Alexandros Koumoundouros
Alexandros Koumoundouros (grezieraz: Αλέξανδρος Κουμουνδούρος; Mani, 1815eko otsailaren 4a – Atenas, 1883ko otsailaren 26a) greziar politikaria izan zen, hamar aldiz Greziako lehen ministroa.
Peloponesoko Mani penintsulan jaio zen eta azken beyaren semea izan zen. Greziako Independentzia Gerraren ondoren, Naupliora joan zen eskolara eta, ondoren, Zuzenbidea ikasi zuen Atenasen. 1841ean Kretako iraultza porrokatuan parte hartu zuen.
Alderdi Nazionalista sortu zuen. Bere ibilbide politiko luzean, diputatu, ministro, legegile eta erregimen demokratikoaren sustatzaile izan zen, eta lurrak banatu eta herri-lanak egin zituen, hala nola Korintoko kanala.
Kanpo-politikan neutral egoten saiatu zen, garaiko hiru potentzia handien aurrean, baita potentzia txikien aurrean ere. 1881ean Turkiak Tesalia eta Arta Greziari lagatzea lortu zuen.
Hamar aldiz izan zen Greziako lehen ministro 1865 eta 1882 artean (1865eko martxotik urrira, 1865eko azaroan, 1866tik 1867ra, 1870etik 1871ra, 1875etik 1876ko azarora, 1876ko abendutik 1877ko otsailera, 1877ko maiatzean, 1878ko urtarriletik urriaren 21era, 1878ko urriaren 26tik 1880 martxora eta 1880ko urritik 1882ra).