4.0 Industria

Wikipedia, Entziklopedia askea

4.0 Industrialaugarren industria iraultza,[1] industria adimentsua[2] edo etorkizuneko ziberindustria[3] izenez ere ezaguna— ekoizpen baliabideak antolatzeko era berri bat da. Lortu nahi den helburua da beharrizan eta ekoizpen prozesuei moldagarritasun handiagoa eskaintzeko eta baliabideen esleipena era efizienteagoan egiteko gai diren fabrika adimenduak (smart factories) abiaraztea, industria iraultza berri honi bidea irekiz.[4]

Joera hau kontzeptu teknologiko berri batzuetan oinarritzen da, besteak beste: Gauzen Internet; Sistema ziberfisikoak, Cultura maker (zuk zeuk egin metodoa), 4.0 fabrika[5][6] Hala ere, 4.0 Industria ez da esandako puntuetara mugatzen, hori baino gehiago da. 4.0 Industria laugarren industria iraultzaren oinarri sendoa da, ekonomiaren unitate emankor guztien digitalizazio eta koordinazioaren ideiaren garrantzia azpimarratzen duena.[7]

4.0 Industriaren kontzeptua ez da oraindik ere errealitate bermatu edo finkatu bat, Internetaren eta puntako teknologien erabilera intentsiboa eginez hurrengo urteetan gizarte aldaketa nabarmenak lor ditzakeen garapen industrialaren une bereizgarri bat baizik. Hau dena, adimentsuagoak eta ingurumenarekiko jasangarriagoak diren eta bai elkarrekin bai eta eskari/eskaintza merkatuekin hobeto komunikatuak egongo diren energia sorgailu zein industria plantak garatzeko helburuarekin.[4]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakion ezaugarri bat da teknika ezberdinak erabiltzea lehengaiak gure beharrizanak asetuko dituen produktu bilakatzeko. Esan daiteke, suaren erabilpena izan zela industria aktibitateen hasiera; hala, industria presente egon da historian zehar, nahiz eta ez duen XVIII. mendearen amaierara arte garrantzia hartzen, lehen Industria Iraultza gertatzen denean hain zuzen.

Lurrun makinak zeharo aldatu zituen ekoizpen prozesuak ehungintzan edo altzairuaren fabrikazio sektoreetan lurrunezko instrumentu mekaniko berriak sartzean. Ingalaterrak botere handia irabazi zuen industriaren arloko lurralde aitzindari bihurtuz.

XIX. mendearen erdialdean, industria kimiko, petrolio eta metalurgia sektoreetan garapen esanguratsuak eman ziren. Petrolioa, gasa edo elektrizitatea bezalako energia-iturri berrien agerpenak eta hauen produkzio bortitzak bigarren Industria Iraultza ekarri zuen. Berrikuntza tekniko hauek industriara moldatu ziren lehen kate edo lerro ekoizpenekin.

Hirugarren industria iraultza informazio eta komunikazio teknologien (IKT) eta elektronikaren aplikazioaren bitartez jaso zen, prozesu industrialen automatizazioa lortuz. Honek erabateko aldaketa ekarri zuen ez bakarrik industrian, baita gizartean edo jendearen egunerokotasunean ere. Aldaketen aldi honetan, energia berriztagarriek, hauen biltegiratze sistemek zein eta garraio sare adimentsuek garrantzi handia hartu zuten.

Egun, laugarren industria iraultzaren prozesuan murgildurik aurkitzen gara. Iraultza hau, industria arloan Interneta aplikatzean oinarritzen da digitalizazioaren, informazio teknologien eta gailu adimentsuen bitartez sareak konektatu eta makinak elkar komunikatzea lortuz. Iraultza hau da, hain zuzen, 4.0 Industria bezala ezagutzen dena.

Oinarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

4.0 Industria Informazio eta komunikazio teknologien eta elektronikaren prozesu industrialetako aplikazio bezala uler daiteke. Guztia prozesuen hobekuntza eta erabakien hartzean laguntzerako orduan adimena gehitzeko helburuaz.

4.0 Industriaren termino hau laugarren industria iraultzatik dator. Aurreko hiru iraultzekin alderatuz, laugarren hau automatizaziotik haratago doa: helburua lehen isolaturik zeuden sistema ezberdinak elkar komunikatzea da, informazioa trukatu, prozesatu eta erabakiak hartu ditzaten, esan bezala, efizientzia handitu eta ekoizpen prozesuak hobetzeko bidean. Mugimendu hau Alemaniako gobernutik dator, zeinak egitura industrial sendo eta garrantzitsua izanik ingurune horren barruan agertu ziren teknologia berriak aplikatzeko aukera ikusi zuen 2010eko hamarkadaren hasieran; hau da, jarduera industrialak eta iraultza digitala uztartu nahi izan zituen lehiakortasuna handitzeko asmoz. Ideia hau, Alemaniatik munduko gainerako herrialdeetara hedatu zen.

Nanoteknologia, bioteknologia, materialen zientzia eta bestelako eremuetako aurrerapen teknologiko nabarmenez gain, aro berri hau eragin digitalaren lekuko da sektore nahiz gizarte eremu guztietan. Informazio eta komunikazio teknologiak, Internetekin batera eguneroko bizitza erabat aldatzen ari dira: gizarte ereduak, eredu ekonomikoak, politika eta nola ez, industria. Izan ere, nabarmena da industriak duen eragina herrialde baten BPGaren hazkundean.[8]

Iraultza honek berarekin dakartzan aukera eta erronkei dagokienez, enpresa prestatuagoa egongo da bezeroaren nahiak eta eskakizunak asebetetzeko haren neurrirako konponbide eta erantzun azkarrekin. Fabrikazio gehigarriak ekoizpena momentuko denborara moldatzea baimenduko du; balio katearen elementu guztien kolaborazio eta bateratzeak bezeroa prozesuaren erdigunean kokatuko du; sentsoreen bitartez jasotako eta makinek zein produktuek igorritako seinaleen bitartez lortutako informazioak lan fluxuak eta prozesuen automatizazioa hobetzen lagunduko du. Honek guztiak, pertsonen, datuen eta makinen elkarrekintza ahalbidetuko du, enpresaren eraginkortasun eta emankortasunean zuzenean eragingo duen sistema integratuak eratuz.

Makinak elkarren artean komunikatuko dira eta eragiketa kolaboratzaile konplexuak gauzatuko dituzte, segurtasun protokoloak antolatuz eta arazo eta irregulartasunak era zehatzean identifikatuz. Makinak elementu mekaniko soil izatetik prozesuaren funtsezko elementu adimentsuak izatera igaroko dira. Produktuak berak bere baitan izango duen informazioak garrantzia hartuko du: ekoizpen, merkaturatze eta mantentzerako oinarri izango da eta bezeroengana zuzendutako negozio eredu berriak sortuko dira.

Hau guztia lortzeko, informazio sistemen bateratzetik lortutako datu bolumen heterogeneo eta izugarria tratatzea erronka garrantzitsua da; beharrezkoa da informazio hori datu erabilgarri bihurtzea eta hau smart data edo datu adimentsuei esker lortuko da.

Nabarmentzeko beste erronka bat 4.0 Industriari atxikitzen zaion sistemen konektagarritasunean dago; komunikazio sistema estandarizatuen erabilpenak zibersegurtasunaren mehatxuen eraginpean egoteko aukera dakar. Ezinbestekoa da, hortaz, sare fidagarri, seguru eta sendoak edukitzea.

Hau guztia ikusita, arazo nagusiak alde teknologikotik etorriko direla pentsa daitekeen arren, benetan zailena eredu aldaketa hau era eraginkorrean kudeatzea izango da; hain zuzen, 4.0 Industriak eskaintzen dituen aukera guztiak baliatuko dituen egitura osatzea.

Teknologiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

4.0 Industriak hainbat teknologia aurreratu eskaintzen ditu.

  • Big data: Egun, enpresa batek prozesu eta sistemen, zerbitzuen zein datuen trafikoaren inguruko informazioa itzela bil dezake, eta hau guztia eskuz kudeatzea ezinezkoa da. Orain arte erabilitako baliabide guztiak gainditzen dituen datuen bolumenaren aurrean gaude: posta elektronikoak, argazkiak, mugikor seinaleak, kamerak, formulario datuak… Datuen analisiak prozesuen portaerari buruzko informazioa eman dezake: emaitzen antzemate edo neurri berezien bitartez, prozesuak eduki ditzakeen arazoak aurreikusi daitezke, edo prozesu konplexu batean erlazionaturik dauden elementuak zehaztu iragarpenaren eta probabilitatearen laguntzaz kudeaketa erraztuz. Lortutako informazio honekin guztiarekin, beharko diren baliabideen aurreikuspena egin daiteke simulazioak erabiliz, beraien erabilera optimizatu eta etorkizuneko gertaerak iragarriz.
  • Fabrikazio gehigarria eta 3D inprimaketa: Fabrikazio gehigarria pieza eta produktuak ekoizteko eredu berri bat da. Materialak optimizatu, forma berri eta konplexuak sortu, diseinuak pertsonalizatu, produkzio denborak murriztu edo gastuak aurrezteko aukera eskaintzen du. 3D inprimaketa teknologietan polimeroen erabilera gailentzen da.
  • Sistema ziberfisikoak eta gauzen Internet (Internet of things): Gauzen Internetek objektuek Internetekin duten interkonexio digitalari egiten dio erreferentzia. Sistema ziberfisikoek punta-puntako sofwareak sistema fisikoekin uztartzen dituzte. Hildo honetan, gauzen Internetek funtsezko garrantzia du elementu guztien lotura katalizatzerakoan. Hainbat elementu konektatzeak aukera emango du edoizen lekutatik prozesuaren, instalazioen edo makinen efizientziaren, zein hauen egoeren informazio xehatua lortzeko, prozesuen automatizazio hobea lortuz.
  • Zibersegurtasuna: Instalazio eta prozesu industrialak Internetekin konektatzean, mehatxu zibernetikoen eraginpean geratzen dira. Zibersegurtasuna, hain zuzen, erakunde edo industriako informazioaren erabiltze, prozesatze, biltegiratze eta transmisiotik eratorritako ziberespazioko arrisku edo mehatxu horiek kudeatzeko diseinatu den teknologia, praktika eta prozesuen multzoa da.[9]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Perasso, Valeria. (2016-10-12). «Qué es la cuarta revolución industrial (y por qué debería preocuparnos)» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2018-11-21).
  2. La fabrica inteligente. 2014ko urriak 15.
  3. (Gaztelaniaz) «El futuro de la industria de Defensa (y V): capacidades futuras, UAV y «ciber»» Por Tierra, Mar y Aire 2013-12-18 (Noiz kontsultatua: 2018-11-21).
  4. a b (Frantsesez) «Demain des usines pilotées par internet» Challenges (Noiz kontsultatua: 2018-11-21).
  5. (Frantsesez) «Les Etats-Unis misent gros sur la cyber-physique - L'Atelier BNP Paribas» L'Atelier BNP Paribas (Noiz kontsultatua: 2018-11-21).
  6. CERIST - AUTOMNE SCHOOL. 2014-04-15 (Noiz kontsultatua: 2018-11-21).
  7. (Ingelesez) «Global consulting» Roland Berger (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).
  8. Navarro, Mikel. (2016). «Reflexiones sobre la Industria 4.0 desde el caso vasco» Eskonomiaz (89).
  9. (Gaztelaniaz) «Nuevos retos de la Ciberseguridad en la Industria 4.0» CIC Consulting Informático 2017-09-01 (Noiz kontsultatua: 2018-11-21).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]