Akupuntura

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Txinako medikuntza tradizionaleko akupuntura eta moxibustioa1
UNESCOren gizateriaren ondarea
Acupuncture1-1.jpg

Akupuntura

Mota Kultura Ondare Immateriala
Erreferentzia 00425
Kokalekua  Txina
Eskualdea2 Asia eta Pazifikoa
Izen ematea 2010 (XXXIV. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Akupuntura medikuntza alternatibo mota bat da, gorputzaren leku jakinetan orratz meheak sartzean oinarritzen dena. Puntu horietan orratz finak sartzen dira azal azpiko ehunetan, hezurrei eta tendoiei kalte egin gabe. Txinako medikuntza tradizionalaren terapeutika da, eta ez da ezagutza zientifikoan oinarritzen; horregatik, pseudozientziatzat jotzen da[1][2].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akupuntura oso antzinakoa da, Kristo aurreko VI. mendean hasi baitzen. Kontakizunek diotenez, Fu Si enperadorea izan zen aitzindaria. Wang-Wei sendagile txinatarrak, 1027. urtean, brontzezko bi gizaki-eskultura egin zituen, eta bertan 600 puntutxo zulatu, hasieran aipatutako hamabi meridianoen arabera. Mende batzuk geroago (1280-1368 bitartean), bi bide berri, lehen aipatutako erdiko biak, erantsi zituen Hu Tie-ping medikuak, eta 693 puntu ezarri zituen. Harrezkero, sistema hori erabiltzen da, baina 100 baino ez dira oinarrizkotzat jotako puntuak, eta gainerakoak lagungarriak dira.

Oinarri filosofikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Medikuntza txinatarra filosofiarekin oso loturik dago, eta gizakiaren kontzepzio globala du; organoen azalpenez gainera, arimarenak ere kontuan hartzen ditu, beraz. Eskema anatomiko txinatarraren arabera, King edo meridiano izeneko hamabi bidek zeharkatzen dute gorputza; bide horiek organoen arteko lotura dira, eta odola dabil haietatik, norabide bakarrean. Odola pneuma edo bizi-energiak bultzatzen du. Hamabi meridiano horien artetik seik Yang izaera dute: gorputz-ataletan sortu eta haien kanpoaldetik igotzen dira. Beste seiek, ostera, Yin izaera dute: enborrean sortu eta gorputz-ataletarantz doaz haien barnealdetik.

Teknika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

 Acupuncture needle.
Akupunturako puntu eta meridianoen mapa, Ming Dinastia.

Txinatarren mundu-ikuskeraren arabera, bi indar kontrajarri daude bai izadian eta bai gizakiarengan, eta indar bi horien arteko orekak mantentzen du giza organismoa osasuntsu. Yang indarra positiboa da, bultzatzailea, hipertentsiboa eta pizgarria; Yin indarra, bestetik, negatiboa da, geldiarazlea, lasaigarria eta hipotentsiboa. Goian aipatutako hamabi meridianoez gainera, bi lerro daude erdian, bata indar fisiko, moral eta intelektualaren gidaria, eta bestea gorputzaren behealdeko organoen funtzioak gidatzen dituena. Pneuma edo bizi-energiaren zirkulazio txarrak bestelako organoei eragiten die, eta horrela sortzen dira eritasunak. Puntu jakinetan orratzak jarriz, zirkulazio-oreka berrezartzen da, eta eritasuna sendatu egiten da. Bi orratz-mota erabiltzen dira, urrezkoak eta zilarrezkoak. Urrezkoek Yang eragin pizgarria dute, eta zilarrezkoek Yin eragin lasaigarria. Gaur egun, bai Txinan eta bai Mendebaldean, altzairu herdoilgaitzeko orratzak erabiltzen dira.

Akupunturaren eragin onuragarria azaltzeko ematen diren azalpenen artean, hau da hedatuena: orratzaren ziztadak narritadura eragiten du, azalaren, odol-bideen, giharren eta tendoien nerbio-bukaerek hori sumatu eta burmuinera igortzen dute informazioa, eta handik aginduak bidaltzen dira organo jakinetara.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Akupuntura Aldatu lotura Wikidatan