Alfeo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Greziar mitologian, Alfeo, ozeanida bat zen, izen bereko ibaiaren jainkoa, Peloponeson. Ozeano eta Tetisen semea zen, ibai gehienak bezala.

Pausaniasen arabera, Alfeo ehiztari porrokatua zen, Aretusa izeneko lamiaz biziki maitemindu zena. Aretusa, baina, Artemisaren segizioko ehiztari bat zen, bere buruari, betirako birjina geratuko zela promes egin ziona. Honegatik, Aretusak Alfeoren asmoei ezezkoa eman zien, eta Sirakusatik gertu dagoen Ortigia uhartera ihes egin zuen. Han, bere izena daraman zubian bihurtu zen, Alfeorengandik ihes egiteko. Alfeo, orduan, Peloponesoko ibai bihurtu zen, eta, diotenez, ibai honen urak lur barruan sartzen dira, eta Ortigiaraino bidaiatzen dute, bere maitearen urekin batzeko.

Ovidiok beste bertsio bat eskeintzen du. Bertsio hontan, Alfeo, Aretusa bainatzen zen Arkadiako ibai bat zen. Aretusak, jainkoak ezustean harrapaturik, korrika ihes egin zuen eta Artemisari laguntza eskatu zion. Jainkosa, Aretusataz kupidatu zen, eta Ortigia uharteruntz lurpetik doan iturburu bihurtu zuen.

Istorio hau, itxuraz, Alfeo ibaia, lurpetik, Aretusako iturburuarekin komunikatzen den sineskeriatik dator. Izan ere, Estrabonek, kopa bat Alfeora botaz gero, Ortigiako iturrian agertuko zela esaten zuen.

Beranduago, Alfeo Telegonerekin, Farisen alabarekin ezkondu zen, eta, honekin, Orsiloko, Fegeo eta Melantea izan zituen.

Beste istorio batek, Alfeo, Artemisataz maitemintzen dela kontatzen du. Ibai-jainkoak, Letriniraino jazarri zuen, non, jainkosak, aurpegia lokatzez estali zuen. Bere segizioko lamiei gauza bera egiteko esan zien. Honela, Alfeok, ezin izan zuen bere maitea neska guzti haien artean ezagutu, eta, umildurik, joan egin zen. Elezahar hau, bi jainkoek Olinpian aldarea banatzen zutelako da.

Plutarkok, aurrekoetatik erabat ezberdina den istorio bat kontatzen du. Berak dioenez, Alfeo, Helios jainkoaren seme bat zen. Zerkafo izeneko bere anaia hil zuen lehiaketa batean. Egin zuenagatik zuen kontzientzia txarra zela eta, eta, gainera, eriniak bere atzetik zeudelarik, Alfeok, bere burua, Niktimo ibaira bota zuen, eta, ordutik aurrera, ibai honek, jainkoaren izena hartu zuen.