Alain Berset
Alain Berset (Friburgo, 1972ko apirilaren 9a) suitzar ekonomialari eta politikaria da. Suitzako Konfederazioko presidentea izan zen 2018an eta 2023an.
Besetek Zientzia Politikoa eta Ekonomia ikasi zituen Neuchâtelgo Unibertsitatean. Unibertsitate honetako Eskualdeetako Ekonomien Institutuan irakasle eta ikertzaile izan zen 1996tik 2000ra, eta urtebetez Hanburgoko Ekonomia Ikerketarako Institutuan lan egin zuen.
Suitzako Alderdi Sozialdemokratako kidea da, eta 2003an Suitzako Estatuen Kontseiluko kide hautatu zuten Neuchâtel kantonamenduaren ordezkari gisa. Batzar horretako presidentea izan zen 2007-2009an. Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundearen asanbladako kide ere izan zen.
2012tik 2023ra Suitzako Kontseilu Federaleko kide izan zen, eta Barne saila zuzendu zuen; Suitzako Konfederazioko presidente izan zen 2018an eta 2023an. 2024an Europako Kontseiluko idazkari nagusi hautatu zuten bost urterako.