Affiche Rouge

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Affiche rouge

Affiche Rouge, 1944ko otsailean, Frantziako Erresistentziako 23 kideri izen ona kentzeko asmoz, alemanen propaganda-zerbitzuek Frantziako hiri nagusietan erantsi zituzten kartel erraldoien izena da. Egun askotako bizarra zuten hamar gizonen aurpegi nekatuak ikusten ziren hondo gorri baten gainean, eta kartelaren goialdean galdera hau: "Askatzaileak?". Erantzuna azpiko aldean: "Askapena, krimenaren armadaren eskutik!". Kartelean agertzen zirenak 1944ko otsailaren 21ean Valérien mendian fusilatu zituzten hogeita hiru lagunetako hamarren erretratuak ziren. Gizon horiek Manouchian taldea osatzen zuten (Missak Manouchian baitzen orduan buru) eta MOIren frankotiratzaile eta partisanoen kide ziren.

1926an sortu zuen Frantziako Alderdi Komunistak Atzerriko eskulangileen taldea, 1932tik aurrera, Eskulangile Etorkinen Taldea deitua (Main-d´oeuvre immigrée, MOI). Erakunde horrek Frantzian bizi ziren atzerriko komunista guztiak biltzen zituen. Izan ere, 1920ko hamarkadan milioika langile atzerritarrek jo zuten Frantziara, 1914-1918ko Gerrak utzitako hutsunea betetzera. Komunistek propaganda handia egin zuten langile baztertu horien artean, italiarren, espainiarren eta juduen artean, batik bat. 1936an Fronte Popularra gobernuan zegoela, asko erraztu ziren etorkinentzat egoitza-baldintzak, eta MOIren jatorri batzuetako eta besteetako taldeak handituz joan ziren; milaka eta milaka sartu ziren Frantziako armadan Alemania naziaren aurka borroka egiteko, eta bi infanteria-erregimentu osatu ziren atzerritar boluntarioekin. MOIk indar handia zuen juduen artean, batez ere 1941ean Parisko XI. barrutian hiru mila judu baino gehiago atxilotu zituztenetik. Alderdi Komunistak okupatzaileen aurka borroka armatua egiteko agindua jaso zuen Moskutik, eta 1941eko udan borrokarako taldeak eratu zituzten, Talde Bereziak (OS), 1942ko udaberritik aurrera Frankotiratzaileak eta Partisanoak (FTP) esan zitzaienak. Aldi berean MOIk bere FTPak sortzeko agindua jaso zuen, eta Boris Holban errumaniar jatorriko buruzagiari egokitu zitzaion egiteko hori Parisko gunean.

1942ko uztailean hasi zen borroka, oso egitura zorrotza zuen erakunde bat buru zela, eta hiru arduradunek (militar batek, lehenik Holbanek eta gero Manouchianek; politikari batek eta teknikari batek) osatutako zuzendaritzaren pean. Era askotako ekintzak egin zituzten: alemanen seinaleak, ibilgailuak eta garajeak desegin; alemanak egon ohi ziren tokietan bonbak jarri; bakarrik zeuden soldadu eta ofizialei eraso zieten, baina baita (oinez zein ibilgailuz) alde batetik bestera zihoazen gudu-taldeei ere; postu militarrei eraso egin zieten, instalazio elektrikoak desegin zituzten eta trenak burdinbideetatik aterarazi. Parisko FTP-MOIk berrehun eta hogeita bederatzi atentatu egin zituzten guztira 1942ko uztailetik 1943ko azarora alemanen aurka.

Manouchian taldearen oroitarria.

Baina alemanek zerbait egin beharra zeukaten, ekintza haiek kalte handiak eta hildako eta zauritu asko eragiten baitzituzten, eta, batez ere, okupazioko osteetan ziurgabetasuna eta kezka sortzen baitzituzten. Hiru aldi nagusi izan ziren errepresio-lan horretan. 1943ko martxoaren bukaeran, Parisko MOIren juduen atalaren berrogeita hamazazpi gazte eta beren buru zen Henri Krasucki atxilotu zituzten. Azken horrek hemezortzi urte zituen, eta erbesteratu egin zuten. 1960-1980 bitartean PCFren eta CGTren buruetako bat izan zen. Bigarren zapalkuntza-bolada 1943ko uztailaren 2an gertatu zen: poliziak hogeita bost militante atxilotu zituen, gehienak 2. Gudu Taldeko borrokalariak. Lau fusilatu egin zituzten 1943ko urriaren 1ean eta 2an. Hondamen horren ondoren Boris Holbanek bere gizonekin kontu handiagoz ibiltzea erabaki zuen, baina FTPren zuzendaritza nazionalak ekintza gehiago eskatzen zuen. Holbanek ezezkoa eman zien, eta hala, 1943ko uztailean bere kargutik kendu eta Missak Manouchian militante armeniarra jarri zuten haren ordez. Baina 1943ko urrian eta azaroan hirurogeita zortzi militante atxilotu zituzten, buruzagiak barne. Parisko FTP-MOIren taldea ia erabat deseginda gelditu zen.

Gizon horien historia ezezaguna izan zen luzaroan, edota are ezkutatu egin zen. 1947az gero, Gerra Hotzaren erdian, zenbait etorkin komunista ekialdeko herrialdeetara bidali zituzten arrazoi politikoak zirela medio. Asko eta asko sozialismoa eraikitzera itzuli ziren beren herrietara. Gainera, PCFk alderdi abertzale itxura eman nahirik, ez zituen MOIko atzerritarrak aurrean jarri nahi izan. Stalinek 1950-1951 bitartean Sobietar Batasunean abiarazi zuen kanpaina antisemitaren eraginez ere, MOIren antzinako kideak baztertu zituzten. Horrek guztiak FTP-MOIk ezkutatzea ekarri zuen, eta "Manouchianen Taldea" izenez ezagutzen zen soilik. 1985ean egin zen dokumental bati esker (Des «terroristes» à la retraite) izan zuten frantsesek azkenean, harriturik eta hunkiturik, atzerritar hauen borrokaren berri, eta jakin zuten askok eta askok Frantziaren alde eman zutela beren bizia. 1994an etorri zen aitormen ofiziala, Mitterrand presidenteak Boris Holbani Ceaucescuren agintaldian Errumaniatik ihes eginik berriro Frantzian baitzegoen Ohorezko Legioaren domina ezarri zionean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]