Alberto Schommer

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Alberto Schommer
CartelCalleAlbertoSchommer.jpg
Bizitza
Jaiotza Gasteiz1928ko abuztuaren  9a
Herrialdea  Araba, Euskal Herria
Heriotza Donostia2015eko irailaren  10a (87 urte)
Familia
Aita Alberto Schommer Koch
Jarduerak
Jarduerak argazkilaria
Kidetza San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia
Alberto Schommer kalea Gasteizen.

Alberto Schommer García (Gasteiz, 1928ko abuztuaren 9a - Donostia, 2015eko irailaren 10a[1]) arabar argazkilaria izan zen. Argazkigintza artistikoa jorratu zuen bere ibilbide profesionalean, erakusketa eta liburu anitzetan parte hartuz. 1960ko hamarkadan Orain abangoardia taldeko partaide izan zen. Arabako Urrezko Domina eman zioten 1994an. Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako kide izendatu zuten 1996an. 2009an Espainiako Arte Ederretako Merezimenduaren urrezko domina jaso zuen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txikitan margolaritzak eta eskulturak berarengan interesa sortu bazuten ere, laster hasi zen argazkigintzaren mundua ezagutzen, bere aita, Alberto Schommer Koch, argazkilaria ere baitzen[1] Kolonian eta Hanburgon hasi zen, 1952tik aurrera, argazkigintza ikasten, eta 1960an Parisen osatu zuen bere prestakuntza.

1960 aldera ekin zion argazkigintza profesionalari. 1966an, Joakim Fraile, Juan Mieg eta Carmelo Ortiz de Elgea arabar pintoreekin batera, Orain abangoardia taldeko kide izan zen; besteak beste, artea eta kultura herritarrei hurbiltzea zuen helburu talde hark, eta Schommerrek ere sinatu zuen ezagutzera eman zuen Manifestua, eta orobat parte hartu zuen Orainek Donostian eta Gasteizen eratu zituen erakusketetan.

Schommerrek, bere garaiko pintoreekin harreman estua izateaz gain, arlo horretan ere prestakuntza sakona zuen, eta hasieratik igarri zen hori bere argazkigintzan. Berrogei urteko ibilbidean, izugarrizko aldaketak ezagutu zituen Schommerrek argazkilaritzan: Polaroid kamera, kamera konpaktua, teknologia digitala...

Argazkigintzaren alor gehien-gehienak landu zituen, nahiz eta bere lanik ezagunenak erretratuen alorrean egin. 1975ean, Los retratos psicológicos izeneko liburua kaleratu zuen. Frankismo amaierako pertsonaien argazkiak kaleratu zituen liburu hartan, eta horren atzetik etorri ziren garai hartako gizartearen galeria paregabea osatzen zuten La Iglesia española en levitación, Grupos políticos eta Desmontaje del Franquismo argazki bildumak. ABC egunkarian lehenik eta El País-en gero, ez zion inoiz utzi unean uneko pertsonaiarik garrantzitsuenen erretratuak argitaratzeari, txuri-beltzean gehienetan, eta pertsonaia aztertzeko gaitasun izugarriaz.

Schommerrek hogeita hamar liburutik gora kaleratu zitu, horietako asko gai desberdinei buruzko bilduma moduan. Hor dira, esaterako, Euskal Herriko hiriburuei eskainitako bildumak, Espainiako monumentu nagusiei buruzkoak, eta abar. Euskal Herriko paisaiak beti izan zituen gogoko. Besteak beste, Azul (1994), Berde (1996) eta Itsasoa (1999) trilogia osatzen duten liburuetan azaldu zuen zaletasun hori. Hainbat hiriri buruzko saioak ere egin ditu, erreportaje moduan emanak: New York, Erroma, Madril, Habana. Hain zuzen ere, Habanari eskainitako argazki bildumagatik Espainiako Argazkigintza Sari Nazionala eman zioten 1999an. Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Errege Akademiako kide zen, eta bera zen argazkigintzak erakunde horretan zuen ordezkari bakarra. Espainiako argazkilaririk ezagunenetakoa da Alberto Schommer nazioartean, eta haren lanak munduko museo garrantzitsuenetan daude ikusgai.

Liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alberto Schommerren liburu ezagunenak hauek dira:

  • Araba Zabaldua (1980)
  • La vida en los museos (1998)
  • Autobiografía de un madrileño (2000)
  • Egipto: Lo eterno (2000)
  • Shanghai (2000)
  • Brasil: El hombre que veía demasiado (2000)
  • El arte de la mirada (2002)
  • Paisajes ordenados (2002)
  • Alberto Shommer (Photobolsillo) (2002)
  • Metrópolis. Archivo municipal de Vitoria-Gasteiz (2003)
  • La belleza oculta: Libia ND/DSC (2004)
  • Gorputz bizia: Gasteizko Santa Maria katedrala (2007)
  • Primera época (2007)

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Lizarralde, Mikel (2015-09-10) «Alberto Schommer hil da» Berria .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]