Edukira joan

Aipatze eskubide

Wikipedia, Entziklopedia askea

Aipatze eskubidea, aipamen eskubidea edo aipu eskubidea egile eskubideen muga bat da, sortzaile intelektual baten lanaren zati bat irakaskuntzarako, ikerketarako, kritikarako eta abarretarako erabiltzea ahalbidetzen duena.

Erabiltzeko baldintzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatze eskubideak aukera ematen du obra batean beste edozein motatako obra idatzi, soinuzko edo ikus-entzunezkoen zatiak sartzeko, bai eta izaera plastiko edo fotografiko figuratiboa duten obra isolatuen zatiak ere, baldin honako baldintza hauek betetzen badira:

  • Aipatutako obra jendarteratua izan behar da.
  • Erabilera obraren testuinguruan justifikatu behar da.
  • Iturria eta egilea adierazi behar dira.
  • Aipatutako obra ez da aldatu behar.

Aipamentzat har daitezke, orobat, aldizkako bildumak, erreseinatzat edo prentsa ikuskatzetzat eginak.

Nazioarteko legedia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egile eskubideen muga horri buruzko nazioarteko esparrua 1886. urteko Literatur eta Arte Lanak Babesteko Bernako Hitzarmenak dakar. Hona hemen hitzarmenaren 10.1 artikulua:[1]

« Legezkoa da legezko era batean jendearentzat eskuragarri jarritako obra batetik hartutako aipuak egitea, baldin erabilera zintzoekin bat etorrita eta lortu nahi den helburuarekin bat etorrita egiten badira [...]. »

Europar Batasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europar Batasunean, 2001/29/EE Zuzentaraua, 2001eko maiatzaren 22koa, aplikatu behar da. estatu kideen ardura da zuzentarau hori beren legerian jasotzea. Zuzentarau horrek estatuetako legeriei baimena ematen die egile eskubideetan zenbait salbuespen edo muga ezar ditzaten, egile eskubideek babestutako lanak erreproduzitzearren, kopiatzearren edo banatzearren. Salbuespen edo muga horiek, artikulu honen gaiari dagokionez, honako hauek dira:

  • «obra edo bestelako objektu babestuak erabiltzen direnean gaurkotasuneko gertaeren berri emateko, betiere lortu nahi den informazio-xedearekin justifikatuta eta, ezinezkoa ez bada behintzat, iturria adierazteko baldintzarekin, egilearen izena barne» (5.c artikulua);
  • «adibidez kritika edo aldizkarirako egindako aipamenak direnean, baldin lan edo objektu babestu bati buruzkoak badira, eta, ezinezkoa ez bada behintzat, iturria —egilearen izena barne— adierazita badago, eta erabilera egokiaren arabera eta lortu nahi den xedeak justifikatzen duen neurrian egiten badira» (5.d artikulua).

Zenbait estatu burujabetako legedia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Erresuma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatze eskubidea, Espainiako Erresuman, Jabetza Intelektualaren Legearen testu bategineko (JILTB) 32. artikuluan dago araututa, 1apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera:[2]

« 32. artikulua. Aipamenak, erreseinak eta ilustrazioak, hezkuntzarako edo ikerketa zientifikorako.

1. Zilegi da norberaren obra batean sartzea idatzizko, soinuzko edo ikus-entzunezko beste obra batzuen zatiak, bai eta izaera plastiko edo fotografiko figuratiboa duten obra bakanak ere, baldin obra horiek dagoeneko jendarteratuta badaude eta aipamentzat edo aztertzeko, iruzkintzeko edo iritzi kritikoa emateko sartzen badira. Erabilera hori irakaskuntza- edo ikerketa-helburuetarako bakarrik egin ahal izango da, eransketaren xedeak justifikatzen duen neurrian, eta erabilitako obraren iturria eta egilearen izena adierazita.

Erreseinatzat edo prentsa-ikuskatzetzat egindako aldizkako bilketak aipamentzat hartuko dira. Hala ere, funtsean erreprodukzio hutsa diren kazetaritza-artikuluen bildumak egiten direnean eta jarduera hori merkataritza-helburuekin egiten denean, berariaz aurka egin ez duen egileak bidezko ordainsari bat jasotzeko eskubidea izango du. Egileak berariaz aurka egiten badu, jarduera horrek ez du muga honen babesik izango.

Nolanahi ere, edozein erakunderen barruan egiten den prentsa-dosier batean kazetaritza-artikulu bakanak erreproduzitzeko, banatzeko edo publikoki komunikatzeko, osorik edo partzialki, eskubideen titularren baimena beharko da.

2. Zerbitzu elektronikoen emaileek edukien zati ez-esanguratsuen edukiak publikoaren eskura jartzeko —aldizkako argitalpenetan edo aldian behin eguneratzen diren webguneetan zabalduak, eta informatzeko, iritzi publikoa sortzeko edo entretenitzeko helburua dutenak— ez da baimenik beharko; hala ere, argitaratzaileak edo, hala badagokio, eskubideen beste titular batzuek eskubidea izango dute bidezko konpentsazioa jasotzeko. Eskubide horri ezin izango zaio uko egin, eta jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzen dituzten erakundeen bidez gauzatuko da. Nolanahi ere, baimena beharko da hirugarrenek aldizkako argitalpenetan edo aldian behin eguneratzen diren webguneetan zabaldutako edozein irudi, obra fotografiko edo argazki huts publikoaren eskura jartzeko.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaz gainera, aurreko paragrafoan aipatutako edukietan sartutako hitz bakanak bilatzeko tresnak ematen dituzten zerbitzu-emaileek publikoaren eskura jartzea ez da baimen edo konpentsazio ekitatiboaren mende egongo, baldin publikoaren eskura helburu komertzialik gabe jartzen bada eta erabiltzaile batek bilatzaileari aldez aurretik egindako kontsultei erantzuteko bilaketa-emaitzak eskaintzeko ezinbestekora mugatzen bada, eta baldin edukien jatorrizko orrialderako esteka bat jasotzen badu publikoaren eskura jartzeak».

»

Kazetaritza-helburuekin gaurkotasuneko gaiei buruz egindako lanei dagokienez, aipatze eskubidea ere aitortzen da. Espainia Erresumako Jabetza Intelektualaren Legeko 33. artikuluan dago araututa.

Frantziako Errepublika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako Erresuman Jabetza Intelektualaren Kodea da aipamen laburrerako eskubidea zehazten duena, eta bereziki L122-5 artikulua.[3] Artikulu horretan jasota dagoenez, Frantziako Erresumako legearen baldintzak hauek dira soilik:

«

Obra zabaldu denean, egileak ezin du debekatu [...]
3. Baldin egilearen izena eta iturria argi adierazten badira:
a) Sartzen diren obraren izaera kritiko, polemiko, pedagogiko, zientifiko edo informaziozkoak justifikatzen dituen analisiak eta aipamen laburrak.

»

Aipatze eskubidea doakoa izango da, eta denentzat baimenduta egongo da.[4]

Praktikan, Frantziako Erresuman aipu laburrari buruz eratu den jurisprudentziak eskubideak aukera ematen dio edonori obra baten pasarte bat aipatzeko, baldin obra horren luzera ulertzeko beharrezkoa denera mugatua bada.[5]

Jabetza Intelektualaren Kodeko L 211-3 artikuluak bideoen aipatze laburraren eskubidea barne hartzen du, baina soilik egile eskubideen inguruko eskubideei dagokienez. [6]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]