Adenosina trifosfatoa edo ATPnukleotido bat da, adeninaz, erribosaz eta hiru fosfato taldez osatua, bizidun zelulei energia ematen diena. Esan liteke ATPa dela zelularen energia gordailu edo biltegia, energia behar den edozein erreakzio biokimikotan ATPa erabiltzen baita.
Molekula honek fosfatoen arteko lotura kobalenteetan pilaturik dauka energia. Lotura bakoitzak 7,7 kcal/mol askatzen du. Hots, adenosina trifosfatoaren hidrolisiak, adenosina difosfatoa sortzeko, 7,7 kcal/mol askatzen du. Beste hainbeste gertatzen da difosfatoa monofosfato bihurtzen denean.
ATP → ADP + Pi + Energia (7,7 kcal/mol)
ADP → AMP + Pi + Energia (7,7 kcal/mol)
ATPak duen energia prozesu biologiko desberdinetan erabiltzen da. Esaterako:
molekulen garraio aktiboan, kontzentrazio-gradientearen aurkako garraioan, alegia
metabolismoaren bide anabolikoetan, hots, molekula sinpleetatik molekula organiko konplexuak eratzen dituzten bideetan
animalien giharren mugimenduan
hainbat zelula-higiduretan
ugalketa zelularrean
Izaki bizidunek beren funtzioak mantentzeko ATParen behar handia dute. Adibidez, bakterio batek bere metabolismoan batez beste 2.500.000 ATP-molekula behar ditu segundoko.