Agustin de Iturbide

Wikipedia, Entziklopedia askea
Agustin de Iturbide
Agustin I of Mexico.jpg
Enperadore

Bizitza
JaiotzaMorelia1783ko irailaren 27a
Herrialdea Mexiko
BizilekuaPalace of Iturbide (en) Itzuli
HeriotzaPadilla Municipality (en) Itzuli1824ko uztailaren 19a (40 urte)
Hobiratze lekuaMexiko Hiriko katedrala
Heriotza moduaheriotza zigorra: bala zauria
Familia
Ezkontidea(k)Ana María de Huarte y Muñiz (en) Itzuli
Seme-alabak
LeinuaHouse of Itúrbide (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta militarra
GraduaGeneralissimo (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Agustín de Iturbide signature.svg
Agustin de Iturbide

Agustin Cosme Damian de Iturbide y Aranburu (Morelia, Mexiko, 1783ko irailaren 27a - 1824ko uztailaren 19a) Mexikoko politikaria eta militarra izan zen. Haren jokabide politikoa, batez ere Vicente Guerrero buru matxinoarekin bat egitea, erabakigarria izan zen Espainiar Inperiotik Mexikok eta Erdialdeko Amerikak independentzia lor zezaten. Mexikoko lehendabiziko enperadorea ere izan zen, Agustin I.a izenpean.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita Azkoienen jaioa eta ama euskal jatorrizko aitoren alaba zituen.

Gudarostean 1798an sartu zen, eta 1810erako lotinant-mailara iritsia zen. Urte horretan, Mexikoko Independentziako Gerra piztu zen, eta, hasiera batean Iturbide espainiarren alde borrokatu zen, matxinada bertan behera utzi nahian. Militar iaioa izanik, 1816an Mexikoko iparraldeko espainiar gudarostearen buru izendatu zuten.

Mexikarren kausaren alde egin zuen emeki, eta Vicente Guerrero buru matxinoarekin ezkutuko negoziazioei ekin zien. 1820an Iturbidek matxinadarekin bat egin zuen, gudaroste leialaren alde gehiena berekin eramanez. 1821eko otsailean, Iturbidek eta Guerrerok Igualako Plana plazaratu zuten, Mexiko batu, bereizi eta guztiz independentearen alde.

Beste matxino batzuk ekarrarazi zituzten, eta espainiar gudarostea kanporatu. Iturbide gobernu berriaren buru bilakatu zen. Akats historiko batean, alde egin zuten espainiarrei lurren jabetza ordaindu zien zilarrean, eta, hortaz, porrot ekonomiko itzelean hasi zuen Mexikok bere ibilbide independenteak. Atzerakoien babesarekin, Europako errege-sendietako bat nahi zuen Mexikoko erregetzarako. Baina horietako inork eskaintza onartu ez zutenean (Espainiak oraindik Mexiko berreskuratzeko itxaropena zeukan gainera), Iturbide enperadore bihurtu zen, Napoleonek egin zuen eran. 1822ko uztailaren 21ean Agustin I.aren izenpean Mexikoko enperadore izendatu zuten.

Herrialdea gudarostea bezain gogor jaurrita, nahigabea laster hedatu zen. 1823an eskualdeko hainbat gobernari altxatu ziren, Mexiko errepublika bihurtzeko asmoz. Iturbidek tronua 1823ko martxoaren 19an utzi zuen, eta herrialdetik borrokatu gabe abiatu zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Agustín de Iturbide
  • Joseba Aurkenerena: Agustin Iturbide Aranburu, Mexikoko enperadore.[1]

Kanpo-estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]