Alderdi Sozialista Iraultzailea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Alderdi Sozialista Iraultzailea
SR
Buruzagia Viktor Txernov
Sorrera 1901
Desegitea 1921
Ideologia politikoa Sozialismoa
Populismoa
Sozialdemokrazia
Nazioarteko afiliazioa Bigarren Internazionala
Bigarren Internazionala

Alderdi Sozialista Iraultzailea (SRak; errusieraz: Партия социалистов-революционеров (ПСР), эсеры, esery) 1901ean Viktor Txernovek eta Jekaterina Brexko-Brexkovskaiak sortu zuten alderdia sozialista izan zen. Alderdi horretako kideari eserista deritzo, errusierazko SR sigletatik (sotsialisti revoliutsioneri, hau da, «sozialista iraultzaileak»).[1]

Ideologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eseristen ideologia XIX. mendeko mugimendu populistan oinarritzen zen. Eseristek nekazal-giroaren eta errusiar tradizio zaharren idealizazioan oinarritutako sozialismo populista baten alde egiten zuten. Alderdiaren ideologiak; sozialismo zientifikoa, marxismoaren baliabideak, langileriaren abangoardia papera eta klase borroka ukatzen zituen. Nekazal burgesia-ttipiaren ordezkari politikoa zen. Beren programak hori islatzen zuen, lurraren sozializazioaren aldekoak ziren, ez ordea industrian berdina egitearen aldekoak[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sozialista Iraultzaileen hausteskundeetako iragarki bat, 1917an.

Tsarismoaren pean, beren politika atentatuengatik nabarmendu zen, Borroka Erakunde Eserista sortuz. Adar honek hainbat ministro tsarista hil zituen, baina 1908ean hauen liderretako bat poliziaren agentea zela azalerazterakoan erakundea deseginda eta alderdia konprometitua geratu zen (taktika hauekiko desadostasunak 1906ean enesisten banaketa ekarri zien).[1]

1914ean eseristen alderdi banatu egin zen gudarekin bat egien zutenen eta kontra zeudenen artean, baina 1917ean, Otsaileko iraultzaren ostean, gehienek bat egin zuten, egoera aldatuta eta orain “demokraziaren defentsa” jokoan zegoela argudiatuta. Otsaileko iraultza gertatu zen unean, agian Errusiako alderdirik handiena zen.[1]

1917eko Errusiako Behin-behineko Gobernuak ministro eserista bat izan zuen, Aleksandr Kerenski, baina alderdia ez zen buru-belarri sartu Gobernuan apirila arte (koalizio Gobernua), beraz, burgesiaren politikarekin konpromiso bat egin zuen, honen programa (Lehen Mundu Gerran jarraitzea, alderdiak aldarrikatutako erreforma sakonak atzeratzea) bere eginez. Momentu horietan alderdi honek inoiz baino botere gehiago zuen: Sobietetan mentxebikeekin batera gehiengoa baitzuen eta aldi berean Gobernuan zeuden.[1]

Zatiketarantz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alta, maiatzeko kongresuan alderdi hau zatitzen hasi zen, ezkerreko korronte batek sozialisten arteko koalizioa (burgesiarik gabe) eta Lehen Mundu Gerra gelditzea eskatzen baitzuen (boltxebikeengana hurbilduz). Alderdiaren alde eskuindarra (“ofiziala”) Behin-behineko Gobernuan eta honen politika jarraitzearen aldekoa zenez, bi korronteak geroz eta aldenduago agertu ziren; are gehiago, alderdi politikoaren eskuin adarrak Sobieten “gehiegizko eskaeren” (boteretzearen) aurkako zein boltxebikeen aurkako jarrera gogortu egin zuen, Behin-Behineko “koalizio”-Gobernuarekin are gehiago identifikatuz (adibidez, uztaileko egunen osteko errepresioa hein handi batean zuzendu zuten).[1]

1917eko irailean izan zen erabateko apurketa, “ezkerreko eseristek” Konferentzia Demokratikoan alderdiaren ildo ofizialaren aurka (koaliziozko Gobernua mantentzearen aurka) bozkatu zutenean. Eseristen eskuin atala, 1917ko Urriko Iraultzaren aurka jarri zen eta Armada Zuriarekin borrokatu zen Guda Zibilean; ezker atala hasieran alde jarri bazen ere, 1918an kontrairaultzara pasa zen. Alta, eserista batzuek Alderdi Boltxebikearekin bat egin zuten.[1]

Taldekideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alderdiburua Viktor Txernov izan zen, eta beste buruzagi ezagun batzuk Jekaterina Brexko-Brexkovskaia (alderdiaren sortzailea eta Otsaileko iraultzaren ostean “Iraultzaren amona” deitutakoa), Aleksandr Kerenski (uztailetik urrira Errusiako Behin-Behineko Gobernuaren burua), Marija Spiridonova (ezkerreko aldearen burua), Abraham Gots, Vladimir Zenzinov edo Nikolai Avksentiev (maiatzean Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboko buru izendatua, irailean Aurre-parlamentuaren lehendakaria eta 1917ko uztailetik irailera barne-ministroa) izan ziren.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h Eseristak (sozialista-iraultzaileak), K17, 2017-05-23. CC0 Domeinu Publikoa.