2019ko Amazonia basoko suteak

Wikipedia, Entziklopedia askea
2019ko Amazoniako suteak» orritik birbideratua)
2019ko Amazonia basoko suteak
Irudia
2019ko agorrilaren 15etik 22ra bitartean MODISek atzemandako suteak, laranja kolorez irudikatuak.
Map
MotaBaso-sute
Data2019
KokalekuAmazonia
Amazonasen arroa
HerrialdeaBrasil, Peru, Bolivia eta Venezuela
Azalera906.001 ha
Kausabasogabetze
moztu eta erre
Honen ondorioaPresidential Summit for the Amazon (en) Itzuli
Pertsona hilak40

2019ko Amazonia basoko suteek Brasilgo Amazonia eskualdeari eragin zioten urte horretako abuztuaren lehenengo astetik aurrera. Amazonia basoa uztailetik urrira bitarte hezetasun handiko urte-aldian sartzen da eta sute hauek garai horretan gertatu izanak harritu egin zituen zientzialariak.[1] Sute ugari pairatu izan ditu Amazonia basoak historian zehar, baina 2019koak ezohikotzat hartu ziren; guztira abuztuaren 23an 39.194 sute erregistratu ziren, Brasilen Amazonia Legalaren arabera.[2] Abuztuaren 29an, laurogei mila sute erregistratu ziren Brasilen, aurreko urtean atzemandakoak baino %77 gehiago, BBCren arabera.[3] Beste iturri batzuek areagotze hori %83koa izan zela diote, hala ere.[4] Brasilez gain, Bolivia, Paraguai eta Peruk ere basogune ugari galdu zituzten,[5] Boliviak bakarrik 730.000 hektarea galdu zituen.[6] Paraguairen iparraldean aldiz, 140 mila koadratu erre ziren, baina abuztuaren 24rako egoera kontrolpean zutela adierazi zuten estatuko agintariek.[7] Perun ere beste hainbat su bakandu atzeman ziren, Brasilgoekin zerikusirik ez zutenak.[8] 2019ko abuztuko zehaztapenei begiratuz gero, Peruk 128 baso-sute zituen.[9]

Suteen areagotzea Espazio Ikerkuntzarako Brasilgo Institutu Nazionalak (INPE) aurkitu zuen 2019ko ekainean, satelite-zelatatze sistemen bidez; alabaina, hondamendiak nazioartearen arreta bereganatu zezan, NASAren baieztapenari itxaron beharko zion. Espazio agentziak 2019ko abuztuan satelite bidez ateratako hainbat argazki argitaratu zituen, suteek sortutako kea erraz bereizi zitekeen bertan eta gainera, hil horretan bertan, Sao Paulo hiria ke horrek estali zuen Amazoniatik ehunka kilometrotara kokatuta egonagatik ere. 2019ko abuztuaren 29an, INPEk laurogei mila sutetik gora atzeman zituen Brasil guztian barrena, aurreko urtean garai berean atzeman zirenak baino %77 gehiago; gainera, berrogei mila sutetik gora Brasilgo Amazonia Legalean kokatuta zeuden. Urtez urteko sute kopurua antzeko moduan areagotu zen Bolivia, Paraguai eta Perun, hauetan 2019an hemeretzi mila, hamaika mila eta sei mila zazpiehun sute atzeman ziren, hurrenez hurren, abuztuaren 29ra bitarte.[5] Arras aipagarria da Brasilgo Amazonia Legalak baso osoaren %60a bere gain hartzen duela. Lehen zenbatespenen arabera, 2019ko suteek 906 mila hektareatik gora erre zituzten eta beraz, bertako bioma osoa suntsitu.[6] Hondamendi honek munduko kliman izan zezakeen eraginaz kezkatzeaz gain, adituak suteek igorritako gehiegizko karbono dioxido eta monoxido kopuruek, Amazoniako bioaniztasunari eginiko kalte larriek eta Amazonian bizi ziren indigenei sortutako kalteek kezkatu zituzten.[10]

Amazoniako suteek harrabotsa izan zuten nazioartean, bereziki Frantzian, bertako lehendakari Emmanuel Macronek eta ingurumena zaintzeaz arduratzen diren gobernuz kanpoko erakundeek hondamendiaren erantzukizuna Brasilgo lehendakari Jair Bolsonaroren baso-soiltzearen eta horrek sortzen dituen enpresen aldeko politikei egotzi zietelako.[11][12] Brasilgo lehendakaria 2019ko urtarrilean iritsi zen boterera eta ordutik Amazoniaren baso-soilketaren aldeko jarrera garbia erakutsi zuen. Hasiera batean, Bolsonarok uko egin zion sutearen itzalketan parte hartzeari, nazioarteko agintari ugarik eskatu bazioten ere, haren iritziz, agintari horien kritikak sentsazionalistak zirelako. Haatik, hilabete horretan bertan Biarritzen ospatu zen 45. G7 bilerak nazioarteko presioa areagotu zuen Brasilengan, batez ere Europar Batasuna eta Mercosurren arteko merkataritza askeko ituna jokoan jarri zutenean han bildu ziren agintariek.[11] Hala, Bolsonarok 44.000 soldadu brasildar bidali zituen suaren itzalketa lanetan parte hartzera eta gainera, suteak itzali zitezen diru-funtsak martxan jarri zituen, hirurogei egunetan indarrean egongo zen sute horien prebentziorako dekretu bat onartzeaz gain.[13][14]

Amazoniako beste zenbait herrialdek laguntzak esker onez eta era irekian hartu zituzten eta hortaz, suteak itzaltzeko orduan erraztasun nabariak eduki zituzten. Boliviako lehendakari Evo Morales baso-soilketa sustatzen zuten legeak onartzeagatik kritikatua izan bazen ere, sute hauen aurrean oso bestelako jarrera erakutsi zuten, kanpotik jin zitzaizkion laguntzak ondo kudeatzeaz gain, suen itzalketak laguntzeko legeak onartu baitzituen.[15] G7 gailurrean, Macronek bertan bildu ziren herrialdeetako ordezkariak amazoniar herrialdeei lagundu ziezaieten konbentzitzen saiatu zen, hartarako, hogei milioi dolarreko larrialdietako diru-funts bat sor zezaten, hala, bertako suteen itzalketa aurreratu zedin.[16]

Basogabetzea eta politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amazoniako oihanak 6,7 milioi kilometro karratu ditu. Amazoniako basogabetze prozesua aspaldi hasi zuen gizakiak, baina betidanik egon da baso-soilketak munduko kliman izan dezakeen eraginaren kezka bizirik. 2019an Amazonia oihanean sute kopuru handi hori piztu zenean, zenbait pertsona ospetsuk, agintarik eta eragilek baso honek munduko oxigenoaren %20a ekoizten zuela baieztatu zuten, adibidez, Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak edo Leonardo DiCaprio antzezle ezagunak.[17][18] Datu hori ez da zuzena eta zientzialari ugari mintzatu ziren pertsona horiek esandakoa gezurtatzeko; Arizonako Unibertsitateko Scott Saleska izan zen horietako bat, zientzialariak gogorarazi zuen itsaspeko organismo batzuek askoz kopuru handiagotan ekoizten dutela oxigenoa, ez baitute arnasterakoan erabiltzen.[19] Gainera, Amazoniako basoko izaki bizidun autotrofoek ekoizten duten oxigenoaren zati handiena eurek xahutzen dutela ere adierazi zuen eta beraz, oihanak ekoizten duen oxigenoa ez da munduko guztizko ekoizpenaren %1era ere iristen inolaz ere.[19][20] Alabaina, adituek argi utzi zuten Amazonia oihana oso garrantzitsua dela Lur planetarentzat eta bertako bizidunentzat, izan ere, Hego Amerika guztiko klima erregulatzeaz gain, bioaniztasunaren gotorleku handienetakoa da.[19]

Hego Amerikako herrialde ugaritan basogabetzeak XXI. mendean oraindik ere indar handia du, iturri ekonomiko nagusienetakotzat baitute Brasil, Bolivia eta beste hainbatek. Mugimendu ekologistak sortu zirenetik hasi ziren oihan zabal honen aldeko aldarriak zabaltzen, baso-soilketatik bizi ziren enpresari, abeltzain eta nekazarien kaltetan. Brasilgo gobernua behin baino gehiagotan saiatu da basoaren babeserako legeak onartzen, alabaina, baso-soilketatik bizi ziren enpresarien presio gogorra zela eta, askotan horiek atzera bota ziren edo higatuta geratu. Arras aipagarria dugu 2011n Brasilen onartzen saiatu ziren legea, 2008ra bitartean legeak onarturikoa baino gehiago ustiatu zuten nekazari, abeltzain eta enpresariei amnistia ematea xede zuena. Lege honek, aipatutakoa burutzen uzteaz gain, 86 milioi oihan-hektarea ustiatzeko baimena eman nahi zien enpresariei, hortaz, baso-soilketa inoiz baino askeago egiteko baimena.[21] Legea onartua izan zen, parlamentuaren babesa zuela.[22] 2019an antzeko jarrerak berreskuratu zituen Jair Bolsonaro Brasilgo lehendakari hautetsiak.[23]

Brasilgo suteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brasilgo basogabetzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amazonia Legalaren kokapena (gorriz).
Amazonia Legalaren barnean dauden estatuak.

1970ko hamarkadatik aurrera Brasilgo gobernuak Amazoniaren baso-soilketari sutsuki ekin zion, izan ere, baso osoaren %60 Brasilen barnean kokaturik dago, Brasilen Amazonia Legala (Amazônia Legal, BLA) izenpean.[24][25] Aipatutako hamarkadaz geroztik, Brasilek basoaren %12 inguru soildu du, hau da, 77,7 hektarea inguru basogabetu ditu, AEBetako Texas estatuak duen azalera osoa baino gehiago.[26] Baso-soilketak ematen dituen onura ekonomikoak egurgileei eskaintzen dizkien lehengai naturalak dira, baina zeharka, oihanarenak ziren lurrak garbituz gero, abeltzaintzari eta meategietako industriari mesede handia egiten zaio, haien ekoizpen-lurrak zabaldu egiten baitira.[27][28] 1960ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, Brasilgo baso-soiltzea bultzatzearen arrazoi nagusia abeltzaintza izan zen, hain zuzen. Basoarenak ziren lurrak erabiliaz, brasildar Amazoniak munduan abeltzaintza-eremu zabalenak dituen lurraldea bilakatzea lortu du.[29] Munduko Bankuaren arabera, Amazonian basogabetzen diren lurren %80a abeltzaintzarako erabiltzen dira.[29] Antzinako datuekin batzen badugu arestian aipatutakoa, garai batean basoa ziren lurren %70a egun abeltzaintzarako erabiltzen direla jakingo dugu; 1970tik aurrera basogabetu diren lurraldeei baino ez badiegu erreparatzen aldiz, zifra hori %91ra heltzen da.[30][31] Nazioarteko Baso Ikerketen Zentroaren (CIFOR) arabera, "1990 eta 2001 artean, Brasiletik etorri ziren haragi prozesatuen inportazioen ehunekoa ehuneko 40tik 74ra igaro zen" eta 2003. urterako "Brasildik inportatzen zen baino Amazonian ekoizten zen haragia %80ra igo zen".[32] Pará, Mato Grosso eta Rondônia brasildar estatuak, Amazonia oihanaren hegoaldean kokatuak daudenak, "basogabetzeraen arkuan" daudela esan ohi da.[33]

Brasilgo baso-soilketaren sustatzaile nagusiak Txina eta Hong Kong-era haragi eta soja esportazioak burutzen dituzten enpresak dira.[34] Brasil behi-haragiaren esportatzaile nagusia dugu mundu mailan, munduan esportatzen den guztizko kopuruaren %20 berea baita. 2018an, Brasilek 1,6 milioi tona behi-haragi esportatu zituen, historian zehar inoiz burutu den esportaziorik handiena.[29] Brasilgo abere-taldeak %56ko hazkundea izan du azkeneko bi hamarkadetan. Abeltzainek basoaren aldi lehorrera arte itxaroten dute ebaki eta erre teknika martxan jartzeko, hala, bitartean abereek bazkatu dezaten.[35][36] Ebaki eta erre teknika kontrolatu daitekeen arren, trebetasun gutxiko abeltzainek nahigabe suteak eragin ditzakete. Logikoa den moduan, baso-suteak areagotu egin dira abeltzaintza-industria Amazonian sartu eta bertako basogabetzea sustatzen hasi zenetik.[37] Egoera are gehiago okertu da "lur menderatzaile" (grileiros) deritzenek legeak dioenaren aurka Amazonia oihanean barneratu eta hango landaredia mozten hasi zirenetik, "Brasilgo indigenen lurraldeak eta beste babestutako lurraldeak" suntsituz.[38]

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.
Urtero-urtero urtarrilaren 1etik abuztuaren 26ra bitartean piztu ziren suak Brasilgo Amazonia Legalean, INPEren datuak.

INPEk eskaini dizkigun datuen arabera, 2002tik 2007ra bitartean urtero sortutako sute kopurua (urtarriletik abuztura bitartean piztutakoena) 60.000tik gorakoa izan zen, baina 2003an zifra hori maximora heldu zela ere ikus daiteke erakundearen zehaztapenetan, 90.000 sute erregistratuz.[34] 2007tik aurrera suteak ugariagoak izan dira orokorrean, El Niño gertakarien erruz.[39]

2000ko hamarkadatik aurrera, nazioarteak Amazoniaren babesaren aldeko jarrera garbi eta aktiboa hartu zuen, aitzitik, Brasilgo gobernuak gero eta kemen handiagoz basogabetzeari ekin dio. Alabaina, ezin dugu Brasilgo gobernuaren Amazoniako Basogabetzearen Kontrol eta Prebentziorako Ekintza Plan Federala (PPCDAM) aipatu gabe utzi, erakunde honen helburua baso-soilketa indizeak murriztea izan baita, hartarako landaren erabilera erregulazioak, ekintza jasangarrien sustapena eta ingurumenaren behaketa baliatu ditu. Gainera, erakunde horrek helburu horiek lortu eta aipatutako baliabideak erabiltzeko, maila federaleko eta pribatuko elkarteak zein legea hausten dutenentzat kode penala ditu eskura. Brasilgo gobernuak suteak itzaltzeko metodo arrakastatsuagoetan eta eraginkorragoetan ere inbertitu du; adibidez, 2012an suteak itzaltzeko hegazkinak erosterakoan. Horretaz gain, 2014an USAIDek Amazoniako indigenei suteak nola itzali erakusteko ikastaroak antolatu zituen. PPCDAMren ekintzek bere fruituak eman zituzten, 2012an Brasilgo Amazoniako piztu ziren suteak 2004an piztutakoak baino %83,5 gutxiago izan ziren eta. Haatik, 2014an Brasilek krisialdi ekonomiko bat pairatu eta behi-haragiaren zein egurraren esportazioak baliatu zituen suspertzeko, aurreko urteetan baso-soilketaren politiketan eskuratutako aurrerapenak atzean utziz. Krisialdia amaitu ostean, Brasilek ikerketan inbertitzeari ekin zion berriz ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Amazon fires 'increase 84% in one year'. 2019-08-21 (Noiz kontsultatua: 2019-08-30).
  2. (Ingelesez) Andreoni, Manuela; Hauser, Christine. (2019-08-21). «Fires in Amazon Rain Forest Have Surged This Year» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2019-08-30).
  3. (Ingelesez) Brazil seeks to curb Amazon fires with ban. 2019-08-29 (Noiz kontsultatua: 2019-08-30).
  4. Arin, Nagore. «Azken urteetako suterik larrienak gertatzen ari dira Amazonian» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-08-31).
  5. a b «Frightening images of Amazon fire taken from space» NewsComAu 2019-08-25 (Noiz kontsultatua: 2019-08-30).
  6. a b John, Tara (2019ko abuztuaren 26). "Bolivia's Amazon is on fire too. More than 1.8 million acres have been burned". CNN.
  7. (Ingelesez) «Brazil's president U-turns position and sends army to help put out huge Amazon wildfires» The Independent 2019-08-24 (Noiz kontsultatua: 2019-08-30).
  8. (Gaztelaniaz) Peru21, Redacción. (2019-08-23). «Gobernador de Madre de Dios pide declarar en emergencia sanitaria tras incendios forestales» Peru21 (Noiz kontsultatua: 2019-08-30).
  9. (Gaztelaniaz) «Reporta Perú 128 incendios forestales en las últimas tres semanas» El Siglo (Noiz kontsultatua: 2019-08-30).
  10. «Amazoniako milioi bat indigena arriskuan daude suteengatik» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-31).
  11. a b Imaz, Andoni. «Macronek Amazoniako suteei heldu nahi die G7koen goi bileran» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-08-31).
  12. Uranga, Ane Hurtado. «Munduaren birika, sutan erretzen» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-08-31).
  13. www.telesurtv.net (Noiz kontsultatua: 2019-08-31).
  14. (Gaztelaniaz) «Bolsonaro envía a soldados a combatir incendios en el Amazonas» ELIMPARCIAL.COM (Noiz kontsultatua: 2019-08-31).
  15. (Ingelesez) Redacción. (2019-08-26). El gobierno de Evo Morales acepta ayuda internacional en medio de protestas contra su gestión de los incendios en el Amazonas. (Noiz kontsultatua: 2019-08-31).
  16. «G7aren goi-bilera adierazpen bateratu eta labur batekin amaitu dute» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-31).
  17. (Gaztelaniaz) «Incendios en el Amazonas causan indignación en redes sociales» CNN 2019-08-22 (Noiz kontsultatua: 2019-09-01).
  18. (Gaztelaniaz) «“Nuestra casa está en llamas”: Macron se une a la protesta por los incendios del Amazonas y dice que el G7 lo discutirá» CNN 2019-08-22 (Noiz kontsultatua: 2019-09-01).
  19. a b c (Ingelesez) EDT, Aristos Georgiou On 8/27/19 at 7:26 AM. (2019-08-27). «How much oxygen does the Amazon rain forest provide?» Newsweek (Noiz kontsultatua: 2019-09-01).
  20. (Ingelesez) Denning, Scott. «Amazon fires are destructive, but they aren't depleting Earth's oxygen supply» The Conversation (Noiz kontsultatua: 2019-09-01).
  21. Epelde, Elixabet. «Munduaren birika, arnasestuka» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-09-01).
  22. (Gaztelaniaz) «Doble asesinato en Brasil deja en evidencia la lucha por el futuro de la Amazonia» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2019-09-01).
  23. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2019-07-21). «El director de la agencia medioambiental «asustado» por la actitud de Bolsonaro» naiz: (Noiz kontsultatua: 2019-09-01).
  24. «Forest fires in the Amazon blacken the sun in São Paulo» The Economist 2019-08-22 ISSN 0013-0613. (Noiz kontsultatua: 2019-09-03).
  25. (Ingelesez) Press, Associated. (2014-11-26). «Deforestation dropped 18% in Brazil's Amazon over past 12 months» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2019-09-03).
  26. (Ingelesez) Zaitchik, Alexander. (2019-07-06). «Rainforest on Fire: On the Front Lines of Bolsonaro’s War on the Amazon, Brazil’s Forest Communities Fight Against Climate Catastrophe» The Intercept (Noiz kontsultatua: 2019-09-03).
  27. (Ingelesez) Press, Associated. (2019-08-20). «Brazil’s environmental changes under a far-right climate skeptic» New York Post (Noiz kontsultatua: 2019-09-03).
  28. (Gaztelaniaz) «Tras incendios en Santa Cruz, Morales justifica los chaqueos - Diario Pagina Siete» www.paginasiete.bo (Noiz kontsultatua: 2019-09-03).
  29. a b c (Ingelesez) Liotta, Edoardo. (2019-08-23). «Feeling Sad About the Amazon Fires? Stop Eating Meat» Vice (Noiz kontsultatua: 2019-09-03).
  30. Livestock's long shadow : environmental issues and options. Food and Agriculture Organization of the United Nations 2006 ISBN 9789251055717. PMC 77563364. (Noiz kontsultatua: 2019-09-03).
  31. (Ingelesez) Margulis, Sergio. «Causes of Deforestation of the Brazilian Amazon» (PDF) World Bank Working Paper (Noiz kontsultatua: 2019-09-03).
  32. «Beef exports fuel loss of Amazonian Forest» web.archive.org 2007-12-09 (Noiz kontsultatua: 2019-09-03).
  33. «What the Amazon fires mean for wild animals» Animals 2019-08-23 (Noiz kontsultatua: 2019-09-03).
  34. a b (Ingelesez) «The Amazon rainforest is on fire. Climate scientists fear a tipping point is near» Los Angeles Times 2019-08-26 (Noiz kontsultatua: 2019-09-04).
  35. CNN, Eliza Mackintosh. «The Amazon is burning because the world eats so much meat» CNN (Noiz kontsultatua: 2019-09-04).
  36. (Ingelesez) «Amazon Wildfire Crisis Linked to Meat Consumption: 'These Forests Are Not Burned by Accident'» PEOPLE.com (Noiz kontsultatua: 2019-09-04).
  37. (Ingelesez) «Amazon burning: Brazil reports record forest fires» euronews 2019-08-20 (Noiz kontsultatua: 2019-09-04).
  38. (Ingelesez) Zaitchik, Alexander. (2019-07-06). «Rainforest on Fire: On the Front Lines of Bolsonaro’s War on the Amazon, Brazil’s Forest Communities Fight Against Climate Catastrophe» The Intercept (Noiz kontsultatua: 2019-09-04).
  39. «See how much of the Amazon is burning, how it compares to other years» Environment 2019-08-29 (Noiz kontsultatua: 2019-09-04).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]