Edukira joan

Ahozko literatura

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nigerreko griot bat.
Grimm anaiek ahozko ipuinak bildu zituzten.

Ahozko literatura edo Ahozko tradizioko literatura memorian dauden eta komunitate baten barruan ahotsaren bidez transmititzen diren literatura-testuen multzoa da. Ahozko adierazpenak aurreko testu idatzi batetik etor badaitezke ere, edo geroago idatzizko bilduma bat izan badezakete ere, ahotsa da transmisio-bide nagusia. Literatura tradizionalaren ohikoa modua da hau, bereziki herri-literaturari lotua.

Mircea Eliadek horrela definitu zuen ahozko literatura: “Noizbait inoren ahotik irten dena eta oroitza pen kolektiboak gorde duena”.[1]

Ahozko literatura adierazpen artistikoak multzokatzeko erabiltzen den kategoria da, hala nola kondairak, mitoak, tradiziozko ipuinak, koplak, erromantzeak, igarkizunak, corridoak eta ahotsaren bidez transmititzen den beste edozein hitzezko adierazpen estetiko.[2] Literatura-sailkapen honek idazketaren esku-hartzerik gabe entzundako, kontatutako edo kantatutako adierazpenak biltzen ditu.[3]

Literatura honetako testuek parte den komunitatearentzat garrantzitsuak dira. Komunitate horren identitatea, balioak eta gaiak islatu ohi dituzte; bestela, ez dira aintzat hartzen, eta are gutxiago errepikatzen eta zabaltzen.[4]

Kontzeptuaren sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahozko Literatura esamoldea Paul Sébillotek proposatu omen zuen lehen aldiz, eta 1881ean argitaratutako Bretainia Garaiko kontakizunen bilduma batean erabili zuen. Bertan, ipuinak, elezaharrak, esaera zaharrak eta era horretako beste testu mota batzuk bildu zituen. Hala ere, 1877az geroztik, Gaston Paris frantses filologoak idazketaren bidez transmititutako testuak oroimenean eta ahotsean daudenetatik bereiztearen garrantzia adierazi zuen, eta ouï-dire terminoa azaldu zuen.[5]

XX. mendean zehar, ikertzaile gehienek ahozko literatura terminoa erabili zuten ahoz transmititutako testu estetikoak izendatzeko. Hala ere, Walter J. Ong bezalako teorikoek, Orality and Literacy: The Technologizing of the Word liburuan (1982), ahozko literatura kontzeptuaren erabileratik desberdintzen dira; izan ere, literatura hitzaren barruan, bere jatorri etimologikora jotzean, «littera» erroa du, «letra» esan nahi duena, eta, beraz, kontraesana zen testu horiek idazteari lotutako adierazpen multzo baten zati gisa aipatzea. Berak, aldiz, oratura hitza proposatu zuen ordezko gisa.[6] Hainbat adituk babestu zuten oratura kontzeptua, eta argudiatu zuten termino horrek ageriko egiten zituela ahozko testuak arte-adierazpen bakar gisa, eta ez literatura idatziari erantsitako kategoria gisa.[5]

Ruth Finneganek, ahozko poesiaren definizioari eta generoei buruzko teoriko nabarmenak, ahozko literatura kontzeptua defendatu zuen, nahiz eta kasu batzuetan oratura terminoarekiko modu positiboan ere agertu zen. Gaur egun, oraindik ere eztabaida dago termino egokiena zein den erabakitzeko.

Ahozko literatura, herri-literatura eta literatura tradizionala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kyrgyz herriko manaschi bat Manas poema errezitatzen.

Sinonimo edo kontzeptu ordezkagarri gisa erabiltzen diren terminoak izan ohi dira; hala ere, bakoitzak literatura-mota baten ezaugarri bereziak adierazten ditu:

  • Ahozko literatura: Ahozko literaturaren euskarria memoria da, eta haren transmisio-kanala ahotsa.
  • Herri-literatura: literatura hau herriak sortu edo egokitu zuena da. Hau da, komunitate batek testu bat kolektiboki sortzen badu, testu hori herrikoia izango da. Era berean, egile ospetsu baten poema edo abesti bat, jende askok ezagutzen eta errepikatzen duenean herri-literatura da.
  • Literatura tradizionala: literatura honen egilea jada ez da aintzat hartzen, eta kultura eta komunitate baten errepertorio komunaren parte da. Horrela, litekeena da hasiera herrikoia izan zuen testu bat, autoreari aitortzen baitzitzaion, denboraren poderioz, aldaketak izaten hastea, testu horri buruz egiten ziren errepikapenen ondorioz, eta, beraz, egokitze-prozesu horretan, egile indibidual baten kontzientzia galdu zen.[4]

Ahozko literaturaren ezaugarri batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mircea Eliaderen definizioarekin jarraituz nahiko ezaugarri egokiak dira horretan aipatzen diren elementuak: ahistorikoa dela mintzo eder hori, hots, historikotasuna ezinezko edo bigarren mailako duela; anonimoa dela gainera, hots, autorearen figura eta eskakizunak aintzat hartzen ez dituen zerbait bilakatzen dituela; giza ahalmenetan bakarrik bizi dela: ahoan sortuz, belarrian gozatuz, buruan gordez; eta gizabanakoen eta euskalkiaren tradizioetan bizirik eta bere osoan irauten duela.[1]

Alderdi literarioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joan Mari Lekuonak hauek aipatu zituen Literatura Terminoen Hiztegian:

  • Irudien eta ideien mugimendu azkarra. Literatura mota horretako pentsaerak eta sentierak agertzerakoan, artistaren irudimenak harrigarriro egiten du txango ideia batetik bestera, sentimen batetik bestera. Askatasun hori berezkoa du ahozko literaturak.[1] Lau eratan emanik aurki daiteke irudien eta ideien mugimendu azkar hori, Manuel Lekuonak dioenez: a) elipsiak ugarituz; b) prozedura erretorikoak kenduz; c) logikaren eta denboraren ordenari ez jarraituz; d) irudien eta esanahien arteko loturak agerian ez jarriz, eta pentsabidearen logikazko abiadan jauziak eginez.[1]
  • Artifizio erritmikoa. Lau osagai hartzen dira gogoan: errima, erritmoa, kantua eta gorputz espresioa.[1]
  • Teknika ez-klasikoak. Funtsezko gertatzen da ahozkotasunaren gaiaren ezagutzan eta erabileran bereizketa hau egitea: literaturaren aldetik, klasizismoarekiko hausturak erabakitzen ditu teknika alderdiak, berezitasunak eta herriak asmaturiko prozedura zaharrak.[1]

Ahotik ahorako transmisioan testuak aldaketak izaten ditu; literatura idatziak ez bezalakoak gainera, zabalik dauden testuak gertatzeraino, hain zuzen. Belaunaldiz belaunaldi egiten da transmisio hori, askotan gizaldiz gizaldi ere bai. Eta, denboraren joanean, testua helarazten duenak alda dezake testu hori: aberastu dezake, edo mugarritu zatiren bat, edo testua uki dezake garaiko hizkuntz joeren eskakizunen arabera, transmisoreak duen nortasunaren, sentiberatasunaren edota oroimen indarraren arabera. Izan ere, ahozko literaturaren subjektuak uste du usadiozko testu horiek ez direla inorenak, herriarenak direla, denena den tradizio altxorra osatzen dutenez, eta ukitu eta birmoldatu daitezkeela usadioari jarraituz.[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 4 5 6 7 «ahozko literatura - Literatura Terminoen Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (kontsulta data: 2026-01-14).
  2. «World Oral Literature Project : About» www.oralliterature.org (kontsulta data: 2026-01-14).
  3. (Ingelesez) «1. The Nature and Kinds of Oral Literature» chs.harvard.edu (kontsulta data: 2026-01-14).
  4. 1 2 (Ingelesez) González, Aurelio. (2016-04-06). México tradicional.: Literatura y costumbres. El Colegio de Mexico AC ISBN 978-607-628-087-4. (kontsulta data: 2026-01-14).
  5. 1 2 Ferrer, Juan José Prat. “Oralidad y oratura”, Simposio sobre literatura popular 2010: definición y propuesta de bibliografía básica. Urueña: Fundación Joaquín Díaz, Dic. 2010: 15-30.. (kontsulta data: 2026-01-14).
  6. (Gaztelaniaz) Ong, Walter J.; Hartley, John. (2016-10-04). Oralidad y escritura: Tecnologías de la palabra. Fondo de Cultura Económica ISBN 978-607-16-4258-5. (kontsulta data: 2026-01-14).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]