Albert Hofmann

Wikipedia, Entziklopedia askea
Albert Hofmann

Bizitza
JaiotzaBaden1906ko urtarrilaren 11
Herrialdea Suitza
HeriotzaBurg im Leimental2008ko apirilaren 29a (102 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: miokardio infartu akutua
Familia
Ezkontidea(k)Anita Hofmann (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaZuricheko Unibertsitatea
Hezkuntza-mailaDoktoretza
Hizkuntzakalemana
Jarduerak
Jarduerakkimikaria eta saiakeragilea
Lantokia(k)Uster
Enplegatzailea(k)Novartis
Jasotako sariak

IMDB: nm1795951 Allocine: 565017
Musicbrainz: b16f1bec-1fe1-4937-99c5-81d3ce016ef6 Discogs: 140992 Find a Grave: 26499287 Edit the value on Wikidata

Albert Hofmann (Baden, Suitza, 1906ko urtarrilaren 11Burg im Leimental, Suitza, 2008ko apirilaren 29a) suitzar kimikaria izan zen. Kitinaren egitura ezagutu zuen, baina LSDaren (azido lisergikoaren dietlamida) eraginak aztertu, kontsumitu eta sintetizatu zituelako egin zen ezagun.

Dr. Pharm. (hc) Dr. Sc. Nat. (hc) Hofmann (Titulu akademikoak esleitzen zion denominazio formala) Nobel Sarietako Batzarreko, Mundu mailako Zientzia Akademiako, International Society of Plant Research edo American Society of Pharmacognosy kide zen, beste batzuen artean.

2007an, Bizirik dauden 100 jeinu handienak izeneko The Telegraph britainiar egunkariak eginiko zerrendan, lehen postuan atera zuten[1].

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Albert Hofmann Badenen jaio zen, Suitzan, 1906ko urtarrilaren 11n. Aita fabrikako langile xumea zen, baina Albert gazteak Kimikako ikasketak egin ahal izan zituen Züricheko unibertsitatean. Doktoretza tesiak ohorez eman zion doktoretza eta berehala jaso zituen fruituak. Hiru hilabete besterik ez zituen behar izan kitina (krustazeo eta beste hainbat animalien maskorren, intsektuen hegoak eta abarren osagaia) degradatzeko eta haren estruktura kimikoa azaldu zuen.

Ikasketa haiei esker, 1929an, Novartis farmazeutikaren aitzindari izan zen eta gaur desagertuta dagoen Sandoz enpresan sartzeko aukera izan zuen, Arthur Stoll irakaslearen ondoan. Laborategi haietan lanean, 1938an, zirkulatzailearen kitzikatzaileen gaineko ikerketak hasi zituen. Entseguetan, zekale-aino onddo askomizetearen deribatu bat aurkitu zuen eta bere printzipio aktiboa sintetizatzea lortu zuen, baina garaiko buruzagiek ez zioten aurkikuntzari inongo erabilpen praktikorik ikusi eta berehala ahaztu zuten[2].

Hasierako saiakerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1938ko azaroaren 16an, Basilean (Suitza) Albert Hofmann suitzar kimikari kontserbadoreak dietilamida azido lisergikoa sintetizatzea lortu zuen lehenengoz, Sandoz laborategietan. Zekale-ainoaren ergolina taldeko alkaloideak sendagai moduan erabili ote zitezkeen ikertzen ari zen. Berak sintetizatutako azido lisergikoaren 25. eratorria zenez LSD-25 izena ipini zion. Analeptiko gisa eta zirkulazio eta arnas sistemen estimulatzaile gisa erabil zitekeela uste zuen. Baina animaliekin egindako frogek ez zuten emaitza positiborik izan eta lan ildo hori baztertzea erabaki zuen[3].

Zekale-ainoaren onddoa ikertzen ari zen sendabelarren osagai aktiboak botiken erabilerarako baliagarriak izan ote zitezkeen zehazteko programa baten parte bezala eta, 5 urteetan zehar, azido lisergikoaren dietlamidak kajoi batean baztertuta iraungo zuen.

1943ko apirilaren 16an piztu zion arreta berriro eta, lehenengo ikerketetan deskubritutakoaz gain, beste hainbat propietate izan zitzakeeneko susmoa izan zuen. Horrela, bere esanetan bihozkada bitxi batek jota, konposatuarekin berriro lanean hastea erabaki zuen. LSD-25 berriro sintetizatzen ari zela, ondoezik sentitu eta etxera joan zen. “Ezinegona eta zorabioa” sentitu zituen. Gero, ohean, “mozkorraldi modukoa, atsegina, irudimenaren estimulazio ikaragarria”. Irudi fantastikoak ikusi zituen, ezohiko formak, kolore bizi eta kaleidoskopikoz beteak. LSDa Hofmannen eskuetako azalarekin kontaktuan egotearen efektuak ziren[3].

LSDaren aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1943ko apirilaren 19a Bizikletaren Eguna izenarekin ezagutuko zen laster.

Lanean ari zen batean, konturatu gabe, tantana batzuk absorbitu omen zituen hatzen azalean -beste zenbait iturrik nahita hartu zituela esaten dute-[2].

« Laborategian nengoen eta arraro sentitzen hasi nintzen. Ustez, ez nuen ezer hartu eta hatzen azaletik sartuko zitzaidan zerbait. Bat-batean, beste errealitate batean nengoen, koloreak aldatuta, gela ere ez zen lehengoa, umorea ere ez; nortasuna ere esango nuke aldatu zitzaidala… eta, begiak itxita, fantasia eta irudi ederrak ikusten hasi nintzen...[4] »

Aurkitu zion azalpen bakarra, LSDa kristalizatzen zen bitartean, hatzamarren bitartez xurgatuko zuela izan zen. LSD-25a, ondorioztatu zuen, potentzia handiko substantzia izan behar zuen kantitatze txiki batekin hori eragiten bazuen. Gauzak argitu nahian, bere burua esperimentatzeko erabiltzea erabaki zuen.

Hofmann doktoreak 250 mikrogramoko dosia hartu zuen, alkaloide ergotikoen ohiko dosia baitzen. Baina kantitate izugarria zen eta kimikaria berehala jabetu zen horretaz, izan ere, garai hartan ezagutzen zen ia edozein substantzia baino askoz indartsuagoa zen[3].

Gerra garaiko murrizketak zirela-eta, ez zuen autorik eskura eta bizikletaz joan zen etxera. Dena distortsionatuta ikusten zuen eta, pedalei eraginda ere, ez zela mugitzen uste zuen. Etxera iristean, ikara bizia sentitu zuen, deabrua barnean zuela uste zuen, bizilaguna sorgina zela eta etxeko altzariek mehatxatzen zutela. Ohera sartu eta panikoa plazer bilakatu zen. Koloreen eta forma eztanda etengabea ikusi zuen eta soinuak ere irudi bilakatu ziren haren baitan. Azkenik, loak hartu zuen[3]. Momentu hori izan zen pertsona batek lehen aldiz probatu zuen aldia.

1960ko hamarkadan, laborategietatik San Frantziskoko kaleetara iritsi zen; Haight Ashburytik mundu osora zabaldu zen aurrerago, eta hippyen droga kuttun bihurtu zen; debekua, zigorrak eta osasunarentzako guztiz kaltegarria zela zioten azterketak etorri ziren azkenik, eta LSDaren urrezko aroa amaitu zen.

Aldous Huxley ezagutzeko aukera izan zuen:

« 1960an ezagutu nuen; deitu zidan eta bazkaltzera gonbidatu. Nik ezagutzen nuen 1954an argitaratu zuen meskalinari buruzko Pertzeptzioaren ateak izeneko liburua. Irakurri nuenean zera pentsatu nuen: Bai… hori da nik sentitu nuena… Baina 10.000 aldiz meskalina dosi handiagoa beharko litzateke efektu horiek lortzeko...[4] »
« Bere heriotza baino zertxobait lehenago ikusi nuen berriro. Uhartea eleberria idazten ari zen orduan eta LSD aipatzen zuen heriotzarako trantsizioa errazteko. Huxley azken unera iritsi zenean, oinaze larrien artean eta ezin hitz egin, emazteari paper batean idatzi zion: "0,1 miligramo de LSD". Berak eman zion indizioa eta hil egin zen. Emazteak bidali zidan paper haren kopia bat...[4] »

Galdetu zitzaionean ea LSD hartzen jarraitu zuen, hartu zuela, baina utzita zegoela, jada, erantzun zuen:

« LSD-aren mezua ulertuta dut garai honetarako. Ez daukat zertan errepikatu beharrik. Gogamena irekita dut, ez daukat berriro ireki beharrik...[4] »

Albert Hofmann 2008ko apirilaren 29an hil zen, 102 urte zituela[3][5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Albert Hofmann Aldatu lotura Wikidatan