Agnes Randolph

Wikipedia, Entziklopedia askea
Agnes Randolph

Bizitza
JaiotzaEskoziako Erresuma, 1312
Heriotza1369 (56/57 urte)
Familia
AitaThomas Randolph, 1st Earl of Moray
AmaIsabella Stewart
Ezkontidea(k)Patrick V, Earl of March (en) Itzuli
Anai-arrebak
LeinuaHouse of Randolph (en) Itzuli
Jarduerak
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakEskoziako Independentzia Gerrak

Agnes Randolph (Eskozia, 1312 inguru - 1369) Dunbar eta Marcheko kondesa izan zen. Agnes Beltza izenaz ere ezaguna izan zen, begi eta ile beltzak eta larruazal oliba-kolorekoa zituela eta. Patrick, Dunbar eta Marcheko 9. kondearen emaztea izan zen. Mordington Housetik gertu dagoen panteoi batean dago lurperatuta.[1]

Thomas Randolph, Morayko kondearen eta Isabel Stewarten alaba izan zen. Bere aita Roberto I.a Eskoziakoaren iloba eta gerra laguna izan zen eta bere ama John Stewart Bonkyllekoaren alaba izan zen[2]. Agnes Ekialdeko Lothianen dagoen Dunbarreko gazteluaren defentsa heroikoagatik ospetsua egin zen. Gaztelua William Montagu, Salisburyko lehen kondearen setiotik babestu zuen, zeina 1338ko urtarrilaren 13an hasi eta ekainaren 10ean amaitu zen, 1331tik 1341era iraun zuen Eskoziako bigarren independentzia gerraren baitan.[3]

Dunbarreko setioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dunbarreko gazteluaren hondakinak
Dunbarreko gazteluaren hondakinak

1338ko urtarrilaren 13an[3], Patrick Dunbar kanpoan zegoelarik, ingelesek Dunbar gaztelua setiatu zuten. Bertan Agnes kondesa bere zerbitzariekin eta guardia gutxi batzuekin zegoen. Hala ere, amorerik ez ematea eta gotorlekua ingelesen esku ez uztea erabaki zuen, nahiz eta ingelesak 20.000 gizon baino gehiago ziren, gaztelu barneko indarrak baino askoz ere gehiago[3]. Zenbait iturriren arabera, honakoa esan zuen:

« Eskoziako erregearengandik jaso nuen etxea, berari ordaintzen dizkiot haragia eta kuota, eta nire etxea gordeko dut, nire etxeak ni gordeko nau bitartean. »

—Agnes Randolph[4][oh 1]


Erdi Aroan ohikoa zen emakumeak gazteluaren edota jauregiko negozioen ardura hartzea haien senarra kanpoan zegoen bitartean, baita berauek defendatzea hala behar izanez gero. Baina Agnes kondesak setioari aurre egiteko erakutsi zuen determinazioa gehien gogoratu diren kasuetako bat da. Salisburyren gaztelua menperatzeko lehen saiakera harri erraldoiak katapulta bidez jaurtitzen eta harresien aurka berunezko jaurtiketak eginez izan zen. Baina saiakera honi Agnesek mespretxu eta erdeinuz erantzun zion, bere zerbitzarietako bat zapi batekin harresiei hautsa kentzera bidali baitzuen.[5]

Ingelesa gaztelura sartzen saiatzeko sow (ingelesez, zerri emea) izeneko setio dorre izugarria erabiltzen hasi ziren ondoren, baina kondesak, besterik gabe, Salisburyri gomendatu zion "bere zerri emea ondo zaintzeko, laster bere txerriak, bere gizonei buruz hitz eginez, gaztelutik botako zizkiolako". Ondoren, ingelesek haiei lehenago bota zioten harkaitz bat gazteluko almenetatik behera botatzea agin duen, Salisburyren setio dorrea birrinduz.[5]

Eskoziako arkularietako batek Salisburyren ondoan zegoen ingeles soldadu bat jo zuenean, kondeak oihu egin zuen: "Hemen dator nire anderearen orratz bat; Agnesen maitasun azkonak zuzenean bihotzera doaz".[5]

Armen bidez garaipena lortzea ezinezkoa zuela ikusirik, Salisbury gaztelua trebetasunen bitartez lortzen saiatu zen. Sarrera nagusiaren zaindaria zen eskoziarra eroskeria bidez bereganatzen saiatu zen, atea itxi gabe uzteko edota ingelesa era erraz batean sar zedin moduan utzi zezala aholkatuz. Hala ere, eskoziarrak dirua ingelesaren dirua hartu bazuen ere, haren estrategia Agnesi jakinarazi zion eta beraz, Agnes ingelesei aurre egiteko prest zegoen haiek sartzerako. Salisbury buru zela sartzen saiatu ziren arren, bere gizonetako batek azken momentuan aurre hartu zion, zehazki Agnesen gizonek gazteluaren ate nagusia beheratzen zutenean, gizon hori harrapatuta gelditu zelarik. Agnesek, noski, Salisbury harrapatu nahi izan zuen, baina ezin izan zuenez estrategia alde batera utzi eta kondea lotsatzera pasa zen, honi oihukatuz: "Agur, Montague, zuk gurekin afaltzeko asmoa nuen, horrela gaztelua ingelesen aurka defendatzen lagungarria izango zinatekelakoan."[5]

Une batean, Agnesen anaia John Randolph, Morayko hirugarren kondea harrapatu ondoren, ingelesek soka bat lepoan bota zioten eta urkatuko zutela mehatxatu egin zuten Agnesek gaztelua haiei eman eta amore ematen ez balu. Hala eta guztiz ere, bere erantzun soila heriotza horrek soilik mesede egingo ziokeela izan zen, horrela bere konderria heredatuko baitzuen. Egia esan, ez zegoen konderriaren oinordekotza lerroan, beraz, edota bere anaiaren bizitzarekin apustu larria egiten ari zen edo istorioa geroago apaintzeko erabili zen pasadizo hau.[4]

William Montaguk bere gazteluari egindako setioa defendatzeagatik egin zen famatua Agnes.

Salisburyk, bere azken baliabidea bezala, gaztelua errepideetatik eta kanpoko munduarekin izan zezakeen beste edozein komunikabidetatik isolatzea erabaki zuen, kondesa eta bere garnizioari gosetea eragiteko asmoz. Baina Ramsay Dalhousie, errege ingelesaren etengabeko arantza izatearen ospea lortu zuenak, ingelesen planen berri izan zuen eta haien laguntzan abiatu zen. Edinburghetik kostaldera joan zen bere 40 gizonekin batera. Hainbat itsasontzi lortu ostean, Ramsayk eta bere konpainia itsasoz gaztelura hurbildu ziren eta itsasoaren ondoan zegoen poternatik sartu ziren. Gaztelutik irteterakoan, eskoziarrak Salisburyren abangoardiako guardia sorpresaz harrapatu zuten eta beren kanpalekuraino itzularazi zituzten.[5]

Bost hilabete igaro ziren ingelesa Dunbarrera joan zenetik. Salisburyk porrota onartu egin zuen eta 1338ko ekainaren 10ean setioa altxatu zuen. Baina eskoziarrek ingeles armadari eragin zioten garaipenak baladetan biziraun zuen. Hauetako batean, Salisburyren ahoan hitz hauek jartzen dira.

« Berdin zen goiz edo berandu iritsi, Agnes atean aurkitzen nuen beti. »

—William Montagu[4][oh 2]

Dunbar setiatzeko plan horrek, huts egin arren, ingeles koroarentzat 6.000 libra ingeles inguruko galerak eragin zituen, trukean ezertxo ere lortu ez zuen arren.[3]

Mendeetan zehar, Agnesen Dunbarreko gazteluaren defentsak gaur egungo kronikari eta historialari eskoziarren arreta bereganatu zuen, bere ausardia zela eta.[3]

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dunbarreko armarria

Zenbait historialariek Moray kondesa moduan deskribatzen dute, John bere anaia 1346ko Neville’s Cross guduan hil zutenean Agnesek konderria heredatu zuela uste baitute[6]. Hala eta guztiz ere, datu fidagarrienen arabera konderria koroari itzulia izan zen[7]. Dena den, 1371/2 urtean, Agnesen iloba, John Dunbar, Morayko konde izendatu zuen Roberto II.ak, bere aitaginarrebak[7]. Agnesen familia oso aktiboa izan zen Eskoziako erresistentzian, XIV. mendean Ingalaterrak herrialdea konkistatzeko egin zituen saiakeretan. Bere aita, Thomas Randolph Morayko kondea, erregeorde izendatua izan zen 1329tik 1332ra. Agnesen anaia 1335ean ondoko erregeorde izendatu zuen, baina ingelesek harrapatu zuten handik gutxira[3].

1324an Agnes Patrickekin, Dunbar eta Marcheko bederatzigarren kondea eta Berwickeko gobernadorearekin, ezkondu zen. Berwick indar ingelesek okupatu zutenean 1333an, Patrickek ingelesekin bat egitea erabaki zuen, eta Eduardo III.ak Agnes eta Patricki lur ingelesak emango zizkiela baieztatu zuen. Patrickek Edwarden baimena jaso zuen Dunbarreko gaztelua berrindartzeko. Orduan, Patrick Eskoziarren aldera aldatu zen berriro ere. Agnes haserre zegoen bere senarrak egiten zituen leialtasun aldaketak zirela eta, baina Patrickek Agnesek inguruko susmoak zituen era berean[3]. Badirudi ez zela egon Agnes eta kondearen arteko ezkontzaren ondorioz sorturiko seme-alabarik bizirik iraun zuenik denbora luzez. Haien ondasunak kondearen lehengusua zen John de Dunbar of Derchester and Birkynside eta bere emazte Isobel Randolph, Agnesen ahizpa gazteeneren arteko ezkontzatik sortu ziren seme-alabei utzi zizkieten.

Hiru ilobak hauek izan ziren:

  • George, Dunbar eta Marcheko kondea
  • John Dunbar, Morayko kondea
  • Sir Patrick de Dunbar, Beilekoa

Tutoretzapeko neska bat ere izan zuen, Agnes Dunbar, Dabid II.a erregearen maitale bihurtu zena.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Of Scotland's King I haud my house, I pay him meat and fee, And I will keep my gude auld house, while my house will keep me.
  2. Cam I early, cam I late, I found Agnes at the gate.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Chicago, Judy. (2007). The dinner party : from creation to preservation. Merrell ISBN 9781858943701. PMC 76365461. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  2. Paul, James Balfour. (1904-1914). The Scots peerage : founded on Wood's ed. of Sir Robert Douglas's Peerage of Scotland; containing an historical and genealogical account of the nobility of that kingdom. Edinburgh : D. Douglas (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  3. a b c d e f g Amazons to fighter pilots : a biographical dictionary of military women. Greenwood Press 2003 ISBN 0313291977. PMC 51281184. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  4. a b c (Ingelesez) Kristen, Clive. (2014-06-10). Ghost Trails of Edinburgh and the Borders. Andrews UK Limited ISBN 9781781662472. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  5. a b c d e (Ingelesez) Historical Tales of the Wars of Scotland, and of the Border Raids, Forays, and Conflicts. Fullarton 1849 (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  6. Stodart, R. R. (Robert Riddle). (1881). Scottish arms : being a collection of armorial bearings, A.D. 1370-1678, reproduced in facsimile from contemporary manuscripts, with heraldic and genealogical notes. Edinburgh : W. Paterson (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
  7. a b (Ingelesez) Cokayne, George Edward. (1893). Complete Peerage of England, Scotland, Ireland, Great Britain and the United Kingdom, Extant, Extinct, Or Dormant. G. Bell & sons (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).