Urrütiako anderia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ahetzeko anderea» orritik birbideratua)
Urrütiako Jauregia, Altzürükü, Menauton jaunak Domenja emazteaz abusatzen zuenekoa

Urrütiako anderia zenbait izenez ezagutzen den XV. mendeko eresia da, Zuberoan ahoz aho transmititu zena eta zenbait lekukotasunek bildua, aldaera desberdinekin. Kantuaren ikerlari nagusiak, Txomin Peillen euskaltzainak, forma hori (Urrütiako anderia) hobetsi zuen Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarirako egindako azterketa sakonean[1], nahiz eta beste izen batzuekin ere ezagutzera eman den (Hauzeko Anderia edo Ahetzeko Anderea, adibidez).

Gaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altzürüküko Urrütia jauregia da eresiaren kokalekua, eta bertan bizi izan ziren bi pertsonaiaz ari zaigu. Menauton Urrütiakoa 1422. urtean ezkonarazi zuen bere aitak, 20 urte zituela, Domenja izeneko emakumezko batekin, Ahetzekoa berau.

Senar abusatzaile baten berri ematen digu kantuak. Urrütiako jaunak bizkarreratzen dio bere emazte Domenjari beste norbaitekin ibiltzen dela. Errugabea (ogen gabe) dela esan arren emazteak, gizonak ileetatik hartu eta narrasta darabil (Urrütiak bilhoti therresta dü ebili).

Bertsoen bigarren partean fantasiara igarotzen garaː Santa Klara santu katolikoari egotzitako mirari baten ipuinarekin nahasten da Domenjaren bizitza. Goizez, irten da anderea opil batzuk prestatu ondoren, opilok zareta edo saskian daramatzala, "Jente eskeliari emaiteko zokhorri"; baina bidean geldiarazi du senar zelatari jeloskorrak, "begiak oldartürik". Jaunak zaretan zer daraman ikusteko sartu du eskua barrura, eta miraria gertatzen da, opilak harilko edo artile-matazak bihurtzen dira (Ophilak, ordü hartan, jin ziren haillikotan). Jaunak, orduan, uste du ehulearengana doala emaztea (Ehüliaren etxera zoaza bilberaztera?) artilea lantzeko enkarguarekin, eta lasai geratzen da. Nonbait Urrütia ez bakarrik jeloskor eta abusatzailea da, baita ere ezin zekenagoa, etxeko opilik eskaleei ematea onartezina egiten baitzaio.

Hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txomin Peillenen iritziz[1], eresiko zuberera behar lukeena baino modernoagoa da (XVII. eta XVIII. mendekoa; ahoz aho transmititzearekin batera egokitu izan zen seinale), baina olerkigintzak salatzen du zaharragoa dela. Hona kantuaren bertsio "kanonikoa", Peillenek jaso bezala[2]ː


 Ahetzeko anderia
 Urrütian khorpitzez;
 Hor dizü bere büria
 kanpoan da bihotzez.

 -Nur dü bere maitia?
 nahi nüke egia
 Jinkoak nahi badü
 hiltzia ükhenen dü.

 Gure jaun Urrütia
 khexian bethi zira;
 Erradazüt zertako,
 ni e'nüzü kanpoko.

 -Hürrünt zite niganik
 eztit zure beharrik;
 bazoaza kanpora
 eni adar biltzera.

 -Jauna, holako gaizak
 Ahetzeko anderiak
 eztitizü ikhasi;
 hen doazü ihesi.

 Elhe horiek ahotik
 jalkhitzen zirelarik,
 Urrütiak bilhoti
 therresta dü ebili.

 -Jinkoa zer bizia!
 Oi! jaun Urrütia,
 ni Ahetzeko etxian
 nündüzün bai bakian.

 Hunat jin behar nizün
 ene zorthia züzün,
 bihotz min ükheiteko
 zure khexarazteko.

 Ogen gabe zü, bethi
 mintzo zitzaizt; gogorki;
 othoi, zure begiak
 ütz ditzala khexiak.

 Goizian goiz jeikirik
 Ogi opilak eginik
 Ahetzeko anderia
 lehia dün handia.

 Zareta bat bürian
 kanporat jalkhitzian
 Mus d'Urrütiak zian
 baratü bai bidian.

 Nun zabiltza haiñ goizik,
 Jauregia hüstürik?
 galthatzen dero Urrütik
 begiak oldartürik.

 Jauna, ikhusiren düzü
 nahi baldin badüzü,
 nurat orai nabilan
 zareta hau bürian.

 Jente eskeliari
 emaiteko zokhorri
 Andere Urrütiak
 hartü zütian bidiak

 Ophila zaria beitzen
 betherik jente prauben,
 Urrütiak zarian
 eskia ezari zian.

 Ophilak, ordü hartan,
 jin ziren haillikotan
 Urrütiak berhala
 uste trunpatü zela.

 Ehüliaren etxera
 zoaza bilberaztera?
 -Jauna, ikhusten düzü...
 orai zük badakizü.

 -Pharka izadazüt arren,
 bekhaitz e'nüzü izanen
 emazte huna zirela
 orai badit nik proba.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Peillen, Txomin. (1986). «XV. mendeko Altzürükü Urrutiako leinuaren eresiak» Euskera (Euskaltzaindia) (Noiz kontsultatua: 2010-02-15).
  2. «BERTSO / OLERKIen orrialdea» urkiza.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-20).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]