Al-Khayzuran
Al-Khayzuran | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Yemen, VIII. mendea |
Heriotza | Bagdad, 789ko azaroaren 20a ( urte) |
Hobiratze lekua | Al Khaisaran cemetery (en) ![]() |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Al-Mahdi (en) ![]() |
Seme-alabak | ikusi
|
Haurrideak | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, idazlea, agintaria eta politikaria |
Al-Khayzuran bint Atta (arabieraz:الخيزران بنت عطاء; Yemen, Arabia Saud, ? – Bagdad, Irak, 789ko azaroaren 20a) Al-Mahdi abbastar kalifaren emaztea eta beste bi kalifaren ama izan zen: Al-Hadi eta Harun al-Rashid, eta 775 eta 789 artean gobernatu zuen bere senarraren eta seme-alaben erregealdian.[1][2][3][4]

Islamaren historian, Khayzuran izan zen gobernatu zuen lehen emakumea, eta musulmanen historian, bere izenarekin urrezko txanponak egin zituen lehen emakumea. Bere sasoiko emakume boteretsuenetako bat bihurtu zen bere senar eta Mahdi, Hadi eta Harun umeen izenpean. Mahdiren erregealdian, Khayzuran askotan agertu zen gortean kalifa bertan zegoenean eta botere politiko handia erabili zuen, Mahdik ez baitzuen ezer egiten haren aholkurik eta baimen barik, eta edozein dekretu eman baino lehen, berarekin kontsultatzen zuen.
Khayzuran erregearen heriotzaren ostean, gobernu-arazoez arduratu zen zuzenean hurrengo kalifa heldu zen arte, eta bere semearen armadaren leialtasuna lortu zuen, baina Hadik bere amaren aurka egin zuen, berarekin gobernua partekatu nahi ez zuelako, eta Khayzuranek hil egin zuen liskar gogorren ostean, eta Harun al-Rashid igo zuen boterera. Anaiak ez bezala, Harunek ez zuen amaren aurka egin eta ofizialki botere guztia eman zion eta haren aholkuak onartu zituen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Al-Khayzuran Jorashekoa zen, Bisha modernotik hurbil, Saudi Arabia. Beduino batek bahitu zuen bere etxetik, eta gero erromesaldian, Mekatik gertu zegoen esklaboen merkatu batean saldu zion Al-Mahdiri. Iturri guztiek diote esklaboa zela, eta ez dirudi hori ezohikoa izan zenik praktikan.
Al-Mahdiren erregealdia, lehen dama eta boterea tronuaren atzean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Al-Khayzuran eder, adimentsu eta talentudun gisa deskribatzen da: sasoi hartan, hareneko ohaide esklaboak edo jawariak ospetsuak ziren beren ugazabaren interesari eusteko musikan, kantuan, astrologian, matematikan eta teologian jasotzen zuten heziketarengatik, eta Al-Khayzuranek fiqh-eko lezio erregularrak hartu zituen kadi ezagunenekin.[5]
Azkenean, Al-Mahdiren ohaide gogokoena bihurtu zen. 775ean kalifa gisa tronura igo ostean, askatzeko eta berarekin ezkontzeko konbentzitzea lortu zuen, bere lehen ezkontideari, Rayta printzesari, As-Saffah kalifaren alabari, bere pribilegioak kenduta: bere lehen ezkontzako semeari tronuaren oinordeko izatetik kentzeko konbentzitu zuen, eta haren ordez, bere haurrak oinordeko izendatzeko, usadioz ezinezkoa zenean emakume esklabo baten haurrak oinordeko izan. Une hartatik aurrera, bera izan zen gortean botere eta eragin handiena izan zuen emakumea, eta kalifa gortera joaten zen guztietan, gortina baten atzetik entzuten zion, eta harekiko interferentzia egiten zuen.
Gortean, barmaktarren aliatua izan zen. Bere ezkontidearen erregealdian, Al-Khayzuranek ohiz kanpoko jarrera izan zuen emakume musulman batentzat; ez zen haremean bizi, baizik eta jeneralekin, politikoekin eta ofizialekin audientziak antolatzen zituen bere geletan, gizonekin elkartzen zen eta gobernu-kontuez hitz egiten zuen.[5] Ama, bi ahizpa eta bi neba ekarri zituen gortera, Salsal ahizpa Ja'far printzearekin ezkondu zuen eta Ghatrif neba Yemengo gobernadore izendatu zuen.
Bi seme-alabez gain, kalifa-bikoteak alaba bat ere izan zuen, Banuqa, aitak hainbeste maite izan zuen, ezen gizonez janzten baitzuen bidaietan berekin eraman ahal izateko: gazte hil zenean, aitak eskandalua eragin zuen dolumin publikoak eskatzean, ez baitzen zuzentzat jotzen alaba baten kasuan.[5]
Al-Hadiren erregealdia, Kalifaren Ama eta de facto ko-gobernatzaile gisa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]785ean, Al-Mahdi bere seme Harunekin espedizio batean hil zen, zeina Bagdadera informazioa ematera azkar itzuli zen. Bere bi semeak hiritik kanpo zeudenez, eta semearentzako oinordetza segurtatzeko, bisirrei deitu eta armadaren soldatak ordaintzeko agindu zien ordena segurtatzeko, eta gero semeari leialtasuna zin egiteko exijitu zien, kalifa berria baitzen hura kanpoan zenean.[5]
Txostenen arabera, Al-Khayzuranek semearen erregealdian gobernuan sartuta jarraitu nahi zuen: "Khayzuranek semea menderatu nahi izan zuen, lehenago aita, al-Mahdi, menderatu zuen bezala". Audientziak ematen jarraitu zuen bere logeletan, eta Al-Hadi semearen erregealdian estatuko kontuez hitz egiten: "erabakiak hartzeko monopolizatzen jarraitu zuen, hari [a al-Hadi] kontsultatu barik, Al-Khayzuran zen figura boteretsuena inperioan bere seme Hadirekin. Berak lehen bezala jokatu zuen, al-Mahdiren erregealdian bezala... Pertsonak etorri eta bere atetik pasatzen ziren." Al-Hadik, ordea, estatu aferetan amaren parte hartzearen aurka egin zuen, eta horietatik baztertzen saiatu zen, txostenek diotenez: "ez dago emakumeen boterean esku hartzea... subiranotasun kontuetan. Begira iezaiezue zuen otoitzei eta otoitz-kontuei". Gaitzetsi egin zuen amak ofizialei eta jeneralei audientziak ematea eta haiekin kontsultatzea, eta horregatik gizonekin elkartzea, hori ez baitzen normala emakumeak haremean giltzapeturik eta hurbileko ahaide ez ziren gizonekin elkarreraginean egon barik bizitzea espero zen kultura batean, eta publikoki heldu zion amaren bizitza publikoaren gaiari, jeneralak bildu eta galdetu zienean:[5] 'Nor da gure arteko onena, zu ala ni?' jaso zuen erantzuna hauxe izan zen: "Jakina, zeu zara onena, Fededunen Komandantea", eta berak erantzun zuen: 'Eta zein da amarik onena, nirea ala zuena?', zera erantzun zioten kalifari: 'Zeure ama da onena, Fededunen Komandantea.' 'Zuen artean nori gustatzan zaio gizonek amari buruzko zurrumurruak zabaltzea?', jarraitu zuen al-Hadik. "Inori ez zaio gustatzen bere amari buruz hitz egitea", erantzun zuten bertaratutakoek. 'Orduan, zergatik joaten dira gizonak nire amarengana berarekin hitz egitera?'
Aurka agertu arren, Al-Hadik ez zuen lortu bere amak pilatutako eragina eta boterea asaldatzea, haremera politikatik erretiratzea baztertu baitzuen. Gatazka, azkenik, jendaurrean azaldu zen Abdallah ibn Malik erregutzailearen alde egin zuenean, eta publikoki semearen erantzun bat eskatu zuen, honek haserre eta oihu egin baitzion: "Itxaron pixka bat eta entzun ondo nire hitzak... Nire jarraitzaileen artetik, nire jeneralek, nire morroiek, burua moztu eta ondasunak kenduko dizkiete eskaera batekin zuregana datozenei. Zer dira zure atearen inguruan egunero dauden eskeko horiek? Ez daukazu lanpetuta egoteko ardatz bat, otoitz egiteko Koran bat, setiatzaileengandik ezkutatzeko egoitza bat? Zaindu zeure burua, eta kontuz ibili ahoa edonoren alde zabaltzen baduzu."[5]
Zurrumurruak zabaldu ziren Al-Khayzuranek Al-Hadi seme zaharrena hiltzeko agindu zuela gertakari horren ostean.[5] Arrazoiak arrazoi, hauxe esaten da: Harun al-Rashid anaia hiltzeko asmoa zuela jakin zuela, eta beste anaia pozoitzen saiatu zela. Beste bertsio bat, txakurrari plateretik jaten utzi zionean, bidali zion janaria pozoinduta zegoela jakin zuela. Bertsio baten arabera, bere emakume ohaide esklabo edo jawari bati hiltzeko agindua eman ziola, eta kuxinez ito zuela.
Harun al-Rashiden erregealdia, Kalifaren Ama eta de facto ko-gobernatzaile gisa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere bigarren semeak, Harun al-Rashid kalifak, bere anaiarekin alderatuta, ez zion uko egin bere amak estatuko arazoetan parte hartzeari, baizik eta argi eta garbi aitortu zuen haren gaitasun politikoa eta publikoki bere kontseiluan konfiantza izan zuen, eta erresuma gobernatu zuen berarekin batera.[5] Harro zegoen adierazteaz ez zegoela inolako arrazoirik bere boterea emakume batekin partekatzeaz lotsatuta sentitzeko, baldin eta Al-Khayzuranen gaitasuna eta distira baitzituen. Bere politikak zein gaitan eragin zuen zehazki esatea zaila den arren, Kalifatzaren politikan erabakiak hartzen parte hartu zuela onartzen da. Sasoi hartan Al-Khayzuranek inperioko botere guztiak atxiki zituen, eta izatez kalifaren ordez gobernatu zuen.
"Historia garaikideek ez dituzte Khayzuranen lorpen politikoak zehazten, baina haren izena zuten txanponak egin ziren, jauregiak izendatu ziren harengatik, eta ondorengo agintari abbatar guztiak lurperatuak izan ziren hilerriak bere izena darama, eta horrek haren boterea ez ezik, haren gizalegezko eskuzabaltasuna ere erakusten du".
789an hil zenean, semeak pena erakustea debekatzen zuten arauak apurtu zituen, eta horren ordez publikoki bere pena erakutsi eta bere hiletan parte hartu zuen, eta horrek arreta handia izan zuen.[5]
Legatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Literaturako historialari askok uste dute Al-Khayzuran eta bere nortasun indartsua funtsezko eragina izan ztela Xerezade pertsonaia nagusiaren sorreran Mila eta bat gauak lanean. Bertan bildutako istorio askok Harun al-Rashid eta bere gorte zoragarria aurkezten baitituzte.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Al-Khayzuran _ AcademiaLab» academia-lab.com (Noiz kontsultatua: 2025-02-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) Islam, Info. (2021-12-14). «Malika I: Khayzuran y Zubayda» Islamic Bridge Español (Noiz kontsultatua: 2025-02-13).
- ↑ «Al-Khayzuran» en.irakipedia.org (Noiz kontsultatua: 2025-02-13).
- ↑ «Al-Khayzuran» Bing (Noiz kontsultatua: 2025-02-13).
- ↑ a b c d e f g h i Mernissi, Fatima; Mary Jo Lakeland (2003). The forgotten queens of Islam. Oxford University Press. ISBN 978-0-19-579868-5.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ibn Kathir, Al Bidayah wa al-Nihayah.
- Al-Thahbi, Sirat Alam al-nubala.
- Al-Zarkali, Al-Alam.
- Ahmad Khalil Juma, Nesaa min al-tarikh.
- Green, Tom, "Malik I: Khayzuran & Zubayda". Saudi Aramco World. 2016ko urtarrila-otsaila. 6. Bol. 67, n.º 1, pp. 42-45.
- Zay20 Husayan, Majaam Alam ak-nesaa.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Sayyida al-Hurra
- Arwa al-Sulayhi
- Razia Sultana
- Shajar Al-Durr
- Zubaida bint Ŷaʿfar
- Qatr al-Nada
- Asma bint Shihab