Edukira joan

2025eko itzalaldia Europa hegoaldean

Wikipedia, Entziklopedia askea
2025eko itzalaldia Europa hegoaldean
Irudia
Motaitzalaldi elektriko
gertaera
Data2025eko apirilaren 28a (12:32 (en) Itzuli. Europa Erdialdeko Ordua)
KokalekuIberiar penintsula
HerrialdeaEspainia, Portugal, Andorra eta Frantzia
Kausaezezaguna
Honen ondorioasalbuespen egoera
Pertsona hilak5

2025eko apirilaren 28an, 12:30ean (CEST), elektrizitate etenaldi handi bat gertatu zen Europa hegoaldeko zenbait lekutan, bereziki Euskal Herrian, Andorran, Iberiar penintsula osoan eta Frantzia hegoaldeko zenbait tokitan.[1]

Segundo edo minutu gutxiko itzalaldiak gertatu ziren Andorran eta Ipar Euskal Herrian.[1] Gibraltarren, ordea, ez zuen eraginik izan.[2] Informazioen arabera, arazoak sortu ziren Europako sare elektriko sinkronoan. Itzalaldiaren eraginez, leku gehienetan zirkulazio argiak itzali ziren, tren gehienak gelditu eta lur azpiko metroetatik jendea atera behar izan zuten.[3]

Gutxi gorabehera 16:00etan (CEST), Red Eléctrica de España (REE) argindar hornitzaileak azaldu zuenez, «sei eta hamar ordu artean» beharko ziren zerbitzua berrezartzeko[4] eta itzalaldia «salbuespenezkoa eta guztiz apartekoa» izan zen.[5] Garai berean, Portugalgo Redes Energéticas Nacionais (REN) sare operadoreak adierazi zuen agian astebete beharko zela zerbitzua normaltasunera itzularazteko.[6]

Euskal Herria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Iruñeko Mendebaldea auzoko farmazia bateko gurutze formako ikurra itzalita, 2025eko apirilaren 28an.

Itzalaldiak Euskal Herriko lurralde guztiak harrapatu zituen. Nafarroako Gobernuak larrialdi plana aktibatu zuen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak krisi mahaia bildu zuen, Bilboko metroa eta aldiriko trenak gelditu egin ziren erabat eta suhiltzaileek jende ugari erreskatatu behar izan zuten igogailuetatik.[7]

Iparraldeko hiri eta herrietan, argindar eten labur batzuk izan zirela aitortu zuen Réseau de Transport d'Électricité Frantziako argindar hornitzaileak.[8]

Arabako iparraldean, Aramaio udalerrian, itzalaldiak ordu erdi besterik ez zuen iraun: izan ere, argindarra banatzeko, bertako enpresa publiko bat dute (Aramaioko Argindar Banatzailea), eta herriko linea elektrikoak Aramaioko Udalarenak dira, ez enpresa pribatu handi batenak, Hego Euskal Herri ia guztian bezala. Horri esker, itzalaldia hasi eta ordu erdira Espainiako sare elektrikotik deskonektatu ziren, eta gasolio sorgailu bat martxan jarrita, herri osoan argindarra izan zuten, Iberdrolaren bezero Behi Alde etxaldean eta Oleta auzoan izan ezik.[9]

Herrialde katalanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bartzelonako metroa eta Valentziakoa guztiz geldirik geratu ziren itzalaldiaren eraginez. Tarragonan zentral nuklearren eta industria kimikoen larrialdi planak ezarri zituzten.[10]

Balear uharteak ez ziren itzalaldiaren eraginpean izan.[3]

Galizian erabateko eragina izan zuen itzalaldiak.[11] Vigoko portua larrialdiko bere baliabide propioekin aritu zen lanean, aldirietako trenetan bidaiari ugari gelditu ziren trenbideetan harrapaturik. Galiziako Xuntak ikastetxeak itxi zituen apirilaren 29rako.[12] Argindar horniduraren % 97 berreskuratu zen apirilaren 29rako.[13]

Sei hildako izan ziren Galizian itzalaldiaren ondorioz, tartean karbono monoxidoaren intoxikazioz hil ziren familia bereko hiru kide, Taboadelako etxebizitza batean sorgailu akastun batek eragindakoa.[14]

Portugalen, itzalaldiak Lisboako metroa, trenak eta zirkulazio argiak gelditu zituen. Sare mugikorrek ere muga handiak izan zituzten, batez ere ahots deietarako datu zerbitzuen bitartez. Ospitaleek sorgailu elektrikoak erabili behar izan zituzten ebakuntzak egiten segitu ahal izateko.[15]

Lisboako metroa gelditu egin zuten, seinaleztapen arazoak zirela eta, eta bidean gelditutako trenak hustu egin behar izan zituzten.[16] Fertagus konpainiaren aldiriko trenak geltokietan geratu ziren, eta poliziak hedatu ziren zirkulazio argien itzaltzeak eragindako arazoei aurre egiteko. Lisboako aireportua oso era mugatuan aritu zen lanean, eta 13:00ak (CEST) aldera itxi zuten. Portoko eta Faroko aireportuak elektrizitate sorgailuei esker moldatu ziren.[17]

Luis Montenegro lehen ministroaren kabineteak larrialdiko bilera bat egin zuen argindar etenaren inguruan.[18] Madeira eta Azore uharteak etenik pairatu gabe geratu ziren.[19]

Argindarra guztiz berreskuratu zuten Portugal osoan apirilaren 29an.[20]

Argindar eskariaren bilakaera Espainian, itzalaldia gertatu zenean.

Renfe Espainiako tren operadoreak esan zuenez, «Sare Elektriko Nazional osoa etenda» zegoen eguerdiko 12:30ean.[21][22] Guztira 35.000 bat bidaiari erreskatatu zituzten trenbide eta metroetatik, sistemak porrot eginda geratu ondoren.[23] Madrilgo Barajas nazioarteko aireportua argindarrik gabe geratu zen.[1] Espainiako agintariek jakinarazi zutenez, herrialdeko zentral nuklearrak automatikoki atera ziren saretik, sareko energia galdu zelako.[24] Telekomunikazio eta Internet zerbitzuak ere kaltetuak izan ziren; Netblocks gobernuz kanpoko erakundeak azaldu zuen web konexioak erabilera normalaren % 17ra beheratu zirela.[25] Era berean, sare nazionalaren datuek erakutsi zuten 12:15 inguruan (CEST) asko jaitsi zela estatu mailako eskaria, 27.500 MW-etik ia 15.000 MW-era.[18]

Madrilgo Udalak PEMAM («Plan Territorial de Emergencia Municipal del Ayuntamiento de Madrid») larrialdi plana aktibatu zuen. Gorte Nagusiak ere argindarrik gabe geratu ziren.[19]

Espainiako gobernuburu Pedro Sánchez Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren premiazko bilera egiteko deia egin zuen itzalaldiaren egoera aztertzeko.[18] Energia mozketa arintzeko, Marokok 900 MW-eko elektrizitatea eman zuen Gibraltarko itsasartea Fardiouatik Tarifaraino zeharkatzen duen Espainia-Maroko interkonexioaren bidez; Frantziak, berriz, 2 GW-rainoko elektrizitatea bidali zuen Katalunia eta Euskadiko Autonomia Erkidegoa hornitzen dituzten linea elektrikoen bidez.[26]

Kanariar Uharteetan, Ceutan eta Mielillan ez zuen eraginik izan itzalaldiak.[3]

Egunean zehar, aireportuak berriro martxan jarri ziren % 20ko edukiera murriztuarekin, eta Óscar Puente Garraio ministroak esan zuen distantzia luzeko eta ertaineko tren zerbitzuak ez zirela berriro hasiko hurrengo egunera arte.[27] Apirilaren 29ko 07:00etarako, elektrizitatea hornidura % 99ra itzuli zen.[20]

Forces Elèctriques d'Andorra Andorrako argindar hornitzailearen esanetan, Espainiatik etorritako argindar mozketak printzerrian eragin zuen segundo batzuez. Berreskuratze automatikoko sistema batek Andorrako sare elektrikoa Frantziakoarekin konektatu zuen. Andorra Telecom telefono eta internet operadoreak antzeko etena jakinarazi zuen Interneteko konexioetarako.[28]

Bigarren mailako ondorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Internet hornitzaileek, hala nola Orangek, arazoak izan zituzten Marokon, Espainian zerbitzariak lineaz kanpo zeudelako.[29]

Groenlandiako telekomunikazioak eten egin ziren, Kanaria Handiko uharteko Maspalomas estazioko ekipamenduekin aritzeko gai ez zirelako, telekomunikazio enpresa batzuek eskualdean jarduteko ezinbestekoa baitute bide hori.[30]

Itzalaldiaren eragileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugalen argindarra banatzeaz arduratzen den E-Redes erakundeak esan zuen porrota herrialdetik kanpo sortu zela, ziur aski Europako sare elektrikoko goi tentsioko lineetako akatsen ondorioz. Hastapenean, baztertu egin zuen zibereraso baten aukera.[15]

Frantziako hego-mendebaldean, sute batek Perpinyàren eta Narbona ekialdearen artean goi tentsioko linea elektriko bat kaltetu zuen eguerdian. Portugalgo REN konpainia elektriko nazionalak ere sute hori aipatu zuen eragiletzat.[31] Réseau de Transport d'Électricité linea elektriko hori mantentzeaz arduratzen den enpresak, aldiz, adierazi zuen elektrizitate mozketak ez zuela zerikusirik suarekin.[8]

16:03an (CEST), Portugalgo REN sare operadoreak esan zuen itzalaldiaren eragilea «Espainian gertatutako tenperatura aldaketak» izan zirela, fenomeno atmosferiko arraro bat eragin zutenak. Horrek oszilazioak sortu zituen goi tentsioko linea elektrikoetan eta sistemen arteko sinkronizazioa eten egin zuen. Sarea normaltasunera itzultzeko, astebete behar zela iragarri zuen.[6]

Incibe Espainiako zibersegurtasun agentziak gertakaria zibereraso batek eragin ote zuen ikertzen ari zela jakinarazi zuen,[32][33] nahiz eta hasierako analisiak ez zuen halako frogarik erakutsi.[34] Apirilaren 29ko goizean, REEk Espainiako hego-mendebaldeko sarearen deskonexio masibo bati egotzi zion itzalaldia. Erakundeak itzalaldiaren arrazoia zibereraso bat izatea baztertu egin zuen eta deskonexioaren arrazoia ikertzen ari zela iragarri zuen.[35][36]

Desinformazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argindar itzalaldiaren jatorriari buruzko zenbait baieztapen faltsu eta engainagarri zabaldu ziren. Sare sozialetan mezuak zabaldu ziren esanez Errusiaren zibereraso batek eragin zuela, faltsuki egotzita CNN International hedabideari eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari.[37] Portugalgo EDP Group argindar konpainiari ere faltsuki egotzi zioten albiste hori.[38]

Hedabide batzuek —besteak beste, CNN, The Guardian eta Reuters— jakinarazi zuten Portugalgo RENen iritziz «bibrazio atmosferiko induzitua» izeneko ustezko «gertaera atmosferiko arraro» baten ondorioz izan zela, eta «sistema elektrikoen arteko sinkronizazio akatsak» eragin zituela. RENek ukatu egin zuen halako adierazpenak egin zituenik.[39]

Interneteko zenbait hedabidetan, itzalaldia Belgikan, Alemanian, Herbehereetan, Finlandian eta Italian ere gertatu zela ziurtatu zuten.[40][41]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c Brezar, Aleksandar. (2025-04-28). «Spain, Portugal and parts of France hit by massive power outage» Euronews (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-04-28).
  2. (Ingelesez) «Gibraltar Unaffected as Power Outage Hits Spain, Portugal and France» Explore GBC (www.gbc.gi) (kontsulta data: 2025-04-29).
  3. a b c (Alemanez) «Massiver Stromausfall in Spanien und Portugal» Tagesschau (web.archive.org).
  4. (Gaztelaniaz) «Un gran apagón general afecta a toda España: Red Eléctrica activa de emergencia el plan de reposición del suministro eléctrico» El Mundo (web.archive.org) 2025-04-28 (kontsulta data: 2025-04-29).
  5. (Ingelesez) Geerts, Esther. (2025-04-28). «All trains across Spain halted after largest power outage in the history of the country» RailTech.com (kontsulta data: 2025-04-29).
  6. a b (Ingelesez) «Blackouts latest: 'Rare atmospheric phenomenon' behind huge outages in Portugal and Spain» Sky News (kontsulta data: 2025-04-28).
  7. Jaurena, Isabel. (2025-04-28). «Argindarra itzultzeko lanetan ari dira, eguerdian Europa hegoaldean eta mendebaldean izan den etenaren ostean» Berria (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-04-28).
  8. a b «En direct, panne d’électricité massive dans la péninsule Ibérique : la direction générale du trafic routier espagnole demande de ne pas circuler en voiture» Le Monde (web.archive.org) 2025-04-28 (kontsulta data: 2025-04-28).
  9. (Gaztelaniaz) Salazar, Agurtzane. (2025-04-29). «Aramaio consiguió recuperar la luz en media hora tras el gran apagón» Diario de Noticias de Álava (kontsulta data: 2025-04-29).
  10. (Katalanez) «Una apagada deixa tota la península ibèrica a les fosques: un incendi a les Alberes o un ciberatac entre les causes possibles» VilaWeb (kontsulta data: 2025-04-28).
  11. (Galizieraz) «Alén da Galiza: Estado español, Portugal, Francia... o sistema eléctrico cede en Europa» Nós Diario (web.archive.org) 2025-04-28 (kontsulta data: 2025-04-29).
  12. (Galizieraz) «A Xunta da Galiza suspende as aulas e a actividade nos centros de día para este 29 abril» Nós Diario (web.archive.org) 2025-04-28 (kontsulta data: 2025-04-29).
  13. (Galizieraz) «Galiza avanza cara a normalidade: recupera 97% da subministración eléctrica e pide ao Estado volver ao nivel 2 de emerxencia» Nós Diario (web.archive.org) 2025-04-29 (kontsulta data: 2025-04-29).
  14. (Galizieraz) «Tres mortes en Taboadela como posíbel consecuencia do apagamento» Nós Diario (web.archive.org) 2025-04-29 (kontsulta data: 2025-05-01).
  15. a b (Portugesez) Magno, Sérgio. (2025-04-28). «Apagão geral em Portugal e em várias zonas da Europa» Exame Informática (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-04-28).
  16. (Portugesez) Pereira, David. (2024-05-24). «Descarrilamento de metro. Linha verde interrompida, amarela já reabriu» Diário de Notícias (kontsulta data: 2025-04-29).
  17. (Portugesez) «Apagão geral afeta Portugal e outros países da Europa» SIC Notícias (web.archive.org) 2025-04-28 (kontsulta data: 2025-04-28).
  18. a b c (Ingelesez) «A major power outage is reported in Spain and Portugal, including their capitals» AP News (web.archive.org) 2025-04-28 (kontsulta data: 2025-04-28).
  19. a b (Portugesez) «Em Portugal há apenas energia elétrica na Madeira e nos Açores» www.jm-madeira.pt (kontsulta data: 2025-04-28).
  20. a b (Ingelesez) «Power restored in Spain and Portugal after massive blackout left millions stranded» France 24 2025-04-29 (kontsulta data: 2025-04-29).
  21. (Ingelesez) «Major power outages across Spain and Portugal hit transport systems, mobile networks, traffic lights and more» The Guardian (web.archive.org) 2025-04-28 (kontsulta data: 2025-04-28).
  22. (Ingelesez) «Huge power cut causes chaos in Spain and Portugal as trains, traffic lights, and payments hit» BBC News (web.archive.org) 2025-04-28 (kontsulta data: 2025-04-28).
  23. (Ingelesez) «Spain and Portugal focus on cause of huge blackout with power almost fully restored» AP News 2025-04-29 (kontsulta data: 2025-04-29).
  24. (Italieraz) «Mega black out in Spagna. Evacuata la metro di Madrid. Caos anche in Portogallo e Francia» La Repubblica (web.archive.org) 2025-04-28 (kontsulta data: 2025-04-28).
  25. (Ingelesez) «Power returns to most of Spain, Portugal after massive blackout» France 24 2025-04-28 (kontsulta data: 2025-04-29).
  26. (Ingelesez) Kirby, Paul. (2025-04-30). «How Spain powered back to life from unprecedented national blackout» BBC News (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-05-01).
  27. (Ingelesez) Finch, Walter. (2025-04-28). «Power cut latest: All medium and long distance trains in Spain cancelled for today but air traffic operating 'normally'» Olive Press News Spain (kontsulta data: 2025-04-29).
  28. (Katalanez) «Una apagada elèctrica a Espanya afecta el Principat d'Andorra» Diari d'Andorra 2025-04-28 (kontsulta data: 2025-04-28).
  29. (Ingelesez) Faouzi, Adil. (2025-04-28). «Orange Maroc Internet Service Severely Disrupted by Iberian Power Outage» Morocco World News (kontsulta data: 2025-04-29).
  30. (Ingelesez) Reuters. (2025-04-29). «Greenland satellite services disrupted after Spanish power blackout» The Print ISBN en. (kontsulta data: 2025-05-01).
  31. (Ingelesez) «Spain, Portugal and parts of France hit by massive power outage» Euronews (web.archive.org) 2025-04-28 (kontsulta data: 2025-04-28).
  32. (Ingelesez) «Massive power outages cause blackouts in Spain and Portugal» EL PAÍS English (web.archive.org) 2025-04-28 (kontsulta data: 2025-04-28).
  33. (Ingelesez) Cleave, Iona; Badcock, James. (2025-04-28). «Power outage latest: Spain, Portugal and France hit by blackout chaos» The Telegraph ISSN 0307-1235. (kontsulta data: 2025-04-28).
  34. (Ingelesez) Desmarais, Anna. «What could have caused the major power outage in Spain and Portugal? Experts weigh in» Euronews (www.euronews.com) (kontsulta data: 2025-04-29).
  35. (Gaztelaniaz) Vélez, Antonio M.. (2025-04-29). «Red Eléctrica descarta el ciberataque a sus instalaciones como causa del apagón» ElDiario.es (kontsulta data: 2025-04-29).
  36. (Ingelesez) «Spain rules out cyber-attack as cause of power outage as travel chaos continues» BBC News (kontsulta data: 2025-04-29).
  37. (Ingelesez) Gwyn Jones, Mared. (2025-04-30). «Iberian Peninsula blackout sparks spread of false theories online» Euronews (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-05-01).
  38. (Portugesez) Bruno, Cátia. «Caos no trânsito, comunicações cortadas e corridas às lojas. O longo dia em que um apagão paralisou o país» Observador (kontsulta data: 2025-05-01).
  39. (Portugesez) Sapage, Sónia. (2025-04-28). «Apagão: cuidado com estas quatro fake news que estão a circular» PÚBLICO (kontsulta data: 2025-05-01).
  40. «Kointzidentzia bitxia: itzalaldia baino pixka bat lehenago, Espainiak energia berdea hartu zuen» Pravda Euskal Herria (basque.news-pravda.com) 2025-04-28 (kontsulta data: 2025-04-30).
  41. (Gaztelaniaz) «Apagón masivo en Europa: Varios países se quedaron sin luz y autoridades investigan 'ciberataque'» Culturacolectiva 2025-04-28 (kontsulta data: 2025-04-30).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]