Edukira joan

Alemaniaren 1945eko maiatzeko kapitulazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alemaniaren 1945eko maiatzeko kapitulazioa
Motahistorical document (en) Itzuli
Honen parte daBigarren Mundu Gerra
Data1945eko maiatza
Berrespena
Sinatzailea
Lanaren edo izenaren hizkuntzaingeles eta errusiera

Alemaniako kapitulazio-aktek eman zioten amaiera Europako Bigarren Mundu Gerrari. Testua 1945eko maiatzaren 8an sinatu zuten Karlshorst-en (Berlin) Oberkommando der Wehrmacht-en (OWK) hiru indar armatuetako ordezkariek. Indar Aliatuak, sobietar, estatubatuar eta frantziar goi-kargudun gorenak zehazki, sinaduraren lekuko izan ziren.

Oroipenean, egun hori Europako Garaipen Eguna gisa ezagutzen da, beste errepublika sobietar ohietan izan ezik, hor maiatzaren 9an ospatzen baita, ordu-diferentzia dela eta (kapitulazio ofiziala egin zenean, Moskun 00:00h baino beranduago zen).

Aurreko egunean, 7an, beste dokumentu bat sinatu zen Reims-en. Gertaera hori aipatutako Frantziako herriko Collège Moderne et Technique-n burutu zen.

Errendizio testua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru indar Aliatuek eta Europako Aholku-Batzordeak honakoa proposatu zuten 1944ko urtarrilaren 3ko dokumentuan:

Alemaniaren kapitulazioa baldintza gabeko dokumentu bakarrean bilduta egon behar da.[1]

Aurrerago, batzordeak testua Alemaniako Wehrmachteko Aginte Goreneko ordezkariek sinatzea proposatu zuen (militarrek eta ez politikoek), biktimismo alemaniarra saihestearen helburuarekin. Lehen Mundu Gerrako armistizioa politikoek sinatu zuten eta alemaniar militarrek traizioa izan zela esan zuten, beraiek testua sinatzearekin ez zeudela ados argudiatuz. Hala eta guztiz ere, ez ziren denak bat etorri Segurtasun Batzordeak gatazkaren inguruan egin zituen aurreikuspenekin. William Strang britainiar enbaxadoreak, Erresuma Batuko ordezkari gisa, honakoa adierazi zuen:

Ezinezkoa da Alemaniarekin dugun etsaitasun hau zein baldintzetan amaituko den aurreikustea, ezta aurrera jarraitzeko modu egokiena zehaztea ere. Adibidez, armistizioa osoa eta xehatua izatea izango litzateke aproposena, edota aurkari lokalen kapitulazioaren truke, botere nagusaik emanez laburtuta egotea.[2]

Errendizioaren baldintzak 1944ko urtarrilaren 14an eztabaidatu ziren lehen aldiz. Uztailaren 28an, hiru aldeek behin betiko testua ebatzi zuten.[3]

Testua hiru ataletan idatzi zuten. Lehen atala sarrera labur bat izan zen, non Alemaniako Gobernuak eta Aginte Gorenak haien indar militarren porrota onartu zuten eta, hortaz, baldintzarik gabeko errendizioa.[4]

Akta hamalau artikulutan banatu zen. Bigarren atala I.tik V.ra artekoa zen eta ondorengo gaiekin lotuta zueden: errendizio militarra, armen entrega, gerrako presoen askapena eta hartutako lurraldeetatik erretiratzea, 1937ko abenduaren 31n indarrean zeuden mugetara itzulitz.

Hirugarren atalak VI.etik XII.era bitarteko artikuluak hartzen zituen eta ondorengo gaiak landu: Gobernua Kommandatura Aliatuari ematea, nazien kontzentrazio esparruetako preso eta esklabuak aberriratzea, irrati-emisioak etetea, Alemaniako inteligentzia-zerbitzuak ixtea, armategi militarra eta azpiegiturak ez suntsitzea, agintari nazien aurkako gerra-krimenengatik egindako prozesu judizialetan lan egitea eta ordezkari aliatuei boterea ematea ordenak eta araudiak zigortzeko (gai politikoetan, administratiboetan, ekonomikoetan, finantzarioetan, militarretan, etab.).

XIII eta XIV.ak alemaniar kapitulazioaren data eta dokumentuak zein hizkuntzetan idatzita dauden zehazten dute.[3]

1945eko otsailean egindako Jaltako Batzarrean, lau potentzia aliatuek Alemania banatzea erabaki zuten.[5] Klausula gehigarri bat gehitu zuten segurtasuna bermatzeko: sektore bakoitzari ahalmena ematen zioten bere erara antolatzeko desarmatzea, desmilitarizazioa eta herrialdearen zatiketa.[6] Frantziako ordezkariak, bere aldetik, ez zuen klausula gehigarriari buruzko erabakian parte hartu. Martxoaren amaieran, Erresuma Batuko gobernuak zalantzan jarri zuen Alemania berrarmatu zitekeela, eta hala izanez gero, Alemaniako agintari zibilek akordioa sinatu edo horniduren inbentario bat egin zezaketela. Sinatu aurretik, akordioa aldebakarreko adierazpen gisa berridaztea proposatu zuten, non Alemaniak III. Reicharen porrota eta ondoriozko desegitea onartzen zuen.[6]

1944ko abuztuan, mendebaldeko potentzia Aliatuetako Komandante Buruek tokiko errendizioen baldintzak adostu zituzten. Errendizio horiek behin betiko kapitulazioarekin amaituko zuten, estatu teutoiari inolako kontzesiorik egin gabe.[4]

Alemaniarrek, Reimsen eta Berlinen, aldez aurretik Italiako Casertan idatzitako eta laburtutako dokumentu bat sinatu zuten. Aldaketek zenbait eztabaida sortu zituzten, nahiz eta testu osoa sinatzerakoan alemaniarrek akordioaren inguruan zituzten kezkak islatu ahal ziren.[6][7][8]

Adolf Hitlerrek bere buruaz beste egin zuen bere Berlingo bunkerrean 1945eko apirilaren 30ean.[9] Aurretik, Karl Dönitz almirantea izendatu zuen bere testamentuan Reich-eko Kantzelaritzako oinordeko gisa.[10] Hala ere, Alemaniako hiriburua Hitler hil eta bi egunera erori zen, eta Alemaniako soldadu-taldetik bizirik atera zirenek maiatzaren 2an eman zuten amore. Reich-eko egoera militarra oso kritikoa zen ordurako: apirilaren 25ean soldadu sobietar eta estatubatuarrak Torgaun elkartu ziren, nazien kontrolpean zegoen Alemaniaren iparraldeko eta hegoaldeko sektoreak zatituz. Anglosaxoien eta sobietarren eraso etengabeekin, alemaniarren kontrolpean zegoen eremua egunero murrizten zen, eta alemaniar indarren soldaduak, erregaiak eta armak oso urriak zirenez gero, ezin izan zituzten etsaien erasoak geldiarazi, eta are gutxiago kontraeraso bat planteatu.

Izan ere, Hitler hil zen unean, Wehrmacht-ek Arroxela, Saint-Nazaire, Lorient eta Dunkerque portu atlantikoak irmoki kontrolatzen zituen gotorleku sendoekin. Hala ere, elkarrengandik oso isolatuta zeuden bastioiak ziren, etsaien hesi zorrotz baten menpe baitzeuden. Ez zuten ia kontakturik Alemaniako behealdeekin eta itsaspekoen bidez baino ezin zuten komunikatu gainerako eremuekin.

Alemaniar tropek ere lurralde asko kontrolatzen zituzten, baina ez ziren oso eremu zabalak. Gainera, eskualde horiek haien artean isolatuta zeuden eta etsaiaren eraso zuzenaren pean: Anglo-normandiar uharteak, Kretako mendebaldea, Rodas uhartea, Dodekanesoko uharteak, mendebaldeko Holanda, Iparraldeko Kroazia, Erdialdeko Eslovenia, Italiako iparraldeko eremu alpetarrak, Austriako eskualde alpetar osoa, Bohemia eta Moraviako erdialdea, Kurlandiako penintsula eta Heleko penintsula. Norvegiako hegoaldea eta Danimarka osoa ere kontrolatzen zuten, Hitler hil zen egunean alemaniarren kontrolpean zegoen ondoko lurralde handiena izanik.

Alemanian bertan, Wehrmacht-ek ez zituen ia kontrolatzen Ipar Itsasoko kostaldeko gune batzuk. Horien artean zeuden Lübeck eta Hanburgo ingurua, Danimarkako muga, Mecklenburg eta Pomeraniako Baltikoko kostaldeko zenbait zati isolatu, Wroclaw hiria (Armada Gorriaren setio bat jasaten ari zena duela aste batzuetatik) eta, Berchtesgaden inguruan, Bavariako landa-eremu batzuk.[9]

Alemaniako egoera militarra txarra izan arren, Dönitzek “Reich-eko arazoez arduratzen zen gobernua” osatzea lortu zuen. Danimarkako mugatik oso hurbil dagoen Flensburg herrian ezarri zuten gobernu hori. Dönitzek “Alemaniako gobernu” berri gisa aitortua izatea espero zuen, eta horrela, Mendebaldeko Aliatuekin su-etena hitzartzea, 1918an gertatutakoaren antzera. Maiatzaren 2an, gobernu horretara batu zen Oberkommando der Wehrmacht, Wilhelm Keitel jeneralaren agindupean. Keitel aurretik Krampnitzen eta ondoren Rheinsbergen egon zen, Berlingo guduan zehar.

Flensburgotik, Dönitz almirantea Alemaniaren errendizio ofizial baten baldintzak negoziatzen saiatu zen, baldintzarik gabeko errendizioa ekiditeko. Dönitzen kezka berezi bat ahalik eta tropa eta zibil alemaniar gehienak mendebalderantz ihes egin ahal izatea zen, errendizioa izanez gero, Mendebaldeko Aliatuek harrapa zitzaten, eta ez Sobietarrek. Hala ere, plan hura oso zaila bihurtu zen, batez ere Bohemia eta Moraviako Protektoratuan eta Kurlandian zeuden soldadu alemaniar askorentzat. Haietako asko Armada Gorriak setiaturik zeuden eta oso urrun zeuden anglosaxoien kontrolpean zeuden lekuetatik.

Maiatzaren 4an hasi ziren Mendebaldeko Aliatuekin tratatuak egiten, Frantziako Reims hirian baitzeukaten kuartel nagusia. Handik gutxira, Dönitzen gobernua ohartu zen Mendebaldeko Aliatuek soilik onartuko zutela alemaniarren kontrolpean zeuden indar guztien baldintzarik gabeko eta aldi bereko errendizioa borroka-fronte guztietan. Gainera, Eisenhower jeneralak, tropa aliatuen goreneko komantandeak, soldadu alemaniarren errendizioa onartzeari uko egin ziezaiokeela ohartarazi zuen. Hala balitz, hauek “inoren lurraldean” eta sobietar tropen esku geratuko lirateke, Dönitzen mandatariek kapitulazioa baldintzarik gabe onartzen ez bazuten. Egoera honen aurrean, maiatzaren 5ean Dönitzek baimena eman zuen Keitel eta Jodl jeneralek Eisenhowerrek eskatutako baldintzarik gabeko kapitulazioa onar zezaten.

Kapitulazio partziala Mendebaldean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Italia eta Austriako mendebaldea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitler hil baina egun batzuk lehenago, Italian destinatuta zeuden Alemaniako hainbat agintari militar isilpean negoziatzen aritu ziren. Caserta hirian egin zituzten negozioazioak, Aliatuekin eta Italiako Partisanoekin. Helburua, gutxienez, tropak Austria aldera ebakuatu ahal izatea zen. Hitzarmena apirilaren 29an sinatu zen. Ordurako tropa aliatuek eta partisanoek Ipar Italiako hiri nagusi gehienak kontrolpean zituzten, Venezia izan ezik. Hala ere, hitzarmena maiatzaren 2an jarri zen indarrean. Hasiera batean, Albert Kesselring landa-mariskala aurka agertu zen, baina, azkenean, Führer-en heriotzaren berri izan ondoren, Kesselringek ituna sinatu zuen. “Casertako errendizioaren” barruan faxismoarekiko oraindik leial ziren tropa italiarrak sartzen ziren. Hala ere, britainiarrek eta estatubatuarrek argi utzi zuten Ardatzeko indarren errendizio militarra baino ez zutela onartzen. Ez zuten onartzen Italiako Errepublika Sozialaren “kapitulazio politikoa”, inoiz ez baitzuten estatu hori aitortu. Hori dela eta, aliatuek tropa faxistak Italiako agintari antifaxisten esku uzten zituzten.

Alemaniako ipar-mendebaldea, Schleswig Holstein, Herbehereak eta Danimarka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lünenburgoko txilardian baldintzarik gabeko errendizio akta sinatu zuten, maiatzaren 4an. Orduan, Alemaniako tropek, Dönitzen aginduz, Britania Handiko eta Kanadako indarren aurka borrokatzen jarraitu zuten hurrengo egunera arte.

Bavaria eta Alemaniako hego-ekialdea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sinadura, G armaden taldeak sinatu zuen maiatzaren 5ean, Bavariako Haar herrian, eta maiatzaren 6an sartu zen indarrean.[4] Casertaren Kapitulaziorako grina, tokiko aginte militarraren baitan nagusitu zen.

Dönitz Gobernuaren buru zela, mendebaldean kapitulazio-akordio bat lortzen saiatu ziren, eta, aldi berean, ekialdeko fronteko beste talde batzuk mendebaldera ekartzen saiatu ziren, sobietarren eta jugoslaviarren eskuetan gerrako preso ez izateko. Baldintza agintari britainiar eta estatubatuarrei entregatzea zen.[10] Dönitzek bai soldaduak, bai biztanleria zibila, Hela eta Baltikoko kostaldetik itsasoz ebakuatuak izatea espero zuen. Keitelekin batera, sobietarrei entregatzeko agindurik ez onartzea erabaki zuen.[11][12]

Sinatu ondoren, alemaniar erresistentziaren gune nagusiak ekialdeko Austrian, mendebaldeko Moravian, non Ostmarkeko unitateek Armada Gorriarekin borrokatzen zuten, eta Kroazian zeuden, non E Armada Taldeak jugoslaviarren aurka jarraitzen zuen borrokan. Gainerako unitateak ekialdeko Bohemian eta Moravian zeuden.[13] Eskandinaviako penintsulan, 400.000 gizon zeuden Franz Böhme-ren agindupean, eta hau Suediako Ministroarekin jarri zen harremanetan, haien errendizioa adosteko.[14]

Kapitulazio zeremoniak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alfred Jodl koronel nagusia Reimsen dokumentuak sinatzen.

Hans-Georg von Friedeburg almiranteak Dönitzi jakinarazi zionez, Eisenhowerrek (orduan SHAEFeko komandantea) "fronte guztien berehalako, aldi bereko eta baldintzarik gabeko errendizioa eskatzen zuen".[15] Jodl jenerala Reimsera bidali zuten ordezkari estatubatuarra konbentzitzeko, baina honek iragarri zuen, errendiziorik ez zegoenez, alemaniarren aurkako ofentsibari berrekingo ziola.[16] Azkenean, Dönitzek Jodli 48 orduko epearekin errendizio-agindua sinatzeko baimena eman zion, Alemaniako gainerako unitate militarrei abisatzeko.[12][17]

Ondorioz, maiatzaren 7an sinatu zen, 02:41tan, Reims-eko Collége Moderne et Techniquen, Aireko Indar Espedizionarioen (SHAEF) kuartel nagusitzat hartu zutenean.[18] [19]

Reimseko sinadura eta sei ordu geroago, Sobietar Batasuneko goi-agintariak akordioa “onartezina” zela kritikatu zuen, testua ez zetorrelako bat EACk (Aliatuen Kontrol Kontseiluarekin) erabakitakoarekin eta Ivan Suslopárov jenerala ez zelako ekitaldian izan.[20]

Hala ere, eragozpen horiek aitzakia izan ziren sobietarrek alemaniarren aurkako garaipenean zuten lidergoa islatzeko.[12] Gainera, sobietarrek adierazi zuten ituna baliozkoa izan zedin, alemaniarrak sua eten eta preso gisa entregatu behar zirela.[21] Eisenhowerrek onartu zuen sinatutako ituna "baldintzarik gabeko errendizio militarraren akta laburbildua" zela, eta alemaniarrei "formaltasun-sinadura" egiteko deia egin zien.[22][23]

Hala ere, Pragako borrokek aurrera jarraitu zuten hirian, Baltikoan alemaniarren itsas bidezko ebakuazioa egiten zen bitartean. Bestalde, ez alemaniarrek ezta sobietarrek ere ez zuten su-etena errespetatu.[15] Reims-eko akta sinatu ondoren, alemaniako agintariek tropen eta zibilen mendebalderako ebakuazioarekin jarraitu zuten, eta indar sobietarrek alemaniarren azken gotorlekuen aurkako erasoak jarraitu zituzten.

Maiatzaren 8an, Eisenhower Berlinera joan zen eta Aliatuen ordezkaritzarekin bildu zen.[24] Egun bereko gauerdian, azken hitzarmena sinatu zen Karlshorst-eko Administrazio Sobietarraren egoitzan.[25]

Wilhelm Keitelek Karlshorsten (Berlin) SESBren aurrean kapitulazioa sinatzen.

III. Reich-aren erorketari buruz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errenditzearen sinadura Dönitzek babestu zuen arren, Aliatuen Gobernuek ez zutenFlensburgeko Gobernua onartu. Beraz, errenditzearen ondoren, Dönitzen plana, alemaniar "aginte politiko" moduko bat mantentzeko asmoz sortua, bertan behera gelditu zen. Sobietar Batasunak, AEBek eta Erresuma Batuak argi utzi zuten Alemaniaren gaineko aginte politiko eta militar bakarra Aliatuen Kontseilu Militarra zela, eta uko egin zioten edozein motatako gobernu alemaniarra aitortzeari. Horrela, 1945eko maiatzaren 23an, Flensburgeko Gobernua desegin egin zen, eta haren kideak gerra preso gisa atxilotu zituzten.[26]

Harreman diplomatikoak eta enbaxadak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1944 eta 1945 bitartean, neutraltasuna mantendu zuten herrialdeek. Alemaniaren aliatu izandako beste batzuk Aliatuen alde egotera pasa ziren, eta Alemaniari gerra deklaratu zioten. Beraz, herrialde horietan Alemaniaren enbaxadek ateak itxi zituzten. Hala ere, Genevako Konbentzioen arabera, Suitza eta Suedia bezalako estatuetan jarduera diplomatikoak mantendu zituzten. Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamentuak gerra osteko garaian sor zitezkeen ondorio diplomatikoetarako prestaketak egin zuen, errenditzearen testua lagun.

1945eko apirilaren amaieran, Departamentu horrek babesleku eta estatu neutral guztiei jakinarazi zien errenditzearen agirian Alemaniaren lau sektoretako banaketa jasoko zela (Aliatu bakoitzarentzako bana). Aliatuek alemaniar diplomazia-taldeari jakinarazi behar zioten babesleku horiek desegin beharko zituztela eta haien dokumentuak transferitu.[27]

Berlinen Adierazpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala eta guztiz ere, errenditzearen agiria alemaniar ordezkari militarrek sinatu zuten, baina zibilen aldetik ez zen oinarri formal espliziturik aurkeztu. Ondorioz, EACk testuaren zirriborroa berridatzi zuen, Aliatuek alde bakarrez onartutako adierazpen eta sarrera bihurtuz.[4] Karl Dönitzen gobernua ez onartzean, lau potentziek herrialdearen kontrola hartu zuten. Potentzia guztiek adostasuna erakutsi zuten, baina Iósif Stalinek (Sobietar Batasunaren ordezkari gisa) bere jarrera aldatu zuen eta ez zuen banaketaren akordioa babestu.[20]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Memorandum by the Working Security Committee, 3rd January 1944, Foreign Relations of the United States 1944, vol I, p. 101
  2. Memorandum by Lord Strang, 15th January 1944, Foreign Relations of the United States 1944, vol. I, p. 113
  3. a b Ziemke, Earl Frederick (1990). The US Army and the Occupation of Germany 1944-1946. Center of Military History, United States Army. p. 114.
  4. a b c d Hansen, Reimar (1995). «Germany's Unconditional Surrender». History Today 45 (5 May).
  5. Ziemke, Earl Frederick (1990). The US Army and the Occupation of Germany 1944-1946. Center of Military History, United States Army. p. 115.
  6. a b c Mosely, Philip E (1950). «Dismemberment of Germany, the Allied Negotiations from Yalta to Potsdam». Foreign Affairs 28 (3): 487.
  7. Ziemke, Earl Frederick (1990). The US Army and the Occupation of Germany 1944-1946. Center of Military History, United States Army. p. 257.
  8. Jones, Michael (2015). After Hitler: The Last Days of the Second World War in Europe. John Murray. pp. 205.
  9. a b Kershaw, Ian (2012). The End; Germany 1944-45. Penguin. pp. 298.
  10. a b Kershaw, Ian (2012). The End; Germany 1944-45. Penguin. pp. 362.
  11. Kershaw, Ian (2012). The End; Germany 1944-45. Penguin. pp. 368.
  12. a b c Kershaw, Ian (2012). The End; Germany 1944-45. Penguin. pp. 371.
  13. Kershaw, Ian (2012). The End; Germany 1944-45. Penguin. pp. 365.
  14. Doerries, Reinhard. R. (2009). Hitler's Intelligence Chief. Enigma. p. 223.
  15. a b Kershaw, Ian (2012). The End; Germany 1944-45. Penguin. p. 370.
  16. Jones, Michael (2015). After Hitler: The Last Days of the Second World War in Europe. John Murray. pp. 211.
  17. Video: Beaten Nazis Sign Historic Surrender, 1945/05/14 (1945). Universal Newsreel. 1945. Consultado el 20 de febrero de 2012.
  18. I remember the German surrender, Kathryn Westcott, BBC News, 4 May 2005.
  19. Act of Military Surrender Signed at Rheims at 0241 on the 7th day of May 1945, The Avalon Project, Yale Law School, © 1996–2007, The Lillian Goldman Law Library in Memory of Sol Goldman.
  20. a b Ziemke, Earl Frederick (1990). The US Army and the Occupation of Germany 1944-1946. Center of Military History, United States Army. p. 258.
  21. Jones, Michael (2015). After Hitler: The Last Days of the Second World War in Europe. John Murray. pp. 217.
  22. Chaney p. 328
  23. Jones, Michael (2015). After Hitler: The Last Days of the Second World War in Europe. John Murray. pp. 259.
  24. Kershaw, Ian (2012). The End; Germany 1944-45. Penguin. pp. 372.
  25. Earl F. Ziemke References CHAPTER XV:The Victory Sealed Page 258 second last paragraph
  26. Ziemke, Earl Frederick (1990). The US Army and the Occupation of Germany 1944-1946. Center of Military History, United States Army. p. 263.
  27. Eckert, Astrid M. (2012). The Struggle for the Files. CUP. p. 222.