Edukira joan

Adur (euskal mitologia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Adur (zoria)» orritik birbideratua)
Adur zoriaren errepresentazioa.

Euskal mitologian, Adur, guztia batzen duen lokailu bat da, Lurrarekin batzera bultzatzen duen eta leku guztietan dagoen gaia[1][2][3]. Adurra Amalurrekin lotzen da, eta bere kontrakoa Indarra izango litzateke, bereizteko joera duena[1]. Ataunen, esate baterako, dohaintza magikoaren esanahia dauka [4].

Adurraren bide eta adierazpen ezberdinak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zentzu praktikoagoan, adurra zoria da[5], azti eta sorginen ahalmena[6]. Baita azti-sorginek magia egiteko erabilitako indarra ere, urrutiko magia egiteko ahalmena. Biraoa, esate baterako, adurraren bidez igortzen zaio kaltetu nahi den pertsona edo gauzari. Gauza edo pertsonaren irudiaren gaineko ekintza sinboliko batek bere adurra igortzen du, eta imajinak irudikatutakoaren aurka erreproduzitzen da urrunera [7]. Edozeinek erabili dezake adurra. Batzuetan gizakiak adurra erabil dezake zenbait irelu menperatzeko.

Badaude zenbait pertsona adurra begiradarekin menperatu eta erabili dezaketenak. Begiradarekin adurra mugitzeko ahalmena dute, eta haren bidez kalteak ekartzen dizkiete gauzaki, gizaki eta animaliei.Pertsona horiek "betadurra" dutela esaten da, begizkoa eragiten duen indarra.

Batzuetan pertsonak ez daki ere indar hori baduela, eta begizkoa eragin dezake nahi gabe [8]. Batzuetan pertsonak adurra hainbat irelu dominatzeko erabili dezake. Edozein pertsonak egin dezake gainera.

Barandiaranek Leitzako istorio hau kontatzen zuen adurraren indarrari buruz:

«
Beste hainbat lekutan bezala, Leitzan ohikoa zuten sagarrak jasotzeko lanak auzokoek elkarrekin egitea arratsaldetan. Halakoetan sagastiaren jabeak askaria eskaintzen zien lanera hurbildutako auzokoei. Baserriaren jabea gainera aberatsa izanez gero, ardoa "barkilo" izeneko zilarrezko platerean zerbitzen zuen.
Behin Marikurrena edo Maxurrerena baserriko familiak auzokoak deitu zituzten Inguruarte parajean zeukaten parajean lana egiteko.
Askaria izan bitartean, ardoa zilarrezko barkilo eder batean zerbitzatu zuten, baina amaitzerakoan, emakume batek mahai-zapiak eta platerak jasotzerakoan, sagarrondo zahar baten enborraren gainean jarri zuen barkiloa, eta bertan ahaztu zuen.
Marikurrenakoek laster somatu zuten barkiloaren falta, baina barkiloa sagarrondoan utzitako auzoko emakumeak ez zuen gogoratzen non utzita zeukan eta ez zuen inon topatzen.
Marikurrenakoak susmatzen hasi ziren emakumeak barkiloa lapurtu ziela, eta ustezko lapurra zigortzea erabaki zuten.
Kandela bat bihurritu zuten eta (lapurraren irudia bezala, begiratu begizko) eta santu baten aurrean erre zuten. Horrela uste zuten lapurra zigortua izango zela, alegia, gorputza bihurrituko zitzaiola eta bizitza itzali.
Emakumeak ordea ez zuen inolako kalterik jasan, bai ordea beraien sagastiko sagarrondo zahar batek. Zuhaitza ihartu egin zen eta egurretarako botatzerakoan eta denen harridurarako, barkiloa azaldu zen barnetik hustutako enborraren barruan.
Zera ondorioztatu zuten, beraiek deitutako adurrak barkiloa ezkutatzen zuen sagarrondoarengan eragin zuela arbola ihartzen.
»


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Ortiz Oses, Andrés.. (2007). Euskal mitologia : izena duen guztia omen da = Mitología vasca : todo lo que tiene nombre es. (2. ed. argitaraldia) Kutxa Fundazioa = Fundación Kutxa ISBN 8471734885. PMC 932552771. (Noiz kontsultatua: 2023-03-21).
  2. (Ingelesez) Ortiz-Osés, Andrés. (2007). «Los mitos vascos : aproximación hermenéutica» Los mitos vascos: 0–0. (Noiz kontsultatua: 2023-03-22).
  3. (Gaztelaniaz) GARAGALZA, Luis; MARDER, Michael; ORTIZ-OSÉS, Andrés. (2019-05-21). Las raíces de la physis / The Roots of the Physis.  doi:10.5281/ZENODO.3108871. (Noiz kontsultatua: 2023-03-22).
  4. (Gaztelaniaz) de Barandiaran, Jose Miguel. (1972). Obras completas de Jose Miguel de Barandiaran. Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 16 or..
  5. «EH - Bilaketa - Bilaketa» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-22).
  6. «ADUR - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-22).
  7. (Gaztelaniaz) Barandiaran, Jose Migel. (1972). Diccionario ilustrado de Mitologia Vasca. Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 16-17 or..
  8. (Gaztelaniaz) Barandiaran, Jose Migel. (1972). Diccionario ilustrado de Mitologia Vasca. Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 17 or..
  • Jose Miguel de Barandiaran, obras completas. Egilea, Jose Miguel de Barandiaran. Argitaletxea, Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilbao 1976.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]