1933ko apirilaren 7ko Alemaniako Funtzio Publikoa Berrezartzeko Legea
| 1933ko apirilaren 7ko Alemaniako Funtzio Publikoa Berrezartzeko Legea | |
|---|---|
| Mota | Reicharen legea |
| Argitaratze-data | 1933ko apirilaren 7a |
| Baliogabetze dokumentu | Aliatuen Kontrol Kontseiluaren 1. Legea |
| Herrialdea | Hirugarren Reicha |
| Nongo eskumenen mende | Hirugarren Reicha |
Alemaniako Funtzio Publikoa Berrezartzeko Legea (alemanez: Gesetz zur Wiederherstellung des Berufsbeamtentums, GWB) Alemania nazian 1933ko apirilaren 7an aldarrikatu zen lege bat da. Lege honek buruzagi naziei funtzionario juduak kaleratzeko aukera ematen zien, funtzionario horiek politikoki etsaitzat hartuta. Wilhelm Frick Barne ministroaren zuzendaritzapean idatzi zen, eta Abokatuen Elkargorako Sarbidea Arautzeko Alemaniako Legearekin batera argitaratu zen, ondorio antisemitak zituen lehen legea eta Alemaniako gizartearen Gleichschaltung delako nazifikazio behartuaren lehen urratsa izan zen. Lege hau 1945eko irailaren 20an Lege Naziaren Indargabetzeari buruzko Aliatuen Kontrol Kontseiluren 1. Legeak indargabetu zuen.
Testuingurua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alderdi naziko buruzagia, Adolf Hitler, Reicheko kantziler izendatu zuen Paul von Hindenburg presidenteak 1933ko urtarrilaren 30ean. Boterea hartzean, Hitlerren kabineteko bi ministro nazi

bakarrek, Wilhelm Frickek (Reicheko Barne Ministroa) eta Hermann Göringek (Karterarik Gabeko Ministroa eta Prusiako Barne Ministroa), kaleratze uholde bati ekin zioten administrazio publikoan: inolako lege-oinarririk gabe, ehunka funtzionariok beren postuak galdu zituzten, batzuk beren ideia liberal edo sozialdemokratengatik, beste batzuk juduak izateagatik [1]. Administrazio publikoaren garbiketa hori izan zen 1920ko otsailaren 24ko 25 Puntuko Programaren lehen aplikazioa, bereziki, haren 6. artikuluarena.
1933ko martxoaren 5eko hauteskundeen ondoren, indarkeria antisemita orokortu egin zen: SAko kideei (Sturmabteilung, Alderdi Naziaren talde paramilitarra) juduen aurkako haserrea piztu zitzaien, eta hilketak ere egin zituzten [2]. Ekintza antisemita hauek Alemania osoko negozio eta enpresa juduei boikota eginez amaitu ziren 1933ko apirilaren 1ean. Boikot hori, Julius Streicherrek Hitlerren onespenez sustatua, martxoaren erdialdetik ari zen prestatzen [2]. Orokorrean, boikotak porrot egin zuen, Alemaniako biztanleriaren pasibotasunagatik eta biztanleriaren sektore baten desadostasun-adierazpenengatik [3].
Lege-esparrurik gabeko neurri eta ekintza antisemitekin batera, Hitlerrek oinarri juridiko bat bilatu zuen judutarren aurkako politikentzat. 1933ko martxoaren 24an, Frickek funtzio publikoaren zaharberritzeari buruzko lege-proiektu bat aurkeztu zion kabineteari, 1925ean Reichstag-en aurkeztu zuen proposamen batean oinarrituta. Hitlerrek 1933ko martxoaren 31n edo apirilaren 1ean onartu zuen lege-proiektu hau [4] . Hasierako zirriborroa berrikusi egin zen Hindenburgenek erreserba batzuk kontuan hartzeko, nahiz eta Hitlerrek presidentearen onespenik gabe legeak egin zitzakeen, Gaitzeko Legea onartu ondoren [5].
Apirilaren 4ko gutun batean, presidenteak kantzilerrari jakinarazi zion onartezina iruditzen zitzaiola gerrako beteranoek uko egin behar izatea, eta uste zuen borrokarako eta Alemaniagatik odola isurtzeko modukoak zirela frogatu zutenek oraindik ere balio zezaketela [6]. Jatorri "ez-arioko" funtzionario publikoentzat, kaleratzea pentsio baterako eskubidea zuen lizentzia batek ordezkatu zuen, eta zenbait salbuespen eman ziren, bereziki beteranoentzat [7](Frontkämpferprivileg, lehen mailako borrokalariaren pribilegioa).
Sistema legala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Legearen edukia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Legea Reichsgesetzblatten 1933ko apirilaren 7ko argitalpenean argitaratu zen. 18 paragrafoz osatuta dago [8]. Bertan ez da ageri, “judutar” terminoa, zeina apirilaren 11n egindako lege aplikazioan ageri den bakarrik. Gabezia horrek ez zuen testuaren izaera antisemita gutxitu, «1871tik aurrera Alemanian juduen eskubideen berdintasunaren aldeko erronka masiboa» [9].
Ez legearen hitzaurrean ezta sinaduren zerrendan ere, Paul von Hindenburg [10] ez agertzeak, frogatzen du testu hau Lege Gaitzailearen babesean aldarrikatu zela. Honek gobernuari legeak sortzeko aukera ematen baitzion prozedura parlamentariorik gabe eta Errepublikako presidentearen onespenik gabe.
Legeko lehen paragrafoak helburua zehazten du:
“[...] funtzio publikoa nazio-mailan berregituratzeko eta haren administrazioa sinplifikatzeko, funtzionario publikoak kargugabetu ahalko dira honako xedapen hauen arabera, baita kargutik kentzeko beharrezko baldintzak betetzen ez badira ere, indarrean dagoen legedian zehazten den bezala [11]”
Kargutik kentzeko aukera horren mende hiru baldintza daude:
- 1918ko azaroaren 9aren ondoren lanean hasi ziren funtzionarioak, baita eskatutako edo ohiko diploma edo trebetasunik ez dutenak ere.
- Jatorri areokoak ez diren funtzionarioak, ohorezko funtzionarioak barne
- Estatu-nazioaren intereserako beti erabateko eskuzabaltasunez eta erreserbarik gabe jardungo duten bermea» eskaintzen ez duten iraganeko jarduera politikoak dituzten funtzionarioak [10].

Hiru baldintza horiez gain, seigarren paragrafoan edozein funtzionario publiko errretiratua izan daitekeela legezkotzen du, administrazioa sinplifikatzeko [8].
Hindenburg-en eskakizunei jarrituz, 3. paragrafoak, maiz “paragrafo arioa” [9] izendatua, bi salbuespen aukera aurkezten ditu. «Lehen artikulua ez zaie aplikatuko 1914ko abuztuaren 1ean jardunean zeuden funtzionarioei, Lehen Mundu Gerran Alemaniaren edo bere aliatuen alde frontean borrokatu zirenei, ezta gerran aita edo semea hil zitzaienei ere». Reicheko barne ministroak ere salbuespen gehiago ezarri ditzake, betiere dagokien ministroei edo estatu agintari gorenei aurrez kontsultatuz [10].
7 eta 16 paragrafoen artean lanetik botatzeko eta aurretik erretiratzeko baldintza praktikoak ezartzen dira, aurreabisu-epeei, soldatei eta pentsioi dagokienez [8].
Legearen xedapen hauek Weimarko Konstituzioko artikuluak urratzen dituzte. Esate baterako, herritar guztiek funtzio publikoan diskriminaziorik gabe sartzea bermatzen du (128. art.), lan-segurtasuna eta eskuratutako eskubideen bortxaezintasuna (129. art.), baita funtzionario publikoen askatasun politikoa ere (130. art.) [12].
Betearazpen-dekretuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Legearen testuan erabilitako "ez ario" terminoa oso orokorra da eta nahasmen handia sortzen du. Horregatik, gobernuak, aldarrikatu eta lau egunera, hasierako aplikaziorako dekretu bat eman behar izan zuen [7].
Wilhelm Frick Barne ministroak eta Lutz Schwerin von Krosigk Finantza ministroak 1933ko apirilaren 11n sinatutako dekretuak Funtzio Publikoa Berrezartzeari buruzko Legearen hainbat puntu argitzen ditu. 1. artikuluak zehazten duenez, Alderdi Komunistako edo haren erakunde laguntzaileetako bateko kide diren funtzionario guztiak ez dira beren eginkizunak betetzeko gai, eta kargutik kendu behar dituzte [13].
Dekretuaren 2. artikuluak «ez-ario» terminoa definitzen du, legearen 3. artikuluan erabiltzen dena:
«§ 1 Ez-arioen ondorengo edozein pertsona, bereziki guraso edo aitona-amona judutarrena, ez-ariotzat hartzen da. Xedapen hau gurasoetako edo aitona-amonetako bat bakarrik jatorri ez-ariokoa denean ere aplikatzen da. Printzipio hori bereziki garrantzitsua da gurasoetako bat edo aitona-amonetako bat judua bazen.»
«§ 2 1914ko abuztuaren 1a baino lehen izendatua izan ez den funtzionario publiko orok, bere jatorri arioa, frontean borrokatu izana edo edo bere aita edo semea Lehen Mundu Gerran hil zela frogatu beharko du. Hau agiriak aurkeztuz frogatu beharko da. (jaiotza-ziurtagiria, gurasoen ezkontza-ziurtagiria, erregistro militarrak.»
«§ 3 Jatorri arioari buruzko zalantzarik izanez gero, Barne Ministerioko arraza adituen batzordearen irizpena lortu beharko da. [13]»
Idazle askok dekretu hau arrazazko legetzat aurkezten duten arren, "ez arioak" definitzeko erabilitako irizpide bakarra gizabanakoaren arbasoetako baten erlijioa zen; nahikoa zen aitona bakarra judua izatea pertsona bat "ez arioa" bezala sailkatzeko, horrela, "eragin judua" transmiti zezakeen edozein gizabanako kargu ofizialetatik kanpo utziz. Definizio maximalista horrek arazoak sortu zituen, eta naziak arazo horiek [14] konpontzen saiatu ziren 1935ean, Mischling-en definizioarekin, Núremberg-eko Legeen esparruan [15].
Azkenik, dekretuak 4. artikuluan, politikoki fidagarritasun gutxikotzat jotzen diren kategoriak zehazten ditu. 1918ko azaroaren 9az geroztik funtzionarioek egindako jarduera edo afiliazio politiko guztiak kontuan hartu behar dira, eta Reich-eko edo estatuetako agintari gorenen aurrean deklaratu behar dira; zehazki, erakunde paramilitar sozialista edo errepublikarrak, Giza Eskubideen Liga adibidez, legearen 4. artikuluan aurreikusitako leialtasun-bermerik eskaintzen ez duten alderdi politikotzat hartzen dira [13].
Ezarpen-dekretuak eta lege osagarriak 1933, 1934, 1935 eta 1938. urteetan egin ziren [16]. 1933ko ekainaren 23an, Funtzio Publikoa Berrezartzeari buruzko Legearen neurriak Reichsbank-eko eta Reichsbahn [16]-eko langileei zabaldu zitzaizkien. 1933ko uztailaren 20an, legea osatu zen 2a atalarekin, zeinak honako hau ezartzen baitzuen:
“Alderdi Komunistako edo erakunde parakomunistetako edo Alderdi Komunistari lotutako funtzionarioak, edo nolanahi ere jarduera komunistak egin dituztenak, kargugabetu egin beharko dira [...] eta etorkizunean jarduera marxistak (komunista edo sozialista) egiten dituzten funtzionarioak ere kargugabetu egingo dira [12].”
Harrera Alemaniako gizartean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arno J. Mayer historialari estatubatuarraren arabera, Alemaniako kontserbadoreen artean askok uste zuten judu gehiegi zeudela eta hauek goi mailako postu gehiegi betetzen zituztela administrazio publikoan eta lanbide liberaletan. Iritzi horrekin bat zetoztenek juduek bi eremu horietan zuten garrantzia mugatu nahi zuten, Hitlerren aldekoen tratu txarrak saihesteko [7]. Mayerren arabera, «Hitlerren zirkulu intimoko kontserbadoreek, zalantzarik gabe, nolabaiteko erantzukizuna dute juduak administrazio publikotik kanpo uztean» [1].
Peter Longerich historialari alemaniarraren ustez, legeak lasaitasun-sentsazioa eragin zuen burgesen artean: «Juduen auzia legez arautzeko ikuspegiak hobe zirudien indarkeriaren jarraipena baino» [17]. Era berean, prentsan dauden erreakzioen aniztasuna nabarmentzen du. Deutsche Allgemeine Zeitung egunkari kontserbadorearen ustez, legeak, alderdiko zalapartarien erasoekin alderatuta, «legezkotasunerako eta objektibotasunerako joera handiagoa» adierazten zuen, eta Schlesische Zeitung eskualdeko egunkariak «mende baten ondore, pazientziaz onartutako atzerriko kultura batetik» askatzeko aukera ematen zuela adierazi zuen; Kölnische Zeitung egunkari katolikoaren jarrera mistoa izan zen, «arraza-pentsamenduan eta ez erlijio-afiliazioan oinarritutako erregulazioen aurkako printzipioen hausnarketak» eta «harreman justua ezartzea ahalbidetuko luketen (eta) juduen onurarako izango liratekeen≫ neurriak konbinatuz, ≪horiek antisemitismoaren iturria lehortzea baino ezin baitute nahi». Frankfurter Zeitungek, bere aldetik, argi eta garbi egin zion aurka Funtzio Publikoa Berrezartzeari buruzko Legeari, eta «arraza-doktrina» kritikatu zuen, «egoera groteskoetara eramateagatik» [17]. Longerichen arabera, Alemaniako biztanleek lehen lege antisemitekiko duten erreakzioa ezezaguna da oraindik, neurri handi batean, informazio faltagatik, baina «[...] okerra litzateke herritarren eskaera baten gauzatzea antijuduen legeetan ikustea» [18].
Raul Hilbergen arabera, judutar alemaniarrek bazekiten garai latzak biziko zituztela, euren egoera jasangaitza bihur zitekeenik imajinatu ere egin gabe; espero zuten dekretuen argitalpenak ziurgabetasunarekin eta indarkeriarekin amaitzea eta euren estatusa definitzea, eta uste zuten "edozein legeren pean" bizi zitekeela [19]. Jüdische Rundschau aldizkari sionistak, 1933ko apirilaren 13an, «komunitate alemaniar eta juduen arteko aliantza historiko sekular bat ez dela hain erraz hausten» zioen [19].
Ondorioak eta jarraipena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemanian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lege hau Reich-eko bi milioi funtzionario publikori gutxienez ezarri zitzazion, bertako estatu eta herrietan [9], nahiz eta judutarrak proportzioan kopuru txikia izan administrazio publikoan [4]. Beren jatorri arioa frogatzera behartu zituen, “ikerketa-lanari, ikerketa zorrotzari eta bazterketari eskainitako aparatu burokratiko arraziala [...]” ezarriz [20]. Hasieran, 5000 funtzionario publiko judutarren ia erdiak mantendu zuen bere postua [21]. Bi urte geroago, uko egiteko derrigortu zieten, Alemaniako Herritartasun Legea aplikatzeko lehen dekretuari jarraikiz [22]. Legearen ondorioak administrazio eta eskualdearen arabera oso ezberdinak izan ziren. Finantza Ministerioan, bost funtzionari komunistek eta 30 funtzionari judutarrek euren postuak utzi behar izan zituzten. Prusiako Barne Minsitroak bere goi karguetako funtzionarioen %28a kaleratu zuen, administrazio publikoak bere galerak murriztea lortu zuen bitartean [23]. “Orotara, kide batzuen sakrifizioa onartzean, edozein kasutan, guztiz antzekoak ez zirenak, goi-funtzionarioek beren postua mantendu zuten, baita beren sailak optimizatu ere” [23]. Guztira, legeak funtzionarien %1 eta %2 arteko langileen kaleratze eta aurre-erretiroa eragin zuen [24].
Funtzio Publikoa Berrezartzeari buruzko Legeari eta abokatuen elkargorako sarbidea arautzeari buruzko legeari juduak Alemaniako gizartetik baztertzeko beste testu asko jarraitu zitzaizkion: mediku juduak 1933ko apirilaren 22ko dekretu bidez mediku-aseguruko sistematik baztertuak izan ziren, gero dentistak eta hortz-laguntzaileak ekainaren 2an [25]; Joseph Goebbels-ek bultzatuta eta Reich-eko Kultura Ganberaren sorreraren bidez, irailaren 22an, artista juduak kultur mundutik baztertuak izan ziren eta publiko juduari [26] zuzendutako ekitaldietan bakarrik parte hartu zezaketen; urriaren 4an, prentsari editore ez arioak kaleratzeko agindua eman zitzaion [26].

Juduen aurkako erbesteratzeak goi mailako hezkuntzari ere eragin zien, bai ikasle juduei, kuota murriztaileen menpe zeudenak eta bai irakasleei ere. Hamburgon, 1935.urtera arte 637 irakasletik 555 kaleratu zituzten legearen 6. artikuluari jarraiki. Postu horietatik 468 izendapen berriek bete zituzten, eta beraz, ustezko aurrezteko neurria aitzakia bat izan zen nazismoaren aldeko irakasleak kontratatzeko [27]. Unibertsitateko irakasleen eta goi mailako hezkuntzaren irakasleen %15 (Berlinekoen %32a) kaleratua izan zen, gehiengoa judutzat hartzen zirelako [28]. Literatura arloan, autore judutar, bakezale edo marxistek idatzitako obrak debekatu zituzten: 1933ko maiatzaren 10ean mila lan erre zituzten unibertsitate hirietan [29].
Neurri diskriminatzaile hauek izugarrizko migrazioa eragin zuten [28]. 1933an soilik, erregistratutako 525.000 judu alemaniarretatik 37.000k alde egin zuten, horietatik 25000 urteko lehen sei hilabeteetan [30].
Atzerrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Funtzio Publikoaren Berrezarpenari buruzko Legeak eta Nurenbergeko legeek inspiratuta, Errumanian Codrenauren eraginpean, 1938an neurri antisemitak hartu zituen, batez ere lanbide liberalen jardunaren aurka; Hungrian, Horthy almirantearen erregimenak juduak bizitza ekonomiko, sozial eta bizitza publikotik kanpo uzteko legeak ere aldarrikatu zituen [31].
Frantzian, Vichyko erregimenak 1940ko urriaren 3an aldarrikatu zuen juduen estatutuari buruzko legea. Alemaniarren inolako presiorik gabe, Raphaël Alibert zigiluen zaindariak idatzia eta Petain mariskalak babestua, juduak zerbitzu publikoetatik, lanbide liberaletatik eta eragin kulturala zuten enpleguetatik baztertzea ahalbidetu zuen legeak [32].
Indargabetzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Funtzio Publikoa Berrezartzeko Legea 1945ko irailaren 20ko Kontrol Alituko Kontseiluaren lehen legeak baliogabetu zuen, Nazien Legea indargabetzeari buruzkoak . Alemaniako Errepublika Federalean, 1949ko maiatzaren 23ko Oinarrizko Legearen 123. artikuluko lehenengo paragrafoan, honako hau xedatzen du azken xedapen iragankorrak izenekoan: “Bundestagaren lehen saioa baino lehen indarrean zegoen legeak indarrean jarraitzen du, Oinarrizko legearen aurkakoa ez den heinean” [33]. Artikulu horren arabera, Funtzio Publikoa Berrezartzeko Legea, Lege Gaitzailea, Reichstagsbrandverordnung eta Nurembergeko Legeak ez daude indarrean jada, bereziki Oinarrizko Legearen 1.artikulutik 20.era, askatasun zibilei buruzkoak, nabarmen urratzen direlako. Alemaniako Errepublika Demokratikoan, 1949ko urriaren 7ko Konstituzioak, bere 144.artikuluaren bitartez [34], indargabetu egin zituen bere aurkakoak ziren eta Funtsezko Legearen 123. artikuluko lehenengo paragrafoan helburu antzekoa zuten xedapenak, 1990eko urriaren 3tik aurrera Alemania bateratuari aplikatu zaiona. Gesetz Zur Aufhebung nationalsozialischer Unrechtsurteile in der Strafrechtsplege (zigor kodean zigor nazionalista bidegabeak indargabetzeari buruzko legea) izeneko legearen bidez nazien garaian egindako legeetan oinarritutako kondenak ofizialki baliogabetu zituzten 1998ko abuztuaren 25ean [35].
Analisi historikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uwe Dietrich Adam historialari alemaniarraren aburuz, Funtzio Publikoa Berrezartzeko buruzko Legearen titulua bera «errealitatearen inbertsio zinikoa» da: legearen formak errespetatzen dituen eta gutxiengo judua [36] kanporatzea iradokitzen duen estrategia sendo baten abiapuntu nabaria da. Saul Friedländerrek testuaren garrantzia azpimarratzen du nazien politika antisemitan:
“Ordura arte, naziek juduen aurkako propaganda bortitza zabaldu zuten, judutar gisa identifikatzen zituzten orduko boikoteatzen edo erailtzen, baina aurretik inoiz ez zen haien eskubideen gabetze ofizialik ezarri, bazterkerian oinarrituta. Definizio hau, ondorengo argibideak alde batera utzita, etorkizuneko jazarpen guztietarako funtsezko eta beharrezko printzipioa izan zen. [9]”
Richard J. Evans historialari britainiarrarentzat, Funtzio Publikoa Berrezartzeko Legea erregimen berriaren dekretu funtsezkoenetako bat izan zen. Haren tituluak funtzionario kontserbadoreen espiritu korporatibista aldarrikatzen zuen, eta Weimarko Errepublikak demokrata konprometituak postu garrantzitsuetan jartzeko egindako saiakeren kritika esplizitua jasotzen zuen. Tokiko funtzionarioen derrigorrezko kaleratzeak atzeraeraginez legitimatzea ahalbidetu zuen, eta ekintza horiek goitik egituratzea [37].
Modu orokorragoan, Raul Hilberg-ek juduaren kontzeptuaren definizio juridikoaren garrantzia azpimarratzen du, eta aldi berean dio Europako juduen suntsitze-prozesuak ez zuela aurrez ezarritako plan bat:
“1938ko istilu odoltsuekin alderatuta, juduaren definizioak neurri ez oso kaltegarria irudi dezake. Egia esan, askoz ere garrantzi handiagoa zuen, biktimaren definizioa ezinbesteko baldintza baitzen ondorengo ekintzarako. [38]”
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 Mayer, Arno J.; Carlier, Marie-Gabrielle; Carlier, Jeannie; Vidal-Naquet, Pierre. (2002). La Solution finale dans l'histoire. Éd. la Découverte ISBN 978-2-7071-3680-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
- 1 2 Friedländer, Saul; Paloméra, Marie-France de. (2008). Les années de persécution: 1933-1939. Éd. du Seuil, 34-35 or. ISBN 978-2-02-097028-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ Friedländer, Saul; Paloméra, Marie-France de. (2008). Les années de persécution: 1933-1939. Éd. du Seuil, 40-41 or. ISBN 978-2-02-097028-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
- 1 2 Friedländer, Saul; Paloméra, Marie-France de. (2008). Les années de persécution: 1933-1939. Éd. du Seuil, 47 or. ISBN 978-2-02-097028-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ Evans, Richard J.; Hochstedt, Barbara. (2009). Le Troisième Reich. Flammarion, 428-429 or. ISBN 978-2-08-210111-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ Hilberg, Raul; Paloméra, Marie-France de; Charpentier, André; Dauzat, Pierre-Emmanuel. (2006). La destruction des Juifs d'Europe. (Éd. définitive, complétée et mise à jour. argitaraldia) Gallimard, 149 or. ISBN 978-2-07-030983-2. (kontsulta data: 2026-05-08).
- 1 2 3 Mayer, Arno J.; Carlier, Marie-Gabrielle; Carlier, Jeannie; Vidal-Naquet, Pierre. (2002). La Solution finale dans l'histoire. Éd. la Découverte, 162 or. ISBN 978-2-7071-3680-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
- 1 2 3 «documentArchiv.de - Gesetz zur Wiederherstellung des Berufsbeamtentums (07.04.1933)» www.documentarchiv.de (kontsulta data: 2026-05-08).
- 1 2 3 4 Friedländer, Saul; Paloméra, Marie-France de. (2008). Les années de persécution: 1933-1939. Éd. du Seuil, 46 or. ISBN 978-2-02-097028-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
- 1 2 3 Stackelberg, Roderick, ed. (2002). The Nazi Germany sourcebook: an anthology of texts. Routledge, 150-151 or. ISBN 978-0-585-46208-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ Féral, Thierry. (1997). Justice et nazisme. L'Harmattan, 45 or. ISBN 978-2-7384-5980-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
- 1 2 Féral, Thierry. (1997). Justice et nazisme. L'Harmattan, 46 or. ISBN 978-2-7384-5980-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
- 1 2 3 Stackelberg, Roderick, ed. (2002). The Nazi Germany sourcebook: an anthology of texts. Routledge, 151-152 or. ISBN 978-0-585-46208-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ Hilberg, Raul; Paloméra, Marie-France de; Charpentier, André; Dauzat, Pierre-Emmanuel. (2006). La destruction des Juifs d'Europe. (Éd. définitive, complétée et mise à jour. argitaraldia) Gallimard, 116-120 or. ISBN 978-2-07-030983-2. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ Hilberg, Raul; Paloméra, Marie-France de; Charpentier, André; Dauzat, Pierre-Emmanuel. (2006). La destruction des Juifs d'Europe. (Éd. définitive, complétée et mise à jour. argitaraldia) Gallimard, 121-129 or. ISBN 978-2-07-030983-2. (kontsulta data: 2026-05-08).
- 1 2 «documentArchiv.de - antijüdische Rechtsverordnungen/Gesetze des Dritten Reichs (Nationalsozialismus)» www.documentarchiv.de (kontsulta data: 2026-05-08).
- 1 2 Longerich, Peter; Clarinard, Raymond. (2008). "Nous ne savions pas": les Allemands et la Solution finale, 1933-1945 essai. H. d'Ormesson, 82-83 or. ISBN 978-2-35087-075-5. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ Longerich, Peter; Clarinard, Raymond. (2008). "Nous ne savions pas": les Allemands et la Solution finale, 1933-1945 essai. H. d'Ormesson, 85 or. ISBN 978-2-35087-075-5. (kontsulta data: 2026-05-08).
- 1 2 Hilberg, Raul; Paloméra, Marie-France de; Charpentier, André; Dauzat, Pierre-Emmanuel. (2006). La destruction des Juifs d'Europe. (Éd. définitive, complétée et mise à jour. argitaraldia) Gallimard, 97-98 or. ISBN 978-2-07-030983-2. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ Friedländer, Saul; Paloméra, Marie-France de. (2008). Les années de persécution: 1933-1939. Éd. du Seuil, 52 or. ISBN 978-2-02-097028-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ Longerich, Peter; Clarinard, Raymond. (2008). "Nous ne savions pas": les Allemands et la Solution finale, 1933-1945 essai. H. d'Ormesson, 42-43 or. ISBN 978-2-35087-075-5. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ Friedländer, Saul; Paloméra, Marie-France de. (2008). Les années de persécution: 1933-1939. Éd. du Seuil, 195-196 or. ISBN 978-2-02-097028-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
- 1 2 (Frantsesez) Ayçoberry, Pierre. (1998). La Société allemande sous le IIIe Reich. Paris, 125-126 or..
- ↑ Evans, Richard J.; Hochstedt, Barbara. (2009). Le Troisième Reich. Flammarion, 460 or. ISBN 978-2-08-210111-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ Hilberg, Raul; Paloméra, Marie-France de; Charpentier, André; Dauzat, Pierre-Emmanuel. (2006). La destruction des Juifs d'Europe. (Éd. définitive, complétée et mise à jour. argitaraldia) Gallimard, 154 or. ISBN 978-2-07-030983-2. (kontsulta data: 2026-05-08).
- 1 2 Hilberg, Raul; Paloméra, Marie-France de; Charpentier, André; Dauzat, Pierre-Emmanuel. (2006). La destruction des Juifs d'Europe. (Éd. définitive, complétée et mise à jour. argitaraldia) Gallimard, 157-158 or. ISBN 978-2-07-030983-2. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ de Lorent, Hans-Peter. (2007). Nazibiographien, in Hamburger Lehrerzeitung. , 48 or..
- 1 2 Mayer, Arno J.; Carlier, Marie-Gabrielle; Carlier, Jeannie; Vidal-Naquet, Pierre. (2002). La Solution finale dans l'histoire. Éd. la Découverte, 164 or. ISBN 978-2-7071-3680-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ Evans, Richard J.; Hochstedt, Barbara. (2009). Le Troisième Reich. Flammarion, 183 or. ISBN 978-2-08-210111-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ Evans, Richard J.; Hochstedt, Barbara. (2009). Le Troisième Reich. Flammarion, 521 or. ISBN 978-2-08-210111-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ Cohen, Asher. (1993). Persécutions et sauvetages: Juifs et Français sous l'Occupation et sous Vichy. Editions du Cerf, 49-51 or. ISBN 978-2-204-04491-2. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ Kohen, Asher; Kohen, Asher. (1993). Persécutions et sauvetages: juifs et français sous l'Occupation et sous Vichy. Editions du Cerf, 72 or. ISBN 978-2-204-04491-2. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ (Frantsesez) «Bundestag allemand - Page d'accueil» Bundestag allemand (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ «documentArchiv.de - Verfassung der Deutschen Demokratischen Republik (07.10.1949)» www.documentarchiv.de (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ (Alemanez) «NS-Aufhebungsgesetz – Wikisource» de.wikisource.org (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ Adam, Uwe-Dietrich; Adam, Uwe Dietrich. (2003). Judenpolitik im Dritten Reich. (Unveränd. Nachdr. der Orig.-Ausg. argitaraldia) Droste, 48-49 or. ISBN 978-3-7700-4063-6. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ Evans, Richard J.; Hochstedt, Barbara. (2009). Le Troisième Reich. Flammarion, 459 or. ISBN 978-2-08-210111-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ Hilberg, Raul; Paloméra, Marie-France de; Charpentier, André; Dauzat, Pierre-Emmanuel. (2006). La destruction des Juifs d'Europe. (Éd. définitive, complétée et mise à jour. argitaraldia) Gallimard, 101 or. ISBN 978-2-07-030983-2. (kontsulta data: 2026-05-08).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Uwe Dietrich Adam, Judenpolitik im Dritten Reich, Düsseldorf, 2003 (ISBN 3-7700-4063-5)
- Asher Cohen (préf. René Rémond), Persécutions et sauvetages. Juifs et Français sous l'Occupation et sous Vichy, Paris, Les éditions du cerf,. « Historia » bilduma, 1993, 524 or. (ISBN 978-2-204-04491-2)
- Richard J. Evans (ingelesetik itzulia), Le Troisième Reich. L'avènement, Paris, Flammarion, « historiaren aritik » bilduma, 2009, 720 or. (ISBN 978-2-08-210111-0)
- Thierry Feral, Justice et nazisme, Paris, L'Harmattan, « Atzoko eta gaurko Alemania» bilduma, 1997, 108 or. (ISBN 978-2-7384-5980-0, lire en ligne [archive]
- Saul Friedländer (ingelesetik itzulia), L'Allemagne nazie et les Juifs, 1933-1939, Les années de persécution, Paris, Seuil, 2008, 529 or. (ISBN 978-2-02-097028-0)
- Horst Göppinger, Juristen jüdischer Abstammung im "Dritten Reich". Entrechtung und Verfolgung, Munich, C. H. Beck argitaletxea, 1990, 2e arg., 435 or. (ISBN 3-406-33902-6)
- Raul Hilberg (Ingelesetik itzulia), La Destruction des Juifs d'Europe, 1. lib., Paris, Gallimard, « Folio Histoire » bilduma, 2006, 2400 or. (ISBN 2-07-030983-5)
- Ian Kershaw (ingelesetik itzulia), Hitler, 1889-1936, Paris, Flammarion, 2001, 1159 or. (ISBN 2-08-212528-9)
- Peter Longerich (alemanez itzulia), « Nous ne savions pas ». Les Allemands et la Solution finale. 1933-1945, Paris, Héloïse d'Ormesson, 2008, 596 or. (ISBN 978-2-35087-075-5)
- Arno J. Mayer, La « solution finale » dans l'histoire, Paris, La Découverte, « Poltsikoan» bilduma, 2002, 566 or. (ISBN 2-7071-3680-8)
- Roderick Stackelberg et Sally A. Winkle, The Nazi Germany Sourcebook, Routledge, 2002, Adobe eReader formatua) (ISBN 978-0-585-46208-0, 978-0-415-22213-6 et 978-0-415-22214-3, lire en ligne [archive])