Aleman
Alemana[1][2] (Deutsch) indoeuropar hizkuntza bat da, germaniar hizkuntzen taldekoa. Alemania, Austria, Liechtenstein eta Suitzan (frantsesa, italiera eta erromantxearekin batera) hitz egiten da batez ere, eta mundu osoko 11. da, hiztunen kopuruari bagagozkio, 120 milioi hiztun baititu. Europar Batasuneko mintzatuena da, 100 milioi hiztunekin. Hizkuntza horren euskal izenak alamanen germaniar tribuan du jatorria.
Banaketa geografikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemana ofiziala eta nagusiki hitz egiten da Alemanian (herrialde horretako biztanleriaren % 95ek baino gehiagok ama hizkuntza du), Austrian (% 89), Suitzan (% 65)[3], Luxenburgon eta Liechtensteinen non hizkuntza ofizial bakarra den.
Alemanezko hiztunen komunitateak dituzten beste europar herrialde batzuk honako hauek dira: Italia iparraldean, Bozen-Hego Tirolgo probintzia; Belgikako hiru hizkuntza ofizialetako bat ere bada, flandrierarekin eta frantsesarekin batera. Bere hiztunak Belgikako komunitate germaniarrean kontzentratzen dira, herrialdearen ekialdeko muturrean, biztanleriaren % 1 osatzen duena. Halaber, badaude germaniar komunitate txiki batzuk Txekiar Errepublikan, Eslovakian, Polonian, Errumanian, Errusian, Kazakhstanen, Hegoaldeko Jutlandiaren (Danimarka) mugako herri batzuetan; baita Italia iparraldeko udalerri batzuetan (Hegoaldeko Tiroletik kanpo); Frantziako Alsazia eta Lorrena eskualdeetan, non, hala ere, ez den aleman estandarra hitz egiten, baizik eta ofizialtasunik ez duen alsaziar dialektoa; Hungariako zenbait hiritan, hala nola Sopronen, Austriako mugatik hurbil[4]. Bigarren Mundu Gerraren ondorengo kanporaketek eta 80ko eta 90eko hamarkadetan Alemaniara egindako emigrazio masiboek komunitate horietako gehienak despopulatu egin dituzte.
Ozeania
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Australian, Hego Australia estatuan, Prusiatik joandako migratzaile uholde handi bat jaso zuen. Alemanaren beste hiztun batzuen isolamendu luzearen eta Australiako ingelesarekin izandako kontaktuaren ondorioz, Barossako alemana izenez ezagutzen den dialekto isolatua garatu da, Barossako haranean hitz egiten dena, Adelaidetik gertu.
1899an, Espainiak bere Mikronesiako lurraldeak Alemaniar Inperioari saldu zizkion, eta horrek ekarri zuen alemaniar hizkuntza Mikronesian, gaztelaniarekin batera, bigarren hizkuntza bilakatzea. Lurralde hauek, gaur egun, Palau, Mikronesiako Estatu Federatuak, Ipar Marianak, Nauru eta Marshall Uharteak izenez ezagutzen dira.
Alemaniak hizkuntza ikasteko memorandumak sinatuak ditu Papua Ginea Berriko bere kolonia ohiarekin. Garai bateko Papua Ginea Berriko alemaniar kolonia zaharrak, izan ere, aleman eragina zuen kreolera sortu zuen, lagunartean Unserdeutsch (literalki, «gure alemana») izendatua.
Afrika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Namibiako alemaniar kolonia ohian, 30.000 pertsona inguruk dute alemana lehen hizkuntzatzat. Gaur egun, ingelesa da herrialdeko hizkuntza ofizial bakarra, baina alemaniar jatorriko 30.000 namibiar inguruk hitz egiten dute alemanez (herrialdeko biztanleria osoaren % 2 inguru) eta bigarren edo hirugarren hizkuntzatzat dute alemaniar jatorrikoak ez diren ehunka mila pertsonak.
90eko hamarkadaz geroztik hizkuntza ofizialaren estatusa ez badu ere, alemana nazio-hizkuntza gisa ezagutzen du gobernuak, eta oraindik ere asko erabiltzen da, batez ere negozio, turismo, hezkuntza, erlijio esparruetan (nabarmenago, Namibiako Eliza ebanjeliko luteranoan)[5][6].
Hegoafrikan ere badira komunitate germaniar hiztunak, batez ere Wartburgen. Germaniar komunitate txikiak aurki daitezke antzinako Togoko kolonia alemaniarrean. Alemaniak lankidetza-hitzarmenak egin ditu hizkuntza ikasteko.
Ipar Amerika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estatu Batuetan, Ipar Dakotako eta Hego Dakotako estatuetan, ingelesaren ondoren, alemana da gehien hitz egiten den hizkuntza (beste estatu batzuetan, berriz, gaztelania edo frantsesa da gehien hitz egiten den bigarren hizkuntza). Mendebalde ertainean, alemaniar toponimo ugari daude, hala nola New Ulm eta beste hiri asko Minnesotan; Bismarck (Ipar Dakota estatuko hiriburua), Munich, Karlsruhe eta Strasburg Ipar Dakotan; New Braunfels, Fredericksburg eta Muenster Texasen, eta Kiel, Berlin eta Germantown Wisconsinen. XIX. mendean, alemaniarren immigrazioa oso garrantzitsua izan zen, batez ere Chicagoko eta beste hiri batzuetako langileen artean (han, 14 langile-egunkarietatik 9 alemanez argitaratzen ziren) eta Chicagoko heroietako zenbaitek alemanez hitz egiten zuten, eta ekitaldi publikoetan erabiltzen zuten.
Kanadan, 2006ko erroldaren arabera, 622.650 aleman hiztun daude, eta herrialde osoan dago arbaso alemaniarrak dituen jendea. Komunitate germaniar garrantzitsuenak, batez ere, Kolunbia Britainiarrean (118.035) eta Ontarion (230.330) daude. Komunitate handi eta bizia dago Kitchener hirian, Ontarion, une jakin batean Berlin izena hartzera ere iritsi zena.
Mexikon, Mexiko Hiriko Alexander von Humboldt erakundeak Alemaniatik kanpo dagoen alemanaren irakaskuntza-eskolarik handiena du[erreferentzia behar]. Mexikon, menonita talde handi bat dago, batez ere herrialdearen iparraldean kokatua. Mexikora iritsi ziren lehenak familia osoak izan ziren, eta Lehen Mundu Gerra piztu ondoren lur eremu handiak erosi zituzten. Gaur egun, Chihuahuako menonita komunitateak, oraindik ere, bere hizkuntza mantentzen du, behe alemana, eskoletan irakasten den aleman tradizionalaren dialekto mota bat. Mexikoko agintariek baimena eman zieten menonitei hezkuntza ofiziala ez den beste batean ikasteko, eta, astelehenero, aleman tradizionalean kantatzen da Mexikoko ereserki nazionala[7].
Latinoamerika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Brasilen, alemann hiztunen kontzentrazio handienak Hegoaldeko Rio Grande, Santa Catarina, Paraná, São Paulo eta Espirito Santo estatuetan daude. Pomerode Brasilgo Santa Catarina estatuko udalerria da, eta bertako ia biztanle guztiek hitz egiten dute alemanez[erreferentzia behar].
Argentinan, alemanaren banaketa sakabanatua da; izan ere, kolonia handiak daude probintzia desberdinetan, barne hartuz Errepublikako hiriburua eta haren ondoan dagoen Río de la Platako kostaldeko iparraldea (Olivos, San Isidro, San Fernando, Tigre), izen bereko probintziaren hegoaldean, Cordoban (Villa General Belgrano), Santa Feko erdialdean eta hegoaldean, Entre Ríos, Misiones, Corrientes, Patagoniako Río Negro eta Neuquén probintzietan[8][9]. Herrialdearen hegoaldean, alemaniar eta suitzar jatorriko komunitateak daude, non Andeetako 70.000 hiztun elebidun inguru dituzten dialekto bereziak hitz egiten diren[10].
La Pampa probintzian alemanez zein behe-alemanez hitz egiten duten kolonia menonitak daude. Entre Rios probintziaren kasuan, hainbat herrixka alemaniar daude, batez ere Volgako alemaniarrena, Parana departamenduaren hegoaldean eta Diamante departamenduan[11]. Herrixka horietan pertsonak, 40 urtetik gorakoak nagusiki, alemaniarrak edo alemaniarren ondorengoak dira.
Paraguain, Itapua, Caaguazú eta Guairá departamentuetan eta Chaco paraguaitarreko (Plautdietsch) menoniten kokalekuetan banatzen dira[12].
Bolivian, alemanez eta Plautdietscha hitz egiten duten asentamendu menonitak daude, Santa Cruz departamentuan nagusiki[13].
Txilen, alemana, oraindik, hegoaldean hitz egiten da, batez ere Los Lagos eskualdean[14][15]. Alemanak bi aldaera ere izan zituen, Lagunen-deutsch eta Chiloten-deutsch dialektoak, zeinak sortu eta, gaur egun ere, hainbat hiritan (Valdivia, Osorno, Puerto Montt) eta hainbat herri eta landa-eremutan (Puerto Varas eta Frutillar, besteak beste) hitz egin den[16].
Perun, alemaniar immigrazioa Huánuco, Junín eta Pasco departamentuetan eta Oxapampa, Tingo María, Tarapoto eta Moyobamba hirietan kontzentratu zen[erreferentzia behar].
Venezuelan, oraindik 1500 bat lagunek hitz egiten dute Tovar kolonian, eta aleman kolonieroaren aldaera dialektala erabiltzen dute.
Aldaerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aleman estandarra: hizkuntza batua, modu arautu modernoan abiatuta 1876an.
- Dialektoak:
- Behe saxoiera: Belgikako iparraldean eta Herbehereetan.
- Goi alemana: erdialdekoa (Belgikako ekialdean, Herbehereetako hego-ekialdean, Frantzian eta Luxenburgon) eta goialdekoa (Alsazia, Austria eta Suitzan). Yiddish hizkuntza ere goi alemanaren aldaera da.
- Amana alemana: Iowan (AEB).
- Belgrano alemana: Buenos Airesen (Argentina).
- Namibiera beltzaren alemana: Namibian.
- Unser alemana: Papua Ginea Berrian.
- Pennsylvaniako alemana: Estatu Batuak eta Kanadako Pennsylvania, Ohio, Indiana eta Ontarion hitz egiten da.
- Plaut alemana: Kanada eta Amerikan, orokorrean.
- Lagunen alemana: Txilen.
Dialektoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemanak germaniar hizkuntzen familiako mendebaldeko adarra osatzen du, eta germaniar hizkuntzen familia indoeuropar hizkuntzen multzoaren barnean dago. Germaniar dialektoak, usadioz, bi talde nagusitan banatzen dira: goi-alemana eta behe-alemana.
Alemanaren dialektoen arteko ezberdintasunak bistakoak dira. Hala, bada, maiz, dialekto mugakideen artean baizik ezin dute elkar ulertu hiztunek. Dialekto batzuk ulertezinak zaizkie aleman estandarraz baizik mintzatzen ez diren hiztunei. Dena dela, alemanaren dialekto guztiek continuum bat eratzen dute.
| Behe-alemanezko hitza | Goi-alemanezko hitza | Euskarazko esanahia |
| ik | ich | ni, nik |
| maken | machen | egin |
| Dorp | Dorf | herrixka |
| tussen | zwischen | artean |
| op | auf | gain / gainean |
| Korf | Korb | saski |
| dat | das | hori |
| Appel | Apfel | sagar |
Alderdi historiko, sozial eta kulturalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aleman moderno estandarra mendebaldeko germaniar hizkuntza da, batez ere Erdi Aroan Alemaniako erdialdean eta hegoaldean hitz egindako barietate guztien ondorengoa. Konbentzionalki, alemanez idatzitako testuak hiru alditan banatzen dira:
- Antzinako goi alemana: VIII. mendetik 1050. urte arte.
- Goi aleman ertaina: 1050. eta 1350. urteen artean.
- Goi aleman modernoa: 1350etik aurrera, batzuetan, goi aleman moderno goiztiarra (1350-1650) eta goi aleman modernoa (berezkoa) bereizten direlarik. Kontuan izan behar da goi aleman moderno hori erdiko goi alemanaren eta goiko goi alemanaren artean banatzen dela.
Aleman estandar modernoa, nagusiki, goi aleman goiztiarrean oinarritutako forma da, nahiz eta ahoskeran eragina izan Alemania iparraldeko hiztunek (gehienak behe-alemanez hitz egiten zutenak) idatzizko estandarra ahoskatzeko hartu zuten modua.
Hizkuntzaren estandarizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historikoki, hizkuntza bat estandarizatzen hasten den unea funtsezkoa da hizkuntza ofizial gisa erabiltzeko. XV. mendea baino lehen, eskualde bakoitzean, gehienbat, tokian tokiko barietatea erabiltzen zen. Egungo Alemaniako iparraldean, XVI. mende arte, behe-alemana ospe handiko hizkuntza izan zen (antzeko barietateez osatutako talde bat eta hizkuntza estandarraren oinarrian dagoen goi alemana sorrarazi zuena). XV. eta XVI. mendeetatik aurrera, dokumentazio ofiziala, nagusiki, latinez idazteari utzi zitzaion, eta ekialde-erdialdeko alemana mintzatzen zen eskualdean sortzen hasi zen, eskualdeetako barietateen arteko konpromisoa irudikatzen zuen alemana erabiltzeko saiakera. Artean, agintarien eta hiztunen arteko adostasuna eratzen hasi zen idatzia eta mintzatua nolakoak izango ziren zehazteko, nahiz eta horrek ez eragotzi eskualdeetan bestelakoa izatea. Adostasun hartatik abiatuta, hizkuntza estandarra prestigio-barietate gisa ikusten hasi zen, eta irakaskuntzako komunikazio-hizkuntza nagusi gisa irakasteko modua arautzeko neurriak hartu ziren, baita bigarren hizkuntza edo atzerriko hizkuntza gisa irakasteko ere. Ekialde-erdialdeko alemanezko legezko testuak eta Luteroren Biblia (1522-1534) izan ziren aleman hizkuntza estandar modernoa eratzeko abiapuntu[17]. Gai horri buruz esan ohi da:
| « | Bibliatik alemanera egindako itzulpenarekin, eta lehenengoa izan ez arren, Luterok, gaur egun alemanaren aberastasun eta normalizazioari dagokionez (gaur egun goi aleman berria izenez ezagutzen dena, zehatzago esateko), merezi zuen indarrean dirauen aitorpena. Eta hori nabarmen gelditzen da Luterok, bere itzulpenean, ez zuelako bere dialektoko hiztegia (erdialde-ekialdeko alemana) aukeratu kontuan hartuta, baizik eta garai hartan alemaniar lurraldeetan hedatuen zegoena. Horrekin, Luterok nazio-arazo bihurtu zuen hizkuntza. Alemana ez zen dagoeneko hizkuntza bat gehiago, hizkuntza nazionala baizik[18]. | » |
Hizkuntzaren estandarizazio hori eskualde-modu alternatiboen arteko arauak hautatzean datza. Haren kasuan, XVIII. mendearen erdialde arte, gutxi gorabehera, ez zen ezarri behin betiko estandar idatzi bat, eta, XIX. mendean zehar, ahoskera estandarra ere finkatu zen. Prusiaren bateratzea eta Aduana Batasuna (Zollverein) hizkuntza estandarrerako bultzada bat izan bazen ere, jatorriz, Prusiako hizkuntza nagusia behe-alemana zen, nahiz eta hezkuntzan goi alemana oinarri zuen estandar hasiberria sustatu. Aleman estandar hori ez zen hizkuntza ofizialtzat onartu 1902 arte, bigarren konferentzia ortografikoak aleman estandarrerako lehen arauak ezarri zituenean. Aldi berean, eskualdeetako hizkuntzak gaur arte oraindik ere erabiltzen dira, batez ere gai informaletan eta beti eskualde berekoen artean.
Ortografia Rat für deutsche Rechtschreibung (Alemaniar Ortografia Kontseiluak) erakundeak arautzen du)[19].
Inguruko hizkuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ekialdean, poloniera, sorabiera, txekiera, eslovakiera eta hungariera.
- Mendebaldean, frantsesa eta nederlandera.
- Hegoaldean, italiera, esloveniera, friuliera, ladinoa eta erromantxera.
Literatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikusi: Alemanezko literatura.
Gramatika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gramatika aldetik, nahiko hizkuntza konplexua da:
- Hiru genero daude: maskulinoa, femeninoa eta neutroa. Ez dago hitzak sailkatzeko arau zehatzik. Adibidez, der Sohn («semea», maskulinoa), die Frau («emakumea», femeninoa) eta das Mädchen («neskatoa», neutroa).
- Izenen hasierako letrak beti letra larriz idazten dira, aurreko puntuko adibideetan bezala.
- Hizkuntza nahiko flexiboa da, bai artikuluek, bai adjektiboek eta bai izenek komunztadura egiten dute zenbakian, kasuan eta generoan.
- Preposizioek ondoren datorren hitzarekin kasu gramatikalean komunztadura egiten dute:
- Ich gehe zu dem Arzt / Ich gehe zum Arzt: Medikuarengana noa.
- Ich mag ins Kino gehen: Zinemara joatea gustatzen zait.
Artikuluak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Zehaztuak (bestimmter Artikel) |
Singularra (euskarazko -a artikulua) |
Plurala (euskarazko -ak edo -ek artikuluak) |
Zehaztugabeak (unbestimmter Artikel) |
Singularra (euskarazko bat artikulua) |
| der (maskulinoa) | die (maskulinoa, femeninoa eta neutroa) | ein (maskulinoa) | ||
| die (femeninoa) | eine (femeninoa) | |||
| das (neutroa) | ein (neutroa) |
Hitzen pluralak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez dago arau finkorik hitzen plurala osatzeko: hortaz, hizkuntza ikastean, hitz bakoitzaren plurala ikasi beste irtenbiderik ez dago. Adibidez:
- Der Sohn / Die Söhne ("semea" / "semeak"), Die Schwester / Die Schwestern ("alaba" / "alabak") edo Das Haus / Die Häuser ("etxea" / "etxeak").
Deklinazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaraz edo latinez bezala, alemanezko izenak, artikuluak, adjektiboak eta izenordeak deklinatzen dira. Lau kasu ditu: nominatiboa, akusatiboa, datiboa eta genitiboa.
| Deklinazioa | Alemanez | Euskaraz |
| Nominatiboa (subjektua) |
Der Mann ist hier | Gizona hemen da |
| Die Frau ist hier | Emakumea hemen da | |
| Das Kind ist hier | Umea hemen da | |
| Akusatiboa (objektu zuzena) |
Ich sehe den Mann | Gizona ikusten dut |
| Ich sehe die Frau | Emakumea ikusten dut | |
| Ich sehe das Kind | Umea ikusten dut | |
| Datiboa (nori, zehar objektua) |
Ich sage das dem Mann | Gizonari hori esaten diot |
| Ich sage das der Frau | Emakumeari hori esaten diot | |
| Ich sage das dem Kind | Umeari hori esaten diot | |
| Genitiboa (noren) |
Der Hund des Mannes | Gizonaren txakurra |
| Der Hund der Frau | Emakumearen txakurra | |
| Der Hund des Kindes | Umearen txakurra |
Izenordeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ich = ni, nik
- du = hi, hik (lagunartekoa)
- Sie = zu, zuk; zuek (begirunezkoak)
- er (maskulinoa) / sie (femeninoa) / es (neutroa) = bera, berak / hura, hark
- wir = gu, guk
- ihr = zuek (lagun artekoa)
- sie = haiek
Aditza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Orainaldia | Lehenaldia | Etorkizuna |
| Ich bin (Ni naiz / nago) | Ich war (Ni nintzen / nengoen) | Ich werde sein (Ni izango naiz / egongo naiz) |
| Du bist (Hi haiz / hago) | Du warst (Hi hintzen / hengoen) | Du wirst sein (Hi izango haiz / egongo haiz) |
| Er / Sie / Es ist (Bera da / dago) | Er / sie / es war (Bera zen / zegoen) | Er / sie / es wird sein (Bera izango da / egongo da) |
| Wir sind (Gu gara / gaude) | Wir waren (Gu ginen / geunden) | Wir werden sein (Gu izango gara / egongo gara) |
| Ihr seid (Zuek zarete / zaudete) | Ihr wart (Zuek zineten / zeundeten) | Ihr werdet sein (Zuek izango zarete / egongo zarete) |
| Sie sind (Haiek dira / daude) | Sie waren (Haiek ziren / zeuden) | Sie werden sein (Haiek izango dira / egongo dira) |
| Orainaldia | Lehenaldia | Etorkizuna |
| Ich habe (Nik dut) | Ich hatte (Nik nuen) | Ich werde haben (Nik izango dut) |
| Du hast (Hik duk / dun) | Du hattest (Hik huen) | Du wirst haben (Hik izango duk / dun) |
| Er / Sie / Es hat (Berak du) | Er / sie / es hatte (Berak zuen) | Er / sie / es wird haben (Berak izango du) |
| Wir haben (Guk dugu) | Wir hatten (Guk genuen) | Wir werden haben (Guk izango dugu) |
| Ihr habt (Zuek duzue) | Ihr hattet (Zuek zenuten) | Ihr werdet haben (Zuek izango duzue) |
| Sie haben (Haiek dute) | Sie hatten (Haiek zuten) | Sie werden sein (Haiek izango dute) |
Aditz "ahulak": iraganean, -te atzikia eransten zaie; partizipioan, ge- aurrizkia dute eta -t atzizkia:
Wählen = aukeratu
Ich habe gewält = Aukeratu dut
Du hast gewält = Aukeratu duzu
Er / Sie / Es hat gewält = Aukeratu du
Wir habe gewält = Aukeratu dugu
Ihr habt gewält = Aukeratu duzue
Sie haben gewält = Aukeratu dute.
Esaldia: Ich habe heute mein neues Auto gewält = Nik neure auto berria gaur aukeratu dut.
Aditz "indartsuak":
Verstehen = ulertu
Ich habe verstanden = Ulertu dut
Du hast verstanden = Ulertu duzu
Er / Sie / Es hat verstanden = Ulertu du
Wir habe verstanden = Ulertu dugu
Ihr habt verstanden = Ulertu duzue
Sie haben verstanden = Ulertu dute
Esaldia: Ich habe diese Sprache nicht verstanden = Nik ez dut hizkuntza hau ulertu.
Oinarrizko esaldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Guten Tag (formala) = Egun on.
- Hallo! (lagunartekoa) = Epa! / Aupa! / Kaixo!
- Tschüss! (lagunartekoa) = Aio!
- Auf Wiedersehen (formala) = Ikusi arte.
- Wie geht’s? / Wie geht es dir? = Zer moduz?
- Danke, gut = Ongi, eskerrik asko.
- Wie heißt du? / Wie heißen Sie? = Zein da zure izena? / Nola duzu izena?
- Ich heiße Jürgen = Jürgen izena dut / Jürgen deitzen naiz.
- Bitte = Mesedez.
- Bitte sehr! = Ez horregatik!
- Ja = Bai.
- Nein = Ez.
- Hilfe! = Lagundu!
- Sprichst du Baskisch? = Euskaraz hitz egiten al duzu?
- Gibt es hier jemanden, der Baskisch spricht? = Ba al da hemen inor euskaraz mintzatzen dena?
- Ich komme aus Bilbao = Ni Bilbokoa naiz.
- Ich kann nicht [so gut] Deutsch sprechen = Ez dut alemanez [hain ongi] hitz egiten.
- Ich verstehe (das) nicht = Ez dut ulertzen.
- Ich weiß nicht = Ez dakit.
- Ich möchte... / Ich will... = ...nahi dut.
- Wo ist die Toilette? = Non dago komuna?
- Guten Morgen = Egun on.
- Guten Abend = Arratsalde on.
- Gute Nacht = Gabon.
Gramatikak eta hiztegiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Duden: Die Grammatik. Mannheim: Dudenverlag ⁸2009 (alemanez).
- Duden: Die deutsche Rechtschreibung. Mannheim: Dudenverlag ²⁵2009 (alemanez).
- Rubio, E.M.: Wörterbuch Hiztegia euskara alemana. Donostia: Elkarlanean 2005.
Ikasketak gaiari buruz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- George O. Curme, A Grammar of the German Language, New York 1922.
- Fausto Cercignani, The Consonants of German: Synchrony and Diachrony, Milan 1979, ISBN 88-205-0185-6.
- W. B. Lockwood, German Today: The Advanced Learner's Guide, Oxford 1987, ISBN 0-19-815850-5.
- Anthony Fox, The Structure of German, Oxford 2005, ISBN 0-19-927399-5.
- Wolfgang Krischke, Was heißt hier Deutsch? – Kleine Geschichte der deutschen Sprache, München 2009, ISBN 978-3-406-59243-0.
- Peter von Polenz, Geschichte der deutschen Sprache, Berlin 2009, ISBN 978-3-11-017507-3.
- Ruth H. Sanders. German: Biography of a Language, Oxford 2010.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ 53. araua - Munduko estatuetako hizkuntza ofizialak. Euskaltzaindia (kontsulta data: 2011-09-04).
- ↑ Verein für das Schweizerdeutsche Wörterbuch (ed.), Schweizerisches Idiotikon: Wörterbuch der schweizerdeutschen Sprache. Frauenfeld: Huber, 17 vols., ISBN 978-3-7193-0413-3.
- ↑ Como lengua extranjera, está muy extendida en los Países Bajos con un 71 % de hablantes, en Dinamarca con el 47 %, en Eslovenia con el 42 % y, en menor medida, en Suecia (26%), Eslovaquia (22 %), Polonia (19 %), Hungría (18 %), Finlandia (18 %), la República Checa (15 %), Estonia (15 %), Lituania (15 %) y Letonia (14 %).[1]
- ↑ (Ingelesez) Hickey, Raymond. (2019ko azaroa). English in the German-Speaking World. ISBN 9781108768924. (kontsulta data: 2023-10-09).
- ↑ (Alemanez) Ammon, Ulrich. (2014-12-12). Die Stellung der deutschen Sprache in der Welt. ISBN 978-3-11-039318-7. (kontsulta data: 2021-07-18).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Menonitas, lo que no sabías de ellos» México Desconocido 9 de mayo de 2018 (kontsulta data: 3 de junio de 2019).
- ↑ Roberto Bein. Los idiomas del Mercosur. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 4 de marzo de 2016).
- ↑ Mapa lingüístico de Argentina y Uruguay. .
- ↑ Vecoli, Rudolph J.; Judy Galens; Anna Jean Sheets; Robyn V. Young (1995). Gale Encyclopedia of Multicultural America. Gale Research. ISBN 0-8103-9164-3.
- ↑ http://www.turismoentrerios.com/crespo/aldeas-alemanas.htm
- ↑ (Gaztelaniaz) «Paraguay de muchas lenguas» ultimahora.com (kontsulta data: 2023-03-05).
- ↑ «Así viven los menonitas en Bolivia» La Prensa 18 de mayo de 2015.
- ↑ (Alemanez) Wiktionary Verzeichnis: Außereuropäische Varietäten des Deutschen - Chile (Launa-Deutsch). s/f Wiktionary jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 7 de septiembre de 2011) (kontsulta data: 2011-08-18).
- ↑ (Alemanez) Ziebur, Ulrike. (7 de marzo de 2000). Die soziolinguistische Situation von Chilenen deutscher Abstammung - 2 Geschichtlicher Überblick: Die deutsche Einwanderung in Chile: 2.3 Die deutsche Sprache in Chile. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 16 de junio de 2011) (kontsulta data: 2011-08-18).
- ↑ (Gaztelaniaz) Welle (www.dw.com), Deutsche. «El alemañol del sur de Chile | DW | 10.09.2016» DW.COM (kontsulta data: 2021-12-17).
- ↑ J. A. Hawkins, 2009
- ↑ Maestro Cano, Ignacio C. «Protestantismo, pensamiento y cultura en Alemania». Biblio3W. Revista bibliográfica de geografía y ciencias sociales. Consultado el 27 de enero de 2019.
- ↑ (Alemanez) «Startseite» www.rechtschreibrat.com (kontsulta data: 2023-02-23).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Hawkins, John A.. (2009). «4. German» in B. Comrie The World’s MajorLanguages. , 86-109 or. ISBN 0-203-30152-8..
- Kohler, Klaus J.. (1977). Einführung in die Phonetik des Deutschen. Berlin.
- Kohler, Klaus J.. (1990). «German» Journal of the International Phonetic Association 20 (1): 48–50. doi:. ISSN 0025-1003..
- Kohler, Klaus J.. (1999). «German» Handbook of the International Phonetic Association: A guide to the use of the International Phonetic Alphabet. Cambridge, 86–89 or. doi:. ISBN 0-521-65236-7..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
| Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak | ||
|---|---|---|
|
Alemana · Bulgariera · Daniera · Errumaniera · Eslovakiera · Esloveniera · Estoniera · Finlandiera · Frantsesa · Gaelera · Gaztelania · Greziera · Hungariera · Ingelesa · Italiera · Letoniera · Lituaniera · Maltera · Nederlandera · Poloniera · Portugesa · Suediera · Txekiera | ||
