Aitzagako ermita

Koordenatuak: 42°55′24″N 2°03′55″W / 42.9234475°N 2.0651813°W / 42.9234475; -2.0651813
Wikipedia, Entziklopedia askea
Aitzagako ermita
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaIturmendi
Koordenatuak42°55′24″N 2°03′55″W / 42.9234475°N 2.0651813°W / 42.9234475; -2.0651813
Map
Historia eta erabilera
IrekieraXII. mendea
Erlijioakatolizismoa
ElizbarrutiaIruñea eta Tuterako artxidiozesia
Arkitektura
Estiloaarkitektura erromanikoa

Aitzaralde, Altzaga edo Aitzagako Andre Mariaren ermita XII. mendeko baseliza erromanikoa da, Iturmendin dagoena, Nafarroa Garaian. XIX. mendearen hasieran zaharberritu zuten. Jasokundearen egunean, abuztuaren 15ean, festa ospatzen da.

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturmendiko errotatik eta Burunda ibaitik gertu dago, Gipuzkoara doan bidearen ondoan, muino baten gainean, haritzez inguratutako paraje ikusgarri batean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertan XI. edo XII. mendetik XIV. mendera arte egondako izen bereko herrixkako eliza izan zen. Tokiaren izena hainbat eratara ageri da dokumentazio historikoan: Aizaga, Aycaga, Huecaga, Eitzaga, Izaga, Icaga, Ilzaga, Izcaga; baita gaur egun ere: Aitzaga, Aizara edo Aritzaga.[1]

Lehen aipamena Leireko monasterioaren 1196ko agiri batean dago, testamentu batean zehazki, baina beste iturri batzuen arabera Petri I.a erregeak dohaintzan eman zion Done Mikel Aralarkoaren santutegiari 1106an.[2] XIV. mendean, Arabatik eta Gipuzkoatik etorritakoen eraso eta arpilatzeen ondorioz, herrixka hauek desagertzen joan ziren Burunda eta Sakana osoan, babesik gabe baitzeuden, eta bertako bizilagunek herri handiagoetara jo zuten (Aitzagakoak azkenetakoak, XV. mendearen hasieran).

Eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitzagako ermita landa eremuko eliza erromanikoa da. Jatorrian abside erdizirkularra izan zuen, baina XIX. mendean egin zitzaion erreforma handian kendu zuten, erortzeko arriskua zegoelako ziurrenik; kareharrizko harlanduxkoekin eraikia dago, baina portada, baoak, kantoiak eta apaingarri eskultorikoak hareharriz eginak dira.

Nabarmentzekoa da portada, osorik ez badago ere, guztiz erromanikoa baita; sarrera puntu erdikoa da eta arkibolta bikoitzekoa, eta alde bakoitzean bi zutabe ditu, eta kapiteletan zizelaturik munstro hegadunak edo lehoiak, harpiak edo hegaztiak eta sugeak diruditenak, balio historiko eta artistiko handikoak. Gorago mentsula bat dago, buruekin apaindua, garai batean estalpe bati eusten ziona. Bataiarri ederra ere erromanikoa da baina Iturmendiko elizan dago gaur egun. Garai batean gurtzen zen Jasokundeko Ama Birjinaren irudia, erromanikoa, desagerturik dago.

Ondoko larrean kalbario barroko bat dauka, herritik datorren gurutze-bidearen bukaera. Euskarazko hitz batzuk ageri dira gurutzeetan.[3]

Kondairak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ermitaren inguruan tradizioak edo kondairak sortu ziren, gehienak jentilei buruz mintzo direnak: izaki mitologiko erraldoi hauek elkarri harrizko bolak botatzen ibiltzen ziren, Urdiaingo Aitzibergo ermitatik Aitzagako honetara, edo Aitzagatik Donamariagain dermiora; beste kondaira batek dio azken jentilak kristautu zirenean Aitzagako bataiarrian bataiatu zituztela.

Argazki galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Mariezkurrena Iturmendi, David. (2020-05-05). [http://dx.doi.org/10.35462/ceen.93.10 «Cincuenta aniversario de la revista Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra»] Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra (93): 347–362.  doi:10.35462/ceen.93.10. ISSN 2530-5840. (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
  2. (Gaztelaniaz) Pérez Ollo, Fernando. (1983). Ermitas de Navarra. Caja de Ahorros de Navarra ISBN 84-7231-851-6. PMC 63182375. (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
  3. «Gurutze-bide euskalduna Iturmendin» Guaixe.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]