Aldaieta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Aldaietako nekropolia
Aldaieta hemen kokatua: Araba
Aldaieta
Aldaieta
Aldaieta (Araba)
Koordenatuak 42° 55′ 00″ N, 2° 34′ 00″ W / 42.916666666667°N,2.5666666666667°W / 42.916666666667; -2.5666666666667Koordenatuak: 42° 55′ 00″ N, 2° 34′ 00″ W / 42.916666666667°N,2.5666666666667°W / 42.916666666667; -2.5666666666667
Mota Nekropoli
Historia
Sorrera VI. mendea
Uztea VII. mendea
Oharrak
Indusketa datak 1988-egun
Arkeologoa(k) Agustín Azkarate

Aldaieta Ubarrundia haranean, egungo Langara Ganboan, dagoen Antzinaro Berantiarreko nekropolia da.

José Ángel Apellanizek 1987an topatu zuen Uribarri Ganboako urtegiak estalitako eremu batean. Hortik aurrera, indusketa lanek aurrera egin dute.[1]

Aintzirako urek kalte handia egin bazioten ere, ehunetik gora hilobi agertu ziren, tipologiaz antzekoak denak. Zulo soileko hilobiak dira; gorpua egurrezko hilkutxa batean dago sartua, hornia eta ehortz gordailua zeuzkala aldamenean, kalitate nabarmenekoak zenbait kasutan. Multzokatuak zeuden hilobiak, eta espazio libre zabalak zeuden multzoen artean. Zenbaitek hilobi zerrenda luzeak osatzen zituzten. Beste batzuek, berriz, antolamendu guztiz desberdina zuten: bazen lehen maila bat horni aberatsekoa, eta, haren gainean, zenbaitetan, baita hiru hilobi maila desberdin ere.

Oso deigarria gertatzen da, dudarik gabe, bai hilobien orientazioan, bai gorpuen posizioan edo zenbait ehortz gordailuen presentzian dudarik gabe, aztikeriazko esanahia dute, antzematen den ehorzketa errituen ugaritasuna. Emaitzak, zenbait kasutan, ikusgarriak dira: badira bururik gabe lurperaturiko gorpuak, badira hezurdurak postura berariaz bortxazkoetan, zaldien hortzak ageri dira zenbait hilen ondoan, eta abar.

Baina gure gaiari dagokionez, horniduretan ageri den arma kopuru handia da daturik aipagarriena. Arma horiek, batere dudarik gabe, gure aroko VI. eta VIII. mendekoak dira, hau da, hispaniar historiografiak aldi bisigotikoa deritzan garaikoak, eta galiar historiografiak, berriz, aldi frankoa, eta zehatzago, merovingiarra deitzen duenekoak.

Baina, eta lehen begiratuan pentsa daitekeenaren kontra, Aldaietako nekropoliak geografikoki Hispanian dagoen arren, eta Regnum Visigothorumari dagokion eremuan, guztiz harritzekoa bada ere, merovingiar aldiko Regnum Francorumen ehorzketa errituen kultura ezaugarri guztiak ageri ditu.

Baskonizazio berantiarra izeneko hipotesiaren aldekoek aurkikuntza hauek bere teoria babesteko erabili dituzte. Genetistek, berriz, aztarnen DNA mitokondriala egungo Kantauri itsasoko ertzako biztanleriaren antzekoa dela diote, beraz, hildakoak autoktonoak dira.[2][3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]