Edukira joan

Abdu'l-Baha

Wikipedia, Entziklopedia askea
Abdu'l-Baha

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakعَبّاس اَفَندی
JaiotzaTeheran, 1844ko maiatzaren 23a
HerrialdeaQajar dinastia
HeriotzaHaifa, 1921eko azaroaren 28a (77 urte)
Hobiratze lekuaHaifa
Familia
AitaBahá'u'lláh
AmaÁsíyih Khánum
Ezkontidea(k)Munírih (en) Itzuli  (1873 -  1921)
Haurrideak
Jarduerak
Jarduerakerlijio burua, Baháʼí (en) Itzuli, filosofoa eta philosopher of religion (en) Itzuli
Jasotako sariak
Ideologia eta sinesmenak
ErlijioaBahá'í fedea

Find a Grave: 8471 Edit the value on Wikidata

ʻAbdu'l-Bahá ( / ə b d ʊ l b ə h ɑː /; persieraz: عبد البهاء Teheran, 1844ko maiatzaren 23Haifa, 1921ko azaroaren 28); jaiotizena, ʻAbbas (persieraz: عباس). Mirza Husayn-Alí eta Asiyih khanum-en seme nagusia izan zen.[1] Bahá'í tradizioan, ʻAbdu'l-Bahá, Bahá'u'lláh eta Báb-ekin batera, fedearen historiako figura nagusietako bat da eta haren idazkiak zein egiaztatutako hitzaldiak bahá'í literatura sakratuaren parte dira.[2]

Aitak bere ondorengo eta Bahá'í Fedearen buru izendatu zuen, eta, halaber, Bahá'u'lláh eta haren jarraitzaileen arteko Itunaren erdigune. Bahá'í komunitatearen Maisua (ing. the Master) izenez ere ezaguna, bahá'í irakaskuntzen eredu perfektutzat hartua eta bahá'í idazki sakratuen interprete baimendua izanik, eginkizun horiek bete zituen 1892an aita hil zenetik 1921ean bera hil zen arte.[3]

Bere bizitzaren urte gehienak erbestean atxilo igaro zituen Otomandar Inperioaren agintarien menpe, 1908an askatu zuten arte, eta ondoren Mendebaldera egindako bidaietan Bahá’í mezua Ekialde Hurbiletik haratago zabaldu zuen. Bere idazlanen artean, Borondatea eta Testamentuan egungo Bahá’í administrazio-antolamenduaren oinarriak ezarri zituen; Jainkozko Planaren Lauzak izeneko gutun-sortan, berriz, Ipar Amerikako bahá'íak indartu zituen Bahá’í irakaspenak lurralde berrietara heda zitzaten.[4]

Teheranen jaio zen, familia aristokratiko batean. Zortzi urte zituela, aita espetxeratu egin zuten, gobernuak Bábí Fedearen aurkako errepresio-kanpaina baten ondorioz, eta familiaren ondasunak arpilatu zituzten, ia pobrezian utziz. Ondoren, aita Persiatik erbesteratu zuten eta familia Bagdaden (Irak) kokatu zen, non hamar urtez bizi izan baitziren. Geroago, Otomandar agintariek Istanbulera deitu, eta, geroago, Edirnera eraman zituzten, beste atxiloketa-aldi bati hasiera emanez. Azkenik, ʻAkkáko kartzela-hirira bidali zituzten. ʻAbdu'l-Bahák Palestinan preso jarraitu zuen 1908ra arte, Turkiar Gazteen Iraultzaren ondorioz, 64 urte zituela, askatu zuten arte. Harez geroztik Haifan bizi izan zen.

Lehen Mundu Gerra garaian, 1914tik 1918ra bitartean, Haifan eman zuen. Gerra amaitu ondoren, Palestinako Britainiar Mandatuak Otomandar inperioa ordezkatu zuen, eta garai horretan Britainiar Inperioaren Ordenako Knight Commander izendatu zuten, gerra ostean populazioa elikatzen lagundu izanagatik.[5]

Haurtzaroa (1844–1853)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ʻAbdu'l-Bahá Teheranen jaio zen, Persian (gaur egungo Iran), 1844ko maiatzaren 23an (1260 AHko Jamadiyu'l-Avval hilabeteko 5ean), Baháʼu'lláh eta Navváb-en seme nagusia izan zen. Jaiotzean ʻAbbás izena jarri zioten, aitaren aldeko aitonaren izena, hau da, Mírzá ʻAbbás Núrí, Persiako noble garrantzitsuarena, hartuta.[6] Haren jaiotza Báb-ek bere misioa aldarrikatu zuen gau berean gertatu zen.[7]

Lehen urteak ingurune oparo batean igaro zituen, familiaren aurretiazko estatus aristokratikoari esker. Garaikideek zein ondorengo testigantzek familiaren bizimodu erosoa deskribatzen dute, Teheranen zein Nur eskualdeko landa-eremuan zituzten etxebizitzetan.[8] Bere anai-arrebekin hazi zen, arreba bat, Bahíyyih, eta anaia bat, Mihdí, lagun.[9] Geroko oroitzapenetan, ʻAbdu'l-Bahák Bábí mugimenduko pertsonaia nagusiekin izandako harremanak aipatu zituen, Táhirih barne, hark haurtzaroan erakutsitako arreta eta afektua gogoratuz.[10] Halaber, gurasoek ekimen karitatiboetan zuten parte-hartzea gogoratu zuen, besteak beste, etxearen zati bat emakume eta haurren ospitale egokitu zutenekoa.[11]

Zazpi urte zituela, urtebete inguru, eskola tradizional batera joan zen.[12] Ondoren, haren heziketaren ardura batez ere amak eta osabak hartu zuten, aita izan bazen ere haren prestakuntza intelektualean eragin nagusia izan zuena.[13][14] 1890ean, Edward Granville Browne orientalista britainiarrak ʻAbdu'l-Bahá hiztun bikain gisa deskribatu zuen, judaismoaren, kristautasunaren eta islamaren testu sakratuak sakon ezagutzen zituena.[15]

Garai hartako testigantzen arabera, ʻAbdu'l-Bahá haur hiztun eta erakargarria zen. Zazpi urte zituela, tuberkulosia hartu zuen, eta hilzorian egon zen. Sendatu bazen ere, gaixotasun horren ondorioz, osasun-arazoak izan zituen behin eta berriz bizitza osoan.[16][17][18]

Zortzi urte zituela, 1852an, aita espetxeratu egin zuten. Gertaera horrek haurraren bizitza erabat aldatu zuen, espetxeratzearen ondorioz jabetza guztiak kendu baitzizkieten eta beste haurren erasoak jasan behar izan baitzituen.[19] Egun batean, ama lagundu zuen Baháʼu'lláh bisitatzera lurpeko ziega batean preso zutelarik.[9] Geroko oroitzapenetan, ʻAbdu'l-Bahák kartzelara sartzeko unea eta aitarengana iritsi aurretik itzularazi egin zutela idatzi zuen, esperientzia hori berarengan biziki markatuta geratu zela adieraziz.[20]

Erbestealdiak (1853-1908)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abdu'l-Baháren aita atxilotu eta Teherango Síyáh-Chál izeneko lurpeko ziegan espetxeratu zuten 1852ko abuztuaren 15ean, eta lau hilabete inguru eman zituen han preso. 1852ko abenduan askatu egin zuten, Persiatik alde egiteko baldintzapean, eta horrek bere erbesteratzearen hasiera markatu zuen. Familia erbestean egongo zen Irandik kanpo, bizitza amaitu arte.

Bagdad (1853-1863)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espetxetik atera eta gutxira antolatu zen erbesteratzea. 1853ko neguan —bahá'í kroniken arabera, urtarrilaren 12an— Baháʼu'lláh bere familiarekin eta beste 70 babirekin batera, Bagdadera abiatu zen.[21]

1853ko negua bereziki gogorra izan zen. Erbesteratuek Zagros mendietan barrena pasa behar izan zuten, Irango mendebaldeko eskualde menditsu eta elurtuak zeharkatuz, sarritan arropa eta baliabide eskasekin. Baldintza horiek bereziki gogorrak izan ziren Abdu'l-Bahárentzat, garai hartan 8 urteko haurra baitzen. Bidean eskuak eta oinak izoztu zitzazizkion eta, zenbait iturriren arabera, horren ondorioz bizitza osoan oinazeak pairatu zituen, batez ere oinetan.[22]

Bagdadera iritsi ondoren, erbesteko babi komunitatea, Abdu'l-Baháren familia parte zela, noraezean zebilen bere buruzagi guztiak exekutatuak izan baitziren. Mírzá Yahyá —Baháʼu'lláh-ren anaiaorde gazteagoa— komunitate bábíaren zaintzaile formala zen, baina ez zuen lidergo espirituala edo praktikoa bere gain hartu. Báb-ek zaintzaile-eginkizuna esleitu bazion ere, hein handi batean ezkutuan bizi zen. Aitzitik, Baháʼu'lláh gero eta eragin handiagoa zuen erbesteratuen artean, bere itzal pertsonalagatik eta komunitatea sostengatzeko eta antolatzeko egiten zuenagatik. Aginte formala eta lidergo praktikoa bat ez etortze horrek barne-tentsioak areagotzen lagundu zuen.[23]

Zailtasunez eta barne-tentsioz markatutako urte baten ondoren, Baháʼu'lláh-k bizitza publikotik aldendu nahi izan zuen, Mírzá Yahyárekin piztutako gatazka saihesteko asmoz. Horrela, 1854ko apirilean, ʻAbdu'l-Bahá-ren hamargarren urtebetetzea baino pixka bat lehenago, Sulaymaniyako mendietan bakartu zen.[24] Bahá'u'lláh-ren erretiratze garaian, Bagdaden geratu zen familia-nukleoaren barne-kohesioa sendotu zen, batez ere ʻAbdu'l-Bahá, bere ama Ásiyih Khánum, arreba Bahíyyih Khánum eta anaia gaztea Mírzá Mihdí artean.[25][26]

Adinez gaztea bazen ere, ʻAbdu'l-Bahák familiaren kontuen kudeaketarekin lotutako ardura batzuk bere gain hartu behar izan zituen,[27][a] Urte haietan, irakurketari eta Báb-en idazkien kopiak egiteari eskaini zitzaion, garai hartan eskuizkribuak baitziren zabalkunderako bitarteko nagusia.[28] Zalditeriaren zaletasuna ere garatu zuen, eta adinarekin batera, zaldizko trebe gisa ezaguna egin zen.[29]

1856an, familiak albisteak jaso zituen tokiko sufi maisuekin eztabaidetan aritzen zen dervixe bati buruz, eta horrek itxaropena piztu zuen pertsona hori Baháʼu'lláh izan zitekeelakoan. Senideak eta lagunak haren bila abiatu ziren, eta 1856ko martxoan Baháʼu'lláh Bagdadera itzularazi zuten.[30][31] Aita ikustean, iturrien arabera, ʻAbdu'l-Bahá belaunikatu eta negarrez hasi zen, zergatik atzean utzi zituen galdetuz.[32][33]

Aita itzuli ondoren, ʻAbdu'l-Bahá estuki lotu zitzaion, haren idazkari gisa jardunez eta laguntza pertsonala eskainiz.[19] Bagdaden eman zituen ondorengo urteetan, haurtzarotik heldutasunera igaro zen. Bagdaden emandako azken urteetan, Abdu'l-Bahá (Bahá-ren zerbitzaria) izena hartu zuen. Garaiko iturriek jarduera karitatiboetan zuen inplikazioa azpimarratzen dute.[34] Heldutasun-adina gaindituta, maiz ikusten zuten Bagdadeko meskitetan eztabaida erlijiosoetan parte hartzen.[b] Aitak eskatuta, “Altxor Ezkutua nintzen” izenez ezagutzen den tradizio islamikoari buruzko iruzkin bat idatzi zuen, ʻAlí Shawkat Páshá súfi maisuarentzat.[35] Garai hartan hamabost edo hamasei urte inguru zituen, eta ʻAlí Shawkat Páshák halako idazlana —11.000 hitzetik gorakoa— idatzi izana adin horretako pertsona batentzat lorpen nabarmena zela iritzi zion.

1863ko apirilean, geroago Ridváneko Lorebaratza izenez ezagutuko zen tokian, Baháʼu'lláh-k lagun talde txiki bati iragarri zion Báb-ek iragarritako figura bera zela. Baháʼí iturrien arabera, aldarrikapen hori ezagutu zuen lehen pertsona ʻAbdu'l-Bahá izan zen, Ridvan-en emandako hamabi egunetatik lehendabizikoan.[36][37]

Konstantinopla / Hadrianopolis (1863-1868)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
ʻAbdu'l-Bahá (eskuinean), bere anaia Mírzá Mihdírekin

Bagdadeko bábí komunitatea Persiako mugatik gertu sendotzen ari zela ikusita, eskualde hartako agintariek mugimendu hori mehatxu erlijioso eta politiko gisa interpretatu zuten. Testuinguru horretan, Bahá'u'lláh bezalako buruzagi nabarmenak estatuaren egonkortasunerako arriskutsutzat jo zituzten.

Erbesteratuak Irango mugatik urruntzeko asmoz, Otomandar agintariek 1863an Baháʼu'lláh Konstantinoplara (egungo Istanbulera) deitu zuten. Orduan hemeretzi urte zituen ʻAbdu'l-Bahák, eta familia osoarekin nahiz jarraitzaile talde zabal batekin batera abiatu zen, 110 egun iraun zuen bidaian.[38] Konstantinoplarako ibilbidea luzea eta neketsua izan zen,[32] eta bidean ʻAbdu'l-Bahák erbesteratuei laguntza ematen jardun zuen.[9] Iturrien arabera, jokabide horrek aintzat hartuagoa bihurtu zuen bidaideen artean.[39]

Egun haietan, Baháʼu'lláh-k Adarraren Lauza (Lawḥ-i-Ghusn) idatzi zuen; non bere seme nagusiari G͟husn-i-Aʻzam (“Adar Handiena” edo “Adar Nagusia”) titulua eman baitzion.[40]

Otomandar Inperioko hiriburuan lau hilabete inguru eman ondoren, familia Hadrianopolisa (egungo Edirnera) erbesteratu zuten, inperioaren mendebaldeko muturrean zegoen hirira, non preso politikoak bidaltzen baitzituzten; ʻAbdu'l-Bahá ere haiekin joan zen. Bidean, berriro ere, hotz eta izozte gogorrak pairatu zituzten.[39]

Hadrianopolisen, ʻAbdu'l-Bahák familiare baitan laguntza- eta egonkortasun-iturri gisa jardun zuen, bereziki amaren aldean.[38] Bagdadetik irten zirenetik, jarraitzaile bábí askok ʻAbdu'l-Bahá izenez deitzen zioten, eta persieraz errespetuzko tratamendu gisa Áqá ʻAbdu'l-Bahá ere erabiltzen zuten; babí ez zirenek, berriz, ʻAbbás Effendi esaten zioten (effendi hitzak «jauna» esan nahi du). Hiri horretan bertan, Baháʼu'lláh-k bere semeari “Jainkoaren Misterioa” titulua eman zion.[39][c]

Urte horietan, mugimendu bábíaren barne-zatiketa areagotu egin zen, Baháʼu'lláh-ren jarraitzaileen eta Mírzá Yaḥyá-ren (Subḥ-i-Azal) jarraitzaileen arteko liskarren ondorioz. Testuinguru horretan, otomandar agintariek bi taldeak banatzea erabaki zuten: azalíak Ziprera bidali zituzten, eta Baháʼu'lláh eta haren jarraitzaileak Palestinara (ʻAkkára); bi kasuetan, jarraitzaile gutxi batzuk kontrako taldean sartuta geratu ziren.

Erbesteratze hori prestatzeko garaian, hainbat aukera aztertu ziren, eta baháʼí iturrien arabera, Baháʼu'lláh familiatik bereizteko aukera ere aipatu zen. Iturri berberen arabera, ʻAbdu'l-Bahák agintarien aurrean esku hartu zuen familia elkarrekin mantendu ahal izateko. Azkenean, kide guztiak batera erbesteratu zituzten ʻAkkára.[32]

Bahá'u'lláh eta bere familiaren bizilekua ʻAkka-ko presondegian.

24 urte zituela, ʻAbdu'l-Bahák bere gain hartu zuen familia- eta komunitate-bizitzaren administrazio- eta antolaketa-ardura, eta Baháʼí komunitatearen kide nabarmen gisa jardun zuen.[28]

1868an, Otomandar agintariek Baháʼu'lláh eta haren familia Palestinako ʻAkká-ko zigor-koloniara erbesteratu zituzten (gaur egungo Israelen). Erbesteratzea baldintza gogorretan gauzatu zen, eta garaiko testigantzen arabera, askok zalantzan jartzen zuten presoek bizirik iraungo ote zuten.[41]

Bidaia itsasontziz egin zuten. Lehorreratzean, emakumeak gizonen sorbaldetan esertzera behartu zituztela aipatzen dute zenbait iturrik, itsasertzera iritsi ahal izateko. ʻAbdu'l-Bahák aulkiak lortu zituen eta emakumeak modu seguruagoan lehorreratzen lagundu zuen.[d] ʻAkkára iristea une bereziki zaila izan zen erbesteratuentzat. Hiriko biztanleen jarrera hasiera batean etsaitasunezkoa izan zen, eta erbesteratuek tratu txarrak jasan zituzten.[39][42]

Hasieran, espetxeratze-baldintzak oso gogorrak izan ziren; baháʼíak ziega zikinetan eta osasun-baldintza eskasetan atxiki zituzten. Gaixotasunak hedatu ziren, eta ʻAbdu'l-Bahák gaixoak artatzen lagundu zuen, anestesiko bat eskuratuz eta mediku baten laguntza lortuz. Disenteria kasuak ere izan ziren, eta horren ondorioz egoera larria sortu zen preso askorentzat.[43][42]

Garai horretan, barne-tentsioak ere sortu ziren; zenbait iturrik Siyyid Muhammad-i-Isfahaniren (Azalí) jokabidea gatazken iturri gisa aipatzen dute.[9][28]

1870ean, ʻAbdu'l-Baháren anaia gazteagoa, Mírzá Mihdí, istripu baten ondorioz, hil egin zen 22 urte zituela. Haren heriotzak eragin handia izan zuen familian.[9][43]

Urte batzuk geroago

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denborak aurrera egin ahala, ʻAbdu'l-Bahá-k pixkanaka bere gain hartu zuen baháʼí erbeste-erkidego txikiaren eta kanpoko munduaren arteko harremanen ardura. ʻAkkáko biztanleekin izan zuen elkarreraginaren ondorioz, baháʼí iturrien arabera, pixkanaka baháʼíen errugabetasuna aitortzen hasi ziren, eta espetxeratze-baldintzak arindu egin ziren.[28]

1870ean Mírzá Mihdí hil ondoren, familiak kartzelako eraikinetatik ʻAbbúd etxera lekualdatzea lortu zuen. Denborarekin, ʻAkkáko biztanle askok baháʼíekiko jarrera aldatu zuten, eta bereziki ʻAbdu'l-Bahá errespetatzen hasi ziren. Ondoren, familiak etxeak alokatzeko aukera izan zuen, eta 1879 inguruan Bahjí etxera joan ziren, epidemia batek hiriko biztanle asko alde egitera behartu zituenean.[28]

Garai horretan, ʻAbdu'l-Bahá gero eta ezagunagoa bihurtu zen ʻAkkáko zigor-kolonian. Myron Henry Phelps New Yorkeko abokatuak, urte batzuk geroago, honela deskribatu zuen hango giroa: hainbat siriar, arabiar, etiopiar eta beste herrialde batzuetako pertsona ʻAbdu'l-Bahárekin hitz egiteko zain egoten zirela adierazi zuen.[44][45][46]

ʻAbdu'l-Bahák Bábí mugimenduaren historiari buruzko lan bat idatzi zuen, Makála-i-Shakhsí Sayyáh (Bidaiari baten kontakizuna), 1886an argitaratua. Lan horren ingelesezko bertsioa Edward Granville Brownek itzuli zuen, eta 1891n Cambridgeko Unibertsitateak argitaratu zuen.[e]

ʻAbdu'l-Bahá 24 urte zituela

Ezkontza eta familia-bizitza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ʻAbdu'l-Bahá gaztea zenean, baháʼí komunitatean haren ezkontzari buruzko espekulazioak zabaldu ziren.[42][47] Hainbat neska gazte ezkontzarako hautagai gisa aipatu ziren arren, badirudi ʻAbdu'l-Bahák ez zuela ezkontzeko interes handirik azaltzen.[42]

1873ko martxoaren 8an, aitaren eskariz, hogeita zortzi urte zituela, Fátimih Nahrí Isfahánirekin (1847–1938) ezkondu zen.[9][48] Emaztea hogeita bost urteko Isfahango goi-mailako familia baten alaba zen. Haren aita, Mírzá Muḥammad ʻAlí Nahrí, baháʼí nabarmena zen eta harreman garrantzitsuak zituen.[f][42][47]

Fátimih Persiatik ʻAkkára joan zen, Baháʼu'lláh eta haren emazte Navvábek ezkontza hori bultzatu zutelarik. Isfahandik ʻAkkárainoko bidaia luzea eta neketsua izan zen, eta 1872an iritsi zen, anaiarekin batera. Ezkontza gauzatu aurretik, bost hilabete inguru eman zituzten elkar ezagutzen; denbora horretan, Fátimih ʻAbdu'l-Baháren osaba Mírzá Músáren etxean bizi izan zen.[42][49][50]

Ondoren, Baháʼu'lláh-ek Munírih izena eman zion (izen horrek “argitsua” esan nahi du).[9]

Ezkontza horretatik bederatzi seme-alaba jaio ziren. Lehenengo semea, Mihdí Effendi, haurra zela hil zen. Beste zenbait seme-alaba ere adin txikitan hil ziren, tartean Fuʼádíyyih Khánum eta Husayn Effendi.[42][51]

Bizirik heldu ziren lau alabak hauek izan ziren:

  • Ḍiyáʼiyyih Khánum (Shoghi Effendiren ama)
  • Túbá Khánum (1880–1959)
  • Rúḥangiz Khánum
  • Munavvar Khánum

Seme-alaben heriotzek eragin sakona izan zuten familian.

Monogamiaren auzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baháʼu'lláh-k baháʼí komunitateari monogamiaren praktika sustatu zion. ʻAbdu'l-Bahá emazte bakarrarekin ezkondu eta monogamia praktikatu izana eredu gisa aurkeztu izan da baháʼí tradizioan. Testuinguru historikoan, non poligamia oraindik onartua baitzegoen zenbait gizarte-ingurutan, hautu horrek praktikan monogamiaren sendotzeari lagundu zion.[52][53][54]

Bere ministerioaren lehen urteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baháʼu'lláh 1892ko maiatzaren 29an hil zen. Haren Itunaren Liburuan (Kitáb-i-‘Ahd) ʻAbdu'l-Bahá izendatu zuen Itunaren Zentro, ondorengo eta bere idatzien interpretatzaile baimendua.[g][55][56]

«Nire presentziaren ozeanoak behera egiten duenean, Nire Errebelazioaren Liburua amaitzen denean, jar ezazue aurpegia Jainkoak xedatu duen Hari, Antzinako Sustrai honetatik sortu den Hari begira.»

— Baháʼu'lláh, Kitáb-i-ʻAhd (1873–1892)

Dokumentu horretan, Baháʼu'lláh-k bere senide eta jarraitzaileei agintzen die Adar Handienari (al-G͟husn al-Aʿẓam) begiratzeko, eta titulu horrekin ʻAbdu'l-Bahá identifikatzen du. Testuak, halaber, Adar Handiagoa (al-G͟husn al-Akbar) ere aipatzen du, Muḥammad ʻAlí izendatzeko, eta haren maila Adar Handienaren azpitik kokatzen du. Izendapen horiek interpretazio linguistikoaren eta arabierazko konparatibo eta superlatibo formen ñabarduren inguruko eztabaidak eragin dituzte.[57]

Muḥammad ʻAlírekiko gatazka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baháʼu'lláh-ren testamentuan, Muḥammad ʻAlí —ʻAbdu'l-Bahá-ren anaiordea— izenez aipatzen da, anaia nagusiaren menpeko gisa aurkezten da. Hurrengo urteetan, ordea, Muḥammad ʻAlík ʻAbdu'l-Bahá-ren agintea zalantzan jarri zuen eta bere burua lider alternatibo gisa ezartzen saiatu zen, Badiʻu'lláh eta Ḍíyáʼu'lláh anaia-arreben laguntzarekin.[58]

Muḥammad ʻAlí Irango baháʼíekin gutunak trukatzen hasi zen, hasieran modu pribatuan, ʻAbdu'l-Baháren lidergoari buruzko zalantzak zabaltzeko xedez.[28] Baháʼí gehienek ʻAbdu'l-Bahári eutsi zioten arren, gutxiengo batek Muḥammad ʻAlí babestu zuen; haien artean zeuden Mirza Javad eta Ibrahim George Kheiralla, Ameriketako lehen baháʼí misiolarietako bat.[59]

Muḥammad ʻAlík eta Mirza Javadek geroago publikoki salatu zuten ʻAbdu'l-Bahák gehiegizko boterea hartzen zuela eta bere burua Jainkoaren Agerle gisa aurkezten zuela, Baháʼu'lláh-ren pare.[60] Horri erantzunez, ʻAbdu'l-Bahák Mendebaldera bidalitako idazkietan azpimarratu zuen “ʻAbdu'l-Bahá” izenez ezagutua izan behar zuela —“Baháren zerbitzaria”, alegia—, argi gera zedin ez zela Jainkoaren Agerle bat eta bere eginkizuna zerbitzua zela.[28][61]

Bere ministerioak iraun bitartean, ʻAbdu'l-Bahák ere Bere Borondate eta Testamentua prestatu zuen, non Baháʼí Fedearen administrazio-egitura zehazten baitzuen. Dokumentu horretan bi erakunde nagusi ezarri zituen: Justizia Etxe Unibertsala eta Zaindaritza. Eta azken horretarako bere biloba Shoghi Effendi izendatu zuen Zaindari.[56]

Muḥammad ʻAlík ez zuen antolaketa hori onartu, eta gizonezko senide gehienen babesa izan zuen, tartean Mírzá Hádí Shírází, Shoghi Effendi beraren aita.[62] Hala ere, bahá'í komunitatean orokorki oposizio hori ez zen urrutira iritsi. ʻAkká inguruan, Muḥammad ʻAlí-ren jarraitzaileak gehienez sei familietakoak ziren; ez zuten jarduera erlijioso berezirik eta, denbora pasa ahala, ia erabat integratu ziren inguruko gizarte musulmanean.[63][64]

Historikoki, iraganeko erlijioetan sarritan zatiketak eta doktrina-desbideratzeak jasan izan dituzte beren profeta-sortzailea hil ondoren. ʻAbdu'l-Bahá-k, ordea, Baháʼí Fedearen batasuna eta doktrina-osotasunari eutsi zion, bere anaiaordearen oposizioak eragindako mehatxu larrien aurrean ere. Arrakasta aipagarria da, izan ere, zailtasunak izan arren, haren gidaritzapean baháʼí komunitatea hedatu zen jatorrizko erro kultural eta geografikoetatik haratago.[65]

Mendebaldeko lehen erromesak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1898. urtearen amaierarako, Mendebaldeko erromesak ʻAkkára bidaiatzen hasi ziren ʻAbdu'l-Bahá ikusteko. Erromes talde horretan, Phoebe Hearst barne, Mendebaldean hazi eta hezitako baháʼíek lehen aldiz izan zuten ʻAbdu'l-Bahá ezagutzeko aukera.[28] Lehen taldea 1898an iritsi zen, eta 1898ko amaieratik 1899ko hasierara bitartean Mendebaldeko baháʼíek aldizkako bisitak egin zizkioten ʻAbdu'l-Bahári. Taldea nahiko gaztea zen, eta batez ere AEBetako goi-mailako gizarteko 20 urte inguruko emakumeek osatzen zuten.[66]

Mendebaldarren presentziak agintarien susmoa piztu zuen, eta, ondorioz, ʻAbdu'l-Bahá-ren konfinamendua zorroztu egin zuten.[67] Hala ere, bisita haiek mugarri bat izan ziren Baháʼí komunitatearen nazioartekotzean eta hedapen transkulturalean, Mendebaldeko sare sozial eta intelektualekin harreman zuzenak ezarri baitzituzten eta komunitatea bere jatorrizko erro kultural eta geografikoetatik haratago proiektatu zuten. Hurrengo hamarkadan, ʻAbdu'l-Bahá etengabe harremanetan egon zen mundu osoko baháʼíekin, Bahá'u'lláh-ren mezua irakastera eta zabaltzera animatuz. Talde horretan zeuden, besteak beste, Susan Moody, Lua Getsinger, Laura Clifford Barney, Herbert Hopper eta May Ellis Bolles Parisen (denak estatubatuarrak); Thomas Breakwell ingelesa; eta Hippolyte Dreyfus frantsesa.[28]

Bisita horien ondorioz, Laura Clifford Barneyk Some Answered Questions (Zenbait galderen erantzunak) liburua osatu eta 1908an argitaratu zuen, hamar urtetan Haifara egindako bisita ugaritan ʻAbdu'l-Bahári egindako galderen erantzunak bilduta.[28]

Ministeritza, 1901–1912

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendearen azken urteetan, ofizialki preso eta ʻAkkán konfinatuta jarraitzen zuelarik, Abdu'l-Baha-k Báb-en gorpuzkiak Iranetik Palestinara eramateko prestaketak egin zituen. Ondoren, Bahá'u'lláh-k aurresandako Karmel mendiko lurraren erosketa antolatu zuen, eta Báb-en Hilobiaren eraikuntza bideratu zuen. Proiektu horren garapen osoak hamar urte inguru iraun zuen.[28]

Bisitarien kopurua handitu ahala, Muḥammad ʻAlí Otomandar agintariekin konspiratzen hasi zen, eta 1901eko abuztuan ʻAbdu'l-Baháren espetxe-baldintzak are eta gehiago gogortu zizkioten.[56][28] Dena den, 1902an, ʻAkkáko gobernadoa haren alde agertu zen, eta bere babesari esker, egoera nabarmen arindu zen; erromesek berriro bisitatu ahal izan zuten ʻAbdu'l-Bahá, nahiz eta bisitak hiri barrura mugatu.[28] 1903ko otsailean, Muḥammad ʻAlí-ren bi jarraitzailek —tartean Badíʻu'lláh eta Siyyid ʻAliy-i-Afnan— harekiko harremanak hautsi, eta Muḥammad ʻAlíren azpijokoei buruzko xehetasunak biltzen zituzten liburu eta gutunak idatzi zituzten, ʻAbdu'l-Bahá-ri buruz zabaltzen ari zen informazioa asmatua zela adierazita.[28][68]

1902tik 1904ra bitartean, ʻAbdu'l-Bahák, Báb-en Hilobiaren eraikuntza zuzentzeaz gain, beste bi proiektu abiatu zituen: Xirazeko (Iran) Báb-en Etxearen zaharberritzea eta Ashgabaten (gaur egungo Turkmenistan) lehen Baháʼí Gurtza-Etxearen eraikuntza.[28] ʻAbdu'l-Bahák Aqa Mirza Aqa izendatu zuen Báb-en etxea —non 1844an Báb-ek Mullá Ḥusayni egin baitzion adierazpena— garai hartako egoerara leheneratzeko lanak koordinatzeko; eta Gurtza-Etxearen proiektua Vakíl-u’d-Dawlih-i esleitu zion.[28]

Baháʼí Fedearen buru izanik, ʻAbdu'l-Bahá-k tarteka garaiko pentsamendu- eta erreforma-mugimenduetako zenbait liderrekin harremanetan jarri zen, Baháʼí irakaspenetan oinarritutako iruzkinak eta orientabideak eskaini, eta komunitatea defendatze aldera. Garai hartan, Turkiar Gazteekin komunikatu zen —Abdülhamid II. sultanaren erregealdia erreformatu nahi zutenekin, alegia—, besteak beste Namık Kemal, Ziya Pasha eta Midhat Pasharekin. Baháʼíek “askatasuna bilatzen dutela, askatasuna maite dutela, berdintasuna espero dutela, gizateriaren ongizatearen alde daudela eta gizateria bateratzeko beren bizitza emateko prest daudela” azpimarratu zuen, baina ikuspegi zabalago batetik, Turkiar Gazteen planteamendu politiko zehatzekin identifikatu gabe. Abdullah Cevdet, Batasun eta Aurrerapen Batzordearen sortzaileetako batek ikusten zuen Baháʼí Fedea Islamaren eta erlijio-sinesmenaren behin betiko uztearen arteko urrats gisa, epaitu egin zuten berak sortutako aldizkari batean baháʼíak defendatzeagatik.[69][70][71]

Otomandar Inperioaren azken urteetan, ʻAbdu'l-Bahák harremanak izan zituen zenbait buruzagi militarrekin, tartean Bursalı Mehmet Tahir Bey eta Hasan Bedreddin. Azken horrek, Bedri Paşa (Paxa) izenaz ezaguna, 1876an Abdulaziz sultana kargutik kentzeko mugimenduan parte hartu zuen. Litekeena da ʻAbdu'l-Bahá 1898 inguruan ezagutu izana, ʻAkkán Otomandar administrazioan zerbitzatzen ari zela. Baháʼí iturri persiarrek diotenez, Bahá'í fedearekiko hurbiltasuna erakutsi zuen eta ʻAbdu'l-Baháren zenbait idazlan frantsesera itzuli zituen. ʻAbdu'l-Bahák harekin harremanetan egon zen geroago ere Albaniako gobernadore izan zenean. ʻAbdu'l-Bahák harekin harremanetan jarraitu zuen hainbat urtez, baita Albania gobernatzen ari zen garaian ere.[72]

Halaber, ʻAbdu'l-Bahák Muhammad 'Abduh ezagutu zuen Beiruten, modernismo islamikoaren figura garrantzitsua eta mugimendu salafiarekin lotua. Bi gizonek erlijio-erreformaren inguruko planteamendu batzuk partekatzen zituzten.[73][74] Rashid Ridaren arabera, Beiruten egindako bisitetan ʻAbdu'l-Bahá ʻAbduhren ikasketa-saio batzuetara joaten zen.[75] Shoghi Effendik geroago adierazi zuenez, bilera horiek lagungarri izan ziren Baháʼí komunitatearen ikusgarritasun publikoa handitzeko eta ʻAbdu'l-Baháren ospea indartzeko.[76]

1905ean, Muḥammad ʻAlík egindako salaketen ondorioz, ikerketa-batzorde otomandar batek ʻAbdu'l-Bahá galdekatu eta Fezánera erbesteratzeko aukera aztertu zuen.[77][28][78] Horri erantzunez, ʻAbdu'l-Bahák gutun bat bidali zion sultanari, eta bertan adierazi zion bere jarraitzaileek politika partidistan parte hartzeari uko egiten ziotela, eta bere mugimenduak mendebaldarrak islamera hurbiltzeko fenomeno gisa aurkeztu zuen.[79]

Ondorengo urteak ʻAkkán lasaiagoak izan ziren. Erromesen bisitak berriro izateko aukera izan zuten, eta 1909an Báb-en Santutegiaren mausoleoa amaitu zen.[28]

Mendebalderako bidaiak (1910-1913)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
ʻAbdu'l-Bahá, Estatu Batuetara egindako bidaian

1908ko Turkiar Gazteen Iraultzaren ondorioz, Otomandar Inperioko preso politiko eta erlijiosoek askatasuna berreskuratu zuten, tartean ʻAbdu'l-Bahá. Haarez geroztik ez zegoen kartzelaldi formal batean otomandar Inperioaren jurisdikziopean jarraitzen bazuen ere. Askatua izan ondoren, Bahjíko Baháʼu'lláh-ren Santutegia bisitatu zuen. Hasieran ʻAkkán bizitzen jarraitu bazuen ere, handik gutxira Haifara lekualdatu zen, Báb-en Santutegiaren ondora.[28]

1910ean, Otomandar Inperiotik irteteko aske zelarik, nazioarteko bidaiak egiteari ekin zion bahá'í komunitatea sendotzeko eta Bahá'u'lláh-ren mezua zabaltzeko asmoz. Hiru bidaia egin zituen ia hiru urtez: Egiptora, Europara eta Ipar Amerikara. Lehendabiziko bidaian, Haifatik irten eta Egiptora joan zen, non denbora batez egon baitzen Alexandrian eta Kairon.[56]

Europara egindako 1. bidaia (1911)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1911n Egiptotik atera eta, abuztutik abendura bitartean Europako hainbat hiri bisitatu zituen, besteak beste Londres, Bristol eta Paris. Ordurako, bahá'í komunitate txikiak baziren Parisen eta Londresen, ingurune espiritualista eta teosofikotik etorritako jendez osatua. Bisita horien bitartez, komunitate berriak sendotu eta Bahá'u'lláh-ren mezuak proposatutako printzipioak publikoki aurkeztu nahi izan zituen.[28]

Ipar Amerikara egindako bidaia (1912)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1912an Ipar Amerikara abiatu eta Estatu Batuetan eta Kanadan barrena bidaia luzea egin zuen. 1912ko apirilaren 11n New Yorkera iritsi zen. Geroago, hiri asko bisitatu zituen, hala nola Chicago, Cleveland, Pittsburgh, Washington D.C., Boston eta Filadelfia. Abuztuan, New Hampshire, Maineko Green Acre eskolan eta Montrealen egon ondoren, Minneapolis, San Francisco, Stanford eta Los Angelesera abiatu zen. Urte hartako abenduaren 5ean Europara itzuli zen eta zenbait hiri bisitatu ondoren Egiptora itzuli zen 1913an.[28]

Bisita horietan hitzaldi asko eman zituen elizetan, misioetan eta elkarteetan, eta bilera pribatuak nahiz topaketa publikoak ere izan zituen. Bere hitzaldietan Baháʼí irakaspenen oinarrizko printzipioak azaldu zituen, hala nola Jainkoaren batasuna, erlijioen batasuna, gizateriaren batasuna, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, munduko bakea eta justizia ekonomikoa. Halaber, bere bilera guztiak arraza guztietako pertsonei irekita egon behar zirela azpimarratu zuen.[28][80]

Bira horrek oihartzun handia izan zuen Ipar Amerikako prentsan, eta egunkari askok haren jarduerei eta hitzaldiei buruzko artikuluak argitaratu zituzten. Montrealeko bisitak arreta berezia jaso zuen, eta tokiko nahiz nazio mailako hainbat egunkarik haren hitzaldi eta adierazpenen berri eman zuten.[28][80][81][82]

Europara egindako 2. bidaia (1913)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1912ko abenduaren 5ean abiatu zen New Yorketik Europara RMS Celtic (White Star Line) itsasontzian, eta zortzi egun geroago, abenduaren 13an, Liverpoolera iritsi zen.[83]

1913ko lehen seihilekoan Londresen eta Parisen egon zen (Parisen bi hilabete inguru), eta ondoren Stuttgart, Budapest eta Viena bisitatu zituen. Hiri horietan hitzaldi publikoak eta bilera pribatuak egin zituen, eta Mendebaldeko jarraitzaileekin harremanak sendotu zituen. Aldi berean, prentsak jarraipen esanguratsua egin zion, bereziki Frantzian eta Erresuma Batuan.[84]

1913ko ekainaren 12an Egiptora abiatu zen, eta Alexandrian eta Kairon eman zituen hilabete batzuk. Egiptoko egonaldian tokiko intelektual eta erlijio-figura batzuekin hartu-emanak izan zituen, eta bisitari ugari artatu zituen. 1913ko azken hilabeteetan Palestinara itzuli zen, eta 1914aren hasieran Haifan zegoen berriro, Lehen Mundu Gerra hasi aurretik.[28]

1914ko otsailaren 23an, Lehen Mundu Gerra hasi aurreko egunetan, ʻAbdu'l-Bahák Edmond James de Rothschild baroiaren bisita izan zuen, Rothschild banku-familiako kidea eta mugimendu sionistaren sustatzaile eta finantzatzaile nabarmena, Palestinara egindako bere lehen bidaietako batean.[85]

Azken urteak (1914-1921)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
ʻAbdu'l-Bahá Karmel mendian erromesekin 1919an

Lehen Mundu Gerran (1914-1918) ʻAbdu'l-Bahá Palestinan geratu zen eta ezin izan zuen bidaiatu. Korrespondentzia mugatua egin zuen, Jainkozko Planaren lauzatxoak barne, Ipar Amerikako bahá'íei zuzendutako 14 gutuneko bilduma bat; geroago, Bahá'í Fedearen hiru «gutunetako» bat bezala deskribatu zen. Eskutitz horietan Ipar Amerikako bahá'íei eginkizun nagusia esleitu zien, erlijioa mundu osoan hedatzeko.[28]

Gerra ondorengo aldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
ʻAbdu'l-Bahá zahartua

Lehen Mundu Gerra amaitzean, aurretik Baháʼí mugimenduarekiko kontrako jarrera nabarmena zuten otomandar agintariak desagertu ziren, eta haien ordez Britainiar Mandatua ezarri zen. Testuinguru berri horrek berriro ahalbidetu zuen gutunen trukaketa, erromesaldien etorrera eta Bahá'í Mundu Zentroko ondasunen garapena.[86]

Aldi berean, jarduera biziko garai horretan, Baháʼí Fedeak hedapen eta sendotze nabarmena izan zuen hainbat eskualdetan, besteak beste Egipton, Kaukason, Iranen, Turkmenistanen, Ipar Amerikan eta Hego Asian. Prozesu hori guztia ʻAbdu'l-Baháren gidaritzapean gertatu zen.

Bestalde, gerraren amaierak garapen politikoa ekarri zuen, eta ʻAbdu'l-Bahák horri buruzko bere jarrera idatziz zein ahoz azaldu zuen. 1920ko urtarrilean Nazioen Liga sortu zen; nazioarteko erakunde baten bidez segurtasun kolektiboa ezartzeko lehen saiakera izan zen. ʻAbdu'l-Bahák jada 1875ean idatzia zuen beharrezkoa zela “munduko nazioen batasuna” ezartzea, eta, horren harira, Nazioen Elkartean helburu horretarako urrats garrantzitsu bat ikusi zuen. Hala ere, adierazi zuen erakunde hura ez zela nahikoa izango “Bake Unibertsala” ezartzeko, estatu guztiek ez baitzuten hartan parte hartzen eta bere kideen gaineko boterea oso mugatua baitzen.[87][88]

Garai berean, Britainiar Mandatuak juduen immigrazioa babestu zuen. ʻAbdu'l-Bahák mugimendu horrekin profezia betetzen zela aipatu zuen, eta zionistei herrialdea garatzeko eta «herrialdea bertako biztanle guztien onerako altxatzeko» deia egin zien. Aldi berean, ohartarazi zuen ez zirela juduak gainerako palestinarrengandik bereizi behar: «zionistek beste herriekin nahastu eta haiekin batasunean bizi badira, arrakasta izango dute; bestela, erresistentzia aurkituko dute».[89]

ʻAbdu'l-Bahá Britainiar Inperioko Ordenako Zaldun Komandorea titulua jasotzen, 1920ko apirila

Gerra garaiko ondorioetako bat eskualdean sortutako gosetea izan zen. Testuinguru horretan, ʻAbdu'l-Bahák 1901ean Jordan ibaiaren inguruan 1704 akre lur erosi zituen. 1907an, Irango Baháʼí asko lur horietan maizter-laborantza egiten hasi ziren. Uzta horren %20 eta %33 bitarteko zatia ʻAbdu'l-Bahák jasotzen zuen —edo horren baliokide ekonomikoa—, eta produktua Haifara bidaltzen zen.

1917an, gerra amaitu gabe zegoela, ʻAbdu'l-Bahák uzten bidez gari kopuru handia jaso zuen. Gainera, eskura zuen gari gehiago erosi eta Haifara bidali zuen. Garia Britainiarrek Palestina hartu eta berehala iritsi zen, eta horri esker eskualdean zabaldu ahal izan zen gosetea arinduta.[90][91]

Ipar Palestinan gosetea saihesteko egindako lan horrengatik, ʻAbdu'l-Bahári Britainiar Inperioko Ordenako Zaldun Komandore ohorea eman zioten. Sari-banaketa 1920ko apirilaren 27an egin zen, Britainiar gobernadorearen etxean antolatutako ekitaldi batean.[92][93]

Ondoren, hainbat agintari garrantzitsuk bisitatu zuten, besteak beste Allenby jenerala, Faisal I.a erregea (gerora Irakeko erregea), Herbert Samuel (Palestinako goi-komisarioa) eta Ronald Storrs (Jerusalemgo gobernadore militarra).[94]

Heriotza eta hileta

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
ʻAbdu'l-Baháren hileta Haifan, Britainiar Mandatupeko Palestinan

ʻAbdu'l-Bahá 1921eko azaroaren 28an hil zen, astelehenez, goizaldeko 1:15ak igaro ondoren (1340 AH urteko Rabi' al-awwal hilaren 27an).[95]

Hurrengo egunean egin zen hiletan gertatutakoa honela deskribatu zuen Esslemont-ek:

« ... Haifan, eta are Palestinan bertan ere, inoiz ikusi ez zuen bezalako hileta izan zen… hain sakona izan baitzen sentimendua, non milaka doludun bildu baitzituen, erlijio, arraza eta hizkuntza askotako ordezkariak.[96] »

Hiletan egindako hitzaldien artean, Stewart Symes-ek —Palestinako iparraldeko barrutiko gobernadoreak— eskainitako omenaldia honela jaso zuen Shoghi Effendik :

« Hemen gauden gehienok, uste dut, irudi argi bat dugu Sir ʻAbdu'l-Bahá ʻAbbásez: gure kaleetan pentsakor ibiltzen zen haren figura duina, haren jokabide adeitsu eta atsegina, haren ontasuna, haur txikiekiko eta loreekiko zuen maitasuna, eta behartsu eta sufritzen ari zirenei eskaintzen zien eskuzabaltasuna eta arreta. Hain zen goxoa eta xumea, non haren aurrean ia ahaztu egiten baitzen irakasle handia ere bazela, eta haren idazkiek eta elkarrizketek Ekialdean zein Mendebaldean ehunka eta milaka pertsonarentzat kontsolamendua eta inspirazioa izan direla.[97] »

ʻAbdu'l-Bahá Báben santutegiko aurreko gelan lurperatu zuten, Karmel mendian. Hala ere, lurperatze hori behin-behinekoa izango zela aurreikusi zen, etorkizunean bere mausoleoa eraiki arte, Riḍván lorategiaren inguruan; eraikin hori gaur egun ʻAbdu'l-Baháren santutegia izenez ezagutzen da.[98]

ʻAbdu'l-Bahák 1901 eta 1908 artean idatzitako testamentua utzi zuen. Testu horretan Shoghi Effendi izendatu zuen Baháʼí Fedearen lehen Guardian gisa; kargu hereditarioa da, eta Eskrituren interpretazio autoritatiboa emateko ahalmena du. Garai hartan Shoghi Effendik 4 eta 11 urte artean zituen.

Testamentuan, ʻAbdu'l-Bahák baháʼíei Shoghi Effendirengana jotzeko eta hari obeditzeko agindu zien, eta jainkozko babesa eta gidaritza agindu zizkion. Halaber, bere irakaspen nagusiak berretsi zituen: fedea zabaltzeko jarraibideak, izaera espiritualaren garapena, gainerako pertsonekin harreman ona izatea eta Itunaren haustea saihestea. Testuak, gainera, Justizia Etxe Unibertsalaren eta Kausaren Eskuaken eginkizunak ere zehazten ditu.[99]

Ondoren, Shoghi Effendik idatzi zuen testamentu hori Baháʼí Fedearen hiru «agiri nagusietako» bat dela.

Testamentua ia aho batez onartu zuten mundu osoko baháʼíek. Salbuespen bakarren artean Ruth White eta Shoghi Effendiren lidergoa zalantzan jarri zuten beste estatubatuar batzuk zeuden.

ʻAbdu'l-Baháren bizitzan zehar zenbait anbiguotasun sortu ziren Bahá'u'lláhen eta beraren estatusari buruz. Ameriketako zenbait egunkarik Baháʼí profeta edo Kristoren itzulera gisa aurkeztu zuten. Geroago, Shoghi Effendik argitu zuen ʻAbdu'l-Bahá Baháʼí Fedearen hiru «Figura Zentraletako» bat dela eta «irakaspenen eredu perfektua» dela, baina ez zuela Bahá'u'lláh edo Jesusekin pareko mailarik. Halaber, adierazi zuen aurreikusitako mila urteko baháʼí zikloan ez dela ʻAbdu'l-Baháren pareko beste figurarik agertuko.[100]

ʻAbdu'l-Bahák idatzitako lauzatxoen (tablet) kopurua 27.000 baino handiagoa dela kalkulatzen da. Horietatik zati txiki bat baino ez da ingelesera itzuli.[101]

Bere lanak bi multzotan sailkatu ohi dira: alde batetik, berak idatzitako lanak; eta bestetik, bere hitzaldiak eta elkarrizketak jasotzen dituzten bildumak.[56]

Lehen taldean, besteak beste, honako lan hauek daude: Jainkozko zibilizazioaren sekretua (1875 inguruan idatzia), Bidaiariaren kontakizuna (1886 inguruan idatzia), Resāla-ye sīāsīya edo Gobernuaren arteari buruzko tratatua (1893), eta Fededunen oroitzapenak. Horrez gain, pertsona askori zuzendutako milaka lauzatxo idatzi zituen; hartzaileen artean Mendebaldeko intelektualak ere bazeuden, hala nola Auguste Forel, zeinari zuzendutako idazkia Auguste-Henri Forel-i idatzitako lauzatxoa izenez argitaratu baitzen.[56] Jainkozko zibilizazioaren sekretua eta Gobernuaren arteari buruzko tratatua lanak, gainera, hasieran modu anonimoan zabaldu ziren.

Bigarren taldean, ʻAbdu'l-Baháren hitzaldi eta elkarrizketetan oinarritutako lanak biltzen dira. Horien artean daude Erantzundako zenbait galdera, Laura Clifford Barneyrekin izandako elkarrizketetan oinarritua, Parisko hitzaldiak, ʻAbdu'l-Bahá Londresen eta Bake Unibertsalaren aldarrikapena, Parisen, Londresen eta Ameriketako Estatu Batuetan emandako hitzaldiak jasotzen dituztenak.[56]

Jarraian, ʻAbdu'l-Baháren lan nagusi batzuk:

  • Munduko batasunerako oinarriak
  • Fededunen oroitzapenak
  • Parisko hitzaldiak
  • Jainkozko zibilizazioaren sekretua
  • Erantzundako zenbait galdera
  • Jainkozko planaren lauzatxoak
  • Auguste-Henri Forel-i idatzitako lauzatxoa
  • Hagako lauzatxoa
  • ʻAbdu'l-Baháren testamentua eta borondatea
  • Bake Unibertsalaren aldarrikapena
  • ʻAbdu'l-Baháren idazki hautatuak
  • Jainkozko filosofia
  • Gobernuaren arteari buruzko tratatua[102]

Azalpen oharrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Ekialde Hurbilean, garai hartan, 14 urterekin iristen zen adin-nagusitasuna
  2. Garai hartako iturrien arabera, ʻAbdu'l-Bahá "Itxura bikaineko gaztea" zen, eta izaeraz ongilea eta adeitsua.
  3. Baháʼí teologiaren arabera, izendapen horrekin ulertzen da ʻAbdu'l-Bahá ez dela Jainkoaren Agerle bat; baizik eta harengan izaera gizatiarra eta hari egotzitako ezagutza eta perfekzio espiritual bereziak uztartzen direla.
  4. XIX. mendeko Otomandar testuinguru sozialean, genero-bereizketa zorrotza nagusi zen, eta emakumeek ez zuten ohikotasunez gizon arrotzekin harreman fisikorik izaten. Halako kontaktua, bereziki espazio publikoan, emakumearen ohoreari eta gizarte-errespetagarritasunari kalte egiten ziolakoan interpreta zitekeen.
  5. Edward Granville Browne akademikoak ʻAbdu'l-Baháren presentzia eta nortasun sendoa azpimarratu zituen bere oroitzapenetan, haren “presentzia hunkigarria” eta “begirada zorrotza” aipatuz.
  6. Nahrí familiak merkataritzan arrakasta handia izan eta aberastu egin ziren. Elizgizon nagusien eta Isfahaneko nobleziaren alde egin zuten, eta salerosketa asko egin zituzten.
  7. Kitáb-i-`Ahd-en (Itunaren liburuan) Bahá'u'lláh-k bere seme zaharrena Ghusn-i-A'zam ("Adarrik Ahaltsuena" edo "Adar Ahaltsuagoa") deitzen du eta bigarren semea, Mírzá Muhammad `Alí, Ghusn-i-Akbar ("Adar Handiena" edo "Adar Handiagoa").

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Encyclopaedia Iranica. (kontsulta data: 2019-07-15).
  2. Smith & 2000 169.or.
  3. Walbridge & 1996 xv.or.
  4. Momen & 2007 52.or.
  5. ʻAbdu'l-Bahá. Encyclopaedia Britannica (kontsulta data: 2026-01-17).
  6. Kazemzadeh, Firuz. ʻAbdu'l-Bahá ʻAbbas (1844–1921). The Bahá'í Encyclopedia Project.
  7. Esslemont & 1980 17.or.
  8. Blomfield & 1975 40.or.
  9. 1 2 3 4 5 6 7 Kazemzadeh 2009.
  10. Blomfield & 1975 21.or.
  11. Blomfield & 1975 39.or.
  12. Taherzadeh & 2000 105.or.
  13. Blomfield & 1975 68.or.
  14. Hogenson & 2010 40.or.
  15. Browne & 1891 xxxvi.or.
  16. Hogenson & 2010 81.or.
  17. Balyuzi & 1985 12.or.
  18. Hogenson & 2010 82.or.
  19. 1 2 Esslemont & 1980 18.or.
  20. Balyuzi & 1985 13.or.
  21. Balyuzi 1980.
  22. Taherzadeh & 2001 44.or.
  23. Cole 1998.
  24. Winters, Jonah. Chronology of persecutions of Babis and Baha'is. .
  25. Blomfield & 1975 54.or.
  26. Blomfield & 1975 79.or.
  27. The Revelation of Bahá'u'lláh, vol. II. .
  28. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 Balyuzi 2001.
  29. Phelps 1912.
  30. (Ingelesez) Winters, Jonah. Chronology of persecutions of Babis and Bahais. .
  31. Smith & 2000 17.or.
  32. 1 2 3 Phelps & 1912 27–55.orr.
  33. Balyuzi & 1985 15.or.
  34. Esslemont & 1980 19.or.
  35. «Commentary on the Islamic Tradition "I Was a Hidden Treasure..."» bahai-library.com (kontsulta data: 2019-07-11).
  36. Declaration of Baha'u'llah. .
  37. The history and significance of the Bahá'í festival of Ridván. BBC.
  38. 1 2 Balyuzi & 1985 16.or.
  39. 1 2 3 4 Smith 2000.
  40. .
  41. Foltz 2013, 238 or. .
  42. 1 2 3 4 5 6 7 Esslemont 1980.
  43. 1 2 Phelps 1912, 27–55 or. .
  44. Phelps 1912, 3 or. .
  45. Smith 2000, 4 or. .
  46. A Traveller's Narrative (Makála-i-Shakhsí Sayyáh edo Bidaiari baten kontakizuna). .
  47. 1 2 Hogenson 2010, 87 or. .
  48. Maʻani 2008, 112 or. .
  49. Smith 2000, 255 or. .
  50. Phelps 1912, 85–94 or. .
  51. Maʻani 2008, 323 or. .
  52. Phelps & 1912 85–94.orr.
  53. Smith & 2008 35.or.
  54. Maʻani & 2008 360.or.
  55. Taherzadeh 2000.
  56. 1 2 3 4 5 6 7 Iranica 1989.
  57. .
  58. .
  59. Browne & 1918 145.or.
  60. Browne & 1918 77.or.
  61. .
  62. Smith & 2000 169–170.orr.
  63. Warburg & 2006 64.or.
  64. MacEoin, Denis. Encyclopaedia Iranica. .
  65. Smith & 2008 46.or.
  66. Hogenson, p.x
  67. Hogenson & 2010 308.or.
  68. Afroukhteh & 2003 166.or.
  69. Alkan & 2011 262.or.
  70. Hanioğlu & 1995 202.or.
  71. Polat, Ayşe. «A Conflict on Baha‘ism and Islam in 1922: Abdullah Cevdet and State Religious Agencies» İnsan ve Toplum 5 (kontsulta data: 2016-09-27).
  72. Alkan & 2011 266.or.
  73. Scharbrodt 2008.
  74. Cole, Juan R. I.. «Rashid Rida on the Bahai Faith: A Utilitarian Theory of the Spread of Religions» Arab Studies Quarterly 5: 278.or..
  75. Cole, Juan R. I.. «Muhammad `Abduh and Rashid Rida: A Dialogue on the Baha'i Faith» Occasional Papers in Shaykhi, Babi and Bahá'í Studies 15: 11.or..
  76. Effendi & 1944 193.or.
  77. Alkan & 2011 263.or.
  78. Momen & 1981 320–323.orr.
  79. Alkan & 2011 264.or.
  80. 1 2 Gallagher, Ashcraft & 2006 196.or.
  81. Van den Hoonaard & 1996 56–58.orr.
  82. Wagner, Ralph D.. Yahi-Bahi Society of Mrs. Resselyer-Brown, The. (kontsulta data: 2008-05-19).
  83. Stockman & 1995 306–308.orr.
  84. Balyuzi & 1971 351–360.orr.
  85. .
  86. Balyuzi & 2001 400–431.orr.
  87. Esslemont & 1980 166–168.orr.
  88. Smith & 2000 345.or.
  89. Star of the West & 1919 196.or.
  90. McGlinn 2011.
  91. Poostchi 2010.
  92. Luke & 1922 59.or.
  93. Yazdani, Mina. (2011). Religious Contentions in Modern Iran, 1881–1941. University of Toronto, 190–191, 199–202 or..
  94. Effendi & 1944 306–307.orr.
  95. Effendi & 1944 311.or.
  96. Esslemont & 1980 77.or.
  97. Effendi & 1944 313–314.orr.
  98. Universal House of Justice 2019.
  99. Smith, 2000; 169–170.orr, Iranica; 1989,.
  100. Effendi 1938.
  101. .
  102. Translations of Shaykhi, Babi and Baha'i Texts. 7 2003-03.
  • Afroukhteh, Youness. (2003). Memories of Nine Years in ‘Akká. Oxford: George Ronald ISBN 0-85398-477-8..
  • Balyuzi, H. M.. (1985). ‘Abdu'l-Bahá: El Centro del Convenio de Bahá'u'lláh. Terrassa: Editorial Bahá'í de España ISBN 8485238-15-X..
  • Effendi, Shoghi. (1944). God Passes By. Wilmette, Illinois: Bahá'í Publishing Trust ISBN 0-87743-020-9..
  • Esslemont, J. E.. (1980). Bahá'u'lláh and the New Era. Wilmette, Illinois: Bahá'í Publishing Trust ISBN 0-87743-160-4..
  • Hogenson, Kathryn J.. (2010). Lighting the Western Sky. George Ronald ISBN 9780853985433..
  • Scharbrodt, Oliver. (2008). Islam and the Bahá’í Faith. London: Routledge ISBN 9780203928578..
  • Stockman, Robert H.. (1995). The Bahá’í Faith in America, Vol. 2. Oxford: George Ronald ISBN 0853983852..
  • Taherzadeh, Adib. (2000). The Child of the Covenant. Oxford: George Ronald ISBN 0-85398-439-5..

Entziklopedia-artikuluak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldizkari-artikuluak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Poostchi, Iraj. (2010). «Adasiyyah: A Study in Agriculture and Rural Development» Baha'i Studies Review 161: 61–105..

Webguneak eta dokumentuak sarean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]