2022ko Ukrainako inbasioko ukrainarren genozidio-salaketak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Errusiak, 2022an, Ukraina inbaditu zuenean, non gerra-krimenak gertatzea salatu zen –sexu-indarkeria,[1] tortura, judizioz-kanpoko exekuzioak eta arpilatzeak barne–,[2] zenbait parlamentu nazionalek –tartean, Polonia,[3] Ukraina,[4] Estonia[5] eta Letoniakoakgenozidioa gertatzen ari zela adierazi zuten.[6] Genozidioaren adituek –hala nola Eugene Finkel,[7][8] Timothy D. Snyder[9] eta Gregory Stanton-ek[10] zein Otto Luchterhandt[11] eta Zakhar Tropin aditu juridikoek,[12] genozidioaren definizioak eskatutako ekintzekin batera,[13] asmo genozidoa ere zegoela adierazi zuten; batera, genozidioa ezartzen zuena.[14]

Bestalde, Juan E. Méndez-ek, giza eskubideetan espezializatutako abokatuak, 2022ko martxoaren 4an adierazi zuen merezi zuela genozidio-salaketak ikertzea, baina ez zela hain azkar genozidotzat hartu behar;[14] Alexander Hinton-ek, genozidioaren ikertzaileak, aurrekoaren harira, apirilaren 13an adierazi zuen Vladimir Putin presidente errusiarraren erretorika genozidak gertatutako gerra-krimenekin lotuta egon beharko zuela asmo genozida ezarri ahal izateko.[10]

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Genozidio-definizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1948ko Genozidioaren Konbentzioaren arabera, genozidioak asmo genozida –"erabat edo partzialki suntsitzeko asmoa"– zein "talde nazional, etniko, arraza edo erlijioso bat" suntsitzeko ekintzak eskatzen ditu asmo horrekin. Aipatutako ekintza horiek, Konbentzioaren arabera, hurrengoak izan daitezke:[13]

« (a) Taldeko kideak hiltzea;
(b) Taldeko kideei kalte fisiko edo mental larriak eragitea;
(c) Taldeari nahita eragitea bizi-baldintza kalkulatuak, osorik edo zati batean suntsitzeko;
(d) Taldearen barruan jaiotzak eragozteko neurriak ezartzea;
(e) Taldeko haurrak beste talde batera indarrez eramatea.
»
– Genozidio-Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioa; 2. art. (1948)[13]

2022ko Ukrainako inbasioko gerra-krimenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bala-zuloz beteriko automobil zibila, Kiev Oblasteko Irpin hiriaren kanpoaldean.
Butxako sarraskiaren testuinguruan exekutatutako zibilak, Butxa hiriko etxe bateko sotoan.

Amnesty International eta Human Rights Watchek, giza eskubideen aldeko erakundeek, Errusiako Indar Armatuek Ukraina inbaditu zuteneko okupatutako lurralde ukrainarretan biztanleria zibilaren aurka egindako gerra-krimenen kasu masiboak erregistratu zituzten; hala nola, torturak, exekuzioak, bortxaketak[1] eta arpilatzeak.[2][12][15][16][17] Butxako sarraskiaren ondoren, Agnès Callamard-ek, Amnesty Internationaleko Idazkari Nagusiak, adierazi zuen egindako gerra-krimenak ez zirela "gertakari isolatuak, eta, ziurrenik, gerra-krimenen eredu are handiago baten parte izango [z]irela –besteak beste, exekuzio estrajudizialak, torturak eta bortxaketak–, Ukrainako beste eskualde okupatu batzuetakoekin batera."[16] Defentsa Azterketarako Royal Joint Instituteko Jack Watling doktorearen arabera, ekintza horiek Errusiaren gerrillen-aurkako doktrinaren parte dira; hala, helburua "herritarrei aurre egiteko ausardiagatik mendekua hartzea" da. Watlingek adierazi zuenez, antzeko taktikak erabili ziren eta erabiltzen dira Txetxeniako Bigarren Gerran, Afganistango gatazkan eta Bigarren Mundu Gerran.[18]

Zibilen hilketen izaera antolatua ere salatu zuten Britainia Handiko eta Alemaniako inteligentzia-komunitateetako ordezkariek. Richard Moore-k, MI6 inteligentzia britainiarraren buruak, Butxako hilketei buruz, zera adierazi zuen: "bagenekien Putinek inbasiorako zituen planetan armadaren eta zerbitzu berezien exekuzio estrajudizialak jasotzen zirela". Apirilaren 7an, Alemaniako Der Spiegel aldizkariak Alemaniako inteligentzia-zerbitzuek Bundestagari apirilaren 6an egindako txosten baten datuak argitaratu zituen. Parlamentariek adierazi zuten, irrati-intertzeptazioen datuen arabera, militar errusiarrek zibilak zein Ukrainako gerra-presoak exekutatu zituztela galdeketak egin ondoren. Horietan deskribatutakoa bat zetorren Butxan aurkitutako gorputzen kokapenarekin. Der Spiegelek ondorioztatu zuen sarraskiak ez zirela ausazko ekintzak izan, ezta militar batzuen herri-ekimena ere. Txostenen arabera, litekeena da zibilen hilketak "biztanleria zibila beldurtzeko eta erresistentzia ezabatzeko estrategia argi" baten parte izan zitezkeela.[19][20]

Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak eta honek Ukrainan duen filialak, Askatasun Zibilen Zentroak (CSF), Errusiako militarrek setiatutako Mariupoletik, Donetsk zein Luhansk Oblastetatik Errusia eta Krimeara zibilak nahitaez lekualdatu izanaren frogen berri eman zuten, filtrazio-eremuak erabiliz. CSFren arabera, ekintza horietan familiak banandu egin zituzten eta dokumentuak eta telefonoak konfiskatu zituzten. Gainera, indar errusiarrek korridore humanitarioetatik zibilen pasaraztea ere galarazi zieten, Ukrainan okupatuta ez zeuden aldeetara ez joateko helburuarekin haien aurka tiro eginez. Ukrainako funtzionarioen arabera, errusiar tropek praktika bera erabili zuten Sumy, Kharkiv eta Kiev Oblastetan.[21]

Ukrainako Amnesty Internationaleko zuzendariak, 2022ko apirilaren 4an Deutsche Welleri eskainitako elkarrizketa batean, Errusiari leporatu zion taktika selektiboak erabiltzea setiatutako hirietan biztanleria zibila agortzeko –adibidez, elikagaiak, ura, elektrizitatea eta berogailu-hornidura nahita moztuz– eta, ondorioz, hondamendi humanitario batera eramateko. Korridore humanitarioen blokeoa, autobusen bonbardaketa eta setiatutako hirietatik irteten saiatzen ari ziren zibilen hilketa ikusi ziren ere.[22]

Lege-aitorpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022an Errusiako Ukrainako inbasioan ukrainarren genozidioa genozidio ekintza gisa aitortzen duten herrialdeak (2022)

2022ko martxoaren 23an, Poloniako Sejm-ak Errusiak Ukrainako lurraldean gerra-krimenak, gizateriaren aurkako krimenak eta giza eskubideen urraketak egiteari buruzko ebazpen bat onartu zuen. Ebazpenaren arabera, Poloniak Errusiako tropek Ukrainako lurraldean egindako genozidio-ekintzak eta nazioarteko zuzenbidearen beste urraketa batzuk gaitzetsi zituen. Ebazpenak dionez, krimen horiek "[Errusiako] militarren komandante gorena den Vladimir Putin Presidentearen aginduz" egin ziren.[3]

2022ko apirilaren 14an, Ukrainako Verkhovna Radak "Errusiar Federazioak Ukrainan [eginiko] genozidioaren batzordeari buruz" izeneko ebazpena onartu zuen, non Errusiar tropen eta Errusiako buruzagiaren ekintzak, Ukrainan, Ukrainako herriaren aurkako genozidiotzat hartzen diren.[4][23][24][25] Ebazpenari buruzko Radaren adierazpenaren arabera, Errusiako genozidio-ekintzak honako hauek izan ziren:[4]

  • Errusiako tropek aldi baterako okupatutako lurraldeetan egindako ankerkeria masiboak;
  • zibilak nahita hiltzearen kasu sistematikoak;
  • biztanleria zibilaren deportazio masiboak;
  • Ukrainako ume lekualdatuak Errusiako Federazioko hezkuntza-sistemara transferitzea;
  • azpiegitura ekonomikoen instalazioak bahitzea eta helburu gisa suntsitzea, eta
  • Errusiako Federazioaren ekintza sistemikoak, Ukrainako herria pixkanaka suntsitzeko diseinaturikoak.

Ukrainan gertatzen ari diren gertakariak genozidio gisa aitortzen dituzten herrialde-zerrenda:

Presidenteen eta erakundeen adierazpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Volodymyr Zelensky, Kieveko erasoaldia amaitu osteko bisita batetan, Kiev Oblastean.

Butxako sarraskiaren frogak aurkitu eta egun batzuetara, Volodymyr Zelensky-k, Ukrainako Presidenteak, adierazi zuen Ukraina genozidio-saiakera bat jasaten ari zela. Andrzej Duda-k, Poloniako Presidenteak; Mateusz Morawiecki-k, Poloniako Lehen Ministroak; Pedro Sánchez-ek, Espainiako Gobernuko Presidenteak; Ivan Duque-k, Kolonbiako Presidenteak; Joe Biden-ek, AEBko Presidenteak eta Justin Trudeau-k, Kanadako Lehen Ministroak ere genozidiotzat jo zuten Ukrainako egoera. Boris Johnson-ek, Erresuma Batuko Lehen Ministroak, esan zuenez, "Butxako basakeriak ez daude genozidiotik urrun".[10][14][16][30][31][32][33][34][35]

2022ko apirilaren 13an, Emmanuel Macron-ek, Frantziako Presidenteak, esan zuen "kontuz ibili" nahi zuela "terminoekin", zalantzan jarriz gerrari amaiera emateko "hitzen igoeraren" erabilgarritasuna, zehaztuz "Errusiak alde bakarrez gerra basati bat abiarazi zuela, eta, egun, Errusiako Armadak gerra-krimenak egin zituela [argi dagoela]".[36] Zelenskyk Macronek irudikatutako "[egoeraren] karakterizazioa" kritikatu zuen.[37]

Elizen eta Erakunde Erlijiosoen Kontseilu Panukrainarrak munduko estatu guztiei eskatu zien 2022ko errusiar inbasioan zehar ukrainar herriaren genozidioa onartzeko eta "errusiar munduaren" ideologia gaitzesteko.[38]

Eztabaida[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asmo genozidaren salaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mariupolgo ospitale bat, Errusiaren bonbardaketen ostean.

Eugene Finkel eta Timothy D. Snyder bezalako adituek genozidioaren definizioak eskatutako ekintzekin batera genozidio-asmoa zegoela adierazi zuten,[13] eta horrek genozidioa ezartzen zuela.[7][8][9]

2022ko apirilaren 5ean, Eugene Finkel-ek, Holokaustoaren ikertzaileak, adierazi zuen Ukrainako Indar Armatuek 2022ko Errusiaren inbasioaren hasiera-faseari aurre egin ondoren, inbasioaren helburuak aldatu egin zirela. Finkelen arabera, gerra-krimen orokortuen frogek, Butxako sarraskia barne, asmo genozidaren froga "ugariekin" batera –esaterako, Timofei Sergeitsev-ek RIA Novostin argitaratutako Zer egin beharko luke Errusiak Ukrainarekin artikulua–[39] genozidioa gertatzen ari zela ezartzen zuten.[7][8]

Apirilaren 8an, Ekialdeko Europako eta Holokaustoko historialariak, Timothy D. Snyderrek, Zer egin beharko luke Errusiak Ukrainarekin saiakera "Ukrainako nazioa bere horretan erabat ezabatzeko programa esplizitu" gisa deskribatu zuen.[9] Snyderren arabera, Sergeitsevek "nazi" hitzaren errusierazko definizioa "errusiarra izateari uko egiten dion ukrainar bat" bezala aurkezten du, eta "ukrainar kulturarekiko edo Europar Batasunarekiko edozein kidetasun" nazismotzat hartzen da. Beraz, Snyderren arabera, dokumentuak errusiarrak ez-nazi gisa definitzen ditu, eta faxismoaren metodoen erabilera justifikatzen du ukrainarren aurka, "desnazifikazioa" helburu den bitartean. Snyderrek honela deskribatzen du dokumentua: "inoiz ikusi dudan dokumentu genozidenetariko bat da". Dokumentuak dioenez, ukrainar gehienak, hogei milioi pertsona, erailak edo auzolandegietara bidaliak izatea eskatzen du. Snyderrek argudiatzen du Sergeitseven dokumentuak, Butxako sarraskiari buruzko informazioa oso ezaguna izan eta bi egunera argitaratutakoak, asmo genozidaren legezko frogatzea askoz errazagoa egiten duela, bestelako masa-hilketekin konparaturik.[9] The Guardianek ere Errusiako komunikabideak deskribatu zituen, tartean RIA Novosti, genozidioaren pozgarri gisa, Ukrainako inbasioaren aurkako erresistentzia bera nazismoaren froga zela argudiatuz.[40] Snyderrek argudiatu zuen Vladimir Putinek hainbat hamarkadatan egindako adierazpenen azterketa batek erakusten zuela Putinek aspalditik zituela ukrainarren aurkako asmo genozidak. Snyderrek adierazi zuen: "Putinen bultzada genozida ikustea gutako batzuei gerra hau nondik datorren, norantz doan eta zergatik ezin den galdu ulertzen laguntzeko baliagarri da".[31]

Kramatorskeko erasoko biktima-hilotzak.

Gregory Stanton-ek, Genocide Watch erakundearen sortzaile eta zuzendariak, BBCri adierazi zionez, "frogak daude Errusiako Armadak Ukrainako izaera nazionala zati batean suntsitzeko asmoa duela"; horrek, azalduko lituzte zibilen, borrokalarien eta militarren hilketak. Vladimir Putinek inbasioaren aurretik egindako diskurtsoan, Donbasseko zortzi urteko gerrak genozidioa zirudiela adierazi zuenean, Stantonek zenbait adituk mirroring deitzen diotena adierazi zuen; hau da, bere hitzetan "askotan, genozidio baten egileak beste aldeari –biktima objektiboei– genozidioa egiteko asmoa duela leporatzen dio, egileak egin aurretik." Stantonen arabera, "horixe gertatu zen kasu horretan".[10]

Der Tagesspiegel egunkari alemaniarrak Otto Luchterhandt abokatuaren iritzi juridiko bat argitaratu zuen, Mariupolen blokeoaz eta militar errusiarren krimen ugariez, nazioarteko zuzenbidearen ikuspuntutik, baina, bereziki, genozidioaren inguruan. Deutsche Wellek genozidioa izan litezkeen ekintzei buruz egindako elkarrizketa batean, zera adierazi zuen:

« Lehenengoa hiriaren setioa da, zeinean martxoaren hasieratik ez da baimendu ukrainar aldeko zerbitzuak hirian sartzea, herritarrei elikagaiak eta bizitzarako gauzarik beharrezkoenak emateko. Biztanleria urik, elektrizitaterik eta berogailurik gabe dago, baita komunikazio mugikorrik gabe ere, gaur egun ohikoak direnak; hau da, jendea kanpoko munduarekiko komunikaziotik isolatuta dago.

Bigarrena bizitegi-guneen eta pertsonen etengabeko bonbardaketa da, batez ere medikuntza- eta kultura-erakundeena eta militarren boterearekin edo instalazioekin zerikusirik ez duten beste batzuena. Izan ere, gogorrena haur-ospitale baten aurkako erasoa da. Hemen, propaganda errusiarra ere kontraesanean egon zen, hasieran, [erasoa] faltsua zela eta ez zela existitzen esan zuenean, eta gero esan zuen batailoiaren kuartel nagusia, eskuineko erradikalak eta "naziak", ustez, han zeudela."

Eta gertaera objektibo hauetatik ondoriozta daiteke tropa errusiarren edo Putin Presidentearen asmo subjektiboa hiria eta bere biztanleria erabat suntsitzea dela; hau da, biztanleria sistematikoki suntsitzea, planifikatutako ekintzen bidez eta ez ausaz egindako bonbardaketa batzuen bidez.

»
Otto Luchterhandt[11]

"Genozidio" terminoak talde etniko jakin bat suntsitzeari dagokionez, honako hau adierazi zuen: "bai, Mariupol hiriko komunitateaz ari garelako, Ukrainako biztanleriaren zati gisa; hau da, Ukrainako talde nazionalaz. Talde osoa ez ezik, talde zati bat ere suntsitzeko ekintzen buruzkoa da [genozidio-]delitua."

Kieveko Taras Shevchenko Unibertsitate Nazionaleko Nazioarteko Harremanetarako Institutuko Nazioarteko Zuzenbideko Departamentuko irakasle elkartua den Zakhar Tropin-ek, bere Facebookeko orrian hurrengoa idatzi zuen:

« Butxako, Irpingo eta Hostomeleko gertaera izugarriak –eta, oro har, Ukraina osokoak– kontuan hartu eta aipatu behar dira Errusiako Federazioak "operazio berezia" deiturikoaren helburuei dagokienez. Erasotzailearen buruzagiek zuzenean hitz egin zuten honetaz: "desnazifikazioa". Egin dena kontuan hartuta, hau genozidiorako dei zuzena, planifikazioa eta lidergoa da. Logika sinplea da: Butxako, Irpingo eta Hostomeleko gertaerak gehi "operazio berezia" deiturikoaren helburua, "desnazifikazioa", (...) genozidio-krimena [osatzen dute]. »
Zakhar Tropin[12]

Genozidio-froga nahikorik ez izatearen akusazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aisling Reidy-k, Human Rights Watchen aholkulari juridiko nagusiak, Deutsche Welleri 2022ko apirilaren 3an adierazi zionez, Butxan "gerra-krimenak eman ziren, gizateriaren aurkako krimenak izan daitezkeenak, nonzibilak hiltzen direla ikusten dugu, argi eta garbi"; halere, gertatutakoa genozidiotzat jotzeko "goizegi" zela esan zuen ere.[41]

Rebecca Hamilton-ek, American University-ko nazioarteko zuzenbideko irakasleak adierazi zuen "genozidio" terminoa maiz erabiltzen dutela ikusleek "izugarria den egoera bat deskribatzeko, imajinaezina dirudi[ena]; kasu honetan, egoiliar baketsuak hiltzen dire[nean]". Hamiltonek adierazi zuenez, "genozidioaren lege-definizioa oso espezifikoa da, eta oraindik ez [ginen] iritsi genozidio bat gertatu den jakiteko legezko ebaluazioa egiteko froga nahikoak bildu [ziren] fasera".[42]

Giza eskubideen zuzenbideko irakasle eta genozidioaren prebentziorako NBEren aholkulari berezi-ohi den Juan E. Méndez-ek honako hau esan zuen: "uste dut [Ukrainako inbasio] honek ikerketa bat merezi duela. Jakina, akats larria litzateke ez esatea biktimetako asko zibilak zirela"; izan ere, "genozidioaren definizio partzialean sartzen den baldintza [da hau], (...) baina zibilak hiltzea ez da nahitaez genozidioa".[14]

Jonathan Lieder Maynard-ek, Londresko King's College-ko nazioarteko politikako irakasleak argudiatu zuen egungo frogak ez zirela oso argiak Genozidioari buruzko Konbentzioaren genozidio-definizio zorrotzarekin bat etortzeko. Adierazi zuenez, "agian basakeria horiek genozidioa izan zitezkeen –edo etorkizunean genozidio bihurtu–, baina [egungo] frogak ez dira nahikoak". Aldi berean, Maynardek Errusiako Presidentearen erretorika "guztiz kezkagarriaz" ohartarazi zuen, Ukraina estatu independente gisa existitu izana ukatzen baitzuen. Haren arabera, horrek "asmo genozida" erakusten du, zehazki Vladimir Putinek Ukraina "faltsua" dela uste duenean, eta, beraz, ez duela existitzeko eskubiderik uste duenean.[10]

Alexander Hinton-ek, Rutgerseko Unibertsitateko Genozidioa eta Giza Eskubideak Aztertzeko Zentroko zuzendariak, BBCri eskainitako elkarrizketa batean adierazi zuen "[aurreko astean] egoera asko aldatu zela" eta "nahiko litekeena" zela indar errusiarrak genozidioa egiten aritzea. Halere, Hintonek adierazi zuenez, Vladimir Putinen erretorika genozidak argi eta garbi lotuta egon beharko lukeela gertatutako basakeriekin, asmo genozida frogatzeko.[10]

Ikerketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Butxako zibilak dituzten hilotz-poltsak, Butxaren errusiar okupazioaren ondoren.

2022ko martxoaren hasieran, Nazioarteko Zigor Gorteko Fiskalburu den Karim Ahmad Khan-ek, 39 herrialdetako igorpen formalak jaso ondoren, Ukrainan 2013ko azarotik "edozein pertsonak" egindako gerra-krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak edo genozidio-krimenak osorik ikertzeko faseari ekin zion. 2022a baino lehen, aurretiazko azterketak "arrazoizko arrazoiak" aurkitu zituen "epaitegiaren eskumeneko krimen posibleak egin direla uste izateko".

2022ko martxoaren 4an, NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak Nazioarteko Batzorde Independente bat sortu zuen, giza eskubideen urraketak eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa ikertzeko, Ukrainan. Bereiz egin ziren gerra-krimenei buruzko beste ikerketa batzuk ere, jurisdikzio unibertsalaren esparruan, zeinen abiarazleak estatu independenteak izan baitziren.[43]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) Kyiv, Catherine Philp. ‘Russian soldiers raped me as my terrified son cried’. ISSN 0140-0460. (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  2. a b (Ingelesez) «Ukraine: Apparent War Crimes in Russia-Controlled Areas» Human Rights Watch 2022-04-03 (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  3. a b c (Polonieraz) «Sejm określił działania Rosji w Ukrainie mianem ludobójstwa i zbrodni wojennych» Onet Wiadomości 2022-03-23.
  4. a b c (Errusieraz) «Рада признала действия РФ геноцидом против украинцев» Украинская правда.
  5. a b (Ingelesez) ERR, ERR |. (2022-04-21). «Estonia on Russia's actions in Ukraine: This is genocide» ERR.
  6. a b «Saeima calls Russia's actions in Ukraine genocide and urges EU to immediately suspend Russian oil and gas imports | News | LETA» www.leta.lv (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  7. a b c «Killings in Bucha umount to genocide, says Ukraine-born Holocaust expert | The Independent» web.archive.org 2022-04-09 (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  8. a b c «Opinion | What’s happening in Ukraine is genocide. Period. - The Wash…» archive.ph 2022-04-12 (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  9. a b c d Snyder, Timothy. (2022-04-08). «Russia's genocide handbook» Thinking about... (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  10. a b c d e f (Ingelesez) «Ukraine war: Is Russia committing genocide?» BBC News 2022-04-13 (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  11. a b (Errusieraz) Welle (www.dw.com), Deutsche. «Немецкий эксперт: Действия России в Мариуполе можно назвать геноцидом | DW | 24.03.2022» DW.COM (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  12. a b c (Ingelesez) Marson, Yaroslav Trofimov and James. (2022-03-14). «Russian Forces Kill Civilians, Loot for Supplies in Occupied Ukraine, Residents Say» Wall Street Journal ISSN 0099-9660. (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  13. a b c d «Convention on the Prevention and Punishment of the Crime of Genocide | OHCHR» web.archive.org 2022-04-13 (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  14. a b c d (Ingelesez) Harb, Ali. «Ukraine: As Russia faces ‘genocide’ charge, experts urge caution» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  15. (Ukraineraz) «Російські війська без суду і слідства страчують цивільних осіб в Україні. Це вважається воєнним злочином» Amnesty International Ukraine 2022-04-07 (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  16. a b c (Errusieraz) Вопрос геноцида украинцев в период вторжения России на Украину. 2022-04-17 (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  17. (Ingelesez) 'Hungry' Russian Soldiers Loot Ukrainian Shops. (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  18. (Ingelesez) «Ukraine war latest: Biden calls for Putin war crimes trial as more evidence of atrocities emerge» BBC News (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  19. (Errusieraz) «Казни входили в план Путина по вторжению в Украину — глава британской разведки MI6 Ричард Мур» The Insider (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  20. (Errusieraz) «Der Spiegel: немецкая разведка перехватила переговоры российских военных, которые обсуждали убийства мирных жителей в Буче» Настоящее Время (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  21. (Ingelesez) «Forcible transfer of Ukrainian population to Russia constitutes a war crime» International Federation for Human Rights (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  22. (Errusieraz) Welle (www.dw.com), Deutsche. «AI: Российская армия совершает в Украине военные преступления | DW | 04.04.2022» DW.COM (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  23. (Ingelesez) «Rada recognizes Russian army's actions in Ukraine as genocide of Ukrainian people» Interfax-Ukraine (Noiz kontsultatua: 2022-04-26).
  24. (Errusieraz) «Верховная Рада признала войну РФ против Украины геноцидом (фото)» www.unian.net.
  25. «Картка законопроекту - Законотворчість» itd.rada.gov.ua (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  26. «Картка законопроекту - Законотворчість» itd.rada.gov.ua.
  27. (Ingelesez) ERR, ERR |. (2022-04-21). «Latvian Saeima: Russia committing genocide in Ukraine» ERR.
  28. «House votes unanimously to describe Russian military action in Ukraine as genocide | CBC News» web.archive.org 2022-04-28 (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  29. (Ingelesez) Reuters. (2022-05-10). «Lithuanian lawmakers brand Russian actions in Ukraine as 'genocide', 'terrorism'» Reuters (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  30. (Gaztelaniaz) «“No hay relación con Rusia”: fuerte mensaje de Duque, ¿crisis diplomática?» www.eluniversal.com.co 2022-04-08 (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  31. a b (Ukraineraz) ««Знищують за те, що українці». Правники та дипломати наголошують на геноциді в Бучі» Радіо Свобода (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  32. (Ingelesez) Stop Russia’s genocide against Ukraine - urgent call for more arms and strangling Russia’s economy - Ukrainian World Congress | Світовий Конґрес Українців. 2022-04-03 (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  33. CNN, Jeremy Herb. «Polish president said it's 'hard to deny' genocide in Ukraine after images of civilians killed emerge» CNN (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  34. (Errusieraz) Welle (www.dw.com), Deutsche. «Байден назвал войну России против Украины геноцидом | DW | 13.04.2022» DW.COM (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  35. (Errusieraz) Welle (www.dw.com), Deutsche. «Трюдо вслед за Байденом назвал действия РФ в Украине геноцидом | DW | 14.04.2022» DW.COM (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  36. (Frantsesez) «Ukraine : aide militaire américaine, la CPI et la "scène de crime"» euronews 2022-04-13 (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  37. (Ukraineraz) ««Такі речі дуже болючі». Зеленський хоче обговорити з Макроном його заяви про «братні народи»» nv.ua (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  38. (Ukraineraz) «Всеукраїнська рада церков закликає світ визнати геноцид українського народу» www.ukrinform.ua (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  39. (Errusieraz) Новости, Р. И. А.. (20220403T0800). «Что Россия должна сделать с Украиной» РИА Новости (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  40. (Ingelesez) «Fears genocidal language in Russian media may prompt more war crimes» the Guardian 2022-04-07 (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  41. (Ingelesez) Welle (www.dw.com), Deutsche. «Ukraine: Germany's Scholz vows response over Bucha deaths — as it happened | DW | 03.04.2022» DW.COM (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  42. «What are war crimes — and could Russia be committing them in Ukraine?…» archive.ph 2022-03-19 (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  43. «What are war crimes — and could Russia be committing them in Ukraine?…» archive.ph 2022-03-19 (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]