Afrikar tripanosomiasi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Afrikar tripanosomiasi
Trypanosoma sp. PHIL 613 lores.jpg
Deskribapena
Mota tripanosomiasi
Espezialitatea infectious disease
Arrazoia(k) Trypanosoma brucei
Sintoma(k) Winterbottom's signa, periodic feverra, Buruko mina, Artralgia, Ondoeza
Anemia
Tratamendua
Erabil daitezkeen botikak eflornithine
Identifikatzaileak
DiseasesDB 29277 eta 13400
MedlinePlus 001362
eMedicine 001362
MeSH D014353
Disease Ontology ID DOID:10112
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Afrikar tripanosomiasia, loaren gaixotasuna bezala ere ezaguna dena, Trypanosoma brucei espezieko protozooek sortutako gaixotasun infekziosoa da. Parasito hori gizakiarengana eta beste zenbait animaliarengana tse-tse euliaren ziztada bidez heltzen da. Infektatutako pertsona haurdun dagoen emakume bat bada, parasitoa amarengandik umekiarengana hel daiteke. Odol transfusioekin ere kontu handia izan behar da, infektatuta dagoenaren odolik ez jasotzeko.

Afrikan, Sahara azpiko zenbait eskualdetan gaixotasun endemikoa da eta 50.000-70.000 milioi pertsona daude gaixotasun horrekin infektatuta. Hiru epidemia handi gogoratzen dira: lehenengoa 1896-1906 artean eta beste biak 1920 eta 1970 urteetan, hurrenez hurren. 2008an epidemia bat izan zen Ugandan.

Mikrobiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza afrikar tripanosomiasia bi motatakoa izan daiteke sortzen duen parasitoaren arabera:

  • Trypanosoma brucei gambiense. Afrika mendebaldean eta erdialdean dago espezie hori. Kasuen % 90 inguru sortzen ditu eta infekzio kronikoa eragiten du. Infektatuta dagoen pertsonak hilabeteak edota urteak eman ditzake gaixotasunaren sintomak agertu aurretik. Sintomak agertzen direnean, gaixoa infekzioaren fase aurreratuan dagoenaren seinalea da, hau da, nerbio-sistema zentrala (NSZ) kaltetuta dago.
  • Trypanosoma brucei rhodesiense. Afrika ekialdean eta hegoaldean dago. Kasuen % 10 inguru eragiten ditu eta infekzio gaitza sortzen du. Lehen sintomak hilabete edo aste gutxi batzuen buruan nabaitzen dira. Gaixotasunak oso azkar egiten du aurrera eta nerbio-sistema zentrala inbaditzen du.

Tripanosomiasiaren beste forma bat Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan dago. Amerikar tripanosomiasia edo Chagas-en gaixotasuna izenaz ezagutzen da eta haren eragilea Trypanosoma cruzi espeziea da.

Bizi-zikloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trypanosoma bruceiren bizi-zikloa.

Gaixotasuna transmititzeaz arduratzen den bektorea tse-tse eulia da, Glossina generokoa, Sahara azpiko Afrikan eta Afrika erdialdean bizi dena. Hala ere, euli horren espezie guztiek ezin dute transmititu. Habitatak espezieen arabera aldatzen dira: gaixotasuna transmititzen dutenak ibai eta laku inguruetan daude, oihan eta sabanetan.

Tripanosomarekin infektatuta dagoen tse-tse euliak ziztada bidez transmititzen du gaixotasuna, parasitoa bere listuan baitago. Hasieran, parasitoa larruazalpeko ehun, odol eta linfan ugaltzen da. Gerora, muga hematoentzefalikoa zeharkatu eta nerbio-sistema zentrala inbaditzen dute. T.b. gambiensearen kasuan, prozesuak urteak iraun ditzake.

Tse-tse euliak infektatutako pertsona bat odola hartzeko ziztatzean, tripanosoma euliarengana pasatuko da. Bertan, hestera joan eta aldaketak jasango ditu. Ugaldu ondoren, euliaren listu guruinetara joango da eta gizakia infektatzeko prest egongo da euliaren hurrengo ziztadan.

Horrela ixten da Trypanosoma bruceiaren bizi-zikloa: gutxi gorabehera, hiru aste irauten ditu.

Sintomak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasunaren lehen aldian, aldi hemolinfatikoa izenaz ezagutzen dena, agertzen diren sintomak sukarra, zefalea eta artikulazioetako mina dira. Parasitoak odolaren eta linfaren bidez sartzen direnez, gongoil linfatikoen hantura gertatzen da. Tratatu ezean, gaixotasuna pixkanaka pertsonaren defentsak gainditzen joango da eta anemia eta asaldura endokrino, kardiako eta giltzurrunekoak agertuko dira.

Gaixotasun neurologikoa parasitoak muga hematoentzefalikoa zeharkatu ondoren agertuko da. Gaixotasunaren bigarren aldi horretan, nahasmenaz gain, koordinazioaren murrizketa, nekea eta lo zikloaren asaldura izango dira, hau da, egunez logura eta gauez insomnioa. Tratamendurik jaso ezean, gaixotasunak kasu guztietan hil egiten du. Adimenaren urripenak koma eta azkenik heriotza ekarriko du. Bestalde, aldi horretan sortutako kalteak itzulezinak izan daitezke.

Diagnostikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diagnostikoa azterketa mikroskopikoaren bidez tripanosomen presentzia behatzean datza odol, linfa, bizkarrezur-muin edo infekzioaren garapena aurreratua den kasuetan likido zefalorrakideoan. Azterketa mikroskopikoaren aurretik, laginaren kontzentraziorako teknikak erabil daitezke.

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tratamendua gaixotasun dagoen aldiaren araberakoa da. Gaixotasunaren lehen aldian erabiltzen diren sendagaiak ez dira hain toxikoak, administratzeko errazagoak dira eta eraginkorragoak ere bai. Zenbat eta lehenago detektatu gaixotasuna, sendabidea aurkitzeko aukera gehiago izango dira.

Bigarren aldian dagoen gaixotasunaren tratamenduan, muga hematoentzefalikoa zeharkatu eta parasitoarengana heltzeko gai den sendagai bat erabili behar da. Farmako hauek askoz ere toxikoagoak dira eta beraien administrazioa konplexuagoa da.

Lehen aldiaren tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Pentamidine. 1941ean aurkitu zen zain-bidetik ematen den sendagai hau. T.b. gambiensek sortutako gaixotasunaren lehen aldian erabiltzen da. Eragin desiragaitz gutxi batzuk dituen arren, gaixoek ondo onartzen dute.
  • Suramin. 1921ean aurkitu zen eta hau ere zain-bidetik administratzen da. T.b. rhodesiensek sortutako gaixotasunean erabiltzen da, lehen aldian. Gernu-aparatuan eragin desiragaitzak sortzen ditu eta zenbait erreakzio alergiko ere bai.

Bigarren aldiaren tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Melarsoprol. 1949ean aurkitu zen eta infekzioaren bi aldietan erabil daiteke zain-bidetik. Artsenikoaren deribatua da eta eragin desiragaitz asko ditu, denetan larriena sindrome entzefalopatikoa da heriotza eragin dezakeena. Afrikako alde batzuetan sendagai horrekiko erresistentziaren igoera nabaritu da.
  • Eflornithine. sendagai hori ez da aurrekoa bezain toxikoa. 1990ean aurkitu zen. T.b. gambiensek sortutako infekzioaren aurrean bakarrik da eraginkorra. Melarsoprolaren alternatiba da.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Afrikar tripanosomiasi Aldatu lotura Wikidatan