Edukira joan

Gironda eta Landetako suteak (2026)

2026ko baso-suteak Girondan eta Landetan» orritik birbideratua)
Gironda eta Landetako suteak
Irudi
Mapa
Motabaso-sutea
Denbora-tarte2026ko uztailaren 22a - 
KokalekuLandetako basoa
HerrialdeaFrantzia
Koordenatuak44°50′10″N 1°02′05″W / 44.835977°N 1.034827°W / 44.835977; -1.034827
Azalera42.000 ha
Honen ondorioastructure fire (en) Itzuli
ebakuazio
travel restriction (en) Itzuli
Multimedia
Suteek eragindako hodeiak.
Sutearen mapa uztailaren 26an.

Gironda eta Landetako suteak (2026) departamenduetan izandako baso-suteak 2026ko uztailaren erdialdetik aurrera Girondeko baso-mendiguneko hainbat sektore kaltetu zituzten sute sorta bat izan ziren. Suteak Bordeleren ingurumaria mehatxatu zuen, eta zenbait azpiegitura moztuak izan ziren.

Sute hauek, zenbait fasetan garatu zirenak, Akitania Berriko edo beste eskualde eta herrialde batzuetako 1.200 suhiltzaile baino gehiagoren esku-hartzea behar izan zuten, baita departamentuko jendarme eta jendarme mugikorren, polizia nazionaleko eta militarreko 1.000 indar baino gehiagoren esku-hartzea ere.

Lehorrez eta itsasoz, Cap Ferret penintsulatik iparraldeko Lacanaura eta ekialdeko Lantonera hamar milaka pertsona ebakuatu zituzten.[1] Lehendabiziko egunetan, 42 suhiltzaile zauritu ziren.[2] Uztailaren 26rako, 42.000 hektarea erre ziren, eta 220.000 pertsona ebakuatu zituzten haien etxeetatik.[3]

Girondako suteak 50 urte baino gehiagoko suntsitzaileenak izan ziren,[4] nahiz eta oraindik ez dituzten 1949ko erretako eremu errekorrak hautsi.[5] Abuztuaren 5ean, kontrolatutzat jo zen. Barne ministroak adierazi zuen Girondan eta Frantzian 2026. urte hasieratik izaniko suteen indarra eta barreiatzea guztiz ezohikoa zela.

Hedadura eta kalteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzia hego-mendebaldean 250.000 lagun inguru ebakuatu behar izan zituzten, herrialdeko gobernuak uztailaren 25ean jakinarazi zuenez. Gironda departamenduko sutea Saumos herrian piztu zen, eta 42.000 hektarea eta ehun eraikin inguru erre zituen. Sute hori hedatu zen heinean, ostegun 23ean, Frantziako Gobernuak agindu zuen Cap Ferret penintsula ebakuatu zezatela —Arcachon parean dago—, eta, larunbatean abisua ere eman zuen Bordeleko hiru auzo eta inguruko zazpi herri husteko. Larunbat gauean, beste 55.000 pertsona etxetik ateratzeko agindua eman zuen Sophie Brocas prefetak, Marcheprime, Le Barp, Biganos, Mios eta Cestàs herrietan.[6]

Landetako departamenduan piztutako beste sute batek 3.500 hektarea baino gehiago erre zituen Biscarrosse inguruan. Hori dela eta, 37.000 pertsona baino gehiago ebakuatu zituzten Biscarrossen, Parentisen eta Sanguineten. Lehen kontaketen arabera, 95 etxebizitzari kalte egin zien suak, eta 26 saltoki suntsitu zituen. Laurent Nuñez Barne ministroak larunbatean emandako prentsaurreko batean azaldu zuenez, suteek 98.000 hektarea inguru erre zituzten 2026an Frantziako Estatuan: «Errekor historikoa da».[6] Uztailaren 26rako, 220.000 pertsona ebakuatu zituzten haien etxeetatik.[3]

Landetako sutea ostegunean piztu zen, ibilgailu bat erre egin baitzen Biscarrossetik gertu. Bero handiak, haizeak eta Landetako basoek lagunduta, sutea azkar zabaldu zen inguruan. Sua Biscarrosseko industria eta bizitegi eremuetara iritsi zen.[6]

Girondan 750 suhiltzaile zeuden beharrean suteak itzaltzen. Horrez gain, 1.500 bat militar hedatu zituzten herrialdearen hego-mendebaldeko bi departamenduetan, sua itzaltzeko eta ebakuatzeko lanetan aritu daitezen. Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroak iragarri zuen 1,5 milioi FFP2 maskara bidaliko zituztela larrialdi zerbitzuetako langileak eta herritarrak babesteko.[6]

Girondako prefeturak uztailaren 30ean adierazi zuenez, sei su aktibo zeuden oraindik, baina denak egonkortuak. Horrek erran nahi zuen egoeraren larritzea saihestua zela momentuz, baina sutea kudeatu behar zutela oraindik. Igandetik geroz, uztailaren 26an, erretako hektarea kopurua egonkortu zen.[4] Abuztuaren 5ean, Sophie Brocas prefetak iragarri zuen suhiltzaileek sutea kontrolatu zutela.[7]

Azpiegituren segurtasuna kolokan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorospen taldeen lana errazteko, eskualdera bidaiatzen zutenei aholkatu zitzaien desplazamenduak atzeratzeko, eta dohainik egin ahal izango zituztela bidaiak.[8] Aldiz, asteburuak aurrera egin ahala, uztailaren 25etik 26ra, suteak ez ziren ahuldu, harrotu eta zabaldu baizik. Ondorioz, agintariak, azpiegituren segurtasuna arriskuan ikusita, neurriak hartzen hasi ziren. Bordeleko aireportua itxia izan zen.[6]

Igande goizerako, uztailak 26, suteak hedatu ziren, eta trafikoa zaildu. Girondako prefetak eskaturik, agintariek agindu zuten A63 autobidea 60 kilometroz partzialki ixtea, baita Bordelez hegoaldeko SNCF trafikoa etetea ere, hala Arcachonekin nola Akizerekin.[9] Ondorioz, AHTk (TGV) Paris eta Bordele arteko trafikoa zuen soilik. Hendaia abiaburu zuten AHTak ere kaltetuak izan ziren. Nolanahi ere, SNCFk iragarri zuen bidaiari kaltetuei dirua itzuli eta aldatu ahal izango zituztela.[9]

Akitania Berria eskualdeko prefeturak iragarri zuen Baiona eta Bordele (Okzitania) lotzen dituen A63 autobidea berriz irekiko zutela uztailaren 30ean 14:00etan. Izan ere, igandetik itxita zegoen trafikoa autobide horretan, eta auto pilaketak eragin zituen Baionan bertan hurrengo egunetan. Abiadura handiko trenaren trafikoa, berriz, geldirik jarraitu zuen, baita Tolosa Okzitaniara bidean ere. Euskal Herrira etortzeko, irekia zen tren trafikoa Tolosatik. Lineak itxita atxikitzekoak ziren agorrilaren 2ra arte.[4]

Erantzukizunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suteen sorburua pertsonei egotzi zaie. Piztu zituztelakoan, lau pertsona atxilotu zituzten. Bi gazteri leporatu zieten kiroldegi batera eta autobidera su artifizialak jaurtitzea, eta 33 urteko gizon bati zuhaixkei su ematea. Beste gizon bat ere atxilotu zuten, barbakoa bat basoan egiten ari zela eta, nahiz eta ez bide duen zuzeneko loturarik suak piztearekin.[10] Arcachongo ipar isurialdean zabaldu zen lehen sutearen sorburua sastrakak kentzeko obra bati egotzi diote, Enedis azpikontrata egiten ari zena, linea elektriko baten azpian. Egoiliar lekuko bat jabetu omen zen sua hedatzen ari zela traktore bat pasa ondotik.[11]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Susaeta, Igor. (2026-07-24). «Suteen ondorioz Cap Ferret penintsula ebakuatzeko agindu du Frantziako Gobernuak» Berria (kontsulta data: 2026-07-26).
  2. (Frantsesez) «Incendies : Sébastien Lecornu annonce le doublement des militaires déployés en Gironde, où 1,5 million de masques FFP2 vont être acheminés "dès cette nuit"» franceinfo 2026-07-24 (kontsulta data: 2026-07-25).
  3. 1 2 (Frantsesez) «Incendies en France: «115 000 hectares parcourus» depuis le début de l'année, selon Laurent Nuñez» RFI 2026-07-26 (kontsulta data: 2026-07-27).
  4. 1 2 3 Elkegarai, Leire Casamajou. (2026-07-30). «A63 autobidea berriz irekiko dute arratsaldean, Girondako eta Landetako suteak egonkortu baitituzte» Berria (kontsulta data: 2026-07-30).
  5. (Frantsesez) Lescurier, Charles. (2026-07-24). «Feux de forêt : l’incendie en Gironde est le plus dévastateur des 50 dernières années en France» Le Figaro (kontsulta data: 2026-07-25).
  6. 1 2 3 4 5 «Ia 200.000 lagun ebakuatu dituzte Frantzia hego-mendebaldeko suteengatik» Berria 2026-07-25 (kontsulta data: 2026-07-26).
  7. (Frantsesez) «La préfète annonce que les pompiers sont « maîtres du feu » en Gironde» Le HuffPost 2026-08-05 (kontsulta data: 2026-08-05).
  8. «"Les incendies menacent de traverser les voies" : le trafic ferroviaire interrompu au sud de Bordeaux, annonce la SNCF» TF1Info 2026-07-26.
  9. 1 2 (Frantsesez) «Incendies : trafic SNCF interrompu au sud de Bordeaux, A63 fermée en partie... rejoindre ou quitter le Sud-Ouest tourne au casse-tête pour les vacanciers ce dimanche» La Dêpeche 2026-07-27.
  10. Lau pertsona atxilotu dituzte Girondan, suteak eragitea leporatuta. 2027-07-25.
  11. (Frantsesez) «Ce que l’on sait sur l’origine des incendies dans les Landes et en Gironde» Le HuffPost 2026-07-24 (kontsulta data: 2026-07-27).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]