Alexandro Handia

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea

Alexandro Handia

Mazedoniako errege

K.a. 336 - K.a. 323
Filipo II.a Mazedoniakoa - Alexandro IV.a Mazedoniakoa, Filipo III.a Mazedoniakoa
Faraoi

K.a. 330 - K.a. 323
Dario III.a - Alexandro IV.a Mazedoniakoa, Filipo III.a Mazedoniakoa
Bizitza
JaiotzaPellaK.a. 356ko uztaila
HeriotzaBabiloniaK.a. 323ko ekaina (32 urte)
Hobiratze lekuaAlexandria
Heriotza moduaberezko heriotza: Sukar tifoidea
Familia
AitaFilipo II.a Mazedoniakoa
AmaOlinpia Epirokoa
Ezkontidea(k)Parysatis II (en) Itzuli  (K.a. 324 -  K.a. 323)
Stateira (en) Itzuli  (K.a. 324 -  K.a. 323)
Roxana  (K.a. 328 -  K.a. 323)
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Anai-arrebak
Familia
LeinuaArgead dynasty (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakantzinako greziera
Irakaslea(k)Aristoteles
Anaximenes Lampsakoa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, buruzagi militarra eta monarka
InfluentziakAristoteles
Zerbitzu militarra
Graduakomandante buru
Parte hartutako gatazkakAlexandro Handiaren gerrak
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaAntzinako Greziako erlijioa
Greziar mitologia

Find a Grave: 8246022 Edit the value on Wikidata

Alexandro III.a Mazedoniakoa (Pella, K.a. 356ko uztailaBabilonia, K.a. 323ko ekainaren 10a) edo Alexandro Handia (antzinako grezieraz: Μέγας Ἀλέξανδρος, Megas Alexandros) Mazedoniako erregea izan zen K.a. 336K.a. 323 bitartean, eta Antzinaroko buruzagi militar arrakastatsuenetarikoa.

Gazterik eskuratu zuen Mazedoniako koroa, eta bere agintaldiko denbora gehienean konkistan jardun zuen. Bere bizialdian, garaiko inperiorik zabalenetako bat sortzea lortu zuen. Haren menpeko lurraldeak Peloponesotik Indiarainoko eremuak biltzen zituen. Estratega handia omen zen, eta ez zuen sekula porrotik izan guda zelaian. Haren ekintzek hasiera eman zioten Garai helenistikoari, kultura greziarraren hedapenaren garaiari, alegia. Mediterraneoko ekialdean nolabaiteko kultura batasuna eragin zuen, Erromaren goraldira arte iraun zuena.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alexandroren bizitza kontatzen duten kroniketan badaezpadako istorio ugari dago, batzuk gertaezinak dirudite bertako protagonistek elkar ezagutu izana zailtzat jotzen delako, eta beste asko mitologiara hurbiltzen dira. Alexandroren pertsonaiak jende asko liluratu du eta hari buruzkoak neurrigabe handitu direla ziurra da. Litekeena da gehiegikeria horietako batzuk Alexandrok berak nahita zabaldu edo babestu izana.

Haurtzaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Aristoteles Alexandro Handiaren irakaslea izan zen bost urtez.

Alexandro Handia Pellan jaio zen, Mazedoniako hiriburuan, K.a. 356an. Mazedoniako errege Filipo II.a eta Olinpia Epirokoa izan zituen gurasoak. 13 urtetik aurrera Aristotelesen ikasle izan zen, 5 urtez.

Bere haurtzaroko istorio anitz kontatzen dira, asko zalantzan jar daitezkeenak. Famatuetariko bat Buzefalos zaldiaren bezatzea da. Plutarkoren arabera, inork bezatu ezin zuen zaldia kontrolatzea erdietsi zuen, zaldiak bere itzalari beldurra ziola igarri eta eguzkirantz begira ibilarazi baitzuen.

Aitak bultzaturik, aginpide ardurak gaztetik hartu zituen. 16 urte zituelarik erregeorde izendatu zuten, bere gaztetasuna gorabehera. Menpekoak eta beste herrialdetako buruzagien ordezkariak hartzen zituen, eta beraiekin elkarrizketatzen zen. Ardura militarrak ere ukan zituen; K.a. 338an Keroneako guduan nabarmendu eta Traziako gobernadore izendatu zuten.

Antza denez, gazte bizi, sentikor eta handinahia zen. Erlijiotsua ere bazen, anitzetan eskaini zizkien sakrifizioak greziar jainkoei, eta beranduago, baita beste jainko batzuei ere. Bere konkistetan tokiko tenpluak errespetatzeko agindua ematen zien osteei.

Herbestea eta boterea jaraunstea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mazedoniako Erreinua Filipo II.a hil zenean. Laranjaz, Mazedoniako erreinua, horiz, menpeko greziar polisak, morez, Persiaren menpeko lurraldeak.

Filipo II.ak emaztea arbuiatu eta beste ezkongai bat hartzeak Alexandroren posizioa zalantzan jarri zuen (ama Epirokoa izanik, Alexandro erdi-mazedoniarra baitzen, soilik). Alexandro aitarekin etsaitu eta amarekin Epirora alde egin zuen. Traizioak ekiditearren, Filipok Alexandro eta Olinpiaren lagunak deserriratu zituen.

Filipo K.a. 336. urtean erahil zuen bere kapitainetako batek. Hilketa azpilan baten emaitza zen, eta zabaldutako ustearen arabera, Olinpia izan zen partea-hartzaileetako bat. Filiporen heriotzak Mazedoniako errege bihurtu zuen Alexandro, 20 urte zituela. Bere lehen ekintzetako bat bere burua erregegai aurkez zezakeen edonor desagerraraztea izan zen. Mazedoniako koroa eskuratzearekin batera, Korintoko batzarrean heleniar konfederazioko buru izendatu zuten.

Alexandrok, Filipo aitaren planei jarraiki, Asia txikiko koloniak berreskuratzeko asmoa zuen, orduan Persiaren mendean zeudenak. Baina kanpaina horri ekin aurretik Mazedonia iparraldeko traziar tribuak menderatu behar izan zituen, horiek matxinadan ari baitziren. Bestalde, Filiporen heriotzak, ordura arte Mazedoniaren mende zeuden greziar polis ugarik Alexandroren nagusitasunari uko egitea ekarri zuen. Alexandrok matxinaturiko Tebas, Atenas, eta Tesalia Mazedoniaren kontrolpean berrezarri zituen. Hegemon titulua aitortu zitzaion eta ofizialki Greziaren jaun eta jabetzat onartu zuten.

Diotenez, garai haietakoa da Alexandro eta Diogenes Sinopekoaren arteko ustezko topaketa. Alexandro Korinton zen eta Diogenes eguzkipean atseden hartzen ikusi zuen. Alexandrok bazuen filosofo zinikoaren entzutea, eta harengana hurbildu eta bere burua aurkeztu ondoren, haren alde zerbait egin zezakeen galdetu zion. Diogenesek honakoa erantzun omen zion: "ez iezadazu argirik kendu".

Konkistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anatolia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grezia kontrolpean, eta iparraldeko mugak baketurik, Asiaren konkista prestatu zuen, jeneral guztiz trebeen laguntzaz. Erresuma Antipatrosen manupean utzi ondoren, 40 000 gerlariko gudaroste indartsu batez lagundurik, Helesponto igaro eta Anatolian lehorreratu zen, Troas. Dario III.a persiarraren armada garaitu ostean (Graniko, K.a. 334), Asia Txikiko kostaldeko hiri guztiak hartu eta Persiaren mendetik askatu zituen, greziar konfederazioan (eta Alexandro beraren mende) ezarriz.

Batasun kulturala lortzeko bidean, Alexandrok bertako emakumeekin ezkontzera bultzatu zituen bere gerlariak.

Gordionen egonaldi bat egin zuen, eta bertan tenpluko korapiloa askatu omen zuen, zenbait iturriren arabera, ezpataz moztuz. Elezaharraren arabera, ekintza horrek Asiako inperioa ziurtatu behar zion. Beranduago, gaixoaldi bat izan zuen Tarsosen, Kydnos ibaian bainatu ondoren.

Mediterraneoko ekialdeko kostaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horren ostean berriro egin zien aurre persiar indarrei, oraingoan Dario III.a enperadoreak berak gidaturik zetozenak. Aurreko gudaldian kopuruak parekatuak baziren ere, oraingoan persiarrek askoz tropa gehiago zituzten, baina persiarrek porrot latza jasan zuten Issosko guduan (K.a. 333). Persiarrek soldaduen erdia galdu bide zuten, eta Dario enperadoreak arrapaladan ihes egin behar izan zuen gudu-zelaitik. Gainera, Alexandrok enperadore etsaiaren familia harrapatu zuen. Diotenez, Barsine, Darioren alabarekin ezkontzeko asmoa zuen. Hefestion, Alexandroren komandantea eta lagun mina, Dripetisekin ezkondu zen, Darioren bigarren alabarekin. Honelakoak eginez, harreman politikoak sortzeaz batera, Persiako usurpatzaile dei zezaten saihestu nahi zuen.

Issosko guduaren ondorengo hilabeteetan, Alexandrok Siria, Fenizia eta Tiro konkistatu zituen (K.a. 332). Gaza konkistatu ostean, Egipton sartu zen.

Egipto[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egipton ez zuen erresistentzia handirik topatu. Izan ere, egiptoarrek 10 bat urte zeramaten Persiarren manupean, eta ez zituzten oso gogoko. Alexandrok K.a. 332. urtean Egiptoko bi koroak eskuratu zituen eta Egiptoko faraoi izendatu zuten. K.a. 331ean Alexandria fundatu zuen, Egipto eta Greziaren arteko erlazio kultural eta ekonomikoak sendotzeko asmoz.

Mesopotamia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mesopotamia aldera jo zuen eta, Tigris eta Eufrates ibaiak zeharkatu ondoan, Darioren armada indartsuaren kontra borrokatu zen Gaugameleko lautadan, Arbelesetik hurbil (K.a. 331). Dariok Alexandroren mehatxua desagerrarazteko asmo sendoa zuen, eta ikaragarrizko gudarostea bildu zuen horretarako (persiarrak mazedoniarrak baino bost aldiz gehiago omen ziren). Alexandroren armada, kopuruan askoz murritzagoa izan arren, garaile argia izan zen, gaur egun oraindik aztergai diren taktikak erabiliz. Persiako enperadoreak, aldiz, bigarrenez egin behar izan zuen ihes. Persiar indarrentzat kolpe latza izan zen gudaldia, soldadu kopuru izugarria galdu baitzuten, eta mazedoniarrei aurre egiteko gaitasunik gabe geratu ziren.

Jarraian, Alexandrok Babilonia hartu zuen, Dariok indar berriak biltzeko esperantzaz Ekbatanarantz atzera egiten zuen bitartean.

Persia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Babilonia eskuratu ondoren, Alexandro Persian sartu eta Susa eta Persepolis hartu zituen (azken hiri hau, elezaharraren arabera, Thais maitalearen gogoari erantzunez, persiarrek Atenas hirian egindako triskantza mendekatzeko erre zuen). Darioren pausoei jarraika Pasargada eta Ekbatana hiriak hartu zituen.

Dario III.a bere kapitainek hil zuten Persiako barneko aldean tropa gehiagoren bila zebilela. Bessos, Baktriako gobernadore eta Darioren ahaidea, omen zen azpikeriaren liderra. Alexandrok gorpua familiari itzuli, hileta oparoa antolatu eta hiltzaileak atzemango zituela hitz eman zuen. Bazituen arrazoiak horretarako, Bessos-ek Persiako errege izendatzen baitzuen bere burua.

Dario hil ondoan, persiar mendekoekin adostasuna lortzen saiatu zen Alexandro. Hemen ere bere gizonak bertako emakumeekin ezkontzera bultzatu zituen, jatorrizko satrapa edo gobernadoreak haien postuetan mantendu zituen (zaintzapean, betiere), eta persiar gudariei bere gudarostean sartzeko erraztasunak eman zizkien. Anatolia, mediterranear ekialdea eta Persiar Inperioaren bihotza bere mendean ukanik, Mazedoniako errege zenak Asiako errege titulua eskuratu zuen.

Azpilanak eta salaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alexandro Persiako ohiturak hartzen hasi zen, agian bertakoengana hurbildu nahirik. Ohitura haietako batzuek buruzagiari jainkozko tratamendua ematen zioten greziarren begietan, eta lehenagotik zenbaitek esleitzen zioten megalomaniarekin batera, mesfidantzak eta muturtzeak sortu zituen Alexandroren herrikideen artean. Azkenik, istiluak sortu aitzin ohiturak alde batera utzi behar izan zituen inperioaren buruak.

Egiazkoak ala ustezkoak, Alexandroren kontrako azpilanak agertzen hasi ziren Persiako egonaldian zehar. Hainbat pertsona, Mazedonia utzi zuenetik bere jarraitzaile fidel izanak, epaituak eta exekutatuak izan ziren. Bertako zenbait gortesau ere salatu zituzten, traizio saiakerak zirela eta.

Asian barrena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alexandrok Persiar Erregetza aldarrikatzen zuen Bessosen kontrako kanpainari ekin zion, aldi berean Persia ekialdeko lurraldeak hartuz. Bessosek, ordea, borroka zuzena saihestu eta gerrilla taktikak baliatu zituen, eta Mazedoniarrek ingurua eta hizkuntza ezagutzen zituzten persiar soldaduak berekin zituzten arren, kanpaina asko luzatu zen. Alexandroren tropek Baktriana, Hirkania eta Sogdiana lurraldeak konkistatu zituzten eta Alexandria izeneko kolonia militarrak eraiki zituen han eta hemen (K.a. 329-327). Baktrianan, Persiar inperioa zenaren ekialdeko lurraldeetan, bertako satrapa edo gobernadorearen alabarekin ezkondu zen, Roxanarekin.

Azkenik, K.a. 329an, erresistentzian ari ziren persiarrek adorea guztiz galdurik zuten eta Bessos gatibu hartu eta Alexandroren gizonei eman zieten. Bessos zigortua eta exekutatua izan zen, eta bazirudien Persian ez zela gehiago Alexandrori aurre egiteko prest zenik. Ordea, Espitamenes izeneko Bessosen kapitain batek errebolta bat abiatu zuen ekialdeko probintzien jabetza eskuratu nahian. Espitamenesek Ariako tribu nomaden laguntza eskuratu zuen eta zaldizko arkulari ugari baliatuz hainbat herri hartu eta beste hainbat matxinadara bultzatu zituen. Errebolta honek kaosa eragin zuen persiar lurraldean, baina azkenik Espitamenes bera zokoratua eta garaitua izan zen, eta bere zaldizkoak barreiatuak. Espitamenesen alabetako bat Seleukorekin ezkondu zen, Alexandroren jeneral garrantzitsuenetako bat. Hauen ondorengoek osatu zuten Seleukotar dinastia.

India[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Persiako inperioaren jabe, India aldera jo zuen. K.a. 326an Indus ibaia zeharkatu zuen. Mezulariak bidali eta Alexandrok inguruko erregeei bere nagusitasuna aitortzeko eskatu zien. Taksilako erregeak men egin zion, baina mendialdeko zenbait Raják uko egin zioten, eta Alexandrok gogor borrokatu behar izan zuen hauek garaitzeko. Azkenik, borroka, estrategia, hilketa, diplomazia eta traizio bidez lortu ahal izan omen zuen Ora, Bazira, Masaga eta Aornos gotorlekuak bereganatzea.

Jarraian Punjab-eko errege zen Poros erregeari egin zion aurre. Hidaspes ibaian (egungo Jhelum), Porosen gizonek suharki egin zieten aurre Alexandroren gizonei, eta azkenik, Alexandrok, hain urruneko lurrak kontrolatzeko menpeko bat baino lagun bat hobe zelakoan, Porosekin aliantza itun bat sinatu zuen. Jadanik bereak ziren lurrez gain beste zenbait eskaini zizkion, bere laguntzaren truke.

Porosen lurretatik ekialdera, Ganges ibaitik hurbil, Magadha inperio ahaltsua zegoen. Buruzagiek gerra espedizioak jarraituko zituzten beldur, gudarostea matxinatu egin zitzaien eta aurrera jarraitzeari uko egin zioten. Alexandrok, hiriburutzat hartua zuen Babiloniara itzuli behar izan zuen, bere soldaduen nekeak behartuta (K.a. 325). Itzulera bidean Malhi hartu zuen.

Alexandro Handiaren konkistak

Azken urteak eta heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Babiloniara itzulera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzulerarako bidea garratza suertatu zitzaion enperadoreari. Babiloniarako itzuleran gobernadore eta ikuskatzaile militar askoren ustelkeria eta gehiegikerien berri ukan zuen, eta errudun askok heriotza zigorra jaso zuten. Errebolta gehiago gertatu ziren gudarostean, eta matxinoen buruak hilarazi zituen. Ekbatanan Hefestion lagun minaren gaixoaldia eta heriotza gertatu ziren. Hala ere, Alexandrok konkistan jarraitzeko asmoa zuen, eta Nearkos itsasgizonari Persiar golkoan barneratuko zen espedizioa presta zezan agindu zion.

Arraza eta kultura nahaste politikari eman nahi izan zion jarraipena Alexandrok, nahiz eta ez zuen epe luzerako arrakastarik lortu. Roxanaren senarra zen K.a. 333tik, baina K.a. 324an Barsine (Estatira ere deitua zena), Dario III.aren alaba, hartu zuen bigarren emaztetzat.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alexandro Dario III.a zenaren alabarekin ezkondu eta hilabete batzuetara hil zen, Babilonian. Heriotza K.a. 323an gertatu zenean, konkista berriak prestatzen ari zen. Heriotzaren arrazoiak ez dira guztiz argitutzat jo, baina eritasuna eta pozoia dira hipotesi zabalduenak. Konkistatzailea hil ondoren, inperioa jeneralen artean banatu zen (diadokoak), eta, luze gabe, elkarren aurka borrokan hasi ziren. Beste hainbeste gertatu zen bere semeen artean (epigonoak).

Bere gorpua Mazedoniarantz bidali zuten K.a. 321ean, baina arrazoi ilun xamarrak tarteko, Egiptoko Alexandriara eraman zuten, azkenik. Hilobia behin eta berriz arpilatu zuten Egipto erromatarrek mendean zuten garaian.

Oinordekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alexandrok ez zuen ondorengo zuzenik utzi. Bere anaia gaztea adimen urrikoa zen, eta bere lehen semea bera hil eta gero jaio zen. Beste seme bat ere bazen, ohaide batena, baina haurraren zilegitasuna zalantzan jarria zen. Hori guztia zela eta, inperioaren jaraunspena gai arantzatsua zen.

Kasandrok Alexandroren hurbileko sendia jazarri eta hil zuen, dinastia desagerraraziz. Testamentu ofizialik ez, eta jeneralek beraien artean banatu zuten inperioa. Bederatzi jeneralek, diadoko zeritzotenak, eskuratu zituzten lurraldeak. Elkarren artean urte luzez borrokatu ondoren, lau agintari eta erreinuk lortu zuten nolabaiteko egonkortasuna:

Diadokoen lurraldeak K.a. 301ean. Urdinez Ptolomeorenak, berdez Antigonorenak, horiz Seleukorenak eta laranjaz Lisimakorenak. Eskuinaldean, Erromaren, Kartagoren eta Epiroren lurraldeak (urdin argiz, morez eta gorriz, hurrenez hurren)
  • Ptolomeo egiptoko gobernari bihurtu zen. Besteengandik isolaturik, erreinu egonkorra eraikitzea lortu eta Ptolomeotar dinastiari hasiera eman zion.
  • Antigonok Mazedonia gobernatu eta bere seme Demetrio errege izendatu zuen. Honela, Antigoniar dinastia fundatu zuen, Kasandrori grezia kendu ziona.
  • Seleukok Mesopotamia eta Siria kontrolatzea lortu eta Seleukotar dinastia habiatu zuen. Bere erreinua Asiako beste lurraldeetara hedatu zuen, Antigonoren kaltean.
  • Lisimakok Traziako eta Asia txikiko lurrak ukan zituen, baina luzera ez zuen hauek guztiz kontrolatzea lortu eta ez zen erreinu egonkorrik agertu.


Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alexandro Handiaren lurraldearen banaketa administratiboa, zatiketaren aurretik

Hartutako lurraldeak batzeko, konkistatu ahala hiriak sortu zituen Alexandrok. Hiriak ongi kokatuak ziren, harri-zolaz urbanizatuak eta ur-horniketarekin; zenbaiti bere izena jarri zion. Inbaditutako lurrak autonomia atxikitzen zuten, baina haren erregetzapean. Haren osteko jeneralak, merkatariak eta jakintsuak bertan jartzen ziren bizitzen; era horretan zabaldu zuten grekoen kultura eta hizkuntza, Garai helenistikoari eta geroagoko Erromatar Inperioari bidea irekiz. Fusio politika ezarri zuen; konkistaturiko lurraldeetako biztanleak armadan eta administrazioan sartuz, eta gudariak beste herrietako emakumeekin ezkontzera bultzatuz (berak ere halaxe egin zuen, izan ere).

Alexandroren heriotzak dinastiaren azkena ekarri zuen, ondorengorik gabe hil baitzen, eta inperioa haren jeneralen artean (diadokoak) banatu zen. Konkista haien ondorioz, greziarrek luzaroan kolonizatu zituzten urruneko lurralde horiek, eta Garai helenistikoa deritzona gertatu zen, hots, greziar eta ekialdeko kulturen fusioa.

Alexandroren itzala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinatean, Alexandro Handia, haren konkistak eta politika, historia eta literatura obra ugariren gaia izan zen, Arriano, Kalistene, Quintus Curcius eta Plutarcok idatzitakoak, besteak beste. Apelle pintore eta Lisipo eskultore ofizialez gainera, Alexandroren nortasunak garai berrietako artistak ere inspiratu zituen (Rafael, Il Sodoma, Pierre Puget, etab.).

Erdi Aroko (Roman d’Alexandre eta Libro de Alexandre) eta geroagoko (Alexandre Le Grand, Jean Racine, 1665) literaturak ere ohoratu du Alexandro Handiaren irudia. Euskal literaturan, Zuberoako pastoralek ere leku berezia utzi diote (zazpi antzezpen 1840 eta 1921 artean). 2004ean, Oliver Stone estatubatuar zinema zuzendariak haren bizitzan oinarritutako Alexander filma egin zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]