Aginaga (Usurbil)

Koordenatuak: 43°16′21″N 2°04′27″W / 43.2725°N 2.0742°W / 43.2725; -2.0742
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Usurbilgo auzoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Aginaga».
Aginaga
 Euskal Herria
Oria itsasadarra eta Aginaga
Map
Kokapena
Herrialdea Gipuzkoa
EskualdeaBuruntza-Beterri
UdalerriaUsurbil
Administrazioa
Posta kodea20170
Herritarraaginagar edo aginagatar
EzizenaInbidiosoak
Geografia
Koordenatuak43°16′21″N 2°04′27″W / 43.2725°N 2.0742°W / 43.2725; -2.0742
Azalera5,4 km²
GaraieraFrontoi inguruan, 25 metro Aginagamendi tontorra, 220 metro
Demografia
Dentsitatea85,74 bizt/km²

Aginaga Usurbilgo (Gipuzkoa) auzo bat da, herri sentimendu handikoa[1]. Bereziki ezaguna da angulari eta itsaskien industriari esker. Buruntza-Beterri eskualdean kokatzen da eta Donostiko Barruti judizialean dago. 2022an, 463 biztanle ditu.

Oriaren itsasadarraren ertzean eta Andatza mendiaren Iparraldean kokatzen da[2]. Mugakide ditu: ekialdetik, Usurbilgo Elizalde, Intxuspe errekak bananduta; mendebaldetik, Orio, Sariakola errekak banatuta; Iparraldetik, Igeldoko lurrak, Aitzasaten; eta hegoaldetik, Oriaren itsasadarra (aginagarrek Errioa deitzen diote), non urez bestalde Urdaiaga aurkitzen den eta Altzonaz zubia gurutzatuta Txoko Aldeko auzunea.

Aginaga bi ingurunetan banatzen da, Goi Aginaga, baserri isolatuz osatutako auzunea eta Behe Aginaga, ibaiaren inguruan osatutako sei auzune. Hauek lirateke auzuneak: Intxaurreta, Mapil, Ezpaldi, Urruzmendi, Galardi eta Kaxkoa. Azken horretan daude Ariztitxo frontoia, Eskola Txikia, Eliza Zaharra Elkarguna (garai bateko Eliza zena) [3], Arrate Zahar Egoitza eta Asisko San Frantzisko Deuna Parroki Eliza (Eliza berria). Bertatik gertu, Aginagako hilerria dago, muinoan.

Kaleak kaxkoan soilik aurki ditzakegu, beste auzune guztiak etxe edo baserri sakabanatuz osaturik daude. Hauek dira Aginagako kaxkoan aurki ditzakegun hiru kaleak:

  • Erriberako kalea
  • Estrata kalea
  • Elutx kalea
Aginagako azalera eta auzuneak

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izenaren oinarrian, ezaguna den bezala, "(h)agin" zuhaitz izena dago, eta osagarri du -aga atzizkia lekua adierazteko[4]. Beraz, "haginaren tokia edo hagina zegoen lekua" litzateke.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Errege Antso VI.a Jakitunak, Donostiari 1180an emandako foruetan Aginaga ere barruan sartzen da lehen aldiz. Enrike II.a, Gaztelako Erregeak, 1371an Usurbilgo Belmonte Hiribildua sortzeko baimena eman ondoren, XIV. mendearen amaieran batu zen Aginaga udalerri horretara. [5] Lotura hori bien artean egindako adostasun batean oinarrituta gertatu zen, data ezezagun batean. Hala ere, Aginagak administrazio independenteari eutsi zion denbora batez. Gerora idatzi ziren dokumentuek diote lehendik zetozen ohiturengatik edo konkordia batengatik zegoela harreman hori; izan ere, Aginagak Usurbilgo gastuen heren bat bere gain hartzen zuen, eta berdin egiten zuen probintziara bidali behar ziren prokuradoreen gastuekin. Gainera, Aginagak izendatzen zuen hiru urtetik behin Usurbilgo alkatea.[2][6]

1674an, udala Elizaldeko kontzeju etxe berrira pasa zenean, Kalezarrek herriko gune izateari utzi zion, eta bere eskubideak defendatzeko auzia sortu zuen Elizalde edo Kaleberrirekin. Aginagarrek, bi auzoen arteko eztabaida konpontzeko edo, Gipuzkoako Batzar Nagusietara jo zuten, eta erakunde honek, Juan Beltran de Portu y Aguirre (Urdaiagako Portuko ondorengoa) eta Francisco de Vicuna y Gauna izendatu zituen beraien arteko eztabaidak konpontzeko. Kalezartarren eta aginagarren arteko mesfidantza nahiko zabaldua zegoen. Badirudi aginagarrek herriko etxe edo kontzeju etxe berria Elizalden eraiki zedin eraginen bat izan zutela, eta hori dela medio, bien arteko harremanak asko hoztu ziren handik aurrera.

Liskar franko izan zituen aurrena kalezartarrekin eta, ondoren, Kaleberrirekin udal kudeaketa zela kausa.[6] 1675, 1682 eta 1793. urteetan gatazkak izan zituzten beraz, Alkatearen izendatze prozesuen harira dirudienez. Kasu hauetan ere Gipuzkoako Batzar Nagusietara jo zuten bitartekaritza eskatzen.[7]

Horiek horrela, Usurbilen eta Aginagaren artean zenbait gorabehera edo liskar izan dira historian zehar;[6] Aginagak ez du inoiz anexiorik onartu, federazioa baizik.[8] Gaurko egunean ere, itzali gabeko sentimendu hori suma daiteke aginagarren artean.

AGINAGAKO UNIBERTSITATEA, KOMUNITATEA, LURRA EDO HERRIA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

[IKUSI IRUDIA HANDIAN] Aginagako Herrigunea 1959an. Eliza berria eta Ariztitxo Frontoia egin aurretik. Eskolaren eraikina Ikus daiteke plazan, besteak beste.

Aginagak antzinako administrazio propioa izan zuen, "Aginagako Unibertsitatea". Latinezko universitas hitzetik dator eta "elkarte edo komunitate" esan nahi du, herria aldegia.[9] Beraz, ez gara ezagunago zaigun Unibertsitateaz ari. Hiribuldu gipuzkoarren jurisdikziopeko nekazal eremuko herriei hainbat izen ematen zaizkie historian zehar, bereizezinak eginez: unibertsitatea, komunitatea, toki, herri, elizate, lur, bailara etab.[10].

Unibertsitateak, sakabanatutako baserriz osatzen ziren, plaza bat izaten zuten erdigune oso definiturik gabe eta bertan egiten ziren jaiak, ekitaldi publikoak eta batzarrak modu irekian. Eliza ere bertan kokatzen zen. Berezitasun gisara, unibertsitateek zein hiribilduri batu aukeratu zezaketen akordio bidez eta beren administrazio independenteari eusten zioten baina justizia administratzeko hiribilduaren menpeko ziren.[9] Gipuzkoan batzuk hiribildu bilakatu ziren (adibidez: Aia, Andoain eta Irun), beste batzuk beste hiribilduetara batu eta denborarekin desegin egin ziren (adibidez: Aginaga edo Sorabila).

Aipatu bezala, Aginagako Unibertsitatea Usurbilgo hiribildura batu zen XIV.mende amaiera eta XV.mende hasiera tartean. Usurbilgo Udal administraziotik independentea zen ekonomikoki, Maiztergoan utzitako etxeak, lur komunalak, herri bideak eta zubiak zaindu eta administratzeko ardura zuen.[5] Ziurrenik baita 1860an Gorosabelek[5] aipatzen duen neska-mutil gaztetxoentzako zen eskolaren zaintza ere administrazio honi zegokion. Urtero kontzejuko kontseilari talde bat eta aginagako alkatea aukeratzen zuten aginagarrek administrazio lanak egin zitzaten eta herri batzarrak hauek bideratzen zituzten. [5] Aginagarrek Irisasi mendian zituzten eskubideak defendatu zituzten nagusi desberdinen aurrean auzi luze eta korapilotsuetan. Epaitegiak eskubide horiek gordetzearen alde agertu izan ziren beti.[11]

Erakunde hau aspaldiko garaietatik existitu zen, Aginaga eta Urdaiaga existitzen direnetik; hau da, Usurbil hiribildua sortu baino lehenagotik. Aginagako Unibertsitatea Usurbila batu zenetik, dakigunez, Aginagarrek (Urdaiagatarrak barne, San Esteban, Txoko Alde eta Santuenea alegia) beren komunitateko kontuez hitz egiteko Elizalden egiten zuten bilkura. Usurbilgo beste inork ez zuen bertan parte hartzen. Unibertsitatea administrazio gisa noiz desegin zen ez dakigu, baina, mendeetan zehar funtzionatu zuten usadio zaharrari jarraituz biltzen segi zuten nahiz eta elkartetzat ofizialki erregistratuta ez egon.[8]

AGINAGAKO KOMUNITATEA (Elkartea)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkenean, 1920ko abenduaren 4an erregistratzea erabaki zuten, eta horrekin batera araudi bat egin zuten elkartearen funtzionamendurako: bilerak Elizaldeko Paris etxean izango ziren, ondare eta eskubideen erabilera eta gozamena bultzatuko zen, elkartearen ordezkaria (zinpekoa) bi urtero aldatuko zen... Eskrituretan agertzen denez, 36 partaide dira, horietatik 22 Aginagakoak eta 14 Urdaiagakoak.[8] Komunitatean Urdaiagako baserri askok ere parte hartzen dute, bistakoa da. Hortik azaldu beharko litzateke, beharbada, bi auzo horiek betidanik izan duten senidetasunezko harremanak.[11]

Lurreko Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aginagan ondare sakabanatu ugari dago baserri munduari eta aitzinako langintzei lotuta, naturaz eta paisaiaz gozatuz txango batean aurkitzekoak.

Aginagako Baserriak [8]
(1) Aintzizar (2) Aintziberri (3) Aitzondi (4) Anikate (5) Aranburu (6) Arburu (7) Arpidegi (8) Arrate
(9) Arrillagaaundi (10) Arrillagaazpi (11) Arrillagatxiki (12) Arriola (13) Daldagorri (14) Dranbaenea (15) Eguzkitza (16) Eiza
(17) Eizaazpi (18) Errasti (19) Etxeberri (20) Etxebeste (21) Etzabal (22) Ezkerrenea (23) Ezpaldiberri (24) Ezpalditxiki
(25) Ezpaldizar (26) Fermindegi (27) Fermiñenea (28) Galardiazpikoa (29) Galardigaraikoa (30) Galardigoikoa (31) Gaztelu (32) Gometzaneaundi
(33)Gometzaneatxiki (34) Gomeztegi (35) Gorostidi (36) Iarbekoa (37) Iarbegoikoa (38) Ibindos (39) Intxaurreta (40) Irigointxoberri
(41) Irigointxozar (42) Joxelontxonea (43) Lasao (44) Lasaogaraikoa (45) Lastaola (46) Lertxundi (47) Mapil (48) Mapillerreka
(49) Mitxelkoenea (50) Mutiozabal (51) Naigenduena (52) Perretzenea (53) Santsoenea (54) Sariagoikoetxea (55) Sariaandi (56) Soroa
(57) Soroetxeberri (58) Tellegindegi (59) Urdairaundi (60) Urdairatxiki (61) Uriberri (62) Uriberriberri (63) Urruzmendi

Arrillaga Haundi Baserria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrillaga Haundi Baserria

Arrillagaandi edo Arrillaga Haundi Baserria mendiaren magalean errioari begira kokatzen da. Oinplano karratukoa da, lau hormak harriz eta manposteriaz eginak ditu, bi solairu eta ganbara, eta hiru ur-isuriko teilatua. Zurezko egitura bikaina dauka. Beheko solairuan, harlanduzko zutabe karratuen gainean zurezko zutabeak altxatzen dira, teilaturaino pieza bakarrean. Zurezko elementu guztiak zenbaki erromatarrekin markatuak daude. 2002ko ekainaren 4an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna da beraz. [12][13]

Sariaandi Baserria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sariaandi Baserri eraberritua

XVI. mendean eraikitako baserri honek planta errektangularra eta manposteria eta harriz egindako hormak ditu; teilatua bi ur-isurikoa, bi solairu eta ganbara. Zurezko egitura bikaina oinarrietatik teilaturainoko bederatzi zutaberen gainean altxatzen da. Habe handiz gurutzatutako zutabe hauek beso edo txarrantxa bikiez indartuak daude. Baserriaren egiturarekin batera aipatutako mendeko dolare baten aztarnak ditu. Sariaaundi eraiki zen garaiko egitura ia osoa mantentzen du; eraikuntzaren bolumena ere jatorrizkoa da. [12]

Saria Usurbil herria baino lehenago sortu zen Urdaira eta Aintzi Baserriekin batera. Hauek dira, izan ere, Usurbilgo etxerik zaharrenak, seguru asko San Salbatore eliza baino lehenagokoak. Elena Barrena historialariak aipatzen duen 1178ko dokumentu batean, Antso Jakituna Nafarroako erregeak baieztatzen du Garzia Ramirezek Iruñeako elizari eman zizkiola "Hieldo", Urumea... eta inguruko beste zenbait lekutan zituen ondareak. Hor "Saria" aipatzen da. [12]

Teilategiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uriberriko teilategia

Teilategien helburua teila zein adreiluak sortzea zen. Erromatarrek ekarritako teknika hau Erdi Aroan hasi zen berpizten berriz suteak saihesteko egurra baino material aproposagoa zelako zeramika. Hiru eta gehienez bost bat langilek osatzen zituzten lantegi txiki hauek, betiere, maisuaren zaintzapean. XX. mende hasieran etorri zen teilategien gainbehera, teilategi moderno industrialak sortzearekin batera etorri zen langintza tradizional honen desagertzea.[12] Aginagako telategiek honela funtzionatzen zuten[12]:

1) Negu partean buztinetara joaten ziren, teilak egiteko lehengai bila. Neguan Aginagako Gomentzaneara joaten ziren buztin bila (beharrezko lehengaia). Gometzaeneako erriberan "Teillalur" izenekok ingurunean hartzen zuten buztina. 2) Udaberrian landu egiten zuten, ura eta bestelako elementuekin (harea, kuartzoa...) nahastuz. Moldeatu ondoren, udara arte lehortzen uzten zituzten eraikuntza aproposetan. 3) Udaran egiten zen egosketa, eta astebete edo aste eta erdi irauten zuen. Eskaeraren arabera, urtean bi labekada edo gehiago egiten zituzten.

Karobiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lertxundi, Arburu eta Arrillagaundi baserrietako karobiak urrenkeran

Bederatzi karobi daude identifikatuta aginagako lurretan [12]. Hautako gehienak ia desagertuta aurkitzen dira baina lau ikusgarri daude. Lertxundin bat, Arburun beste bat eta Arrillagaundi baserriaren inguruan bi.

Arburuko karobia izan zen Usurbilen lanean aritu zen azkenetakoa. 1933 eta 1934 urteen inguruan, hiru egun eta hiru gau egon zen sutan, azkenekoz [12].

Aginaga eta Txoko Alde lotzen dituen Altzonaz zubia

Altzonazko zubia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aginagako Asisko San Frantzisko Deuna Parrokia zena. Eliza Zaharra. 1914.

Aginaga eta Txoko Alde auzunea (Urdaiaga) lotzen ditu.

Asisko San Frantzisko Deuna Parrokia Zaharra (Eliza Zaharra)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ermita bezala, 1620an datatu zuen eraikin honen eraikuntza Murugarrenek [14]. Ez dakigu garai horretakoa den edo aurretik beste eraikin kristaurik egon zen. Zehatz dokumentatuta dagonea da, Aginagan jaiotako [15] Frantzisko Etxebeste militar ezagun eta indianoak testamentuan Aginagako Komunitateari utzitako 2.000 errealekin eraiki zen "Basilika berria" 1759-1761 urteen bitartean. [16] Honela zioen testamentuan: [16]

“que sus vezinos y moradores puedan tener consuelo y alivio espiritual de oir misa en ella los dias de fiesta y precepto aorrandose de la larga distancia que tira desde dicha comunidad a la Yglesia Parroquial de esta villa [de Usurbil] que es la más inmediata y del riesgo a que por razon de la misma distancia se hallan de dexar de cumplir con el precepto”

Aginagako Komunitatearena zen eliza honen patronatua edo jabetza. Ez dakigu zehazki noiz amaitu zen eraikina, baina, 1761ean Iruñeako Kurian hiru apaiz izendatu zitzaizkion "Aginagako Komunitateko Asisko San Frantziskoko Basilika Berriari": Garagorri, Arrillaga eta Ayalde. [14] Ondoren, bertako lehen serora 1762ko maiatzaren 7an izendatu zuen Aginagako Komunitateak, Manuela Mutiozabal.

1816an berriz, ermita izatetik Usurbilgo parrokiari lotutako "parrokia laguntzaile" izatera pasa zen.

1970ean desakralizatu zen eraikina, Eliza Berria egitearekin batera.

1992an jada eraikina erortzekotan zegoen eta azkenik, teilatua eta eskuineko hormaren zati handi bat erori ziren, egurrezko bobeda eta korua galduz. Jarraian, Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Gotzaindegiarekin adostu zuen Eliza honen jabetza udalarena izango zela eraikina mantentzearen truke eta Aginagako herritarrek erabilera kulturalera aprobetxatu zezaten.

Gaur egun, herriko gazteek bultzatuta auzolanean eraberriturik dago. Bi kolpe nagusitan egin zuten berrikuntza 2012an eta 2020-2022 bitartean. Orain, Eliza Zaharra Elkargunea deitzen zaio eta bertan hainbat ekintza kultural garatzen dira urtean zehar, herriko biztanleen elkargune izanez.

Aginagako Asisko San Frantzisko Deuna Parrokia berria

Asisko San Frantzisko Deuna Parrokia (Eliza Berria)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960ko hamarkada amaieran eraiki zen eraikin hau. Aginagako hainbat baserri zorpetuta eraiki zuten aginagarrek honi atxikitako hainbat lokalekin batera.

Zuhaitz eskultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuhaitz eskultura eta Murala

Gaur egungo Aginagako pilotalekuaren aurretik bertan zegoen Ariztitxo hariztiaren oroitzan egin zuen Alejandro Tapia Aiestaranek. Eskultura 1993an egin bazuen ere, 2008an kokatu zuten, egileari berari omenaldia egin zitzaionean. Kareharrizko idulki luzatuaren gainean brontzezko zuhaitzaren adar korapilatuak ageri dira, zuhaitza irudikatuz. [12]

Alejandro Tapiari eskainitako murala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2021eko abenduan ezarri zen Aginagako Jai Batzordea-Aginagako Gazteak-en eskutik. Alejandro zendu zela bost urte bete zirela ezarri zen oroimen ekitaldi bat eta bere lanen erakusketa bat jarri ondoren.

Errioko Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aginagako anguleroak bahearekin arrantzan Oria itsasadarrean

Angula Arrantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Angula biberoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hondarra garraiatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alagintza eta alatokiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ontzigintza Oriako itsasadarrean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aginagarrak beti bizi izan dira Errioari begira eta horren adibide garbia dira bertan sortu ziren ontziola oparoak. Mapan ikus daitezke izandako untziolen kokapenak non dauden. Gaur egun ez dago ontziola hauen inongo arrastorik bistan.

Aginagako ontziolen kokapenak
Uriberriko ontziola. Uriberri (ezkerrean) eta Mapil (eskuinean) artean kokatua. Maketa Donostiako Aquariumean aurkitzen da.

SARIAKO INSTALAKUNTZAK (XIX. mendea)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ontziola txiki horren informazio gutxi dago. 1830ean San Juan Bauptista ontzia Pascual Nemenin donostiarrarentzat hortxe egin zela bakarrik dakigu.[17] Hasierako irudian ontziolen kokalekuak aipatzen dira eta Sariako instalakuntzen kasuan ez dago garbi urez bestalde edo aipatu tokian diren.[18]

URIBERRIKO ONTZIOLA (1852-1922)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkoako ontziola ezezagunenetako bat. Mutiozabal familiaren jabetzakoa izan zen, eta Gipuzkoako errio bazterreko tailerrik berritzaileena eta garrantzitsuena izan zen XIX. mendeko bigarren aldian.[19]

MAPILGO ONTZIOLA (XVI-XIX. mendeak)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mapil Baserria. 1940.

Guztietan zaharrena, nagusiena eta ospetsuena da Aginagan zein Usurbilen izandako ontziolen artean. XVI eta XVII. mendeetan ontziola pribatua izan zen bere osotasunean, XVIII eta XIX. mendeetan (itxi zuten arte) Usurbilgo Udalak kudeatu zuen, nahiz eta parte-hartze ekonomiko nagusia Ignazio Soroaren maioarazgoarena izan.[17] Honela zioten hainbat maisu ontzigilek 1606ko zinpeko aitorpen batean:[17]

(...) fabricar qualquier galeón por grande que fuese y largo asta cuarenta codos de quilla de manera que en el botte y flotando tripolado y por tripolar saliessen más seguros de la ribera de Husúrbil asta la mar todas las veces que Su Magestad los madase fabricar (...)

1.300 tonako ontziak egiteraino iritsi ziren Espainiako errege-erreginen itsas armadarentzat. Ala ere, 1700. urtetik aurrera ekoizpena gutxitu zen, eta ez zuten gehiago 300 tonatik gorako ontzirik eraiki. 1816tik aurrera ez zen gehiago ontzirik eraiki Mapilko ontziolan. Hala ere, esan behar da bere kudeaketa publikoari esker, Mapilgo baserrian maizter garaian-garaian zegoen familiaren ardura zela, lurrak zainduta eta bertan zeuden jabetza oro etorkizuneko esplotaziorako prest izatea. 1831ra arte behintzat horrela mantendu zirela ziurtatzen du Frantzisko Lizarragak, garaiko Usurbilgo alkate zenak.[17]

AGINAGA EDO ZAKOETAKO ONTZIOLA (XVI-XIX. mendeak)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugarte Numero Dos baporeontziaren Maketa. Usurbilgo Udalean ikusgarri.
Ugarte Numero Dos baporeontziaren maketa. Usurbilgo Udalean ikusgarri.

Hiru mendez funtzionatu zuen ontziola horrek. Oria ibaiak sakonera txikia du ontziola hau kokatzen zen lekuan, baina ez zen arazo izan garaiko maisuentzat, 200 tona bitarteko ontziak egin baitzituzten. Ontziola honen urrezko garaia XIX. mendea izan zen, Napoleondar Gerrak amaitu ondoren 1841. urtera bitarte Gipuzkoako ontziolek ekoitzitako ontzien erdiak baino gehiago eraiki baitzituzten. 1841. urtetik aurrera bereziki Pasaian sortutako beste ontziolen ondorioz etorri zitzaion gainbehera.[17]

Euskal Herriko lehen baporeontzia egin zuten 1878. urtean, Bilboko Jose de Ugarte ontzi armadorearentzat: Ugarte Numero Dos.[17]

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aginagako biztanleriaren eboluzioa hau izanda:

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Aginagako biztanleria 2022an 463 pertsonakoa da eta honela banatzen da adinaren arabera:

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Generoaren ikuspegitik 2020ko datuen arabera 236 gizon eta 227 emakume ziren bertan.

Zahartze indizea 177,78koa da Aginagan. Hau da 178 pertsona nagusi daudela (+65) 100 ume/gazteko (15 urtetik beherakoak).

Politika eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, Aginagak ez dauka inolako administrazio propiorik edota tokiko erakunde txikirik. Auzoa ordezkatuko duen herri batzarrik ere ez dauka. Hortaz, bertako politika eta administrazioaz ari garenean Usurbilgoaz hitz egin behar dugu. Hau honela, Udala Usurbilgo Elizalden aurkitzen da eta Agurtzane Solaberrieta Mesa (EH BILDU) da Usurbilgo alkatea. 2019ko udal eta foru hauteskundeak Hego Euskal Herrian izan zirenetik dago gobernuan. Gehiengo osoz gobernatu du EH Bilduk Usurbilen azken bi legegintzalditan.

Aginagako bozken eboluzioa 2007tik aurrera jakin daiteke soilik, aurrez mahai elektoral propiorik ez zeukalako. Ala ere, ezker abertzalea izan da bertako biztanleen joera politiko nagusia Espainiar Trantsizioaz geroztik, Usurbilen bezalaxe.

AGINAGAKO MAHAI ELEKTORALEKO EMAITZAK URTEZ URTE
URTEA ZENTSUA BOZKAK NULUAK ZURI ABST. EH BILDU BILDU ANV-EAE ARALAR EA HAMAIKA BAT EAJ-PNV AULKI ZURIAK PSE-EE PP
2019 353 230 5 7 123 %53.3 - - - - - %36,4 %4 %2,7 %0,4
2015 367 249 5 10 118 %52.9 - - - - - %39,8 - %2,0 %1,2
2011 378 260 5 2 118 - %56.5 - %10,6 - %23,4 %14,1 - %2,0 %1,6
2007 458 273 4 4 181 - - %38.5 %11,4 %23,4 - %11,0 - %8,8 %4,0

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aginaga herri euskalduna da. Euskaraz bizi da, eta horren adierazle da euskararen kale erabilera %92,8 izatea 2011an, eta %90 2016an.[20]

Euskalkiari dagokionez, gipuzkeraren aldaera den Beterrikoa da berezko hizkera.[21]

Hitanoaren inguruko datuak 2016an Usurbil osoa hartuta bildutakoak diren arren, esanguratsua izaten jarraitzen du inguruan euskal hiztunen %28,1ek erabiltzen duela hitanoa: emakumeen artean %14,6k eta gizonezkoen artean %38,6k.[20]

Euskarari lotuta, herriko ekintzaile nagusia Pello Zubiria kazetaria izan da, Argia Aldizkariko zuzendaria izan zen, baita, Euskaldunon Egunkarian sustatzaile eta zuzendaria ere. Ezin aipatu gabe utzi, Jabier Pikabea Aizpuruak egindako lana, 2005ean errioko hizkera eta kultura jasotzen dituen liburua plazaratu baitzuen Eusko Ikaskuntzarekin.[22]

Elkarteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Arrate Zahar Egoitza
  • Antxomolantxa Herri eta Kultur Elkartea
  • San Praixku Guraso Elkartea
  • Atarialde Elkarte Gastronomikoa
  • Aginagako Jai Batzordea - Agiñako gaztiak

Jaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 4an ospatzen dira Aginagako San Praixku jaiak. Bi asteburuz luzatu ohi dituzte, 5-6 egunez, inguruan betidanik oso famatuak izan diren herri giroko jaiak dira. [23]

Kirola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirol munduan ibilitako hamaika herritar ditu Aginagak, alterofilia, sokatira, boxeoa, arrauna...

Arrauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aginagan betidanik jaio izan dira arraunlariak errioari lotutako lanak sendotutako pertsonak izaki. Gaur egun ere biztale gutxiago izanda ere arraunlari oparoak ditu Aginagak. Garai batean trainerua antolatzera ere iritsi ziren.Aginaga Trainerua, Txitxardin Zale Elkarteak antolatu zuen zehazki. 1956. urtean hirugarren izan ziren Kontxako Banderan.[24] 1957ko Kontxako Bandera eta 1960ko Kontxako Banderako irabazle izan ziren.[25]

50eko hamarkadan traineruak krisian ziren, galtzear zeuden. Federakuntzak, traineruak osatzeko betebeharrak gutxitu zituen. Trainearen herrian jaio behar izatea baztertuz eta soilik federazioko fitxa edukitzea eskatuz. Horrenbestez, Aginagak aurkezteko aukera lortu zuen.[26]

1957an, Aginagar, Oriotar (Ortzaikarrak gehienak) eta Sanpedrotarrek osatu zuten trainerua (Estatu Batuak deitzen zieten).[26] Aginagarrak Julian Pikabea, Imanol Ikutza, Juan Ikutza (Antonio Etxeberriaren ordez), Antonio Manterola eta Martin Errasti ziren. Ortzaikarrak Batista Oliden, Antonio Oliden, Alejandro Oliden, Tiburcio Etxeberria eta Ramón Arreseigor "Trabuko" ziren eta Oriotarra Juanito Lizarralde. Azkenik, Sanpedrotarrak José Luis Iriondo, Mikel Kortadi eta Alfontso Sagarzazu.

Donostiatik bueltan zirela, Usurbilgo kale nagusitik pasatzean ura bota zieten bizilagunek balkoietatik. Francisco Kalparsoro "Patto" zen Usurbilgo alkatea eta Usurbilgo traineruaren jarraitzailea zen, Andres Bruño traineruaren delegatuaren arabera:

"... ez zion graziarik egiten Aginagako traineruak. Horregatik, Aginagak irabazitako banderak ez dira sekula Usurbilgo Udaletxean egon."

Garraio Publikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aginaga hiru autobus lineak zeharkatzen dute gaur egun: [27]

  1. Bidez Bide zerbitzuarekin, mugitzeko arazo handiak dituzten eta nekazaritza lurretan bizi diren adineko pertsonei aukera eman nahi zaie ezohiko eginkizunak beren kabuz egiteko. Honetarako, furgoneta egokitu baten zerbitzua eskaintzen da astelehenetik ostiralera ordutegi eta geltoki finkoekin. Zerbitzu hau herritarrentzat dohainik da. Adinagatik edo mugikortasunagatik geltokira iristeko arazorik izanez gero, zerbitzuak eskariaren arabera funtzionatuko du. Honela, zerbitzua telefonoz eskatu eta BIDEZ BIDE etxeraino joango da. Usurbilgo Udalak eta Behemendi Elkartearen laguntzarekin ematen du zerbitzua.
  2. UK09 eta UK49G, Urola Kostako Zumaia-Donostia lineak. Honek 5 geltoki ditu Aginagan, auzune banatuenak lotuz eta inguruko herrigune eta hirigunera gerturatzeko aukera emanez. Urola Kosta eta Donostiako eskualdeetara lotzen du. Lurraldebusek eskaintzen du zerbitzua.
  3. BU02 Aginaga-Hospitaleak linea. Honek Aginaga, Usurbil, Lasarte-Oria, Errekalde eta Hospitaleak lotzen ditu. Hospitalera loturaz gain Buruntza-Beterri eskualdera lotzen du. Lurraldebusek eskaintzen du zerbitzua.

Bere garaian, "Aginagako Tren Estazioa" (Topoa) ere bazen, Urdaiagako Txokoalden kokatua (beraz ez zegoen Aginagan). Gaur egun ez dago zerbitzu hau erabilgarri.

Aginagar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Usurbilgo Toponimia» toponimia.usurbil.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
  2. a b «AGINAGA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-09).
  3. «Eliza Zarra 2017» Issuu (Noiz kontsultatua: 2020-01-06).
  4. Michelina, Luis.. ([1973]). Apellidos vascos.. (3. ed. aum. y corr. argitaraldia) Txertoa ISBN 84-7148-008-5. PMC 2774372. (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
  5. a b c d de Gorosabel, Pablo. (1862). DICCIONARIO HISTÓRICO-GEOGRÁFICO-DESCRIPTIVO DE LOS PUEBLOS, VALLES, PARTIDOS, ALCALDÍAS Y UNIONES DE GUIPÚZCOA CON UN APÉNDICE DE LAS CARTAS-PUEBLAS Y OTROS DOCUMENTOS IMPORTANTES. Tolosa, 734 or..
  6. a b c Tellabide Azkolain, Josu.. ([2004]). Usurbilgo baserriak eta baserritarrak. Noaua Kultur Elkartea ISBN 84-609-3238-9. PMC 433353396. (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  7. «AGINAGA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-06).
  8. a b c d «Usurbilgo baserri eta baserritarrak» baserriak.noaua.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-06).
  9. a b Zubimendi, Joxe Ramon. (2000). Zubieta, mila urteko herria. (1. argit. argitaraldia) Noaua! Kultur Elkartea ISBN 84-607-0173-5. PMC 432839298. (Noiz kontsultatua: 2022-05-27).
  10. Gonzalez Dios, Estibalitz. (2015). Tolosaldea 1615: el nacimiento de 14 villas. Eusko Ikaskuntza.
  11. a b Santamaria, Oskar. (PDF) Liburuetan eta Interneten (noaua.com-etik jasoa). (Noiz kontsultatua: 2020/01/06).
  12. a b c d e f g h «Usurbilgo Ondarea» usurbilondarea.noaua.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  13. «Arrillaga Haundi baserria. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-08).
  14. a b Murugarren Zamora, Luis. (1974). Usúrbil, Aguinaga, Urdayaga y Zubieta. Caja de Ahorros Municipal ISBN 84-500-6395-7. PMC 4741361. (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
  15. Vicente, Luis Lerchundi. (2009). «Los Achega de Usúrbil en el siglo XVI» Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País 65 (2): 599–665. ISSN 0211-111X. (Noiz kontsultatua: 2022-05-21).
  16. a b «El patronazgo del General Francisco de Echeveste - PDF Free Download» docplayer.es (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
  17. a b c d e f Odriozola Oyarbide, Lourdes.. ([2002?]). Construcción naval en el País Vasco, siglos XVI-XIX : evolución y análisis comparativo. Diputación Foral de Guipuzkoa, Departamento Economía y Turismo ISBN 84-7907-372-1. PMC 50736860. (Noiz kontsultatua: 2020-01-06).
  18. Mutiloa Poza, José María.. (1976). Roncesvalles en Guipuzcoa. Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa ISBN 84-7231-280-1. PMC 432730845. (Noiz kontsultatua: 2022-05-07).
  19. «Astillero de Uriberri - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-06).
  20. a b (PDF) USURBILGO HIZKUNTZEN ETA HITANOAREN ERABILERARENKALE-NEURKETA, 2016 -Emaitzen Laburpena-. (Noiz kontsultatua: 2020).
  21. «Beterrikoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-06).
  22. Pikabea Aizpurua, Jabier, 1941-. ([2005]). Aginaga : errioko jarduerak eta bertako hiztegia. Eusko Ikaskuntza ISBN 84-8419-016-1. PMC 433298555. (Noiz kontsultatua: 2020-01-06).
  23. (Ingelesez) «AGINAGAKO ELIZA ZARRA (@aginagako_jaiak) • Instagram photos and videos» www.instagram.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-06).
  24. «1956ko Kontxako Bandera - Wikiwand» www.wikiwand.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-17).
  25. «Irabazleen zerrenda» www.donostiakultura.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-17).
  26. a b «Se cumplen 50 años de la primera victoria de Aginaga en La Concha. diariovasco.com» www.diariovasco.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-17).
  27. «Garraioa publikoa» Usurbil (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]