziren. Ermandako politikak ez dira funtsik gabe izan, alderantziz Catherine Coquery-Vidrovitchentzat «1931-1936 garaia, krisi mundialaren bazterrean, fenomeno berezi baten hastapena izan da inperialismo garaikidearen barne: hirugarren munduaren azpi garapenarena»[14]

Mendebaldeko herri guztiak unkituak izan badira, Stalinen Sobietar batasuna zearo krisiaren kanpo egon zen.

Lehengaien prezioak 1929ko krisia aintzin apaltzen hasi ziren mundu osoan. Gold Coastan kakaoaren salneurria lehertzen hasi zen jadanik 1928an [15]. Afrikako herrietan aktibitate ekonomiko nagusia nekazaritza eta exportazioan oinarritua izanik, Depresio handiak kontinentea gogorki kaltetu zuen, kakahuete, palmondo olioa.. bezalako produktuen prezioak eraldatuz. Kongo belgikarra bezalako herrialde kolonizatuetan kanpo eskaera apaldu zelarik, kakahueten prezio 125 zentimotik 25 zentimora pasa zen eta Katanga mehatzaritza eskualdean lan eskaintza %70ez apaldu zen. [16]

Momentuan bertan izan diren ondorio ugari horien gain, Depresio handiak aldaketa iraunkorrak ekarri ditu Afrikako herrialde kolonizatuetan. Esate baterako « Hobespen inperiala»ren izenean erregimen inperialistek ekonomiaren berregituratzea bultzatu zuten, trukaketa ekonomia tradizionalaren ordez, plantazio ekonomia garatuz. Alabaina lan tresnen hornitzea metropoliako sektore publikoaren gain zenez, antolaketa honek zorren ziklo bukaezin bat martxa eman zuen. Landaguneak pobretu ziren eta migrazio fluxu handiak hirietara zuzendu ziren. Horrez gain, inperioen estatu zentralek gobernu kolonialen aurrekontuak murriztu zituzten herrialdeen garapena luzaz trabatuz. Azpiegituren eraikuntzak, baita portu eta komunikabideen berritzeak geldituak izan ziren herri anitzetan.[17]

AEBen inbestitzeengatik, hego amerikako sistema ekonomikoen egoera bereziki latza izan da Depresio Handiaren garaian. Txile, Bolivia eta Peru munduko herri kaltetuenak izan dira, 1929 eta 1932 artean, herri horien exportazioak %70ez apaldu baitziren.[18]

Brasilen, Depresio handiak bigarren kafearen krisi bat piztu zuen. Burtsaren kraxaren ondoren, herria gainekoizpen egoera batean arrapatua izan zen, bere ekoizpen bakarrak mundu osoko kafe kontsumitzea gainditzen baitzuen. (1,8 millioi tona ekoiztuen gain soilik1,4 millioi tona kontsumituak ziren)[19]. Erantzun gisa Brasileko estatuak aterabide ezberdinak atzematen zituen, eta haien artean produkzioaren parte bat erretzea edo itsasora botatzea izan zen. Gaur egun estimatzen da 1929 eta 1939 artean gutti gora behera 80 milio kafe zaku erreak izan direla. [20]Krisiak, nazionalismo nahiak piztu zituen hego amerikan, gobernu faxistei bidea utziz. Brasilen Getúlio Vargasek krisiaren ondorioez baliatu zuen boterera iristeko.

1935an britaniar populazioaren 1/5ak ez du bere gosera jaten eta 1933an alemandarren erdia langabezian da.[21] Krisia kraxa eta urte bat geroago iritsi zen Europara,1920. hamarkadaren oparotasunari bukaera emanez. Lehen mundu gerratik heredatutako desoreka finantziario eta monetarioengatik, bankuak krisian sartu ziren. Austrian Credit Anstalt bezala, banketxe garrantzitsu batzuek porrot egin eta desagertu ziren. Orokorrean garaiko gobernuen erantzunak eskasak izan ziren, zeuden tentsio politiko solzialak elikatuz. 1932an Alemanian langabezia taxa %20ra iritsi zen populazioaren haserrea areagotuz. [22]Alegia Weimareko errepublikak amerikar maileguen bukaeraz anitz sufritu zuen. Analisia anitzen arabera krisiak Hitler boterera eramateko balio izan zuen, 1930ko irailean NSDAPak 107 aulki lortu zituen Reichstagean.

Depresio handiaren sortzea explikatzekoan eztabaida ugari pizten dira ekonomisten artean. Azalpen ezagunena Milton Friedman eta Anna Schwartzek eman dute A Monetary History of the United States 1867-1960 (1963), liburuan, monetarismoaren obra garrantzitsuena gisa ezagutua. Friedman eta Schwartzen teoriaren arabera, jatorrian Depresio handia krisi ekonomiko klasiko bat zegoen. Oroz gainetik Erreserba federalak krisia areagotu zuen bere politika monetarioekin; merkatua libro utziz diru eskaintzaren erortzea probokatuz. John Maynard Keynesek bere aldetik, The General Theory of Employment, Interest and Money (Enplegu, interes eta diruaren teoria orokorra) saiakeran aurreratu zuen 1929ko krisia Depresio handia bilakatu zela, gizartearen azpi kontsumoagatik.

Milton Friedman ekonomialaria

Egoera ikertzeko Charles Kindleberger historialariak faktoreak anitzak direla azpimarratu zuen. Hark, egoera ikuspundu geopolitiko batetik aztertuz, estabilitate hegemonikoaren nozioa kontzeptualizatu zuen. Teoria honen arabera mundu mailako krisi ekonomikoak egonkor daitezke, soilik potentzia ekonomiko batek hegemon papera hartzen badu. Hegemon den herriarentzat suposatzen du, munduko ontasun publikoen hornitzea beregain hartzea, krisi ekonomiko momentuetan beste herrientzat sustengu sendo bat izanez. Haatik 1920 hamarkada bukaeran Erresuma batuak hegemon papera galdu zuelarik, AEBk errol honi uko egin zioten egoera desorekatuz. Hala nola arauak finkatzeko eta errespetaarazteko gai den potentzia baten gabe, beste herriek kooperazioari uko egiten diote mundu mailako oreka deuseztatuz. Joko teoriaz inspiratzen den azalpen honekin, Charles Kindelberger teoria monetarista ikuspegi keynesianista baino haratago doa aspektu multifaktoriala argitan ezarriz.

Politika protekzionisten kritika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paul Bairoch historialariaren aburuz, 1920. hamarkada protekzionismoaren igoera gisa deskribatzea aski faltsua litzateke. Izan ere, krisia komertzioaren liberalizazioaz aintzindua izan zen Europan. Aduana eskubideen batazbesteko haztatua Lehen mundu gerra aintzineko urteen gisakoa zen. Usu kritikak jasotzen baditu ere Smoot-Hawley legeari buruz, Ian Fletcherrek oroitarazi zuen tarifa AEBko komertzioaren heren bati baizik ez zela aplikatu, BPGaren %1.3ri bakarrik. [23]Maurice Allais nobel sariarentzat "1929ko krisia politika protekzionistei aurpegiratzea, zentzugabekeri historiko utsa da. Bere benetazko etorkia krisia baino pare bat urte lehenago gertatu zen kreditu inkontsideratuaren garapenean du."[24]

Argazkilaritza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ama migratzailea, Dorothea Lange (1936)

Ama migratzailea edo Migrant Mother inglesez, Depresio Handiaren sinbolo esanguratsuenetariko bat da. New York Times bezalako aldizkari eta egunkari ugaritan publikatua izan eta sekulako oihartzuna izan zuen mundu osoan. Dorothea Lange, argazkilari ibilkariak Farm Security Administration (FSA) lan egiten zuen irudia atera zuelarik. FSA nekazarien egoerari sentsiblizatzeko kanpaina bat eraman zuen agentzia gobernamentala zen, Roosevelten New Deala sustatzeko helburuarekin.[25]

Hartutako argazki honetan, lanpostu bat edo gizarte-laguntza bila zebilen Florence Owens Thompson agertzenew da, 32 urteko emakumea eta 7 seme-alaben ama. 1931n bere lanpostua galdu eta urte berean hil egin zen. Argazkia 1936ko martxoan hartua izan da Niponoko langile esparruan, Kalifornian. Milaka pertsonaren gisan Florence Owens Thompsonek ilarrak biltzen lan egiten zuen. Argazkiaren gibelaldeak zein emaztearen bisai espresioak, indar berezi bat ematen diote irudiari, Depresio Handian hedatu zen nekazarien miseria gorpuztuz.

Egun honetan hartuak izan ziren 6 argazkiak

Depresio handiaren inguruan sortu diren obren artean, ezagunena Steinbecken "The Grapes of Wrath" (1939) da, urteak berantago John Fordek filmaz egokitu zuena. Eleberriak, Depresio Handiaren garaian nekazari anitzek bizi izan zuten miseria aipatzen du lehorretze eta Dust Bowlek odorioztatu kalte dramatikoak azpimarratuz. Krisiaren hastapenarekin Joad familia, Oklahomako etxetik kanporatua da eta Kaliforniaren bidea hartzen dute lana, lurra, duintasuna edota etorkizun baten bila. Haiek bezala milaka "Okie" familiek haien lurrak utzi zituzten, eskualdeak erabat ustuz. Steinbeckek Pulitzer Saria lortu zuen eleberriarentzat 1962an. Hnekin batera "Of Mice and Men" bere beste eleberri garrantzitsua, ber testuinguruan garatzen da. AEBko beste eleberriei dagokionez Harper Leeren  "To Kill a Mockingbird" obra nagusia garai hortan oinarritzen da ere bai.

New Dealaren arte agentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Thomas Hart Benton, People of Chilmark, 1920, Hirshhorn Museum and Sculpture Garden, Washington, D.C.

New Dealaren barne Roosevelten administrazioak artea bultzatzeko agentzia eta programak sortu zituen ere ba. 1935ean Federal Art Project agentzia (FAP) sortu zen Works Progress Administration (WPA) programaren barne, helburu bikoitzarekin: langabezian ziren artisten enplegutza bultzatu eta eraikin publikoak (eskola, liburutegi...) arte lanaz hornituz. Arte lan horiek muralak, eskulturak, posterak, argazkiak eta antzerki dekoratuak ziren gehienbat.

Bestalde fotokazetaritzak ere aurrera egin zuen, parte handi batean Roy Emerson Stryker Farm Security Administration (FSA) programaren zuzendariari esker.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
  2. (Gaztelaniaz) Tortella, Gabriel. (2000). La revolución del siglo XX. Taurus.
  3. a b (Frantsesez) «Comment la crise de 1929 a-t-elle été provoquée ?» Meritis 2023-03-07 (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
  4. (Gaztelaniaz) Temin, Peter. (1995). Lecciones de la Gran Depresión. Alianza.
  5. (Frantsesez) «24 octobre 1929,tout bascule» Le Monde.fr 2008-09-20 (Noiz kontsultatua: 2024-02-13).
  6. (Ingelesez) America’s Greatest Depression 1929-1941,. New York, Harper and Row,, 24 or..
  7. (Frantsesez) Binoche,, Jacques. (2003). Histoire des États-Unis,. Ellipses.
  8. (Frantsesez) Debouzy, Marianne. «Le Mouvement Social 2003/1» Les marches de protestation aux États-Unis ( XIXe - XXe siècles): 15-41..
  9. (Ingelesez) Ford Hunger March. 2024-02-16 (Noiz kontsultatua: 2024-02-16).
  10. (Ingelesez) , The Lean Years,. Baltimore, Penguin Books, 1970, , p. 433-434. or..
  11. (Ingelesez) A Long View from the Left. Memoirs of an American Revolutionary, New York,. Harper and Row,, p. 118-123. or..
  12. (Frantsesez) Desbiens,, Albert. Histoire des États-Unis : la Grande Dépression,. coll. « Nouveau Monde »,, 250-253. or..
  13. (Frantsesez) Gazier, Bernard. La crise de 1929. , Que sais-je, PUF, Paris,.
  14. a b Coquery-Vidrovitch,, C.. (1976). Rapport d’ensemble, in : Revue française d’histoire d’outre mer,. .
  15. d'Almeida-Topor, Lakroum,, Hélène, Monique. (1994). L’Europe et l’Afrique. Un siècle d’échanges économiques,. Armand colin.
  16. (Ingelesez) Anstey,, R.. (1966). King Leopold's Legacy: The Congo under Belgian Rule 1908–1960. .
  17. (Ingelesez) "Road Transportation and the Economy of South-Western Nigeria, 1920–1939".. Lagos Historical Review..
  18. (Frantsesez) Marseille,, Jacques. (1988). Histoire 1re,. Nathan,, 249 or..
  19. Café et Histoire. .
  20. (Frantsesez) Castro, Josué. (1967). «Signification du phénomène économique brésilien,» Tiers-Monde, tome 8, n°31,: p.526..
  21. (Frantsesez) Chaulin, Charlotte. (2021-06-19). «Krach 1929 : comment est-on passé d'une crise américaine à une crise mondiale ?» Geo.fr (Noiz kontsultatua: 2024-02-14).
  22. (Ingelesez) Germany – Economic Archived ,. at the Wayback Machine, Public Broadcasting Service (PBS)..
  23. (Ingelesez) « Protectionism Didn’t Cause the Great Depression »,. .
  24. (Frantsesez) « Lettre aux français : contre les tabous indiscutés ». Marianne, 38 or..
  25. (Ingelesez) MOMA. .

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]