Alexander Grothendieck
Alexander Grothendieck (Berlin, Alemania, 1928ko martxoaren 28a - Saint-Lizier, Frantzia, 2014ko azaroaren 13a) matematikaria izan zen, geometria aljebraiko modernoa sortzeko lanetan aitzindari.[1][2] Alemanian jaioa, Grothendieckek Frantzia izan zuen heziketarako eta bizi izateko herrialde nagusia; hala ere, bere lan bizitzako zatirik handienean, aberrigabea izan zen izatez.[3]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Weimarko Alemanian jaioa, 1938an, hamar urte zituela, Frantziara joan zen, iheslari. Montpellierko Unibertsitatean aritu zen ikasten. Graduatu ondoren, Parisko École Normale Supérieurren sartu zen (1948-1949). 1949an, Nancyko Unibertsitatera joan zen, eta analisi funtzionala landu zuen han, Dieudonnérekin. Bourbaki taldeko matematikaria izan zen André Weil, Henri Cartan eta Dieudonnérekin batera, eta han aurkeztu zuen tesia, Produits tensoriels topologiques et espaces nucléaires.
1953tik 1956ra, Sao Pauloko eta Kansasko unibertsitateetan ibili zen. Urte haietan, bestelako alor batzuk hasi zen lantzen, topologia eta geometria, bereziki. Kansas utzirik, Ikerketa Zientifikorako Nazio Zentrora itzuli zen. 1959an, lanpostu bat onartu zuen Ikerketa Zientifiko Aurreratuetako Institutuan. 1966an, Fields domina jaso zuen.
Ekarpenik garrantzitsuenak geometrian, zenbakien teorian, topologian eta analisi konplexuan egin zituen Grothendieckek. Weilen zenbakien teoriaren aieruak frogatzeko baliagarria izan zen teoria bat asmatu zuen. Riemann-Roch teoremaren froga aljebraiko bat ere eman zuen. 1988an erretiratu zen; urte hartan bertan, ezetza eman zion Crafoord sariari.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Ingelesez) Jackson, Allyn. (2004). (PDF)Notices of the American Mathematical Society 5110.
- ↑ (Ingelesez) Weber, Bruce; Rehmeyer, Julie. (2014-11-14). «Alexander Grothendieck, Math Enigma, Dies at 86» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
- ↑ (Frantsesez) Cartier, Pierre. (2004). «Un pays dont on ne connaîtrait que le nom (Grothendieck et les " motifs ")» (PDF) Réel en mathématiques-psychanalyse et mathématiques. Editions Agalma (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).