Hegatxabal arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alauda arvensis» orritik birbideratua)
Hegatxabal arrunt
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaAlaudidae
GeneroaAlauda
Espeziea Alauda arvensis
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera0,35 m
Eguneko zikloaeguneko

Hegatxabal arrunta (Alauda arvensis) Alaudidae familiako hegazti paseriformea da, Eurasia osoan eta iparraldeko Afrikan bizi dena. Migratzailea da eta Alaskan, Hawaiin, mendebaldeko Ipar Amerikan, ekialdeko Australian eta Zeelanda Berrian topatu dute[1].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegatxabalen izan ohi dugun irudia tamaina oneko txori batena da, ia birigarro bat bezain handia, hegaldi motela, hego zabalak atzeko ertz argiarekin, buztan luze samarra alaudido batentzat eta, alde bakoitzean argi ikusten den banda zuri batekin.

Beti hegan egiten imajinatzen dugu, edo ia bertikalean hegan, gero luzaroan kantatzen jarraitzeko airean finkatuta, zerutik zintzilik balego bezala, edo hegoaldera igarotzen udazkenean banda handietan hegaldi zertxobait uhintsuan, edo uztondo batetik bestera mugituz janari bila.

Dena den, bizitza lurrean igarotzen duen espeziea da; kantatzeko edo urrutira mugitzeko baino ez du egiten hegan, baina behin pausatuta, lurrak irentsi duela ematen du. Ikustea lortzen badugu, motots borobil txiki bat duela ikusiko dugu, ez oso agerikoa tolestuta badago, bizkar arre marraduna, bekain zuria, azpialde zurixka bular okre antzekoarekin eta marra ugarirekin.

Arin ibiltzen da, urrats labur baina bizkorrarekin, erdi makurtuta. Alaudido guztiak bezala, atzeko hatzaren azazkala oso luzea, zorrotza eta apur bat kurbatua da, ibiltzea errazten diona.

Zenbait jendek oker ematen dio kalandria izena espezie honi.[2]

Biologia eta ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esaten genuen bezala lurrean egiten du bizitza. Bere janaria lurrean bilatzen du; udazken-neguan elikadura begetala jaten du ia esklusiboki, aleak, beste hazi batzuk eta belar landareen kimu samurrak. Ugaltze garaia iristen denean, mota guztietako intsektuak, armiarmak, harrak eta molusku txikiak kontsumitzen ditu.

Lurrean egiten du habia, apirila eta uztaila bitartean. Habia depresio natural batzuetan ezkutatzen du, edo horretarako induskatua, belar, zereal, txilar sastraka eta abarren artean, belar lehor sustrai eta zurda konglomeratu bat ondo ezkutatua, hor emeak 3 eta 5 arrautza argi, arre koloreko orban lodiekin erruten ditu. 10-11 eguneko inkubazioa. Bederatzi egun inguru habian egon ondoren habiatik irteten dira kumeak, eta sagu baten arintasunez lurrean korrika hasten dira. Hamar edo hamabi egun geroago hegan egiteko eta elikatzeko gai dira. Ondoren gurasoek bigarren ugalketa bat hasten dute.

Hegatxabalen kantuak arreta deitzen du ozena, askotarikoa eta luzea delako. Gai da bere txioak etenik gabe abesteko, bost minutu baino gehiagoz. Batzuetan pausatuta abesten du baina, oro har, hegaldian egiten du bere ugaltze-lurraldearen gainean.

Migratzaile partziala da, latitude ertainetatik Europan habia egiteko eremua uzten duena. Hemen urte osoan ikusten da, baina goi mendiko belardietan ugaltzen direnek neguan utzi egiten dituzte eta beheko laboreetara eta lugorrietara jaisten dira. Udazkenean, urrian zehar, kopuru oso handiak pasatzen dira gure lurraldetik. Batez ere hego haizea dagoen egunetan, ikusgarria izan ohi da banda handien etengabeko zeharkaldia, mendiak leku errazenetik zeharkatzeko biltzen dira.

Banaketa, habitata eta estatusa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asko hedatua Europako, Ipar Afrika eta Asiako eremu boreal, mediterraneo epel eta estepetan. Europa osoan, Eskandinaviako eta Errusiako muturreko iparraldean izan ezik, Iberian, hegoaldean mendiko habitatean soilik eta, oro har, iparraldean.

Euskal Herrian banaketa orokorra du Araba osoan, non oso ohikoa den, batez ere zereal eta bestelako eremu handietan. Beste lur ireki batzuk ere hartzen ditu, hala nola belar-belardiak, larreak eta txilardiak, beti ere espazio ireki eta garbietan. Nekazaritza-lautadatik mendi puntako belar eta txilarretara igotzen da.

Bitxia bada ere, isurialdearen iparraldean, Kantauri isurialdean, mendi garaietan baino ez da aurkitzen, txilardietan eta ardi larreetan, gutxitan 800 metrotik behera, belardi batzuetan.

Euskal Herri heze eta epelean duen goian kokatzeko joera hau, ez dirudi arrazoi klimatikoengatik denik, baizik eta espazio zabalak eta argiak behar dituelako, eta behe aldean bakanak dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lidster, James. (2007). «Identification: Skylark and Woodlark» Birdwatch.
  2. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 221 or. ISBN 84-7542-639-5..
Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.