Abozeta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Abozeta
Pied Avocet Recurvirostra avosetta.jpg
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaCharadriiformes
FamiliaRecurvirostridae
GeneroaAvocet Recurvirostra
Espeziea Recurvirostra avosetta
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Recurvirostra avosetta distr.png
Datu orokorrak
Masa 31,7 g
Zabalera 78 cm
Abozetak.

Abozeta (Recurvirostra avosetta) Recurvirostridae familiako hegazti zangaluzea da[1]. Duen moko bereziagatik bereizten da gainerako hegazti limikoloetatik. Europako eskualde epeletan eta mendebaldeko eta erdialdeko Asian bizi den hegazti hau neguan Afrika eta hegoaldeko Asiara migratzen da.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina ertaineko hegazti limikoloa da, 42-46 cm arteko luzera eta 67-77 cm arteko hego-zabalera baititu. Lumaia zuribeltza du eta bere ezaugarri deigarriena gorantz kurbaturiko mokoa da. Sexu dimorfismo handirik ez du, emeak hala ere arrak baino kolore apalagoak ditu. Lumaia orokorrean zuria da baina pileo eta lepo beltzak ditu eta hegoetan marra zuri eta beltzak txandakatzen zaizkio. Mokoa ere beltza da. Hanka luzeek kolore urdin-grisaxka dute[2].

Abozeta gazteek marroiak izaten dituzte helduek beltzak dituzten lumak[3].

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian uda partean osatzen ditu populazio handienak, Europatik hegoaldera jeisten direnean. Ugalketa garaian kostaldean aurkitzen dituzten sakonera gutxiko ur eremuak aukeratzen ditu, padurak eta aintzira gazikarak adibidez, baina gizakiak garatutako eremuetan ere ikus daiteke, gatzagak, akuikultura eremuak... Landaretza urria izateak ere ez die askorik axola, betiere sedimentu ugariko eremuak badaude[4].

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ornogabeak harrapatzen ditu, intsektuak, krustazeoak eta zizareak gehienbat. Ibiltzen ari dela mokoa sedimentuetan sartu eta sega balitza bezala erabiltzen du[5]. Mokoa oso sentikorra du eta harrapakina ezkutalekutik ateratzen denean berehala detektatu eta harrapatu egiten du. Horretarako mokoak hortz txiki antzeko luzapen ugari ditu[3].

Talde handiak eratu ditzake elikatzen ari denean[4].

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolonia txikietan ugaltzen da, beti ere bikoteak hainbat metrotako distantziara kokaturik daudela. Habia uretatik gertu edo uretan egiten du eta inguruan aurkitzen dituen adar, sustrai eta hostoz eraikitzen du. Emeak hiru edo lau arrautza arre jartzen ditu eta 23-25 egunetan zehar txitatu ondoren jaotzen dira abozeta kumeak. Jaio bezain laister beren kabuz ibili eta elikatzeko gai diren arren helduek zainduko dituzte 35-42 egunetan zehar, erabat garatzen diren arte[4].

Habia nahiko agerian egiten duenez sarritan kaio hankahoriek, txakurrek edo azeriek arrautzak jaten dizkiete eta txitak ere harrapatzen dituzte[5].

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carl von Linneok deskribatu zuen 1758 urtean Systema naturae liburuan[6][7]. Gaur egun duen izena eman zion, Recurvirostra avosetta[8]. Latinezko recurvus (gorantz kurbatua) eta rostrum (mokoa) hitzak elkartu zituen eta avosetta venezieraz duen izena da[9].

Zabalkunde handia badu ere ez zaio azpiespezierik ezagutzen[10].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. The Birds of the Western Palearctic [Abridged]. OUP. 1997. ISBN 0-19-854099-X
  2. The Birds of the Western Palearctic Oxford University Press ISBN 0-19-854099-X.
  3. a b «Avoceta | Animalandia.» animalandia.educa.madrid.org . Noiz kontsultatua: 2019-12-18.
  4. a b c «Avoceta común», SEO/BirdLife.
  5. a b «Avoceta común (Recurvirostra avosetta). Familia RECURVIROSTRIDAE - Región de Murcia Digital» www.regmurcia.com . Noiz kontsultatua: 2019-12-18.
  6. «World Birds Taxonomic List: Genera and species with citations.» www.zoonomen.net . Noiz kontsultatua: 2019-12-18.
  7. (Gaztelaniaz) «Recurvirostra avosetta, Avoceta» Naturaleza y turismo . Noiz kontsultatua: 2019-12-18.
  8. Linné, Carl von; Salvius, Lars (1758) Caroli Linnaei...Systema naturae per regna tria naturae :secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis. Impensis Direct. Laurentii Salvii, . Noiz kontsultatua: 2019-12-18.
  9. Lockwood, W.B. (1993) The Oxford Dictionary of British Bird Names Oxford University Press ISBN 978-0-19-866196-2.
  10. www.worldbirdnames.org . Noiz kontsultatua: 2019-12-18.