Alemaniako Espresionismoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Alemaniako Espresionismoa 1919 - 1933 urte bitartean garatu zen arte higikundea izan zen. Zinema espresionistak lotura zuzena zuen garaiko espresionismoarekin. Espresionismo piktorikoa zera da: modu subjektiboan mundua deformatzen zuen mugimendua. Garai horretan ezaguna zen Kubin pinturan eta Kafka literaturan. Mugimendu honen arabera, bizitzak ez du zentzurik eta hori islatzen zuten euren lanetan: desesperazio sentimendua zen nagusi.

Oinarrizko helburua pertsonaien emozioak eta sentsazioak azaltzea zen, eta horretarako sinbolismoaren formez baliatzen ziren. Kalitate artistiko handiko dekorazioak prestatzen ziren. Ikuspuntu artistikotik garai aberatsa izan zen, baina gainbehera ekonomikoa iristean, eragina izan zuen artean ere eta hori ere beherakadan joan zen. Lehen Mundu Gerrak (1914-1918) utzitako sentsazio pesimistak bizi ziren.

Aurre-espresionismoa (1919–1925)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugimendua markatu gabe zegoen oraindik eta film bati esker lortu zen finkatze hori: Das Kabinett des Doktor Caligari (Robert Wiene, 1919). Ezaugarri batzuk ezarri zituen filmak, baina ez mugimendu osoa. Ezaugarri konkretuak zaintzen ditu: barruko dekorazioa, makilajea, jantziak, argiztapen artifiziala… Caligari izan zen ikonografia luze bateko lehen pertsonaia (Nosferatu, Jack Tripa-ateratzailea, Frankenstein…) gai nagusi horien inguruan beldurra, fantasia eta krimena nabarmentzen ziren. Film hori Mélièsen zinema fantastikoarekin eta hasieran grabatutako antzerkiekin lotzen zen. Alemaniako ohitura fantastikoarekin eta deabruz beteriko zinemarekin ere nahasten zen.

Gai depresiboak erabiltzen ziren filmetan, sentimendu negatiboa transmititzeko, eta banpiroen figurak indar handia hartu zuen. Mundu iluna irudikatzen zen. 1922an Nosferatu filma egin zuen F.W. Murnauk. Wieneekin alderatuta bazeuden aldeak: Murnauk kanpoko dekoratuak erabili zituen eta narrazioa landuagoa zuen. Sekuentziak, gainera, garatuagoak ziren. Film honi, Zinemaren Historian zehar, hainbat bertsio egin zaizkio.

Errealismoa (1921–1925)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai berean korronte berria sortu zen aurrekoarekin talka eginez: Errealismoa. Kamera objektiboa erabiltzen zen eta Espresionismoa baino errealistagoak izan nahi zuten, sentimendurik ez zela erakutsi behar uste zuten. Ez zuten fikziorik edota gizakiaren manipulaziorik nahi, baizik eta errealitatea bere horretan erakutsi ahal zen heinean.

Soinua (1928–1933)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitler eta Goebbels (Hezkuntza eta Propaganda Ministerioa) Alemaniako Espresionismoaren garaikoak dira. Zinema industria sortu zen eta film komertzialak egiten ziren orduan. Espresionismoaren kalitate estetikoa galtzen da soinuarengatik eta horrela pelikula propagandistikoek leku garrantzitsua hartzen dute, eta zinema espresionista gainbehera garaiean dago, baina badago salbuespenik: Von Sternbergen Der blaue Engel (1930) edota Fritz Langen M – Eine Stadt sucht einen Mörder (1931). UFA estudioetan egiten zen lan gehienbat garai honetan. Bestalde, Fritz Langen beste film bat, Metropolis (1926) garai hartan indartsua izan zen: ez zuen hari propagandistikotik jarraitu eta heriotza hartu zuen gai nagusi gisa. Ildo horretako filmek aurrerantzean Lang hartuko dute erreferentzia moduan (Blade Runner edo The Matrix, esaterako)

Nahiz eta hainbat zinemagilek alde egin zuten Hitlerren Alemaniatik, gutxi batzuk herrialde hartan geratu ziren Hitlerren propaganda egiteko. Leni Riefenstahl izan zen horietako bat. Bere filmetan (Triumph des Willens, 1935 edota Olympia, 1938) eszenak dokumental gisa lantzen ditu eta oso esanguratsua da kameraren kokapena horrek filmari ematen dion esanahiagatik. Hitlerren aurrean egindako desfileak edota mutil gazteen edertasuna goraipatzen zituen filmen bidez, gizon arioaren perfekzioaren balioa gailentzeko.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alemaniako Espresionismoa Aldatu lotura Wikidatan