Edukira joan

Aleksandr Puxkin

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Aleksandr Puxkin

(1827)
Filiki Eteria erakundeko kidea

Bizitza
JaiotzaMosku1799ko maiatzaren 26a (juliotar egutegia)
Herrialdea Errusiar Inperioa
BizilekuaSimferopol
Chisinau
Odesa
Mosku
Jaropolets
Mosku
Nizhni Novgorod
Kazan
Laixevo
Ulianovsk
Ulianovsk
Jazykovo
Ulianovsk
Orenburg
Saratov
Penza
Jazykovo
Bolxoie Boldino
San Petersburgo
San Petersburgo
Lehen hizkuntzaerrusiera
HeriotzaSan Petersburgo1837ko urtarrilaren 29a (juliotar egutegia) (37 urte)
Hobiratze lekuaSvyatogorsky Monastery (en) Itzuli
Heriotza moduagiza hilketa
duelua: bala zauria
HiltzaileaGeorges-Charles de Heeckeren d'Anthès
Familia
AitaSergey Pushkin
AmaNadezhda Puxkina
Ezkontidea(k)Natalia Puxkina  (1831 -  1837ko otsailaren 10a (juliotar egutegia))
Seme-alabak
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaTsarskoye Selo Lyceum (en) Itzuli
(1811 - 1817)
Hizkuntzakerrusiera
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakpoeta, prosalaria, antzerkigilea, literatura-kritikaria, itzultzailea, historialaria, eleberrigilea, libretista, book collector (en) Itzuli, iritzi-kazetaria, idazlea, haur literaturaren idazlea, dramagilea, saiakeragilea eta bretteur (en) Itzuli
Lan nabarmenak
InfluentziakJohn Keats, Voltaire, Dante Alighieri, Johann Wolfgang von Goethe, Friedrich Schiller, William Shakespeare, Lord Byron eta Percy Bysshe Shelley
KidetzaArzamas Society (en) Itzuli
Green Lamp Society (en) Itzuli
Mugimenduaerromantizismoa
Izengoitia(k)Александр НКШП, Иван Петрович Белкин, Феофилакт Косичкин, P., Ст. Арз. (Старый Арзамасец) eta А. Б.
Genero artistikoaProsa
opinion journalism (en) Itzuli
kritika
verse novel (en) Itzuli
robber novel (en) Itzuli
short novel (en) Itzuli
maitagarri-ipuina
antzezlana
historical prose literature (en) Itzuli
Ideologia eta sinesmenak
Erlijioakristautasun ortodoxoa

IMDB: nm0701090 IBDB: 100110
Songkick: 2066845 Discogs: 715919 IMSLP: Category:Pushkin,_Aleksandr Allmusic: mn0002866068 Find a Grave: 1204 Edit the value on Wikidata

Aleksandr Sergeievitx Puxkinerrusieraz: Александр Сергеевич Пушкин— (Mosku, Errusiar Inperioa, 1799ko ekainaren 6aSan Petersburgo, Errusiar Inperioa, 1837ko otsailaren 10a) errusierazko poeta, nobelagilea, dramagilea eta istorio laburren idazle bat izan zen. Aditu askoren iritziz, errusiar poeta handiena[1][2][3] eta errusierazko literatura modernoaren sortzailea izan zen.[4]

Haren poema eta lanetan herri hizkuntza erabiltzen lehenetarikoa izanik, estilo narratibo bat sortu zuen, dramaren, maitasun istorioen eta satiraren arteko nahasketa bat. Ordutik, estilo hori errusiar literaturarekin bat joan zen, eta eragina izango zuen geroagoko Gogol, Dostoievsky edo Tolstoi idazleengan eta Txaikovski edo Musorgski musikagileengan. Zenbait musikagile Puxkinen lanetan oinarritu izan dira musika piezak idazteko.

Haurtzaroa eta gaztaroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aleksandr Puxkin 1799an jaio zen, Moskun. Kronikatan maiz aipatu izan da aristokraziako familia batekoa zela, baina olerkaria jaio zenerako, puxkindarrek ez zuten itzal handirik Errusiako gizartean.[5] Amaren aldetik birraitona bitxi bat zuen, Abram Petrovich Gannibal, abisiniarra jatorriz, agi denean, turkiar soldaduek Konstantinoplako esklabo merkatuan saldua, eta han, Errusiako diplomazialari batek erosia. Denborarekin, Alexanderren abisianiar birraitona esklabo eta morroi izatetik Petri Handia tsarraren itsas armadako amiral mailara iritsi zen.[6]

Aleksandr Puxkin 14 urte zituela Derzhavinen aurrean, Tsarskoie Seloko Inperiar Lizeoan olerki bat errezitatzen. Ilia Repin (1911).

Puxkinen sendiak lehenagotik zuen harremana literaturarekin. Aleksandren aitak liburutegi ona zuen etxean, frantses egileen liburuz osatua, batik bat, haiexek izan baitziren olerkariaren lehen irakurketak.[7] Errusiako nobleen ohiturari jarraituz, frantses irakasleak izan zituen Puxkinek, errusieraz baino lehenago irakatsi zioten frantsesez.[8] Zorionez, Arina Rodionovna (errusieraz: Арина Родионовна) izeneko inude batek zaintzen zuen, eta hark irakatsi zion errusiarraz eta errusiar folklore aberatsa.[9]

1811n, Alexandro I.a Errusiakoa tsarrak Lizeo izeneko ikastetxe bat sortu zuen aristokraziako haurrentzat Tsarkoie Selon (errusieraz: Императорский Царскосельский лицейtranslit.: Imperatorskiy Tsarskosel'skiy litsey),[10] tsarraren udako egoitzaren ondoan. Asmoa zen noizbait administrazioko kargu gorenetan egongo zirenei maila oneko hezkuntza eskaintzea.

Nahiz eta tsarra zegoen atzetik, Lizeoko programa nahiko liberala zen, orobat irakasleak.[11][12] Puxkin ez zen ikasle nabarmen bat izan, gehiago erakartzen baitzuten historiak eta literaturak, matematikak baino.

Lizeoko egonaldian nabarmen geratu zen Puxkinen izaeraren funtsezko ezaugarri bat: gauzak azken muturreraino eramateko joera zuen. Guztiz samurra ala neurrigabea izan ohi zen, oso erraz pasatzen zen bozkariotik atsekaberik hitsenera, jokoaren grinak mendean hartzen zuen sarri, baina, horrekin batera, oso langilea zen, beti zerbait berria ikasteko prest, bai agiritegi zaharretan, politikako tratatuetan edo hizkuntzetan —hiruzpalau ikastera iritsi zen.[13]

Lehen argitalpenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1812an, Errusiaren bizitzan eragin handia izango zuen gertakari handi bat izan zen: Napoleonen aurkako gerra eta garaipena. Errusiarren sentimendu abertzalea sutsuki piztu eta askatasun gogo berriak hedatu zituen gazteengan.

1814an argitaratu ziren Puxkinen lehen olerkiak, Lizeoaz haraindiko ospea biltzeko aukera zabaldu ziotenak. Garai hartako idazle entzutetsuenek —Derzhavin, Karamzin edo Zhukovski, besteak beste— etorkizun oparoa iragarri zioten.[14]

1817an amaitu zituelarik Lizeoko ikasketak, Kanpo Arazoetako Ministerioan eman zioten postu bat, benetako sinekura bat. Betebehar ofizialak ez zionez denborarik kentzen, eta bere famaz baliaturik, San Petersburgok eskaintzen zizkion plazer guztiez gozatzen saiatu zen.[15] Aldi berean, liberalen eta hargin beltzen zirkuluetara hurbildu zelarik, neurtitz eta epigrama zorrotz batzuk idatzi zituen, ideia politiko muturreko samarrak aldezten zituela.[16]

Ruslan i Liudmila (1820, errusieraz: Руслан и Людмила, «Ruslan eta Liudmila») olerkiak —errusiar folklorearen kutsu handikoa, nahiz eta Puxkinek asmatutako argumentua zen— eztabaida sutsua piztu zuen irakurle tradiziozaleen eta eraberritzaileen artean. Olerki horretan herri hizkera biziari eman zion lehentasuna Puxkinek, eta, bere obra horretan oinarri harturik, errusiera ikasteko aldarria egin zuen, baina ez handikien bilera aretoetan, baizik plazetan eta nekazarien azoketan.[17]

Puxkinen agurra itsasoari, Ivan Aivazovskiren eta Ilia Repinen margolana (1877).

Haren poemek albaramendua sustatzen zutela iritzita, 1820an, Puxkin deserrira kondenatu zuen Alexandro I.a tsarrak, hiru urterako, administrazioko kargu txiki bat emanda.[18] Siberiako espetxe gogorretatik gutxigatik ihes eginda, Ekaterinoslavera (egungo Dnipro, Ukraina) bidali zuten lehenik, baina sukar bortitz batek hartu zuelarik,. ahulduta, Moldaviara, Krimeara eta Kaukasora bidaiatzeko baimena lortu zuen. Sakonki markatu zuen bidaiak.

Inperioaren hegoaldean igarotako erbestealdiaren lehen zati honetan, Puxkinek oso bizimodu desarautua egiten jarraitzen zuen, dibertimendura erabat emana: amodio kontuak, festak eta jolasa. Haren izaera suhar, suminkor eta burlatia kontuan izanda, aise uler daiteke duelu auzitan aurkitu zela behin eta berriz, haietatik onik irteteko zoria izan bazuen ere.[18]

Aldi hartan idatzi zituen Lord Byronen eragin handiko olerki erromantiko batzuk, hala nola Kavkazski plennik (1822, errusieraz: Кавказский пленник, «Kaukasoko gatibua»), Bakhtxsaraiski fontan (1824, errusieraz: Бахчисарайский фонтан, «Bakhtxisaraiko iturria») eta Tsigani (1827, errusieraz: Цыганы, «Ijitoak»).

Garaitsu hartan hasi zuen Puxkinek bere olerki lan luzeen eta garrantzizkoena, neurtitzez egindako eleberri oso bat: Evgeni Onegin (1833, errusieraz: Евгений Онегин). Deserriratua egon arren, Puxkinek errespetu urriz tratatzen zituen administrazioko eskalan bere gainetik zituenak.

Odesan, Puxkin masoneriarekin harremanetan hasi zen Ovidio Logian[19] eta, ondoren, Sergei Stepanovitx Lanskoik 1817an Moskun sortutako Les Chercheurs de la Manne logiako idazkaria izango zen.[20] Hiriko gobernadore Vorontsoven etsaitasuna piztu zuen —haren emaztearen atzetik ibili zelako, zalantzarik gabe—, eta Pskoven inguruko Mikhailovskoieko jabetzara erbesteratu zuten, Letoniako mugara. Hantxe bizi izan zen 1824tik 1826ra.[21] Arina Rodionovna, Puxkinen inude zaharra ere hantxe bizi zen. Bitxia den bezala, Puxkinek olerki mordo bat eskaini zion bere haurtzain izandakoari, baina bakar bat ere ez bere amari. «Auzotar gutxi ditut —idatzi zien San Petersburgoko lagunei—, familia bakarra ezagutzen dut, eta horiek ere ez ditut maiz ikusten. Egunez zaldiz ibiltzen naiz, eta gauez, nire haurtzainak kontatzen dizkidan istorioak entzuten ditut [...] huraxe da nire lagun bakarra, harekin ez beste guztiekin aspertu egiten naiz». Liburuak eskatzen zizkien etengabe adiskideei: «Liburuak, jainkoagatik, bidal iezazkidazue liburuak; olerkiak, olerkiak, bidal iezadazue Lord Byron, Walter Scott...».[22] Bien bitartean, lanak argitaratu ahala, Puxkinen ospea geroz eta handiagoa zen.

Errusiaren historiak pizten zion interesak bultzatuta, Boris Godunov izenburuko antzerki lan bat idatzi zuen, XVI. mendearen azkenetan eta XVII. mendearen hasieran jazotako benetako gertakari batean oinarriturik. Istorioaren muina: Ivan IV. Errusiakoren seme Teodoro I.a Errusiakoa, Boris Godunov handikiaren arrebarekin ezkondurik zegoena, oinordekorik gabe hil zen. Ivan Izugarriaren beste semea, Dimitri, mutiko bat, era arraroan hil zen: jolasean zebilela; epilepsia krisi bat izan zuen, lurrera erori, sastakaia sartu zitzaion eta hil egin zen. Boris Godunovek hartu zuen orduan tsarraren aulkia.[23]

1825eko abenduaren 14an, Puxkin Mikhailovskoieko erretiro derrigortuan zegoela, San Petersburgon, Nikolas I.a Errusiakoa tsar izendatu berriaren aurrera zin egitera joandako guardia inperiala matxinatu egin zen. Noble gazteak ziren matxinatuak, Puxkinen lagunak, haren pentsaera berberekoak. Berehalaxe zapaldu zuten jazarraldia eta matxinoei zigor gogorrak ezarri zizkieten.[24] Tsar berriak, orduan, poetarekin adiskidetu nahi izan zuen: Mikhailovskoien deserriratzeko agindua kendu zion, eta bere koroatzea zela-eta, Moskun ospatu ziren festetara gonbidatu zuen.[25] Gainera, mesede berezi gisa, Puxkinen zentsore lana tsarrak berak egitea erabaki zuen.

Etxera itzuli

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Natalia Gontxarova, Aleksandr Briullov (1822-1877) margolariaren erretratua.

Horrela itzuli zen Puxkin Moskura, bere jaioterrira, geroz eta ugariago zituen miresleen pozerako. Tsarraren adeitasunari erantzuteko, poema batzuk eskaini zizkion; Petri I.a Errusiakoa tsarra jarraibidetzat erabil zezan eskatzen zion, nekaezina eta irmoa izateko, hura bezala, eta bekaitzik gabea.[25] Alabaina, Siberian zigorra betetzen ari ziren lagunak ere ez zituen ahaztu, eta lagun baten emaztearen bitartez olerki bat igorri zien.

1828 aldera, Puxkinek Natalia Gontxarova ezagutu zuen, moskutar emakume bat; maitemindu zen eta ezkontzeko eskatu zion. Erraz maitemintzen omen zen eta gonazale fama zuen, eta Gontxarovaren amak ez zion baiezko garbirik eman. Puxkinek ez zuen etsi, hala ere, eta azkenean lortu zuen emaztegaiaren amaren ezkon baimena. Puxkinen aitak, ezkonsaritzat Bolxoie Boldino (errusieraz: Большо́е Бо́лдино) herritxoan, Nizhni Novgorod oblastan, jabetza txiki bat eman zion. 1830eko irailean, herri horretara joan zen olerkaria, jabetza berrien kargu egitera, egun batzuetarako asmotan, presaka baitzegoen Moskura itzuli eta ezkontzeko. Baina hiru hilabetez geratu behar izan zuen Boldinon, kolera izurri batek hartu baitzuen Mosku mendean, eta debekatu egin zuten hara sartzea edo handik irtetea.[26]

Udazken emankorra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geroztik «Boldinoko udazkena» deitu izan zen hura, zalantza gabe, Puxkinen bizitza osoan garai garrantzizkoen eta emankorrena izan zen.[27]

Boldino izadi zekenez inguratutako herrixka miserable bat zen. Gainera, euriteen eraginez, eskualde guztia lokazti handi bat bilakatua zen. Beste aukerarik ez eta Puxkinek egun guztia idazten ematen zuen. Genero guztietan idatzi zuen hiru hilabete hartan, eta maisulanak sortu zituen denetan. Prosan Povesti pokoinogo I. P. Belkina (1839, errusieraz: Повести покойного Ивана Петровича Белкина, «Ivan Petrovitx Belkin zenaren ipuinak») idatzi zituen. Neurtitzez, egileak berak «tragedia txikiak» izendatu zituenak: Skupoi ritsar (1836, errusieraz: Скупой рыцарь, «Zaldun zekena»), Mozart i Salieri (1831, errusieraz: Моцарт и Сальери, «Mozart eta Salieri»), Kamenni gost (1839, errusieraz: Каменный гость, «Harrizko gonbidatua») eta Pir vo vremia txumi (1832, errusieraz: Пир во время чумы, «Oturuntza izurri garaian»). Beste olerki asko idazteaz gainera, orduan amaitu zuen Evgeni Onegin izeneko neurtitzezko eleberri ospetsua ere.[27]

Ivan Petrovitx Belkin zenaren ipuinak dira errusiar prosa errealistaren aitzindari eta hasierako zutabe.[28] Errusian kokatzen dira istorioak eta erromantizismoko elementu asko dituzte.

Tragedia txikiak, aldiz, obra dramatiko laburrak dira, sei orritik pasatzen ez direnak, eta denak Errusiatik urrun gertatzen dira.[29]

Ezkontza eta azken urteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berrogeialdia amaitu zenean, Puxkin Moskura itzuli zen eta 1831ko otsailean ezkondu zen, azkenik, Natalia Gontxarovarekin. Puxkinen eta Gontxarovaren arteko ezkontza, neurri handi batean, zoriontsua izan zen, baina emaztearen arinkeriak eta bere suhartasunak duelu zorigaiztokora eramango zuen zazpi urte geroago, Puxkinek oso izaera jeloskorra baitzuen.[30]

Handik laster, San Petersburgora joan zirenean bizi izatera, hango gorte bizitzako ohiko partaide bilakatu ziren ezkonberriak. Poetaren bizitzaren azken aldi hartan ordu arte egin gabeko lanei ekin zien. Hasteko, estatuko agiritegiak arakatzen hasi zen Petri I.aren istoriorako datu bila.[31] Alabaina, denboran atzerago jo behar izan zuen, Jemelian Pugatxov nekazarien buruzagiaren bizitza idatziko bazuen. Azterketa haietatik jaio ziren Istoria Pugatxova (1834, errusieraz: История Пугачёва, «Pugatxoven historia»), eta Kapitanskaia dotxka (1836, errusieraz: Капитанская дочка, «Kapitainaren alaba»).[31]

Garaitsu hartan, gorteko bizitzak sortzen zizkion gastu ugariei aurre egitearren, kazetaritza lan ugari egin zituen, batez ere Garaikidea (errusieraz: Современникtranslit.: Sovremennik) literatur aldizkarian. Honek egile berriak ezagutarazteko aukera eman zion, Nikolai Gogol adibidez, haren Sudurra (errusieraz: Носtranslit.: Nos) lana argitaratu baitzuen, gerora Arima hilak (errusieraz: Мёртвые душиtranslit.: Miortvye duxi) eleberriari gaia eman ziona.[32] Puxkinen ospea izugarria da. Hala ere, publikoaren zati batek, haren lehendabiziko lanen tonu goraipatua oroimenean, ez zuen azkenaldiko lanen estilo biluzia aintzat hartzen. Politikoki, erreformatzaileek botere tsaristarekiko jarrera adeitsuegia izatea ere aurpegiratzen zioten, lehen kausa liberalaren ikur gisa ikusten zuten hura.[33]

Ordu arteko Errusiako literatura handikien zeregina zen, eta, jakina, denak «amateurrak» ziren. Puxkin izan zen Errusiako lehenengo idazle profesionala.[34]

Poeta aspertuta zegoen gorteko bizitzaz, baina tsarrak ez zion aldentzen uzten, poetaren emaztearen edertasunak distira berezia ematen baitzien gorteko ospakizunei.

Duelua eta heriotza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1836an, Georges d'Anthès izeneko frantses aristokrata gazte bat azaldu zen San Petersburgon.[35] Zurrumurruek ziotenez, Puxkinen emazte gaztea gorteiatzen hasi zen d'Anthès. Irainezko hiruzpalau gutun izengabe jaso ondoren,[36] duelurako desafioa egin zion Puxkinek, emaztearen ohorea garbitzeko asmoz. Azaroaren 4an, erronka bat bidali zion Georges d'Anthèsi. Jacob van Heeckeren, d'Anthèsen aita ordeak duelua bi aste atzeratzeko eskatu zuen. Tximista bezala zabaldu zen berria eta errusiarrek nahigabe ikaragarria izan zuten. Poetaren lagunen ahaleginekin, duelua bertan behera geratu zen azkenean.[37]

Azaroaren 17an, d'Anthèsek ezkontza proposamena egin zion Natalia Gontxarovaren ahizpa Ekaterinari. Ezkontzak, baina, ez zuen gatazka konpondu. D'Anthèsek Natalia Gontxarovaren atzetik jarraitu zuen jendaurrean,[38] eta, haren ospea gordetzeko, d'Anthès Nataliaren ahizparekin ezkondu zela zioten zurrumurruak zabaldu ziren.

1837ko urtarrilaren 26an, Puxkinek gutun iraingarri bat bidali zion d'Anthèsi. Gutun horren erantzun bakarra duelurako erronka izan zen, Puxkinek ongi zekien bezala: erronka formala jaso zuen bere koinata Ekaterinaren bitartez, d'Anthèsek onartua egun berean Frantziako enbaxadako Olivier d'Archiac ordezkariaren bitartez.

Puxkinek lekuko izateko eskatu zion, lehenik, Arthur Magenis britainiar diplomatikoari, eta gero San Petersburgoko britainiar kontsulari. Magenisek ez zuen formalki onartu, baina, urtarrilaren 26an, Olivier d'Archiac bizkondearengana hurbildu zen adiskidetze bat saiatzeko, baina d'Archiacek ez zuen berarekin hitz egin nahi izan, oraindik ez baitzen ofizialki Puxkinen bigarrena. Magenisek, arratsean Puxkin aurkitu ezinik, eskutitz bat bidali zion mezulari baten bidez goizeko ordu bietan, eta bere bigarrena izateari utzi zion, akordio baketsu baten aukera bertan behera geratu baitzen, eta bigarrenaren ohiko zeregina adiskidetzea lortzea baitzen.[39][40]

D'Anthèsen aurkako borroka 1837ko urtarrilaren 27an izan zen, San Petersburgoko Chyornaya Rechka (errusieraz: Чёрная Речка) edo Ibai Beltzean, Puxkinek azken orduan aurkitu zuen bere bigarrengoa, Danzas izenekoa, gaztetako Lizeoko adiskide bat.[41] Borroka mota hura «hesi borroka» bezala ezagutzen zen. Hasteko seinalea egin ondoren, aurkariak elkarrengana hurbildu behar ziren distantzia gutxituz. Nahi zutenean egin zezaketen tiro, baina lehen tiro egiten zuenak geldi egon behar zuen eta, gero, besteak bere nahierara tiro egin arte itxaron.[42]

D'Anthèsek egin zuen tiro aurrena eta Puxkin kritikoki zauritu; bala aldakatik sabelean sartu zitzaion. D'Anthès arin zauritu zuen eskuineko besoan Puxkinen tiroak.[43] Bi egun geroago, urtarrilaren 29an, 14:45ean, Puxkin peritonitisak jota hil zen.[44]

Puxkinen emazteak hala eskatuta, gaueko soinekoz jantzi zuten hilkutxan, ez kamara kadete uniformez, enperadoreak emandako uniformea.[45] Hileta elizkizuna San Isaaken katedralari (errusieraz: Исаакиевский соборtranslit.: Isaàkievski sobor) esleitu zitzaion hasieran, baina azkenean Salbatzailearen Irudiaren Elizara (errusieraz: Храм Спаса Нерукотворного Образаtranslit.: Khram Spasa Nerukotvornogo Obraza) eraman zuten. Jende asko bildu zen.[46] Hiletaren ondoren, zerraldoa sotora jaitsi, eta han egon zen otsailaren 3ra arte, Pskov probintziara eraman zuten arte.[47]

Poliziaren buruek, desordenak saihestearren, gauez eta isilka eraman zuten poetaren hilotza Mikhailovskoietk hurbileko Sviatogorskeko monasteriora, eta hantxe hilobiratu zuten, gaur egungo Puxkinskiye Goryn, Pskoven ondoan, amaren ondoan. Bere azken etxea museo bat da gaur egun.

Historialari batzuk diotenez, d'Anthès tiratzaile trebea zen, eta susmoa dute hura San Petersburgora azaltzea eta haren aurkako erronka ez ote zen izan nobleziaren zati batek Puxkinen aurka antolatutako maniobra bat.[49]

Zinemara eramandako lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 1910: Rusalka (errusieraz: Русалка): Vasili Gontxarovek (1861-1915, errusieraz: Василий Гончаров) zuzendutako film laburra da, Dargomyzhskiren izen bereko lanean oinarritua (hori ere Puxkinen 1837ko izenburu bereko bertsozko antzezlan bukatugabean oinarrituta dago, eslaviar mitologiako pertsonaiaz).[51]
  • 1916: Andere pika (errusieraz: Пиковая дама): Puxkinen izen bereko ipuinean oinarritutako film luzea, Jakov Protazanovek zuzendua.[52]
  • 1975: Egun zoragarria (errusieraz: День чудесный): film laburra, egiazko irudiez eta marrazki bizidunez osatua, Sojuzmultfilm estudioek ekoitzia eta Andrei Jrzhanovskik (1939an jaioa, errusieraz: Андрей Хржановский) zuzendua, Puxkinek haurrentzat egindako margoetatik abiatuta.[53]
  • 1980: Eta berriro nago zurekin (errusieraz: И с вами снова я): egiazko irudiez eta marrazki bizidunez egindako film laburra, Sojuzmultfilm estudioek ekoitzia eta Andrei Jrzhanovskik zuzendua.[54]
  • 1984: Tsar Saltanen ipuina (errusieraz: Сказка о царе Салтане): Puxkinen poeman oinarritutako marrazki bizidunetako film laburra, Sojuzmultfilm estudioek ekoitzia eta Lev Milchinek (1920-1987, errusieraz: Лев Мильчин) eta Ivan Ivanov-Vanok (1900-1987, errusieraz: Иван Иванов-Вано) zuzendua.[55]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Reid, Allan. (2021-07-12). «Russia's Greatest Poet/scoundrel» World And I (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-18).
  2. (Ingelesez) Parsons, Robert. (1999-06-05). «Pushkin fever sweeps Russia» BBC News (web.archive.org/web) (kontsulta data: 2025-08-18).
  3. (Ingelesez) «Biographer wins rich book prize» BBC News (web.archive.org) 2003-06-10 (kontsulta data: 2025-08-18).
  4. (Ingelesez) Maxim Gorky, Itzulpena eta edizioa: Irving D. W. Talmudge. «Pushkin: An Appraisal» Pushkin: homage by Marxist critics (New York: Critics Group - web.archive.org) OCLC .321973 (kontsulta data: 2025-08-18).
  5. (Ingelesez) Kuznetsova, Nataliya. (2016-07-07). «Alexander Pushkin ✮ Best Known Writer and Poet from Russia» Moscovery (kontsulta data: 2025-08-18).
  6. (Ingelesez) Wight, C. «Pushkin's African background - the Pushkins and the Gannibals» British Library (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-18).
  7. (Frantsesez) Griboedov, Aleksandr Sergeevič; Lermontov, Michail Jurʹevič; Puškin, Aleksandr Sergeevič. (2003). Œuvres. Paris: Gallimard ISBN 978-2070107742. OCLC .254606811.
  8. Troyat 1999, 68. orr. .
  9. (Errusieraz) «Няня Пушкина - белоруска?» Аргументы и Факты (archive.wikiwix.com) 2013-08-28 (kontsulta data: 2025-08-18).
  10. (Ingelesez) «Alexandrovsky Lyceum» Petersburg 24 (web.archive.org).
  11. (Ingelesez) Sinel, Allen A.. (1976). «The Socialization of the Russian Bureaucratic Elite, 1811-1917: Life at the Tsarskoe Selo Lyceum and the School of Jurisprudence» Russian History 3 (1): 1-31. or. ISSN 0094-288X. (kontsulta data: 2025-08-18).
  12. (Ingelesez) Berest, Julia. (2011). The Emergence of Russian Liberalism. New York: Palgrave Macmillan, 31-58. or.  doi:10.1057/9780230118928. ISBN 978-0230118928. OCLC .728644707 (kontsulta data: 2025-08-18).
  13. (Frantsesez) Assouline, Pierre. (2025-06-11). «Pouchkine, c’est la Russie» La République des livres (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-18).
  14. (Frantsesez) Cadot, Michel. (1995). «Pouchkine poéticien et comparatiste» Romantisme 25 (89): 45-58. or.  doi:10.3406/roman.1995.3009. ISSN 0048-8593. (kontsulta data: 2025-08-18).
  15. (Frantsesez) Cornillot, François. (1999). «Le Paradis d'Alexandre Pouchkine» Slovo 22 (1): 251-265. or.  doi:10.3406/slovo.1999.1189. ISSN 2557-9851. (kontsulta data: 2025-08-18).
  16. (Frantsesez) Vanhellemont, Jan. «Alexandre Pouchkine» Le maître et Marguerite (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-18).
  17. Rann 2020, 25-62. orr. .
  18. a b (Frantsesez) Kemball, Robin. (1987). «Puškin en exil et ses projets de fuite (1820-1826)» Revue des Études Slaves 59 (1): 75-86. or.  doi:10.3406/slave.1987.5613. ISSN 2117-718X. (kontsulta data: 2025-08-19).
  19. (Frantsesez) «Franc-maçonnerie en Europe de l’Est : les espoirs du renouveau» Grande Loge Suisse Alpina (archive.wikiwix.com) (kontsulta data: 2025-08-19).
  20. (Italieraz) Faggionato, Raffaella. (2015). L'alambicco di Lev Tolstoj: Guerra e pace e la massoneria russa. Roma: Viella, 28. or. ISBN 978-8867283323. OCLC .905852807.
  21. (Ingelesez) Ahern, Kathleen M.. (2001). «Images of Pushkin in the Works of the Black "Pilgrims"» The Mississippi Quarterly 55 (1): 75-85. or. ISSN 0026-637X. (kontsulta data: 2025-08-18).
  22. (Frantsesez) Sitruve, Nikita. (2024-11-10). «Alexandre Pouchkine» République des lettres (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-19).
  23. (Frantsesez) Thubron, Colin. Itzulpena: Katia Holmes. (2010). En Sibérie. Paris: Hoëbeke, 217. or. ISBN 978-2842303754. OCLC .685179298.
  24. (Ingelesez) Gentes, Andrew A.. (2007-11-01). «Other Decembrists: The Chizhov Case and Lutskii Affair as Signifiers of the Decembrists in Siberia» Slavonica 13 (2): 134-149. or.  doi:10.1179/174581407X228948. ISSN 1361-7427. (kontsulta data: 2025-08-19).
  25. a b (Frantsesez) Nevskaïa, Vera. (2012). Enderlein, Évelyne ed. «Pouchkine et Nicolas Ier : deux couronnements vus par les témoins oculaires» Pouchkine, poète de l’altérité (Presses universitaires de Strasbourg): 115-127. or.  doi:10.4000/books.pus.2640. ISBN 979-1034404940. OCLC .1125936526 (kontsulta data: 2025-08-19).
  26. (Frantsesez) «Alexandre Pouchkine» Éditions Sillage (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-19).
  27. a b (Frantsesez) Pisetta, Jean-Pierre. (2025-03-02). «La République des livres» La République des livres (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-19).
  28. Alexandre Pouchkine, Itzulpena: André Gide eta Jacques Schiffrin. (2015). Récits de feu Ivan Pétrovitch Bielkine. Bibliothèque électronique du Québec (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-19).
  29. (Frantsesez) Troubetzkoy, Wladimir. (1994). «Les Scènes dramatiques de Pouchkine, 1830» Littératures 30 (1): 51-59. or.  doi:10.3406/litts.1994.1654. ISSN 2273-0311. (kontsulta data: 2025-08-19).
  30. (Ingelesez) Пушкин, Александр Сергеевич. (1998). Tales of Belkin and other prose writings. London: Penguin Books, X. or. ISBN 978-0140446753. OCLC .39279050.
  31. a b (Frantsesez) Pouchkine, Aleksandr Sergueïevitch. Itzulpena: André Markowicz eta Françoise Morvan. (2020). La fille du capitaine. Arles: Actes Sud ISBN 978-2330128340. OCLC .1192966919.
  32. (Ingelesez) Glasberg, V.. (1936). «Marginalia Pushkiniana» The Slavonic and East European Review 14 (41): 432-438. or. ISSN 0037-6795. (kontsulta data: 2025-08-19).
  33. (Frantsesez) Enderlein, Évelyne. (2012). Enderlein, Évelyne ed. «Pouchkine, le mal pensant (quelques réflexions à propos de Boris Godounov)» Pouchkine, poète de l’altérité (Presses universitaires de Strasbourg): 99-114. or.  doi:10.4000/books.pus.2640. ISBN 979-1034404940. OCLC .1125936526 (kontsulta data: 2025-08-19).
  34. (Frantsesez) Jaccard, Jean-Philippe. (2012). Enderlein, Évelyne ed. «Pouchkine, premier écrivain de la modernité en Russie : une incompréhension durable» Pouchkine, poète de l’altérité (Presses universitaires de Strasbourg): 39-52. or.  doi:10.4000/books.pus.2640. ISBN 979-1034404940. OCLC .1125936526 (kontsulta data: 2025-08-19).
  35. (Frantsesez) Smirnova, Natalia. (1999). Saint-Pétersbourg, ou L'enlèvement d'Europe. Genève: Editions Olizane, 77-79. or. ISBN 978-2880861919. OCLC .43913337.
  36. (Frantsesez) Martinez, Louis. (1981). Œuvres complètes de Pouchkine. Lausanne: L'Age d'Homme, 22. or. OCLC .1400264968.
  37. (Frantsesez) «La fusillade pour l'amour a coûté la vie au grand poète Pouchkine» Vietnam.vn (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-25).
  38. (Frantsesez) Missemer, François. (2009). «Pouchkine et d'Anthès : un duel historique» Association ADIQ (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-25).
  39. Simmons 1922, 411-412. orr. .
  40. (Ingelesez) Kelly, Catriona. (2022-10-04). «Turbulent poet and femme fatale» The Guardian (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-25).
  41. Simmons 1922, 413. orr. .
  42. Simmons 1922, 414. orr. .
  43. Simmons 1922, 416-417. orr. .
  44. (Frantsesez) «Biographie / Alexandre Pouchkine» La Philosophie à Paris (web.archive.org) 2020-12-20 (kontsulta data: 2025-08-25).
  45. (Errusieraz) «Последний год жизни А. С. Пушкина – в фонде Президентской библиотеки» Президентская библиотека имени Б.Н. Ельцина (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-25).
  46. Simmons 1922, 426-427. orr. .
  47. Simmons 1922, 427. orr. .
  48. Gourdin 2010.
  49. Tesi hori aztertzen du Henri Gourdin biografoak.[48]
  50. Juaristi, Felipe. (1997-09-13). «Garaiko heroia, desgaraiko nobela» El Diario Vasco (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-25).
  51. (Ingelesez) Goncharov, Vasili. (1910-03-30). «Rusalka» Imdb (Khanzhonkov) (kontsulta data: 2025-08-25).
  52. Protazanov, Yakov. (1916-04-01). Pikovaya dama. (kontsulta data: 2021-02-16).
  53. (Ingelesez) «A Wonderful Day» Russian animation in letters and figures (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-25).
  54. (Ingelesez) «And I Am Again With You» Russian animation in letters and figures (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-25).
  55. (Ingelesez) «A Tale of Tsar Saltan» Russian animation in letters and figures (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-25).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]