Aditz-partizipiozko perpaus txertatua

Wikipedia, Entziklopedia askea

Aditz-partizipiozko perpaus txertatua aditz jokatu gabeko perpaus txertatuaren motetako bat da (beste motak aditz-izenezko perpaus txertatua, aditzoinezko perpaus txertatua eta etorkizuneko aspektu-marka duten perpaus txertatua dira). Aditz-izenarekin osatutako perpausetan bezala, aditz-partizipioaz osatzen den perpaus txertatuak atzizki egokiaz hornitua agertu behar du, dagokion gramatika-zereginaren arabera.

Partizipioa, aditz-adjektibo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aditz-partizipioak berezko duen zeregina adjektiboa izatea da. Hortik datorkie perpaus txertatu mota berezi bat osatzeko ahalmena.

  • a. Obabakoak nobela Atxagak idatzia da.
  • b. Karmele erabat gaztetua aurkitu nuen lehengoan.

Perpaus horien adjektibotasunaz ohartzeko, aski da beste perpaus hauetan begiak ipintzea:

  • a. Obabakoak nobela ederra da.
  • b. Karmele oso lirain aurkitu nuen lehengoan.

Perpaus horien egituraz luze eztabaida badaiteke ere, argi dago predikatua dela, nolabait, aditz-partizipioaz eratutako osagai hori. Partizipioa aditz adjektibatua dela onartuta, gauzak errazago ikusten dira. Izan ere, hainbat adjektibo aditzetik eratorriak dira, edo, bestela esan: zail da askotan adjektiboaren eta partizipioaren arteko bereizketa egitea (konpara, bestela, bete da / betea da; hil da / hila da; nekatu da / nekatua da, etab.). Baina, hortik aparte, eta orain ere atzizkiz hornituta edo hornitu gabe, perpaus-txertakuntzan joko handia ematen dute, bai nolabaiteko osagarri gisa, bai zenbait perpaus adberbial edo adizlagun osatzeko orduan ere.

Partizipioa zenbait aditzen osagarri[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi kasu bereizi behar dira: soila dutenak eta forma burutua dutenak.

NAHI, BEHAR eta antzekoen osagarri[aldatu | aldatu iturburu kodea]

NAHI, BEHAR, USTE, GOGO eta beste bakarren baten osagarri gisa, partizipioa ager daiteke. Eskakizun bakarra da perpaus nagusiko subjektua eta perpaus txertatuarena bat eta bera izatea:

  • a. Ez dut inor ikusi nahi gaur. Nik nahi [[Ø] inor ikusi]
  • b. Liburu guztiak erosi behar ditu gure zuzendariak. [[Ø] liburu guztiak erosi] behar ditu gure zuzendariak
  • c. Nire lagunak pozik ikusi gogo ditut. [[Ø] nire lagunak pozik ikusi] gogo ditut (nik)

Partizipioa eta aditz nagusia bat eginda bezala agertzen dira (ikusi-nahi; erosi-behar; ikusi-gogo). Horregatik, aditz-komunztadura egitean nor, nori eta nork sintagmak aditz bakarraren ingurukoak balira bezala hartzen dira.

Partizipioa, osagarriaren aspektu burutuaren adierazle[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aspektu burutua duen perpaus osagarria partizipioaz eman daiteke, eta IZAN laguntzailea gehi dakioke.

  • a. Garaiz etortzea [-burutua]
  • b. Garaiz etorri (izan)a [+burutua]

Gehienetan, aspektu-oposizio hori, testuinguruari esker, neutralizatua gelditzen bada ere, zenbait esapidetan forma burutua erabili ohi da:

  • a. Damu dut zu nahigabetua.
  • b. Zu hemen ikusi izanak poz handia eman zidan.
  • c. Nik zer kulpa daukat zuk seme asko hazia?

Partizipioa zenbait perpaus adberbialetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partizipioaren bidez, osagarriez gainera, adizlagunak eta izenlagunak ere osa daitezke. Horretarako, jakina, atzizki edo postposizio egokia hartu beharko du perpausak. Postposizio hori, beti bezala, adizkiari itsasten zaio.

Moduzko perpaus adberbialak: -TUTA eta -TURIK[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partizipioak predikatua osa dezake, adjektibo batek osatuko lukeen modu bertsuan. Antzeko testuinguruetan ager daitezke partizipiodun perpaus txertatuak -TA edo -(R)-IK atzizkia daramatela:

  • a. Txapela belarrietaraino sartuta irten zen etxetik.
  • b. Iparraldeko leize zuloan galduta daude euskal espeleologoak.
  • a. Giltzari bi itzuli emanik irten zen kalera.
  • b. Auto hau ongi ordaindurik dago.

Haietako batzuk artikuludun formaz ordezka daitezke (-TUA eta -TUAK gisa). Goiko adibideetan, aukera hori dutenak b-koak dira. Nolanahi ere, kontuan izan bedi -TUTA eta -TURIK formak egiazki adberbiozkoak direla. Horrenbestez, aldaezinak. Baina -TUA-ren azken osagaia artikulua da, eta hori, komunztaduraren arabera, formaz aldatzen da: subjektua singularra bada, -TUA. Plurala bada, -TUAK. Hori ezin da egin sartuta bezalakoekin:

  • a. *Herri asko zapaldutak daude.
  • b. *Biharko lan guztiak amaitutak ditut.

Perpaus horiek txarrak dira. Haien ordain zuzenak honako hauek dira:

  • a. Herri asko zapalduta/zapaldurik daude / Herri asko zapalduak daude.
  • b. Biharko lan guztiak amaituta/amaiturik ditut / Biharko lan guztiak amaituak ditut.

Holako perpausak galdegaiaren lekuan agertzen direnean moduzkotzat interpretatzen badira ere, mintzagai modura agertzen dira sarritan, esaldiaren hasieran hain zuzen:

  • Ateari danbateko ikaragarria emanik / emanda, kalera irten zen.

Horrelakoetan, moduaz gainera, nolabait denbora ere adierazten dutela ematen du: Ateari danbateko ikaragarria eman ondoren, kalera irten zen esango balitz bezala.

Partizipioa instrumentalean: -TUZ eta -TUAZ[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goikoak bezala, moduzkotzat har daitezke.

  • a. Ekaitza poliki poliki indarra galduz zihoan.
  • b. Jendea errespetatuz, gauzak hobeki egin daitezke.
  • c. Erabilitako liburuak salduz bizi da emakume hori.

Galde daiteke, dena den, ea baden diferentziarik partitibozko perpausaren eta instrumentalaz baliatzen denaren artean:

  • Marsellesa kantatuz atera zen etxetik / Marsellesa kantaturik atera zen etxetik.

Marsellesa kantatuz esatean, perpaus nagusiko ekintza eta perpaus txertatukoa aldi berean gertatzen direla esan nahi da, hots: kantatzea eta irtetea aldi berekoak direla. Hortik datorkio moduzko interpretazioa. Marsellesa kantaturik esatean, berriz, kantatu ondoren irten zela esaten da.

-TUTAKO eta -TURIKO[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek NOLAKO galderari erantzuten diote. Izenlagun edo adjektibotzat har daitezke. Horrek esan nahi du, edo izen baten ezkerretara agertuko direla, beti ere izen-sintagmaren barruan, edo aditz kopulatibo batekin izen predikatu gisa. Edo zehatzago hitz eginez, perpaus erlatiboak direla esan liteke. Horregatik, aditz jokatuzko perpaus erlatiboek ordezka ditzakete horrelako perpausek. Adibidez:

  • a. Nik zuri atzo esandako/esaniko kontuak, mesedez, ez inori esan.
  • (Nik zuri atzo esan nizkizun kontuak ...)
  • b. Kontu horiek aspaldi gure herrian gertatutakoak/gertaturikoak dira.
  • (Kontu horiek aspaldi gure herrian gertatu direnak/zirenak dira)

Adjektibo diren aldetik, -TUA(K)-en bidez ere ordezka litezke, bereziki (b)-koen tankerakoetan:

  • Kontu horiek aspaldi gure herrian gertatuak dira.

Aspektuaren aldetik, horrelako esapideetan ageri den adizkia [+burutua] dela ematen du. Eta esanahiaren aldetik ere, gauzak horrela dira gehienetan: esandako gauzak, gehienetan, «esan (izan) diren gauzak» dira, ez «esaten direnak», are gutxiago, «esango direnak». Baina, testuinguruaren arabera, aspektu-balio hori neutralizatu egiten dela dirudi. Honako honetan, adibidez:

  • Gauez egindako lanak egunez ageri dira.

honela interpreta liteke:

  • Gauaz egiten diren lanak egunez ageri dira.
Ekialdeko euskalkietan, -TUTAKOren ordez -TU soila erabiltzen da erlatiboaren ordezko. Mendebaldeko erositako gauzak-en ordez, erosi gauzak esaten da. Hots: [...-TUTAKO] + Izena = [-TU] + Izena

Adibidez:

  • Zuk erositako gauzak hobeak dira = Zuk erosi gauzak hobeak dira.

-TUTAKOAN / -TURIKOAN[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behin -TUTAKO moduko egitura dagoenean, erraza da normalean denborazko adiera ematen zaion -TUTAKOAN egiturara pasatzea. Izen bat isilarazi dela pentsatzea aski da horretarako:

  • Nik «aurrera!» esandakoan, hasi korrika.

Horren azpian pentsa daiteke honelako zerbait dagoela:

  • Nik «aurrera!» esandako unean, hasi korrika.

Jakina, erlatiboetan bezala, gerta daiteke denborazkoa ez bestelako adiera izatea. Hori testuinguruak argituko du. Adibidez:

  • Aitak gomendatu zigun hotelean ez zegoen lekurik, baina zuk esandakoan nahi adina zuten.

Hor argi dago hiztuna ez dela denboraz ari, leku batez baizik.

Partizipioa instrumentalean + GERO: -TUZ GERO[aldatu | aldatu iturburu kodea]

GERO aditzondoaren agerpenak salatzen duen bezala, batzuetan horrelako perpausak denborazkoak izan ohi dira:

  • a. Behin lana amaituz gero, irten zaitezkete kanpora.
  • b. Karrera amaituz gero(ztik) ez dut Miren ikusi.

Horretaz aparte, baldintza-zentzua ere izan dezakete perpaus horiek. Horrek esan nahi du bestelako baldintzazko perpausen ordain izan daitezkeela:

  • Mozkorra harrapatzen da ardo gehiegi edanez gero (= mozkorra harrapatzen da ardo gehiegi edaten bada).

GERO-z aparte, badira beste zenbait postposizio ere instrumentala eskatzen dutenak: BATERA, esaterako:

  • Liburua mahai gainean utziaz batera, burua atzerantz bota zuen.

Nolanahi ere, perpaus hauek denak adizlagunak dira. Eta kategoriari dagokion heinean, postposizio-sintagma:

Partizipioa + -ARREN / -AGATIK: -TUARREN / -TUAGATIK[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrelako perpausak kontzesiboak dira. Aditz-izenezko perpaus txertatuetan ager daitezkeen -TZEARREN eta -TZEAGATIK atzizkiez osatutako mendeko perpausak kausazkoak edo xedezkoak dira. Oraingo hauen adiera, ordea, guztiz bestelakoa da:

  • a. Euskalduna izan arren, ez du hizkuntza gehiegi landu.
  • b. Herriaren jabe izanagatik, ez du oraindik etsi, gehiago nahi du.

Kontzesiboak direnez gero, ordain ugari izango dituzte: -ba ere, -turik ere, -tuta ere, nahiz eta, etab.

Partizipioa gobernatzen duten zenbait elementu: EZEAN / EZIK; ORDUKO; NAHIZ (ETA), GABE, …[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partizipioa + EZEAN / EZIK[aldatu | aldatu iturburu kodea]

[Partizipioa + EZEAN / EZIK] egituraren bidez, nolabait moduzko perpaus adberbialak osatzen dira. Modu hori pixka bat gehiago zehaztuz, baldintzazko balioa dutela esan daiteke, ezezkako baldintza hain zuzen:

  • a. Garaiz etorri ezean, ez dizut emango afaririk (= garaiz ez bazatoz, …)
  • b. Zuzen aparkatu ezik, ez gara denok sartuko (= zuzen aparkatzen ez bada,…)
IZAN EZIK eta EZ EZIK ez dira nahastu behar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IZAN EZIK, itxura guztien arabera, [partizipioa + ezik] egitura da. Beraz, sail honetan du bere lekua. Hala ere, ez luke bestelako aipamenik mereziko jendeak EZ EZIK-ekin nahastuko ez balu. IZAN EZIK-ek, [partizipioa + ezik] tankerakoa bada ere, baldintza baino gehiago, salbuespena adierazten du. Hain zuzen, esapide horiek SALBU adizlagun/adjektiboaren bidez eman daitezke:

  • a. Ikasleek izan ezik, beste guztiek erabil ditzakete liburutegiko aldizkariak.
  • b. Ikasleek salbu, denek erabil ditzakete liburutegiko aldizkariak.

EZ EZIK, berriz, beste zereginetarako erabiltzen da, nolabait BAIZIK-en kontrako gisa:

  • Ikasleek ez ezik, irakasleek ere erabil ditzakete liburutegiko aldizkariak.

Hots: ikasleek eta irakasleek ere bai.

Partizipioa + zenbait denbora-postposizio[aldatu | aldatu iturburu kodea]

-TU + ORDUKO[aldatu | aldatu iturburu kodea]

[Partizipioa + ORDUKO ] egiturak denbora-balioa du. Adibidez, sartu orduko bezalako batek bi interpretazio izan ditzake: a) sartu eta berehala edo b) sartu baino pixka bat lehenago, sartzerako. Praktikan, egia da, ez du axola handirik batera interpretatu ala bestera interpretatu.

  • Giltza sartu orduko txakurra txilioka hasi zen.
-TU + ARTE[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denboraren iraupenaren muga adierazten du. NOIZ ARTE galderari erantzuten dio:

  • a. Zu ezagutu arte tristerik bizi nintzen.
  • b. Egon hemen ni etorri arte.
-TU + BITARTEAN[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hau ere goikoaren tankerakoa da, baina oraingoan, muga adierazi beharrean, ekintzaren iraupena adierazten du:

  • a. Nik entsalada prestatu bitartean, zuek mahaia atondu.
  • b. Gela margotu bitartean jai eman ziguten.

Aurreko hiru kasu horiek aditz jokatuaren bidez ere eman daitezke:

  • a. Giltza sartu nuen orduko txakurra txilioka hasi zen.
  • b. Zu ezagutu zintudan arte triste bizi nintzen.
  • c. Egon hemen ni kanpoan naizen bitartean.
-TU + ONDOREN[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hau ere denborazko adizlaguna da. ZEREN ONDOREN izango litzateke perpaus honi dagokion galdera: a. Kafesnea hartu ondoren ohera joan zen. b. Bigarren gola sartu ondoren askoz motelago hasi ziren jokatzen. Esapide honek ez du aditz jokatuzko ordainik onartzen.

-TU + AHALA[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • a. Botilak hustu ahala, berriak ekartzen zituzten mahaira.
  • b. Gezurrak asmatu ahala, paperean ezartzen zituen.
  • c. Fakturak, kontabilizatu ahala, artxibatu egiten zituen.
  • d. Zahartu ahala, hezurrak gogortuz zihoazkion.

Hauek ere bi gertaeren arteko denborazko erlazioa adierazten dute: bi gertaerak, iraupena izanik, aldi berean edo bertsuan gertatzen direla ematen da aditzera. Esapide honen kidekoa dela dirudi ekialdeko euskalkietan ARAU postposizioaz osatua. Aditzoinari eransten zaio postposizio hori:

  • a. Loreondo batek, lilia ireki arau, hostoa galtzen du.
  • b. Irabaz arau, jan.

NAHIZ (ETA) + partizipioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

[NAHIZ (ETA) + partizipioa] egitura kontzesiboa da. Beste hainbatetan bezala, aditza jokatua ager daiteke nahiz jokatu gabe. Jokatu gabea denean, partizipioa da, partizipio soila, morfema horrek gobernatzen duena:

  • Nahiz (eta) irakasle ona izan, ikasle guztiak aspertzen zaizkio. (= nahiz (eta) irakasle ona den…)

Kasu honetan ez dago postposiziorik. NAHIZ horrek azpian dukeen nahi hori gorabehera, nolabaiteko aurrizkitzat edo hartu beharko litzateke.

-TU + GABE[aldatu | aldatu iturburu kodea]

GABE postposiziotzat hartu behar da. Horrenbestez, postposizio-sintagma bat izango da GABE-rekin osatutako perpaus txertatua. Hala ere, zenbaitetan behintzat, ematen du postposizio horrek adjektibo gisa funtzionatzen duela, partizipioak bezalaxe, hain zuzen:

  • a. Inori ezer esan gabe sartu zen gelan.
  • b. Pakete horiek inork zabaldu gabeak dira.
  • c. Sukaldea jaso gabe daukat oraindik.

Batzuetan, moduzko adizlaguna dela pentsa liteke (a). Izen predikatu gisa ere agertzen da (b eta c). Hitz gutxitan esateko, gehienetan -TUTA / -TURIK-en parekoa da. Diferentzia bakarra da GABE-k ezezko bihurtzen duela perpausa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]