2024ko Siriako ipar-mendebaldeko erasoaldia
2024ko Siriako ipar-mendebaldeko erasoaldia | |
---|---|
Mota | erasoaldi |
Honen parte da | Siriako Gerra Zibila |
Denbora-tarte | 2024ko azaroaren 27a - 2024ko abenduaren 8a |
Data | 2024 |
Kokaleku | Northern Levant (en) |
Herrialdea | Siria |
Parte-hartzaileak | |
Osatuta | |
2024ko Siriako ipar-mendebaldeko erasoaldia azaroaren 27an hasi zen. Siriako Gerra Zibilaren barruan, Siriako oposizioko taldeen koalizio batek, Operazio Militarren Komandoa deituak, Hayat Tahrir al-Sham (Sortaldea Askatzeko Erakundea) (HTS) talde jihadista buru zuela, Siriako Alepo eta Idlib hirietan, Baxar al-Assaden Siriako Armada Arabiarraren (EAS) gobernuaren aldeko indarren aurka eraso egin zuen. Jihadistei aurre egiten ari dira, nor bere aldetik, Siriako armada, Siriako Indar Demokratikoak eta beste hainbat milizia.[1]
Hayat Tahrir al-Shamk «Erasoaren Disuasioa» deitu zion erasoaldiari, eta errepresalia gisa abiatu omen zen zibilen aurka Siriako Armada Arabiarrak Alepoko mendebaldeko landa-eremuan egindako bonbardaketak ugaritzeagatik. Idlibeko 2020ko martxoko su-etenaz geroztik, hau oposizioko indarrek lehen aldiz egin zuten erasoa izan zen.[2]
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hamahiru urte egin behar da atzera Siriako gerraren hasierara jotzeko, 2011ko Udaberri Arabiarraren garaira, hain justu. Urte hartako martxoan milaka herritar irten ziren kalera, Siriako presidente Baxar al-Assaden eta haren gobernuaren aurka protestan egiteko. NBE Nazio Batuen Erakundeak urte hartan bertan emandako datuen arabera, 3.000 manifestari inguru hil ziren, eta, horren harira, Siriako Gobernuaren aurka antolatzen hasi ziren hainbat talde matxino, atzerriko zenbait herrialderen babes ekonomiko eta militarrarekin; besteak beste, EI Estatu Islamikoaren milizia batzuk, Al-Qaedarekin lotura zeukan Al-Nusra Frontea —gaur egun HTS koalizio islamista dena—, Turkiak babestutako talde armatuak eta beste talde matxino batzuk.[3]
Siriako gatazkak hamar urte baino gehiago daramatza abian, eta ez aurrera eta ez atzera egon da azken bost urteetan; zehazki, 2020an Errusiak eta Turkiak su etena adostu zutenetik Idlib eskualderako, zeina Siriako Gobernuaren aurkako HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistaren esku baitago.[3]
Erasoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Israelek Libanoren aurka areagotutako erasoaldirako su eten bat adostu zuten egunean bertan, muturreko koalizio islamistak ezusteko erasoa abiatu zuen Siria iparraldearen aurka: Alepo hiria ia osorik dauka kontrolpean, eta ofentsiba hegoaldera zabaltzen hasi da.[3]
2024ko azaroaren 29an, Turkiak babestuak, oposizioko taldeak Alepon sartzen hasi ziren eta, gobernuaren aldeko indarren kolapsoaren erdian, bederatzi barruti harrapatu zituzten. Halaber, Siriako Armadako tankeak, hegazkinak eta soldaduak harrapatu zituzten. Siriako Armadak baieztatu zuen errebelde islamistek Aleporen "zati handi bat" hartu zutela, eta "dozenaka" baja izan zituztela. Ondorioz, azaroaren 30ean, Siriako gobernuak Alepo hiritik "aldi baterako tropak erretiratzea" iragarri zuen. Aldi berean, oposizioko indarrek azkar egin zuten aurrera, eta dozenaka hiri eta herri hartu zituzten, gobernuaren aldeko indarrak hegoaldera desegiten ziren bitartean, Hama aldera, Siria erdialdean.[4]
Siriako presidente Bashar al-Assadek bere aliatuei dei egin zien jihadisten erasoaldia geldiarazteko, hauek hainbat probintziatako eremu zabalak hartu ondoren. Iranek eta Irakeko miliziek laguntza bidali zuten, Siriako Armada Haman erresistitzen saiatzen ari zen bitartean, eta indar kurdu-arabiarrek mobilizazio orokor bat deitu zuten. Era berean, Iranek ere Errusiarekin koordinatzea eskatu zuen larunbatean, erasoaldi horren aurrean.[4]
Siriako Giza Eskubideetarako Behatokia gobernuz kanpoko erakundearen arabera, astebetean 514 pertsonatik gora hil dira HTSk eta nor bere aldetik koalizio horri aurre egiten ari diren Siriako armadak, Siriako Indar Demokratikoak koalizioak eta beste hainbat miliziak egindako erasoetan; horietatik 92, zibilak. OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak gaur jakinarazi duenez, Idlib eskualdean eta Siria iparraldean bizi diren 48.500 pertsonak baino gehiagok alde egin behar izan dute etxetik; haurrak dira horien erdiak baino gehiago.[3]
Jarraian, abenduaren 5ean, Siriako beste hiri garrantzitsu baten kontrola hartu zuten: Hamarena. Egun batzuk hiri horren inguruan ibili ziten Baxar al-Assaden Siriako presidentearen aurkako milizianoak. Azkenean, Al-Assaden armadako tropek hiria utzi zuten, eta matxino islamisten esku geratu zen. HTSk eman zuen berria, eta gobernuak ere baieztatu egin zuen. Alepo eta Damasko artean dago Hama, eta bi hiriak lotzen dituen M5 autobideak zeharkatzen du. Hamatik 200 kilometro inguru daude Damaskora, eta 45 Homsera.[5]
Geopolitika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etxe Zuriak Siriako erregimenari egotzi zion «Errusia eta Iranekiko mendekotasuna», eta Israelek, berriz, «egoera monitorizatzen» ari dela esan zuen. Erasoa Libanoko su-etenaren hasierarekin bat dator, Hezbola ahuldu egin baita; bitartean Errusia Ukrainako gatazkan okupatuta dago. Biak, Errusia eta Iran, Damaskorentzako funtsezko euskarriak dira. Turkiak, bestetik, kurdu-arabiar administrazio autonomoarekin amaitzea bilatzen du bereziki.[4]
Turkiak Damaskorekin harremanak berrezarri nahi zituen une batean iritsi zen erasoaldia, eta Siriako Gobernuak adierazi zuen Ankarak tropa guztiak kendu behar zituela Siria Iparraldetik eta oposizioko talderik ez babestu, zuela 13 urte hasitako gerratik hautsita zeuden harremanak normaldu nahi izanez gero. [6]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://www.lavanguardia.com/internacional/20241129/10156283/milicias-islamistas-avanzan-siria-entran-alepo.html
- ↑ El Mundo; Villalón, Lara. (2020-12-02). Grupos rebeldes sirios lanzan una ofensiva a gran escala en Alepo. (Noiz kontsultatua: 2024-11-28).
- ↑ a b c d «Behin-behineko barealdia irauli duen ofentsiba», Maddi Iztueta.
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «Al Assad apela a sus aliados para contener la ofensiva yihadista», Naiz.eus.
- ↑ https://www.berria.eus/mundua/siriako-matxinoek-hama-hiria-hartu-dute_2134591_102.html
- ↑ «Siriako Armadak baieztatu egin du Alepo utzi duela, kontraerasorako prestatzen den bitartean», EITB.