Lotsa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ahalke» orritik birbideratua)
Lotsa adierazten duen emakume bat.

Lotsa edo ahalkea besteek gutaz pentsatuko dutenari beldurra da, besteek gugandik espero duten modura jokatzera eramaten gaituen koldarkeria.

Lotsa ez da, nahi ez dugun zerbait egingo digutenaren beldurra, zuzenki kaltetuko gaituztenaren beldurra, beraz mehatxua, baizik eta gurekiko jarrera alda dezatenarena, batez ere gutaz gaizki pentsaka ala gaizki esaka ibiltzearena.

Indarkeria da, beraz, lotsa, indarkeria mota bat. Eta, koldarkeria den heinean, indarkeria bikoitza: gure izaera edo borondateari uko egitea suposatzen baitu eta besteen borondateari men egitea, aldiberean[1].

Lotsaren azterketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lotsa gogamen gaitasun garatua exijitzen digun eraikin sozial konplexua da. Hori, oro har, intuizioz badakigu, ez baitugu espero ez harriek, ez zuhaitzek, ezta sikiera txakurrek edo txinpantzeek, adibidez, lotsarik senti dezaten, nahiz eta azken bi animalia hauen adimenak maiz txunditzen gaituela eta oso adimentsuak direla esaten dugun.

Badakigu heien garunek ez dutela hainbesterako ematen.

Ez diegu, sikiera, haurrei, eta are gutxiago haur besoetakoei, lotsaren arabera joka dezaten exijitzen, 7 urte ingururarte inondik ere.

Eta 7 urte ingurutik 13 ingurura ere ez dugu espero lots gehiegi agertzea. Aitzaki txiki batekin, agindu batekin, adibidez, lotsa bazterrean lagatzeko gai baitira orduan ere. Jolasean libre aritzeko, begiratzen ote dituzten inolako kezka barik, esate baterako.

Hortik aurrera, pubertaroarekin, ordea, bai, honek ekarri ohi duen gogamen garapenarekin baitator lotsa sentitzeko eta lotsapean jokatzeko benetako gaitasuna. Oso bapatean eta oso gogorki etortzen ere.

Eta ez da harritzekoa ahalkea hain espezifikoa izatea (heldutako gizakietan besterik ez ematea bere osotasunean) ze, lotsa, zinez kontzeptu korapilatsua baita.

Lotsa senti ahal izan dezagun baldintza hauek denak bete behar dira:

  1. subjektu bat behar dugu, adibidez ni (konplexutasun barik, oraingoz);
  2. pentsatzeko gai dena (konplexutasun lehen maila);
  3. besteek zer pentsatzen duten pentsatzeko gai dena (konplexutasun bigarren maila);
  4. ...guri buruz (konplexutasun hirugarren maila).

Marrazki batzuen bidez[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hau ni naiz (inolako konplexutasun barik, oraingoz ez dut pentsatu ere egiten):

Eta hau nire hurkoa da (beste pertsona bat):

Hauxe naiz ni berriz ere, baina, oraingoan, pentsatzen ari naizela (edozein # gauzatan pentsatzen) beraz abstrakzio lehen maila lortuta:

Ondorengo hau errespetua da (besteengan pentsatzea, hain zuzen ere, zehazkiago ni naiz nire hurkoarengan pentsatuz), honek abstrakzio bigarren maila dakar (nire hurkoa, ente abstraktu gisa, nigan da, nire pentsamentuetan):

Zakur batzuek, une batzuetan, maila hau erdiesteko gai dira, jabeak zigortuko dituelaren beldurrez zerbait ez egiteko, esate baterako.

Baina lotsa oraindik konplexuagoa da, hurrengo marrazkiko hau bezain bihurria (3 abstrakzio mailakoa):

Hain konplexua den eragiketa hori egiteko gai soilik gizaki helduak dira (eta ez denak) Jean Piaget-ek esango lukeen moduan, gaitasun operatibo formala lortu dutenak besterik ez. Hau da, elementu abstraktuekin eragiketa abstraktuak egiteko gai direnak.

Hori ez da lortzen, modu mugatuan baizik 7 urte ingurutik aurrera eta, erabat, 13 urtetik gorako gizakietan.

Horregatik 7 urte ingururarte haurrek ez dute inolako lotsarik bilutsik jendeaurrean egoteko, esaterako. Eta ez diegu horrelakorik exijitzen ere. Ez dugu inolako oztoporik horretan.

7 urtetik aurrera, ordea, hurrek lotsa oso mugatua dute, badute, baina oso modu oinarrizkoan: aise gaindi daitekeena arrazoi ala aitzaki on bat emanez gero. Agindu baten bidez, adibidez. Demagun medikuan ziztada bat ipurdian jartzerakoan.

Horregatik 13 urte ingurutik aurrera (eta heldutasun intelektuala lortuz gero, beti gertatzen ez dena) du jendeak lotsatzeko gaitasun osoa. Horrexegatik ematen da adin horietan jokabide eta sentimentu hain iraultza itzela: edozein toki edo egoeretan libreki jolastetik eta erabat natural agertzetik, nerabeak, kolpez, herabe ageri dira, lotsati (edo errebelde), taldekatu egiten dira eta taldearen inguruan kiribiltzen, (taldearen intimitatea bilatzen dute, biltoki propioak bilatzen eta definitzen, janzkera jakinak, mintzatzeko zein jokatzeko bide berezi eta bereizgarriak, ereduak, estiloak …).

Eta gizarteak lotsarekin jokatzen du, koakzio modura. Jokabide batzuk, janzkera batzuk, jarrera jakinak onartu eta bultzatuko ditu, beste batzuk, ordea, arbuiatuko eta erreprimituko.

Lotsak barne-polizia moduan jokatzen du, gainera, taldeak, gizarteak, onartzen ez dituen jokabide, jarrera, balioak eta aukerak mugatuz, beste batzuek bultzatuz[2].

Lotsaren eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lotsak erabat eta etengabe gaitu harrapatuta, nagusiki besteen aurrean, baina neurri txikiagoan baldin bada ere, baita bakarka gaudenean ere, bereziki, bakarrik egon arren, norbaitek gu ikustearen arriskua dagoenean.

Horretaz jabetzeko esperimentu hutsa eta erraza egin ahal da: begiratu jendeak berdin jokatzen ote duen ohiko egoeran ala garuna anestesiatuta duenean. Ez erabat anestesiatuta, baizik hirugarren gogamen konplexutasun maila hori baimentzen digun gaitasuna itzalita dugunean, alegia. Txispatuta gaudenean ala punttutxoa harrapatu dugunean. Hau da, alkohol apurra (edota alkohol dezente) hartu dugunean.

Jende askok dio alkoholak bizitu egiten duela, animatu, egunerokoan ausartzen ez den gauzak egitera ala esatera bultzatzen.

Kontraesan hutsa da hau, ze etanolak (alkohol etilikoak) gure garunean duen eragina anestesikoa da, ez pizgarria.

Kontua da, eragin anestesiko hori tipularen azalen moduan datorkigula. Gorputzak badaki zein funtzio diren oinarrizkoak, garrantzitsuenak, beraz, hauek babestu egiten ditu. Horregatik, alkohol apur bat edanda lokartuko zaizkigun lehen zatiak konplexutasun handieneko eragiketak kontrolatzen dituztenak dira, garunaren kortexa, alegia. Horregatik ez dugu alkoholik hartu behar gidatzera goazenean, hizkuntzak ikasteko, itzulpen lanetarako, azterketa garrantzitsuak egiteko, lan arriskutsuetarako, filosofia, matematika ala fisikako ariketa aurreratuak egitera goazenean... Gure garunaren kortexak baimentzen baitizkigu abstrakzio maila handieneko eragiketak, gehien eta sakonen pentsarazten diguten horiexek.

Horrexegatik edaten dugunean badirudi piztu egiten garela. Alkoholak lehenbizi inhibizioak, lotsak lotarazten baititu, modu espontaneoagoan jokatzea ahalbideratuz.

Hor nabarmentzen da noraino gauden lotsak erreprimituta: berau lokaraztea desiratzen izaten gara (nagusiki lotsaren zartada gogorren sentitzen ari diren nerabe eta gaztetxoak, lotsa gauza berria baitute eta haurtzaroko kezkagabetasunera eta zoriontasunera itzultzea desiratzen ari baitira).

Alkohola edaten jarraituz gero, gero eta sakonago eragiten dio honek gure garunari, eta hirugarren gogamen-konplexutasun eragiketen atzetik, bigarrenekoak ere lotaraziko dizkigu, hau da, segidan errespetua galduko dugu (oihuka mintzatuko gara, edonon txiza eginen dugu, edonon botaka, jendearekin sartuko gara, oso oso oso gogaikarriak jarriko gara, sekula maite dugula esan ez diogun horri seko maite dugula esango...).

Hemen ere nabarmendu ahal da noraino gauden lotsaren bidez erreprimituta: gure senak zertara bultzatzen gaituen, benetan (eta etengabe) desiratzen ari garen hori zer den. Baina egunerokoan erreprimitzen duguna.

Alkohol dosia areagotuz gero, funtzio oinarrizkoagoak galduko ditugu: pentsatzeko gaitasun hutsa. Norabidebarik ibiliko, galduta, hitz egiteko gai ez, mugitzeko gaitasuna galduko...

Azkenean, are alkohol maila handiagoa lortuz gero odolean, arnas hartzeko gaitasuna ere lokartuko da, funtzio oinarrizkoenak, abstrakzio konplexutasun mailarik gabekoak ere, eta koma etilikoan sar gaitezke, baita heriotza etilikoa erdietsi ere[3].

Lotsa gainditzeko bideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alkohola askatasun bide bezala arriskutsua da. Ez bakarrik gehiegi hartuz gero arazotan sartu ahal dugulako. Badu beste arrisku bat ere: zoriontsu sentitzeko, baita gu geu sentitzeko ere, erabiltzearena. Dependentzia horretan erortzearena. Gu geu izateko alkohola behar izatearena.

Badira lotsaz deskonektatzeko modu osasuntsuagoak eta sormenezkoagoak, hala nola:

  • norbere burua ezagutzea eta onartzea;
  • gure nortasun propioa bilatzea eta honi atxekitzea, lotsa baztertuz;
  • gure bidea eta aukerak aurkitzea.
  • Antzerkiak lagun gaitzake bide honetan, baita rol-jokoek ere, ze rol desberdinak jokatzen ikasteak gure-gureak zeintzuk diren aurkitzen lagun baigaitzake, eta gurea den rol hori beste batena izanen balitz bezala jokatu ahal izatea. Beste modu batez esanda: jantzita egoteko aukerak ahalbideratzen digu bilutsik sentitu ahal izatea (jantzirik gabe ez baita existitzen biluztasuna ere ez), gure buruari, gure izaerari arropa desberdinak jartzen jokatzeak biluzik nor eta nola garen ezagutzen lagun gaitzake.

Eta hori guztia erabaki batetik hasten da, edo hasi behar du: lotsari mozorroa kentzearenetik, gu geu garen modukoak eta nahi dugun modukoak izaten laga gaitzan.

Gure jokabidea gidatzeko ez dugu lotsaren beharrik, gure ekintzak, jarrerak, aukerak eta balioak gure barrutik irten behar baitute eta ez lotsaren (ala erruduntasunaren) urrutiko aginduaren menpetik. Konszientziak (kontzientziak) eta errespetuak aski behar dute izan gure jokabidea gidatzeko.[4]

Lotsa indarkeria eta indarkeria bikoitza bezala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Besteek, lotsaren bidez, gugan eragin nahi izatea indarkeria da. Beraz, lotsa indarkeria egiturazkoa da, pertsonarteak hau erabiltzen baitu gure jokabidea kontrolatzeko eta manipulatzeko.

Lotsa biolentzia da (besteek gure borondatea deusezteko eta heurena inposatzeko erabilitako tresna), eta indarkeria bikoitza ere, ze lotsaz jokatzea koldarkeria baita: gureari uko egitea da, batetik, eta besteen borondateari men egitea, bestetik[5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. INDARKERIA. Etsai Bakarra. Gizateriaren Etorkizunerako Oinarri Etikoak. IEGET, 363 or. ISBN 978-2-9580063-2-7..
  2. INDARKERIA. Etsai Bakarra. Gizateriaren Etorkizunerako Oinarri Etikoak. IEGET, 358 or. ISBN 978-2-9580063-2-7..
  3. INDARKERIA. Etsai Bakarra. Gizateriaren Etorkizunerako Oinarri Etikoak. IEGET, 360 or. ISBN 978-2-9580063-2-7..
  4. INDARKERIA. Etsai Bakarra. Gizateriaren Etorkizunerako Oinarri Etikoak. IEGET, 361 or. ISBN 978-2-9580063-2-7..
  5. INDARKERIA. Etsai Bakarra. Gizateriaren Etorkizunerako Oinarri Etikoak. IEGET, 362 or. ISBN 978-2-9580063-2-7..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]